Txoli Mateos
Hilaren 6an Sigmund Freud jaio zela 150 urte bete dira, eta horren karietara, austriar medikuaz eta psikoanalisiaz ikusi ahal izan dugu han-hemenka iritzi sorta. Itxarotekoa zenez, gehienek pentsalari handi baten ahalak eta gizakiaren psikearen ezagutzari egindako ekarriak nabarmendu dituzte, nahiz eta egon den, egon ere, bai Freud eta bai haren jarraitzaile guztiak ere hitzontzi hutsak direla baieztatu duenik. Ez noakizu ni, irakurle, horrelako ur handitan igeri egitea proposatzera, Freud intelektual erakargarria dela uste dudan arren, eta ez bakarrik psikologiaren ikuspuntutik begiratuta.
Ez horixe. Bestelakoa da proposatzen dizudan ariketa. Esaten dutenez, Freudek landutako tresna terapeutikoetako bat asoziazio askea zen. Honatx galdera: zer datorkizu burura Freud izena entzutean? Terapia berba, larru beltzezko dibana, gizon edadetu eta pipa erretzaile bat emakume histeriko baten negarrak entzuten. Topikoz gainezka ageri zaigu psikoanalisiaren kontu hori.
Beste alde batetik, gizaki modernoak bere buruari iseka egiteko sarritan erabili du psikoanalisia. Erreparatu, bestela, Woody Allenen filmetako zenbait sekuentzia gogoangarriri. Hona hemen adibide bat: pantaila erdibituta dago; alde batean, Woody Allen bere terapeutarekin ari da; bestean, unean uneko emaztea gauza bera eginez. Hots, nor bere terapeutarekin hizketan. "Zenbatetan dituzue sexu harremanak?" galdetzen dute terapeuta biek. "Oso gutxitan: astean birritan, besterik ez", erantzuten du gizonak. "Ufa, askotan: astean birritan", erantzuten du emazteak.
Dela hedabideen eragina, dela eskarmentu propioa edo hurbilekoena, egungo gizarte modernoetan, inor gutxik esan dezake ez dakiela zer den terapia psikologikoa, psikoanalisiaz, Freudez, edota terapia psikologikoen artean dagoen aniztasunaz tutik ere jakin gabe. Eta topiko eta isekatik harago, gero eta jende gehiagok parte hartzen du terapien mundu horretan. Batzuek diote Estatu Batuetatik datorren modaren menpeko izatea besterik ez duela erakusten ohitura horrek. Beste batzuen iritziz, gizarte modernoetako apaiz berriak dira terapeutak, azken batez, gaixoa artaldera berriro biltzean baitatza haien lana.
Direnak direla, kontua da horrelako terapia batera hurbiltzen den gizakia nola edo halako mina sufritzen ari dela, giza oinazeaz ari baikara terapia hizpide dugularik. Hona Filosofia irakasle bati ebatsitako hitzok "...psikoanalistaren kontsultara sartzen den subjektua errudun sentitzen da: gehien maite dituenekin gaizki portatzen delako, pozik egon behar duenean triste dagoelako, berak aukeratu duen hori soportatzen ez duelako, ideia gaiztoak izaten dituelako..." Bestela esanda, sozialki eraikita dagoen gizaki ideal horretatik urrun ikusten duelako bere burua. Terapia psikologikoaren ironia garratza horretan dago: gizarteak sortzen digu ezinegona eta gizarteak berak jartzen ditu bideak sentimendu hori artatzeko. Zeren eta, gaur egun, zoriontsu izatea ia-ia gizarte agindua baita. Oreka psikologikoa eta kolesterolik gabeko dieta kitt berean etortzen dira. Agian, beste garai historiko batzuetan tristezia sormenaren iturritzat jo zitekeen, baina gure gizartean tristezia ez dator bat arrakastarekin. Bateraezinak ere direla esan liteke.
Calvinoren hasierako jarraitzaileek ulertezintzat jotzen zuten kristau jendeak txirotasunean bizitzeko egiten zuen ahalegina. Pobre izan gura izatea -esaten zuten- gaixorik egotea gura izatea bezalakoxea da! Antzeko zerbait esan zitekeen gaur egun tristeziak jota profesional on baten eskuetan ipintzen ez denari buruz. Gizaki autonomo eta askea balio gorentzat jotzen dituen gizarte honek perfekzioaren bila ibiltzera kondenatzen gaitu. Nola ez dira ugarituko, bada, mota guztietako terapiak? Beharbada, terapeutak esango digu ez dugula joan behar eredu perfektu horren bila... baina, orduan, beste eredu baten bila abiatuko gara. Ez dago irtenbiderik.
Freuden garaian bizimoduari eutsi ezin zioten gaixoak hurbiltzen ziren terapiara; gaur egun, gutxien espero dugunean entzun diezaiokegu gure ondokoari terapeutarekin hitzordua duela. Maila kultural eta ekonomiko jakin batzuei bakarrik dagokien arren, terapia psikologikoaren erabilera herritartu egin dela esan genezake. Eta, horrez gain, desmedikalizatu ere bai, zilegi bazait hitz hori erabiltzea. Jende askoren egunerokotasunean txertatu da, apurka-apurka, isil-isilik.
Diogun berriro. Terapia psikologikoaren erabilera hedatuari buruzko irakurketa asko egin daitezke, eta horietako batzuk ez dira batere samurrak. Baina nork salbatuko gaitu terapeutarengandik, perfekzioaren etengabeko bilaketa honetan murgildurik?
Oier Araolaza
Iņigo Manuel aurreskularia da. Iņigo Manuelek zazpi aldiz irabazi du aurresku txapelketa. Bere garaian Mikel Sarriegik, eta oraintsu Jon Mayak Gipuzkoan egin duten balentria bera. Baina gasteiztarra da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, haren lorpenak ez du oihartzunik izan, ez aurreko sei urteetan eta ezta zazpigarren txapela buruan jarri duenean ere. Txapelketa Gipuzkoan irabazi izan balu beste kontu bat litzateke. Han eta hemen izango genuke Iņigo Manuelen garaipenaren berri. Baina Estibalitzen jokatu da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, ez dakigu nor den Iņigo Manuel.
Txapelketak dantza sustatzeko eratuko zituzten akaso, baina praktikan, gaur eta hemen jokatzen diren txapelketek gipuzkoarren dantza nagusitasuna behin eta berriz frogatu eta aldarrikatzeko zepo maltzurrak dirudite. "Arabako aurresku txapelketa" Arabako txapelketa da, ez gehiago eta ez gutxiago. Baina hara, Gipuzkoako aurresku txapelketa Euskadiko txapelketa dela sinestarazi nahi digute. Hori bai, Euskadiko txapeldun titulua irabazteko gipuzkoar erara jokatu behar da. Hogeita bost urtetan ez da ezagutu Pasaian Gipuzkoakoa ez den txapeldunik, eta parte hartzaileak ere, Gipuzkoako bospasei herritik haratago inor gutxi.
Txapelketek funtzio bat jokatzen baldin badute hori ereduak sortu eta zabaltzea da. Pasaiako aurresku txapelketaren bidez aurreskua dantzatzeko eredu jakin bat finkatu, hedatu eta sustraitzea lortu da. Orain urte batzuk Tolosako dantzari talde bat saiatu zen beren herriko aurreskua txapelketan sustatzen ari zena bezain baliotsua zela erakusten. Ez zituzten aintzat hartu. Hogeita bost urteren buruan, antolatzaileak ohartu dira eredu bakar horretara horrenbeste makurtzearen ondorioz tokian tokiko hainbat dantzakera baliotsu eta horiei eutsi dieten dantzari apurrak baztertuta geratu direla.
Beste horrenbeste gertatzen da dantza solteko txapelketekin. Seguran jokatzen denari Euskal Herriko Dantza Txapelketa jarri diote izena, baina funtsean, Segurako dantza solte txapelketa baino ez da. Dantza soltean egiteko modu berezi bat garatu da txapelketa horietan. Eredu gimnastiko, tente eta lerdena da, eta abiadura, teknika eta simetriaren bikaintasunean jotzen omen du gailurra. Erromeria eta plazako dantza soltearekin zerikusi gutxi du eredu horrek, baina inork txapelketan aukerarik izan nahi badu, modu horretan aritu beharko du. Bestelako dantza-ereduak oso ongi hartuak izaten dira, bai, aniztasunaren izenean, eta garrantzitsua parte hartzea delako. Baina txapela... hori gipuzkoarren kontua da.
Urtea joan urtea etorri temati jarraitzen dute zenbaitzuk Gipuzkoatik kanpoko bikoteak Segurako segadara eramateko ahaleginetan. Euskal Herriko titulua jarrita, lotsagarri gertatzen da 15 bikotetik 14 gipuzkoarrak izatea, eta beraz, ahaleginaren ahaleginez urtero lortzen dute Araba edo Nafarroako bikoteren bat zepoan erortzea. Saiatu saiatzen dira estiloa imitatzen, eta kontsolazio saria ere jasotzen dute: finalerako pasea bikote exotikoa izateagatik. Noski, irabazi, beti berdinek irabazten dute, txorimaloak bezain tente eta eskuekin ilargia ukitu nahian dabiltzan Gipuzkoako txapelketa espezialistek. Baina besteek bete dute beren funtzioa, txapelketa Euskal Herrikoa dela egiaztatu eta Gipuzkoako bikoteen eta beraien dantza eredu txapelketeroaren nagusitasuna berretsi.
Euskal Telebista da Segurako txapelketa Euskal Herrikoa izan dadin bultzada erabakiorra eskaintzen duena. Telebistan agertzeak bihurtzen ditu irabazleak ezagun eta beraien dantza moldea eredugarri. Eta Gipuzkoako dantza eredu horren alde ETB egiten ari den lana kontuan hartzekoa da. Segurako txapelketa ematen du urtero, Gipuzkoako dantzarien emanaldiak izaten ditugu gabonetan Olentzeroren Begi Gorriaren aitzakian, eta aurten Pasaiako txapelketa ere telebistaz emateko mehatxua egin du. Deskuidoan, Iņigo Manuel ere eramango dute telebistara, gipuzkoarren soroan periferiaren lekukotasun exotikoa utz dezan.
Joseba Barandiaran
Betaurreko Ŧorokerrakŧ erantzi eta ekonomiaren lupak jantzi aurreko azken postala dut hau. Entzungo zenuten Italian Cosa Nostraren balizko burua nola harrapatu duten. Aitonatxoa espetxeratu eta mafiarenak egingo ez duen arren, pena hartu nuen. Zergatik? Bada Casa Nostran goiko solairuko bizilagunen zaratek etenik ez dutelako. Hau da, zaldi baten buru odoldua goikoen izarapean jartzeko gai den norbait behar dut eta, dirudienez, hautagai on bat espetxeratu didate. Izan ere, zaratari kutsadura akustikoa deitzen dioten garaiotan, goiko lagunek "casa nostra" zabortegi akustiko bihur ez dezaten irtenbide bakarra gelditzen zaigu, "cosa nostra" alegia.
Buruan hori nerabilela, eskutan Berriaren ale bat -maiatza hasierakoa edo-; EHUko irakasle Belen Altunak sinatutako Lotsa artikuluan salaketa: euskaldun eta euskaltzale ez abertzaleak -ugariak, bere esanetan- isilik daudela, esparru publikoan eta euskaraz. Eta ez dakit horrekin esparru publikoa -hau da, euskarazko komunikabideen multzoa- salatu nahi duen, isilik ei dauden euskaldun/zale ez -euskal- abertzaleak salatu nahi dituen edota, finean, esparru publikoan iritziemale d/gabiltzan euskaldun eta euskal abertzaleak dituen bere kritiken helburu.
ETB1eko Kalaka eztabaida saioaren lehen programaren harira plazaratu zuen Altunak bere kritika. Gaia interesgarria iruditzen zait oso. Euskaldun eta euskal abertzale lotzeko joera handia dago, agian ohiturak eraginda. Baina, akaso, Altunak aitortu beharko luke Euskal Herriko aniztasuna islatzeko euskarazko komunikabideek egiten duten ahalegina. Ziur naiz Espainian, gaztelerazko komunikabideetan, ez dutela parerik. Ezker abertzalekoei eginiko elkarrizketak edota jasotako iritzi artikuluak hutsaren hurrengoa dira espainiar komunikabideetan. Jeltzaleenak ere bakanak eta, berdintsu, Galizia edota Kataluniako abertzaleenak ere.
Euskal Herrian ikuspegi eta iritzi ez abertzaleak edo, are gehiago, euskal abertzaletasunaren aurkakoak plazaratzea erraza da oso: Miguel Sanz, Alliot Marie edota Mayor Oreja dira horren lekuko. Baina horien edo antzekoen diskurtsoa euskaraz lortzen... beste kontu bat da. Goizalde Landabaso kazetariaren Korte bat mesedez liburua irakurri besterik ez dago, hortaz ohartzeko. Maitia edo Etxezarreta sozialistak eta antzeko salbuespen eskergarriak salbuespen, eta ahalegin txalogarriak ahalegin, Iturgaitz edota Garridorenak gehiago dira Wazemanken "sabemos en erderas" motako esketxetarako. Edo hala iruditzen zait behintzat niri.
Are gehiago, euskal komunikabide publiko erdaldunetan, euskararen mugarik ezean eta ajeak aje, pribatuetan ez bezalako pluraltasuna agertzen da. Radio Euskadiko El parlamento de las ondas datorkit burura non alderdi bakoitzeko bozeramale bana elkartu ohi dituzten. Zoaz Espainiako irratietara antzeko zerbaiten bila. Alderdi handi nahiz txiki, bozeramale bana. RTVE, bistan da, unean uneko Moncloako bizilagunaren kontu pribatua da, tamalez. Eta PPren garaia gogoan iltzatua zaigula uste dut: Euskaldunon Egunkaria itxi, M-11ren ondoren ETAri buruzko filmak programatu eta greba orokor bat estaltzeaz gain, "ze-ze-o-o"ri egotzi zion telebista publikoak. RTVE defizit itzela eragiten da ona, ez beste ezertan.
Baina auskalo, agian euskal komunikabideak "Cosa Nostra" lez kudeatzen ditugu, ikuspegi eta asmo baztertzailez edo, -neure aldetik bederen- oharkabean, euskal abertzale ez direnak baztertuz. Autokritikarako prest behar dugu egon. Berriaren akziodun izatea 50 euro kostatzen da eta gura duten guztien ahotsa entzuten da beronen akziodun batzarretan. Egon naizelako dakit. Ekainean dugu hitzordua.
Euskarazko telebista bat egiteko lizentzia bila ere hastekoak gara Bilbon gutxi barru. Euskaldun ez abertzaleen dirua eta iritzia arras ongietorria izanen da. Gutxiegi gara eta guztiok beharrezko, Altuna anderea. "Cosa nostra" beraz, geure esku. Hori bai, euskaldunak non bizi garen ez dakigula ahantz: euskaraz deklaratu nahi zuelako espetxe zigorra jaso duen Asier Basaberi elkartasuna adierazteko, ez dago ez euskaldun ez abertzale izan beharrik; nahikoa da itsu eta gorra ez izatea. Tira, banoa ekonomiaren lupak janztera. Ez adiorik.