Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-28 -- 2042.zenb

Katixa Garate



Emanaldi gehiago eta euskarazkoak geldirik Sarean

Arabako (3), Gipuzkoako (22) eta Bizkaiko (19) 42 antzoki publiko biltzen dituen Sareak 2005eko datuak aurkeztu ditu. Iaz 289 taldeek 391 ikuskizun eskaini zituzten, 1.434 emanaldi guztira. 1997tik hona bikoiztu egin da emanaldi kopurua. Dena den, antzerkiak jarraitzen du programazioan nagusi (%82), eta dantza ( %11) eta musika (%5) atzetik. Azken boladan dantzaren alorra sustatzeko ahalegina egin dute eta, hala, emanaldiak bikoiztu dira 2001eko datuekin alderatuta. Musika gehiago sustatzea eta generoen arteko oreka topatzea du Sareak hurrengo erronka, euskarazko emanaldiak gehitzearekin batera. Izan ere, azken bosturtekoan ez da hazi euskarazko emanaldien kopurua (%30).



Mundumira bigarrenez

Ońatin ospatuko da aurten Mundumira jaialdia, maiatzaren 26, 27 eta 28an, Arrasateri lekukoa hartuz. Munduko kultura anitzen erakusleiho izan nahi duen ekimenak musika, kale antzerkia eta festa uztartuko ditu. Askotariko ekintzak izango dira Euskal Herria aldizkariak eta Gin&Tonic enpresak antolatzen duten hitzorduan: kontzertuak, bidezko merkataritza, mendi eta senderismo azoka, erakusketak, diaporamak, dantza saioak... Esaterako, musika talde hauek izango dira zuzenean: Amparanoia (Andaluzia), Mal de Ojo (Euskal Herria), Terrafolk (Eslovenia), Nino Galissa (Guinea Bissau).


Bilbao Live uztailean

Hiria promozionatu nahi du Bilboko Udalak eta Bilbao Live musika festibala antolatu du. Last Tour International enpresak antolatuko du eta estilo ugariko eta sona handiko taldeak ekarriko ditu Bilboko Kobeta mendira, uztailaren 13trik 15era. Guztira, lau milioi euroko aurrekontua du jaialdiak. Besteak beste, Guns´n´Roses, Ben Harper & The Innocent Criminals, The Cardigans, The Pretenders, Placebo eta Rinôçérôse taldeek joko dute zuzenean. Hogeita hamabost talde kontratatu dituzte dagoeneko eta beste 15 gehiago etortzea nahi dute. Bi agertoki nagusi izango dira eta bi karpetan musika elektronikoa jarriko dute.


Kartel politikoen erakusketa

25.ooo kartel dauzka gordeta Antso Jakituna Fundazioak. Horietatik 110 afixa daude ikusgai Vital Kutxa fundazioaren aretoan, 1975 eta 1990 urteen artekoak. Franco diktadorea hil zenean, kaleko kartelen loraldia hasi zen Euskal Herrian. Alderdi politikoek, sindikatuek eta gizarte mugimenduek afixa ugari egin zuten euren ideiak aldarrikatzeko. Horren lagina da ekainaren 1a arte Gasteizen ikusi ahal izango dena.


Kale, eskola nahiz amateurren teatroa

24tik 28ra, Kaleko Arteen Jaialdia egingo dute Biarritzen, bigarrengoz. Hamaika taldek parte hartuko dute; Deabru Beltzak eta Le Petit Thčâtre de Pain euskal taldeak eta Frantziako Ilotopie eta Alligator tartean. Maiatzaren 26an Debako XX. Antzerki Astea abiatuko da, Goaz antzerki taldearen eskutik. Talde amateur ugarik aurkeztuko dituzte euren lanak: Mairu, Urrup, Mikelazulo, Goizeko Izarra... 29an ACT jaialdia hasiko da Bilbo eta Barakaldon. Holandako, Kataluniako nahiz Euskal Herriko antzerki eskoletako ikasleek eskainiko dituzte emanaldiak ekainaren 3a arte, BAI antzerki eskolak antolatutako jaialdian.


Bilbao Ballet sortu dute

Ygor Yebra balet dantzariaren jarraitzaile batzuek Bilbao Ballet elkartea sortu dute. Maila handiko euskal balet dantzari askok Euskal Herritik kanpo trebatu behar izan dute eta egun 20 dantzari inguru ari da atzerriko konpainietan lanean. Hori ikusita, baleta Bilbon sustatu nahi dute. Proiektu asko dituzte, besteak beste, balet denboraldi egonkorra antolatzea Bilbon, nazioarteko dantza lehiaketa egitea eta balet hezkuntza sustatzea. Lehen ekitaldia apailatu dute jada: euskal dantzarien gala egingo dute ekainaren 12 eta 13an Bilboko Euskalduna jauregian. Aukeran dantza taldeak, Verónica Villarrek eta Igor Yebrak parte hartuko dute, besteren artean.


El Sol iragarki lehiaketa Donostian

Hamasei herrialdeko iragarkiak izango dira El Sol Publizitate Jaialdi Iberoamerikarrean. Hogeita batgarren urtea du eta maiatzaren 25etik 28ra egingo da, Kursaal jauregian. Aurten 3.275 iragarki aurkeztu dira lehiaketara, inoizko kopuru handiena. Maiatzaren 28an herritarrei irekiko dizkiete ateak. Egun horretan, telebista eta zinemako iragarki saridunak eta aurreko urteetako iragarki irabazleak erakutsiko dituzte.


Paraiso Gasteizko antzerki taldeak ikuskizun berritzaileenaren eta ikuskizun hoberenaren sariak jaso ditu Lleidako Txotxongilo Antzerki Azokan, Belgikako Guimbarda taldearekin batera egindako En el jardín lanarengatik.

Jon Urbe argazkilariak Sahuar webgunea (www.sahuar.com) sortu zuen duela hilabete batzuk, prentsan lan egiten duten argazkilariek bestelako argazkiak plazaratzeko tokia izan zezaten. Besteak beste, Txomin Txueka, Gari Garaialde eta Juantxo Egańaren argazkiak ikus daitezke bertan.

Juan Mari Beltranek Orhiko xoria (Elkar) diskoa kaleratu du. Musika tresna tradizionalak oinarri hartuta, kantu tradizionalak eta berak sortuak bildu ditu.

Juan Bidegainek Documania telebista katean banatzen duen Doc'Amateur saria eskuratu du, Ondarroako arrantzaleen gaineko Rockall dokumentala dela-eta.

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazle eta kazetariak Inon izatekotan (Susa) argitaratu berri du. 1985etik 2006ra bitartean egindako hainbat gogoeta, artikulu, poema nahiz ipuin batu ditu Zabalak liburuan.


Jose Mari Goenaga zinemagilearen hitzok jaso zituen Garak: «Argi dago hasteko laguntza behar duela ikus-entzunezko sektoreak, eta egia da ere bai Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak ematen dituela. Hala ere, sektorearen onurarako agian hobe litzateke film bakarretan inbertitzea baino azpiegituretan inbertitzea. Platoak, laborategiak... eta abar, azken finean bertan industria sortu ahal izateko, bestela beti bukatu beharra dago Bartzelonara edo Madrilera joaten».

Jose Angel Irigaray idazle eta editorea Deian: «Irakurtzeko kultura ohitura oraindik maila ez-nahikoan daukagu. Literatura maila eta idazle kopurua, nik uste, gure kultura ohituren gainetik daude, merkatuari dagozkionak barne. Zenbait belaunaldi jada euskaran hezi dira, baina kultura ohitura eta jarduerak ez dira proportzioan hazi. Adore eta atxikimendua bai, baina inkoherentzia gero eta nabarmenagoa ere bai; kultura eta hizkuntza politika horren isla baizik ez dateke.».

Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu berriak Berriari esanak: «Askoz hobeto ordaindua dago itzulpena sorkuntza baino, eta hori ez zait onargarria iruditzen. Euskaraz sortutako testua militantziaz egina dela pentsatu eta huskeria bat ordaintzeko joera dago, eta itzulpenak ordaintzeko, aldiz, dirutza utzi behar izaten da».

hemeroteka

2041. zenbakia | 2006-05-21
2040. zenbakia | 2006-05-14

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan