Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Ihesi: Karakatetik Euskal Herria ikusten da

2006-05-21 -- 2041.zenb

Ihesi: Karakatetik Euskal Herria ikusten da

Ainhoa Lendinez

Euskal Herrian udal asko daude mendien magalean eraikiak. Elgoibar ere horietakoa da. Areago, mendien magalean baino gehiago, mendi hainbatek osaturiko zirkuluaren erdigunean dago. Ez zen alferrik sortu 1927an Plaza nagusitik, Foruen Plazatik, abiatuta Elgoibarko Itzulia deiturikoa.

Herriko zenbait koadrilaren artean pizturiko eztabaida batetik sortu zen egun mendi itzuli ospetsua dena. Mendiz Elgoibarri 12 ordutan itzulia ematea ez zela posible zioten batzuek, baietz besteek. Alkateak, horren lekuko izan zela-eta, Elgoibarko Futbol Klubari lehia antolatzea proposatu zion. 1927ko abuztuaren 7rako jarri zuten hitzordua parte-hartzaileek. Goizeko lauretan izan zen meza berezia eta bostak eta laurdenetan Antonio Arrillaga alkateak eman zion hasiera itzuliari.

Horrela sortu zen Elgoibarko Itzuli ospetsua, eta ordutik urtero antolatu dute. Maiatzeko azken igandean ehunka elgoibartarrek egiten dute 38 kilometroko ibilaldia. Ingurukoak ere gero eta gehiago biltzen dira hitzordura, askorentzat lasterketa ere bihurtu baita. Hauxe da ibilbidea:


Elgoibar, mendiz mendi

38 kilometroko ibilbidea Foruen plaza dotoretik abiatuta egingo dugu. Karakaterantz joko dugu lehenik. 742 metro garai den gailurreraino ez dugu atseden hartzeko betarik ia batere izango, maldan gora egitea, beste biderik ez dugu eta. Gora iritsita, ordea, nekeak uxatzeko moduko parajea begietsi ahal izango dugu. Aizkorriko mendilerro ikusgarria atzean, Anboto inguruak ezkerraldean. Eta nola ez, gure ibilbidean jomuga izango ditugunak: Kalamua, Morkaiko eta Bigoin parean, eta eskuinalderago Urnobitza. Baina oraindik goiz da, eta bide luzea dugu egiteko. Horregatik, gehiago luzatu gabe, goazen aurrera. Karakateko bizkarraldetik Irukurutzeta gaineraino egingo dugu. Aurretik baina, Kortazar/Munetak (749m) emango digu arreta mendizaleoi, tumulu eta dolmen ugariko eremua baita. Atxolin ingurura zaldi eta ardiek lagundurik, zuhaitz eta loreekin egingo dugu bidea. Horiek zaintzen dituzte Karakateko parke naturalaren sekretu hauek guztiak.

Belar gozoko bidean aurrera egin eta, ia maldarik batere igo gabe, Irukurutzetara iritsiko gara. Baina lasterka kuku egin eta mendebalderako bidea hartuko dugu, Azkarate gainera jaisteko. Honezkero, ordu eta erdiz ibili gara eta tartean hamaiketakoa prest izango dugu lehen anoa-postuan. Beherako bidean, Azkarateko gaina izango da gure muga, hemendik aurrera berriro gora ekingo diogu-eta. Urnobitza (643m) gainera bide sastrakatsuan egingo dugu aurrera. Arnasa hartu eta Altzolarako bide lasterra hartuko dugu. Hainbat baserriren atarietatik igaroko gara bidean. Errepidea igarota, Altzolako bainuetxetik gora ekingo diogu berriro. Malda handiko zatia dator orain eta Altzolako urarekin eztarria freskatzea baino sendabide hoberik ez dago!

Bigoin (440 m) gainera malda pikoa dugu egiteko. Eguerdi partea ere izango da hona iristerako eta egun eguzkitsuetan sargori izaten da. Baina hortik aurrera asfaltozko bidean lasaituko ditugu hankak, San Migel auzoan (350 m) berriro mokadutxo bat jan eta indarrak hartzeko. Azken igoerari ekin aurretik, San Migel auzoko pilotaleku ederrarekin eta baserri dotoreekin gozatu ahal izango dugu. Morkaiko (520 m) eta Kalamua (768 m) mendiak ditugu hurrengo helmuga. Orduak aurrera doaz eta oinak nekatzen hasi dira. Bi mendion gogortasuna inguruko ikuspegi ederrak gozatuko du. Kalamuatik alfonbra berde gozoan egingo dugu behera, San Pedro gainera (400 m). Saturiotik (50 m) Eibartik datorren bideari jarraiki, Foruen plazaraino joango gara berriro. Hemen hasi dugu ibilbidea eta hemen amaituko dugu.

Elgoibarko itzulia lehenengoz egin zutenean, alderantzizko norabidean, 8 ordu eta 6 minutu behar izan zituen lehen mendizaleak. Egun erronka handitzat dute batzuek, mendian ibili zale direlako egiten dute beste batzuek. Nolanahi ere, urtero hitzordu berezia da Elgoibarko mendi itzulia.

Erantzunak

Ezin dut irakurri ipintzen duana! Laguntza

Pepe 2008-05-27 21:09:03

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan