1968an sortu zen Elorrioko Txintxirri ikastola. Haur eskolako gela bat zabaldu zuten Parrokiko Misiolarien mojen komunitateak utzitako egoitzan. Bizpahiru lekutan egon ondoren marianisten eraikuntza bat, Txintxirri jauregia, salmentan zegoela jakin eta berau erosi zuten. Bost gurasok bermatutako diru maileguarekin erosi zuten Elorrioko ikastolaren egoitza berria. XVIII. mendeko jauregia dela diote batzuk, XVII.ekoa beste batzuk. Ez dago datu zehatzik. Hori bai, Txintxirri Jauregi eder hori da gaur egun ere ikastolaren aterpe.
Historia luze bezain gorabeheratsua izan du Elorrioko ikastolak. Publifikatzea zela eta, 1993an gatazka handia egon zen barruan. Ikasleen erdia edo gehiago ikastetxe publikora joan zen. Hala ere, ikastolak bere ibilbidea jarraitu zuen. Ińaki Erroz zuzendaria orduan heldu zen Txintxirrira, baina orduko berri badu: «Oso garai gogorrak izan ziren. Horren ostean ikastola birjaiotze eta indar berritze prozesu batean murgildu zen». Krisialdi horretatik ateratzeko edota ikastolari birjaiotzen laguntzeko langileen konpromisoa handia izan zen. Orain ere hala da. «EFQM inkesta asko egin dira eta behin eta berriro agertzen da langileen inplikazioa ez dela normala. Neurri handi batean soldatarekin ere ahaztu gara». Baina ez bakarrik langileena, gurasoen konpromisoa ere garrantzitsua izan zen, betiko ikastolaren aldeko apustua eginez. «Hasieran gela batzuetan oso ume gutxi genituen». Hala ere, urte gutxitan gora egin du ikasle kopuruak eta zenbait kasutan hirukoiztu ere egin da. «Ikasleen banaketa era piramidalean daukagu». Haurtzaindegian ume asko daude, baina krisialdiko umeak DBHn daude oraindik. Hor ikasle kopurua txikia da.
Aurrera begira
Ikastolaren helburu nagusietako bat kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzea da. Horrekin batera, ikasleak baino pertsonak hezi nahi dituzte euren osotasunean. «Balore egokiekin hornitu eta bizitzarako prestatzea». Bizitzarako prestatzeak hainbat konpetentzia garatzea esan nahi du, Euskal Curriculumaren ildotik. Konpetentzia horiek ikasgaietan eta ikastolaren hezkuntza proiektuaren bitartez lantzen dira. Ikastolak baditu ezaugarri jakin batzuk egituraketan, izaeran zein antolaketan.
Batzuk aipatzearren, ikastola kooperatiba da eta horrek arlo guztietan dauka eragina. «Funtzionamenduan, partaidetzan, komunitate sen horretan zerikusia dauka. Demokratikoak izaten saiatzen gara. Ikastola txikia da, baina oso hurbila». Aniztasunak ere pisu handia dauka ikastolan. «Aniztasunak aberasten gaituela behin eta berriz esaten dugu». Jarraipen hurbila ere egiten dute ikastolan eta hori da euren «altxorretako bat». Ez dute ikastola erraldoia izan gura. Gurasoek haurrak Txintxirrira eramateko arrazoi nagusietako bat hori baita Errozen esanetan: hurbiltasuna.
Naturarekiko konpromisoa ere ikastolaren ardatzetako bat da. Begiratzea baino ez dago ikastolaren kanpoaldean dagoen negutegi edota lorategia.
Eleaniztasuna ere garrantzitsua da Txintxirrin. Hau da, hizkuntzen trataera. «Ikastolen elkarteak badauka metodologia propioa ingelesa lantzeko». Zelan ez, euskara eta euskal kultura mantentzea ere bada ikastolaren zeregina. «Herritik mundura eta mundutik herrirako pasabide hori egitea. Geurean oinarrituta eta mundura zabalik».
1999an lehenengo Ibilaldia
Aurtengo Ibilaldiaren helburuak ere bestelakoak dira. Ainhoa Apaolaza Ibilaldiko arduradunaren esanetan hiru dira nagusiki. "Lehenengoa herria ikastolara hurbiltzea. Ikastola bera ere herrira zabaltzea. Bigarrena guztion arteko elkarlana bultzatzea eta azkena etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzea eraikuntza hau XXI. mendera egokitzeko». Batzen duten dirua zertan erabili izango dute dudarik gabe. Errozen esanetan, aurreikuspenen arabera leku falta izango dute laster eta oraingo egoitzaren atzealdean eraikin berri bat egin nahi dute. Era berean eraikina jauregia denez, berrikuntza lanak ere egin beharko dituzte. Jauregia izateak alde txar hori dauka.
Teknologia berrietan ere aurrera egin nahi dute eta horretarako ere beharrezko dute dirua. Irabazi asmorik gabeko elkartea edo erakundea diren arren, dirua beharrezko dute Errozen esanetan.
Ibilaldia antolatzeak esfortzu handia dakar berekin, baina langile zein gurasoak buru-belarri dabiltza lanean. Hamazazpi talde sortu dituzte gurasoekin.
Ikastola txikia da, 90 familiak osatzen dute. «Ikastola txikia izanda 100.000 pertsona bilduko dituen jaialdia antolatzeko zelako gaitasuna daukagun erakusten dugu» dio Errozek.
Proiektu bizia
Eleaniztasunaren proiektua ere martxan dago. Hezkuntza proiektua bera ere berritzen eta egokitzen ari dira. «Arautegi demokratiko eta denon artekoa egiten» ere bai. Agenda 21ean ere sartu dira. Etorkinen mintegian ere buru-belarri. Errozek esan digunez, «etorkinak etorri dira eta gero eta gehiago etorriko dira. Adibidez, senegaldar pare bat etorri ziren iazko urtean. Denak harrituta daude euskara zein erraz ikasi duten ikusita». Maila ezberdinen arteko harremana ere lantzen dute. Askotan lau eta bost urtekoen gelak batzen dituzte. «Elkarreragin hori baliatzen dugu askotan pedagogikoki». «Ikastola honek kutsu berezia dauka» dio Errozek. «Oso familiartekoa da eta oso berritzailea».
Ibilaldietan eta antzeko jaietan boteiloia arazo bihurtzen ari dela ikusita, horren inguruko lan bat egin dute Txintxirriko arduradunek ikasleekin. Hausnarketa egin dute eta berau zabaldu dute beste eskola eta ikastoletara. «Guk ez dugu boteiloiarekin amaituko. Hala ere, prebentzio lana eta publizitate kanpaina txiki bat prestatu dugu». Helburua ikasleei pentsaraztea da. Jendea zertara joaten den Ibilaldira. Kontraesanen bila jarri diote izenburua. «Ea eragin txikiren bat lortzen dugun».
Txintxirri ikastolak Zilarrezko Q-a lortu zuen 2003. urtean. Zilarrezko Q saria, Eusko Jaurlaritzak ematen duen saria da, erakunde publikoetan (osasungintza, hezkuntza) eta pribatuetan (enpresak, banka eta abar) egiten den kudeaketaren kalitatea aintzat hartuta. Sari hori lortzeko Euskalit Kalitatea sustatzeko Euskal Fundazioak egindako kudeaketa hori ebaluatu behar du. Ebaluaketa EFQM (Erabateko Kalitate Kudeaketa Sistema) ereduaren arabera egiten da. 1996an ezarri zuen Txintxirrik EFQM eredua. Eredu honek hiru zutabe nagusi ditu: bezeroen asebetetzea, etengabeko hobekuntza eta partehartzaile guztien inplikazioa. Ikastolako zuzendariak argitu digu datorren urtean Urrezko Q-a lortzea dutela helburu.
![]() |
|
||||
2041 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa