Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-21 -- 2041.zenb

Jakoba Errekondo


hemen da beroa. Udaberriaren su artifizialak amatatu dira. Txintxo txintxo kolore guztiak banaka banaka loratu dira: zuriak, horiak, ubelakā eta usainak datoz.

Mendiz mendi Larraula bidean ginela begiz jo batera jo bestera, sasiakazia (Robinia pseudoacacia) zuri, loretan, aurtengo udaberria apartekoa iruditzen zaiola aipatu zidan lagun batek. Zuhaitz honek sustraitik landare berria emateko duen erraztasuna dela-eta sasiaren moduan multzotan hazten da. Sasiakazidia, egundoko izara, urrutira nabarmen. Sekula ez omen du honelako lorealdirik ezagutu, lagunak. Halako batean sasiakaziak bertan bertan genituela begiak ez, sudurrak esan zigun. Sudursabaia asetuta, zenbaiti goragalea sortzeraino gozoa da askaziaren lorea. Lore batzuk hartzeko inguratu eta erleen eta liztorren festa! Arkazia hutsezko eztia laster kenduko diote eutzari. Asteasu igaro behar eta han ikusi genuen toki jakinetan besterik ikusten ez den lore arroseko sasiakazia (Robinia hispida); kolore berezia du baiā baina usain zipitzik ere ez!

Xumexeago basoko eta itxituretako sasi eta sastraketan atxaparrak (Lonicera periclymenum) laharrari gaina hartu dio eta lore luxeak eskaintzen dizkigu. Akaziarenaren aldean usain fina du honen loreak, fina eta gozoa. Atxaparra ikusten dudanero umetu egiten naiz. Egun errotonda bat dagoen tokian herriko plazaren atzean lahar-hesi batean hazten zen atxaparrari loreak kendu eta polinizatu behar zuten intsektuen gozamenerako prest zuen ezti ttantta lapurtzen genion. Orain ere ahal dudaneroā

Sasiakaziaren lore gozoak albardatu eta entsaladan jatera jarri gara etxe aurrean eta beste usain gozo bat. Ahoan ditugun loreena baino usain okaztagarriagoa, baten batentzat. Jasmina (Jasminum officinale) aldamenean dituen beste landareen soinean gora hor doa eta hegora, eguzki gozora begira oparo loratu da. Laster dugu usaina etxe guztian.

Usainak atzapar egiten ari dira. Usainak beroa behar du. Uff! hemen delaā

Jabier Agirre


Jan-neurri mediterraneoaren mesedeak askotan aipatu ditugu. Gaurkoan gaixotasun kardiobaskularren kontrako borrokan egin ditzakeen mesedeak ikusiko ditugu. Gaixotasun kardiobaskularrak dira, hain zuzen ere, gurea bezalako gizarte garatuetan heriotza guztien % 40aren arrazoia. Eta aditu guztiek goraipatzen dituzte fruitu lehorrak gaixotasun koronarioetatik babesten gaituztelako. Eta baita zuntza ere, kolesterol maila gutxitzen duelako. Bestetik, gauza jakina da opilgintzako produktuetan, aurrekozinatuetan, patata frijitu industrialetan eta margarinetan dauden koipeak lotuago daudela arrisku kardiobaskularrarekin beste koipe batzuk baino. Beraz, gomendio orokor bezala, janari aurrekozinatuak, gantz industrialak eta zapore-indartzaileak baztertu, eta jan-neurri mediterraneoa, koipe gutxi duten esnekiak, oliba-olioa, arraina, fruta eta berdurak, eta produktu freskoak bultzatu behar genituzke, gure bihotza zaintzeko.

Adibide soil batekin hobeto ulertuko delakoan, eguneroko dietara intxaur batzuk gehitzeak bihotza babesteko nahikoak diren Omega 3 gantz-azido poli-intsaturatuak eransten dizkio. Horixe frogatu dute Australiako Wollongong Unibertsitateko ikertzaileek: intxaurrak egunero kontsumitzeak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitu omen dezake, batez ere 2. motako diabetesa duten gaixoetan. Journal of the American Dietetic Association aldizkari ospetsuak argitaratu duen ikerketaren konklusioa zera da: "egunero zortzi-hamar intxaur kontsumitzeak koipe-mota horren eguneroko kopuru gomendatuak estaltzen ditu, bestelako kontrako eraginik ekarri gabe".

Intxaurraren eragin mesedegarriak pertsona diabetikoek berez duten gaitz kardiobaskularrak jasateko probabilitate handiagoari aurre egiten dio. Diabetesak esan nahi du odoleko azukre-maila behar lukeena baino askoz ere altuagoa dela. Odolean azukre gehiegi edukitzeak gorputzeko beste atal batzuk ere honda ditzake, horien artean odol-hodiak. Diabetikoentzako bezalaxe, intxaurrak gaixotasun kardiobaskularrei aurre hartzeko modu egokia dira gainerako biztanle guztientzat ere.

Joxerra Aizpurua


Izurdeen arteko komunikazioa

Izurde bakoitzak beste izurdeekin komunikatzen denean sinadura pertsonala erabiltzen du, Floridako uretan Erresuma Batuko St Andrews unibertsitateko Vincent Janik biologoak adierazi duenez. Pinguinoek eta baleek seinaleak erabiltzen dituzte taldearen kohesioa mantentzeko, baina kasu hauetan animali multzo osoa seinale berarekin izendatzen da. Txori-espezie batzuek ere antzeko sistema erabiltzen dute. Gizakiak izena erabiltzen da bata bestetik bereizteko. Antza, izurdeek gizakiaren antzera jokatzen dute, hau da ale bakoitzak bere "izena" erabiltzen du identifikatzeko.

Tursiops truncatus espezieko izurdeen txistua aztertu dute eta sintetizatu ondoren guztietan sekuentzia desberdinak topatu dituzte.

Gerora soinu hauek makina baten bidez emititu zituzten itsaso zabalean eta 14 aleko multzo batetik 9 soinuak igortzen ziren lekurantz begira jarri ziren eta beste 5ek bere bidean segitu zuten. Honek zera adieraziko luke: izurde batzuentzat ezagunak zirela soinuak eta ez duela axola izurdea edo makina den soinu-igorlea.


Ekotasak automobiletan

Frantzian joan den asteaz geroztik automobil berrietan poluzio-maila adierazten duen etiketa azalduko da. "Energia etiketa" deritzo eta Atik Gra bitartean sailkatuko ditu automobilak CO2ren emisio-kantitatearen arabera. Etiketa hauek jada etxeko izozgailuetan ezartzen ziren eta hainbat automobil-ekoizlek, Renault eta PSA tarteko, jada ezartzen zuten bere ibilgailuetan.

"Plan Climat" delakoaren barneko neurria da aipatutakoa eta ibilgailu poluitzaileenak zigortuko ditu zergen bidetik.

Ademe deituriko Frantziako Ingurumen Agentziaren arabera, 2005ean saldutako ibilgailuek batez-beste gramo bat CO2 gutxiago emititzen dute 2004an saldutakoekin alderatuz; 2005ean CO2ren emisioa kilometroko 152 gramokoa izan da.

Oro har, gasolina automobilek partikulen aurkako iragazkia duten dieselekoek baino gehiago emititzen dute.

Gasolinazkoen artean gutxien emititzen duena Toyota Prius (104 g/km) da eta ondoren Citroen C1, Peugeot 107 eta Toyota Aygo (109 g/km). Beste muturrean lau bider lauak daude eta hauei ezarriko zaie, hain zuzen ere, ekotasa handiena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan