Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-21 -- 2041.zenb

Estitxu Eizagirre

Aspalditik egin da konposta etxean, belar-jendeen hondakinak gorotz pilatara botaz. Eta etxean konposta egiteak abantaila handiak ditu norberarentzat eta are gizartearentzat. Izan ere ez dira milaka kilo hondakin bildu, garraiatu eta tratatu behar. Beraz, kamioi trafikoa eta poluzioa gutxitzen dira. Eta lurraldean hondakinen tratamendurako azpiegiturek duten inpaktua saihesten da. Herritar hauen jokaera arduratsua saritu egin behar dela aldarrikatzen dute hainbat ekologista eta gizarte eragilek, besteak beste, Eguzki taldeko Juan Mari Beldarrainek: «Zaborra da kontsumoaren arabera kobratzen ez den gauza bakarra: argia, ura, gasa... dena kontsumitutakoaren arabera ordaintzen da, baina 5 kilo edo 20 kilo zabor bota, tarifa finkoa dugu denok. Horregatik ez du birziklatzeko eta konpostatzeko pausoa ematen jendeak. Zabor tarifa norberak botatako kiloen araberakoa balitz, jende gehiagok hartuko luke parte».

Norbanakoari, berriz, ez dio funtzionatzeko eta mantenurako gasturik ekartzen. Aldiz, kalitatezko konposta lortuko du, eta beraz ez du ongarri eta lurrik erosi beharrik izango.


1.500 konpostagailutik gora ari dira lanean

Konposta gorotz piletan egitearen ondoan, konpostagailua erabiltzeak abantailak baditu: askoz leku gutxiago hartuko digute hondakinek, metro koadro bakarra. Ur gutxiago erabili beharko dugu, konpostagailuak tenperatura eta hezetasuna urte osoan berdin mantentzen baititu. Eta lorategiko konpostagailuak ez die bizilagunei enbarazu egiten.

Etxean sortutako materia organikoa norberak konpost bihurtzeko kanpaina burutu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamenduak, lurralde bereko mankomunitate denekin elkarlanean eta Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren barruan. Lur puska bat izatea da kanpainan parte hartzeko baldintza, konpostagailua lurrean jarri behar baita, ez zoruan. Eta ordu eta erdiko ikastaro batean parte hartzea. Bertan azaltzen da konpostagailua nola erabili, eta ikastaroa bukatutakoan eskuliburua eta konpostagailua banatzen zaie, doan. Gainera, urtebetez telefono eta e-posta bidezko aholkularitza izango dute eskura eta jarraipena egingo zaie. Urriaren erdi aldera hasi ziren ikastaroak, 53 egin dira eta 1.600 pertsona inguru pasa dira bertatik.

Ikastaroa eman duten Artelatz ingurumen zerbitzuetako Aitziber Sarasola eta Arantxa Oriak kontatu digutenez, era guztietako jendeak hartu du parte: «Jubilatu jendeak asko, etxe ondoan baratze edo lorategi txiki bat eduki eta ordu asko pasatzen dutenak bertan. 30 urtetik gorako gazteek ere bai, eta hauek birziklapenarekin sentsibilizatuta daudela nabaritzen da».

Esperientziarekin oso gustura dago jendea. Uztea erabakitzen duenak itzuli egin behar du konpostagailua beste bati erabiltzeko aukera emateko, baina banatutako 1.500dik gora konpostagailuetatik 3-4 dira itzuli dutenak.


Hirian konposta egiteko

Lurrik ez duten etxebizitzetan bada konposta egiteko beste modu bat: edozein lurren gainean jar daitekeen vermikonpostagailua. Bertan, eisenia foetida zizareak usteltzen hasitako materia organikoa jaten du. Onddoak dituzte lagun, hauek bigundutako materia errazago irensten baitute, hortzen faltan. Zizareen liseriketa prozesuaren ondorioz lortzen den humusa hobea da.

Plastikozko lau hankaren gainean, hiru solairu edo bandeja ditu zizare gorrien bizileku den vermikonpostagailuak. Goiko solairuan botatzen zaie janaria eta hondakin freskoena hor egoten da. Erdiko bandejan hondakinak ustelago egoten dira eta hor aritzen dira etengabe jaten zizareak: egunean gramo erdi-gramo bat jaten dute, euren pisua adina, alajaina! Hirugarren solairuan dute habia. Kartoi bustiz egiten dute ohea eta bertan jartzen dituzte arrautzak. Beheko edukiontziak iturria du, eta bertatik isurtzen da sortzen den ongarri likidoa. Konpostagailua produkzio altuenean dagoenean, bi hilero jasotzen da bandeja bat humus, eta astero hiru laurden ongarri likido. Lehen uzta, berriz, 2 hilabete eta urtebete artean jasoko dugu. Zizareen lana azkartu nahi bada, bataz besteko tenperaturak 20 gradu ingurukoak mantendu behar dira, eta janaria ondo txikitu zizareei eman aurretik.

Plastikozko ontzi hau edonon jarri liteke: balkoian, garajean... Mizkinek ez dute sukaldean bertan jartzea oso gogoko. Lasai, zizareak ez baitira sekula ontzitik ateratzen, itxia delako eta barruan baino ez dutelako behar dutena: jakia, hezetasuna, iluntasuna -argirik ezin dute jasan- eta tenperatura egonkorra. Babesean jartzea komeni da, gehiegizko beroak, hotzak eta euriak erasango ez dien lekuren batean, ito egin baitaitezke. Deskonposizio prozesurako estalkia itxita eduki behar denez, ez du batere usainik botatzen. Astean pare bat aldiz nahastu behar dira hondakinak, oxigenorik falta ez dadin, eta hor askatzen da usaina, baina ez da jasangaitza. Sortzen duen humusak, berriz, baso heze usain freskoa du.


Non eskuratu

Interneteko www.compostadores.com helbidean erosi ahal izango dituzu lorategiko konpostagailua edo vermikonpostagailua, zizare eta guzti. Bertan duzu gaiari buruzko informazioa ere. Foru Aldundiak banatu duenaren moduko lorategiko konpostagailuak 108 euro balio ditu (320 kilorentzako), eta neurri zein forma desberdinetakoak daude aukeran. Vermikonpostagailuak, berriz, 120 euro balio ditu eta 30 euro zizareek.

Dagoeneko Gipuzkoako mankomunitate gehienek Foru Aldundiaren kanpainaren barruan doako konpostagailu denak banatuak dituzte. Baina itxarote-zerrenda zabalik dago. Gipuzkoarra bazara, lorategiko konpostagailua jartzeko, deitu dagokizun mankomunitatera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan