Katixa Garate
Museoen Eguna
Ostegunean Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Bitxia da ospakizuna, ez baita artearen eguna, hura jasotzen duen eraikinena baizik. Euskal Herriko museoek egunarekin bat egingo dute, arte hutsarekin edota bestelako diziplinekin. Gasteizko Artiumek, adibidez, apirilaren 26tik maiatzaren 20ra bitarte ekitaldi ugari antolatu ditu; antzerki, zinema eta musika emanaldiak tartean. Izan ere, aldatzen ari dira museoak; orain ez dituzte erakusketak bakarrik antolatzen. Ez legoke gaizki eraikin hauek artista gazteen lanak erakutsiko balituzte, egun honetan bederen. Maiatzaren 19tik 21era Areetan egingo dute Getxoarten badute artista gazte horietako batzuk ezagutzeko parada. .
Udako unibertsitate ikastaroak prest
UEUk, EHUk, Bergarako UNEDek eta Hik Hasi aldizkariak aurkeztu dituzte dagoeneko udan eskainiko dituzten ikastaro eta tailerrak. Mordoska bat dira kulturari lotutakoak. Ekainean izango dira UNEDek antolatutakoak eta besteak beste, Euskal kultura: merkatuaren eta nortasunaren artean izenekoa apailatu du. Uztailean izango da zer ikasi eta partekatu UEUren eskutik. Literaturaren xarma tailer praktikoa ageri da eskaintzan, esaterako. Hik Hasiren egitarauan, Haurrei ipuinak kontatzen eta irakurtzen trebatzeko ikastaroa ageri da. EHUren programan, kultur kudeaketari nahiz dantza garaikideari buruzkoak topa daitezke.
Hasi da Bizkaiko Bertso Txapelketa
Eskualdeetako txapelketekin abiatu da 2006ko Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketa. Zazpi eskualdetan banatu dute herrialdea eta eskualde bakoitzeko bertsolari guztiek izango dute parte hartzeko abagunea. Maiatzaren 6an izan zen lehen saioa eta ekainaren 3an izango da azkena. Horietatik eskualdeetako txapeldunak sailkatuko dira eta aurreko edizioetako finalistekin batera urrian jokatuko dituzte kanporaketak. Finalaurrekoak azaroko azken bi asteburuetan eta abenduko lehenengoan izango dira. Finala abenduko hirugarren asteburuan izango da, Euskalduna jauregian. Hilaren amaiera arte Bilbon ere izango da bertsolaritzaz gozatzerik. Saioak izango dira larunbatero, Karmelo plazan, 13:00etan, Udaberriko Bertso Saioak ekimenaren baitan.
Antzerki egunak Hendaian
Antzerkiaren maiatza antolatu du Chimères antzerki taldeak hogeita bigarren urtez, hilaren 19tik 21era. Hamaika konpainiak (Angeluko Jabron Rougeren txotxongiloak, Le Petit Théâtre de Pain, Belgikako The Promotoves...) hartuko du parte eta hogeita hamabi emanaldi eskainiko dituzte, horietatik hogeita hiru doakoak. Aurten bi eszenatoki berri gehituko zaizkio Hendaiako Caneta portuko karpari eta Les Varietes zinema gelari: Behereko eta Irandatz auzoak.
Japoniako animazio zinema Iruñean
Laugarren urtea du Iruñeko Anime japoniar zinema jaialdiak. Hilaren 20a arte manga eta anime zinemako hamahiru film proiektatuko dituzte Iruñeko Civican aretoan. Besteak beste, Mamoru Oshiii, Rintaro eta Katsushiro Otomoren pelikulak emango dituzte. Horiez gain, aikido eta japoniar ezpata erakustaldiak antolatu dituzte.
Ipar Euskal Herriko musika Kalapita blogean
Azken sei urtetan Iparraldeko musika taldeen gaineko informazioa bildu du Thierry Biscary kantariak eta informazio hori guztia kalapitaria.blogspot.com blogean jarri du. Bertan ageri dira Iparraldeko talde eta bakarlari gehienen kontaktuak, musika teknikarien datuak eta elkarte eta jaialdien gaineko informazioa.
Gipuzkoako dantzak sarean
Portugaleteko Elai-Alai Fundazioak Gipuzkoako dantzen gaineko webgunea osatu du (gipuzkoa.dantzak.com) Elgoibarko Haritz dantza taldearekin elkarlanean. Gipuzkoako dantza tradizionalen gaineko informazioa, argazkiak eta bideoak jaso dituzte.
Emakumeak plazara
Duela bi urte abiatu zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak Plazara proiektua, emakume kulturgileek sortzen dituzten lanek gizartean duten oihartzun eskasaz hausnartzeko asmoz. Hilaren 20an gaiari helduko diote Durangoko Landako erakustazokan. Besteak beste, Aiora Renteriak, Inma Erreak eta Oihane Pereak euren esperientziez hitz egingo dute eta eztabaida saioak izango dira ondoren.
Juan Ramon Makusok (Errenteria, 1961) Hiri gorazarre (Elea) poesia bilduma plazaratu du. Idazleak hiriaren gaineko gogoeta poetikoa egin du bigarren liburu honetan. Imanol Aginaga durangarrak egin ditu azaleko eta barruko irudiak.
Parabellum musika taldearen omenezko diskoa egin dute hemezortzi musika taldek. Boikot, Marea, Segismundo Toxicómano, Txapel, Macarrada eta Zirrosis dira horietako batzuk. Barakaldoko taldearen argazkiak, kartelak eta irudiak biltzen dituen DVDa plazaratu dute halaber.
Trapu Zaharra, Markeliñe eta Adictos & Logela antzerki eta dantza taldeek Valladolideko Nazioarteko VII. Antzerki eta Kale Arteen Jaialdian parte hartuko dute maiatzaren 24tik 28ra, Kalearte egitasmoaren baitan. Kale antzerkia bultzatzeko asmoz, Jaurlaritzak Valladolideko jaialdiarekin egindako hitzarmenaren fruitu da Kalearte.
Jose Felix Diaz de Tuestak Euskal Herria atzerritarren ahoan (Arrasate Argitan) liburua osatu du, 130 autorek (Bocaccio, Dante, Shakespeare, Huxley, Dos Passos, Brecht...) euskaldunez eta Euskal Herriaz esandako hitzekin.
Mikel Lertxundik Ziortzako monasterioaren lorategian eta inguruetan jarri du erakusketa: Orekaren bila. Ekainaren 25a arte izango da eskulturak aire zabalean ikusteko aukera.
Jabier Muguruzak euskarazko kantu onenaren Espainiako Musikaren Saria eskuratu berri du bigarrengoz. Abenduak 29 diskoko Bizitza bizitza da kantua saritu dute. Aurrekoa 2002an jaso zuen.
Cristina Iglesias eskultorearen hitzok jaso zituen Garak: «Nik uste dut oso zaila dela hirian biziko den artelan bat egitea, esanahia izango duena, inguruan bizitzea ahalbidetuko duena eta era berean jendearen bizitza atseginagoa egingo duena. Pieza onak daude, oso onak. Baina zaila da. Nolabait esatearren, errotonda guztietan jarriz hiria eskulturez betetzearen kontrakoa naiz».
Jose Luis Zumeta Berrian: «Bidegabekeria asko dago artearen munduan, baina ez soilik Euskal Herrian, beste hainbat lekutan ere bai. Artista batzuk baino ez dira ezagutzera ematen. Marketinik eta babesik ez dutenak besteen itzalean geratzen dira. Artista asko geratu dira hemen besteen itzalean».
Joxe Mari Sors Elkarreko kudeatzaileak Garari esanak: «Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen, bestelako kultur baloreen kalterako. Herritarren erosteko ahalmena duela 10-15 urtekoa baino handiagoa bada ere, liburuen kontsumoak ez du gora egin. Gure baloreak aldatuz joan dira: lehen estimatzen genituenak (irakurtzea, musika entzutea, lagunartean ibiltzea...) beste balore batzuek (bidaiatzea, ikus-entzunezkoak izatea...) ordezkatu dituzte».
Kepa Sojo zinema zuzendariak zera adierazi zion Berriari: «(Euskal egileen ekoizpen gehienak komediak izatea) pozgarria da. Duela urte batzuk film labur guztiak oso tristeak ziren. Beti ETArekin eta bakardadearekin bueltaka».