Alvaro Hilario Pérez De San Román
1992ko Bartzelonako joko olinpikoak eta Sevillako Expoa Espainiako Estatuak garatu zuen modernizazio prozesuaren mugarriak dira. Birmoldaketa edota nagusi zen errepresioa ikuskizun horiek estalita geratu zen. 80ko hamarkadan jaio ziren hainbat eremu eta mugimendu murriztu edo desagertu ziren; indartsuak izan ziren herri mugimenduen (feministak, nuklearren eta militarismoaren aurkakoak, gaztetxeak edota irrati libreak, esaterako) gainbehera etorri zen. Gauzak horrela, aipatutako mugimenduetan ibiliak ziren batzuek orduko erronkei aurre egiteko egitasmo berri bati ekin zioten. Euskal Herrian, artean baliagarriak zirelakoan, praktika autonomoak berregiteko, birsortzeko, lubaki berria zulatu zuten: Felix Likiniano kultur elkartea. Aurreko ekimenak agortutzat eman eta kulturaren eremua lantzea deliberatu zuten. Han hemenka sakabanatuta zebiltzan pertsonak eta beharrak elkartzeaz gain, galdutako eremuak eta azpiegiturak ordezkatzeko balio izango zuen lokala zabaldu zuten Bilboko Iturribide kalean; handik autonomiaren memoria historikoa berreskuratzen ahaleginduko ziren (argitalpenak), baita sormen independentearen hainbat proiektu sortzen eta babesten (DDT disketxe eta banaketa alternatibo taldeak ekoiztutako lanak kasu). Halaber, talde zein pertsonen arteko harremanak azkartzea zuten helburu. Autonomia abiapuntu bazuten ere, ezkerreko sentsibilitate guztientzat zabalik egon da Liki urte hauetan guztietan. Horrexegatik jarri zioten Likiniano izena: berarengan bat egiten zutelako XX. mendean Euskal Herrian protagonista izan ditugun prozesu politiko askatzaileek eta aurrerakoiek (anarkismoa eta ezker abertzalea, bi esatearren).
"Likiniano giro hartan sortu zen, giza mugimenduak indartsuak zirenean", baieztatzen du elkarteko kidea izan den Julenek. "Garai haietakoek beraien burua kritikatu zuten; hain hurbil zuten kanpańismoa arbuiatu zuten, eta berria izango zen beste zerbait egiteko jauzi kualitatiboa eman zuten" -segitzen du hastapenetako testuingurua azaltzen-; "eta lokala izatea beharrezkoa zen, elkar ikusteko eta materialak mugitzeko sikiera". Asko izan ziren Iturribide kaletik pasatu zirenak. Marc Legasseren Euskal anarkista baten mintzoa izan zen elkarteak argitara eman zuen lehenengo liburua, Zer Bizio? bilbotarrek ahalbideratu zuten aurreneko maketa, eta Ume gaiztuak eta Potrotaino taldeek zabaldu zuten diskoen zerrenda.
1995eko abenduan, elkartea Zazpi Kaleetara jaitsi zen, Erronda kalera. "Lokala bera sortzea, berari gure ekinez eustea, lorpenetako bat izan da", dio Julenek; "sekula ez gara sistemaren ohiko bideetatik ibili; ez gara inongo alderdiren edo sindikaturen menpe egon eta ez dugu inolako diru laguntzarik eskatu. Autonomo hitza, beraz, praktikaz bete dugu. Autogestioa posible dela egiaztatu dugu: ekonomikoki bideragarria izan da Liki». Argitalpenak garrantzitsuak izan dira Likinianoren ibilibidean. Likinianoren altxorra bildumak, adibidez, hogei bat titulu ditu. "Lokala askorentzako erreferentzia izan da; topagunea bera ere arrakastatsua izan da, baita bestelako materialen banaketa ere", dio Julenek.
Likiniano elkartea bertan behera uzteko zergatien bila, akatsak zeintzuk izan diren, egiteke geratu dena kontatzeko eskatu diogu. "Azken urteotan barrura begira egon gara; beste borroketan zeudenekin harremanak sortzeko, kontu berriak proposatzeko ez gara gai izan. Azken batean, dendak jan gaitu; besteentzako erreferentziari eutsiz ez dugu beste gauzetarako astirik izan. Ezin izan dugu gure lan propioa sortu". Elkarrizketa amaitzear dagoela, irribarretsu, diosta Julenek: "Etapa bat amaitu da, eta oraindik ere zelan egingo dugun ez badakigu ere, beste zerbait egingo dugu; ez gara etxean geratuko".
Gatazka Likinianon
Larunbata; arratsaldea hasi baino ez da egin eta, momentuz, jende gutxi dago egungo Gatazkan, Likiniano ohian elkarte berria aurkezteko panfletoak dioenez. Gari gaztea dut solaskide; gaztea baina hau ere eskarmentu handikoa. Gatazka kolektiboan dauden besteak bezala, ondo ezagutzen ditu gaurko gaztetxeetako zein musikaren bidezidorrak. "Egin dena aztertuta, eta hainbat kontuk espero zen beste oihartzunik izan ez badute ere, Likinianok zuen joera berdinari jarraitzeko asmoa daukagu; geuk ere autonomotzat jotzen dugu gure burua; gauzak egiteko era horiek merezi dutela pentsatzen dugu, horrela egin izan dugu egon garen taldeetan. Bestalde, norbanako autonomia ekonomiko, soziala eta politikoa aldarrikatzen dugu". Aurrekoek egindako beste gauza askok iraungo du Gariren ustetan: "Garrantzitsua da lokalarekin segitzea, ideiak eta materialak elkartrukatzeko funtsezkoa baita. Beste hainbat tokitan ildo jakin batekoak elkartzen diren bitartean, gurea sentsibilitate politiko zein sozialen bidegurutzea dugu, eta horri zor zaio lokalaren beraren eraginkortasuna". Garik dioenez, jendarteko harremanak areagotzeko prest daude, eta jarrera politikoa hartu bitartean, tresnak aurkezten ari direla. "Gatazkak dakarren ideien elkartrukatze hori, komunikazio hori, hitzaldien, eztabaiden eta argitalpenen aurkezpenen bitartez bideratu nahi dugu. Horrez gain, ezin dugu ahaztu gurea lokal autogestionatua dela, ez duela zer ikusirik erakundeekin; beraz, hainbat talderen mesederako azpiegitura da lokala. Guk ez ezik, beste talde batzuek ere euren autonomiari eusteko aukera daukate, udal aretoak erabili beharrean. Bidea ibiliz egiten da; hau da, beraz, jarrera politikoa hartzeko moduetako bat".
Bisitariak agertzen hasiak dira. Bada denetarik apur bat: aspaldidanik etortzen direnak, inguruetatik noizean behin agertzen direnak, oporretan daudenak... Disko eta liburuen artean dabiltza, beste lekuetan aurkitzen ez dutenaren bila. Bata ala bestea baduten galdezka hurbiltzen zaizkio Gariri. Badoaz. Euskararen aldeko apustua egingo dutela esan digu Garik: "Egia da gure artean garen guztiok ez dugula euskaraz egiten, baina euskara komunikazio tresna izan dadin nahi dugu. Euskara erabiltzea aukera politikoa da eta euskaraz egina denari lehentasuna emango diogu; deialdiak, esaterako, euskara hutsez egiten ditugu. Euskararen aldeko benetako jarrera izan nahi dugu, folklorismoetatik kanpo". Kontrakulturaren bozgorailu izan da Likiniano eta Gatazkak ere bide horretatik egingo du aurrera: "Oraindik ere bada alderik erakundeek babestutako kulturaren eta herri kulturaren artean; lehenak, gure ustez, ez dauka zentzu politiko edo kultural handirik, domestikatuta dagoelako. Gero zerbait esaten duen kultura dago, eta sistemarekiko zalantzak pizteko balio badu, hobesten dugu. Lagungarri izan nahi dugu sormen independente hori (zinema, literatura, musika, artea...) gauzatzen".
Bukatzeko, denda hutsa izatearen beldur ez den galdetu diogu: "Gerta liteke, baina hona etortzea, erosteko bada ere, hautapen politikoa da. Hemen ditugun gauza batzuk Corte Inglésen aurki daitezke, baina jendea hona dator. Erostea bera ekintza politiko bilakatu ahal dugu".
Jon Gurrutxaga
PILT rock taldean egin zen ezagun Rafa Rueda. Mungiarra geldirik egoten ez dakien horietakoa da, ordea. Txuma Murugarrenen diskoen ekoizpen lanak egin ditu eta Kirmen Uribe idazlearekin, Mikel Urdangarin abeslariarekin, Bingen Mendiazabal musikariarekin eta Mikel Valverde marrazkilariarekin batera Zaharregia txikiegia agian proiektuan ere parte harte zuen. Horrez gain, iaz Lauaxeta olerkariaren omenezko obra musikala koordinatu zuen eta Mungiako herriak interpretaturiko opereta konposatu. Hori guztia gutxi balitz, orain bere bakarkako bigarren lanarekin datorkigu musikari bizkaitarra.
Saredun eskua
Aurreko lanaren ildotik pop abestiez osaturiko diskoa da Saredun eskua. Aurreko bakarko diskotik (Kea) honetara, elektrikotasuna murriztu da. Lan berrian Rafa Ruedak ondoko musikariak izan ditu alboan: Rufo Urbina baterian, David González baxuan eta Mikel Azpiroz c3 hammondean, north electroan eta sintetizadoreetan. Hamar kantak Nafarroako Azkarate herri ttipian kokatzen den Katarain estudioan grabatu dituzte Jonan Ordorikarekin. Kea Metak zigiluak kaleratu zuen eta bigarrena ere beraiekin argitaratzeko asmoa zuen Ruedak, baina urte hasieran ateak itxi zituen Irungo diskoetxeak. «Abendu amaiera aldera deitu zidaten diskoetxea ixtera zihoazela esanez. Otsailean estudioan sartzeko prest nuen guztia eta kolpe gogorra izan zen. Alabaina, zortea izan nuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak epe laburrean proiektuari baiezkoa eman baitzion», azaldu digu Ruedak. Ez da mungiarrak Katarainen grabatzen duen lehen lana, pilt-ren azken diskoa ere bertan grabatu zuen. Azkarateko parajeak gustuko ditu bizkaitarrak eta Jonan Ordorikak bere estiloa aski ongi ulertzen duela nabarmendu du: «Kimika oso ona daukagu eta norbera hain ongi dagoenean ez dago gauza berriak bilatzeko beharrik».
Estreinako bakarlana gitarran oinarritu zuen Ruedak. Ordura arte jorratu gabeko estiloa, popa, landu zuen. Bigarren lan honetan bere burua askoz ere seguruago ikusi du bizkaitarrak, bai musika egiterako orduan eta bai abesterako orduan ere. «Aurreko lanarekin konparatuz taldea estilistikoki aldatu egin dut, bi gitarra egon beharrean orain gitarra bakarra eta teklatua dago. Eta horrek sonoritate berezi bat ematen dio diskoari. Teklatuaren presentzia lan berriari bestelako koloreak emateko aprobetxatu dugu», diosku. Dena den, Mikel Azpirozek ez du teklatua jo pop eta rockean hammond organoa jotzen den moduan. «Teklatua gitarra erabiltzen dudan filosofia berarekin erabili nahi nuen. Horrela, aurretik Mikelekin berba egin eta soinu monofonikoak gustuko nituela komentatu nion. Izan ere, hammonda normalean koltxoi edo oinarri moduan erabili izan da gehiago», esan digu Ruedak.
Intsektuen ehiztaria
Rafa Rueda beti identifikatu izan da bere instrumentu edo arma bereziarekin intsektuak harrapatzen dituen ehiztariaren irudiarekin. Horra hor diskoaren tituluaren arrazoia, Saredun eskua. «Intsektuen ehiztariak gauza txiki eta bizidunen bila dabiltza beti. Horixe da, hain zuzen ere, nik bizitzaren filosofian bilatzen dudana. Alegia, eguneroko gauza txikiei garrantzi gehiago ematea. Horregatik oso erromantikoa iruditzen zitzaidan intsektuen ehiztariaren irudia bizitzan eduki beharreko jarrera bezala», diosku Ruedak. Kontzeptu horretan oinarritu du diskoaren diseinu guztia mungiarrak, bai musika, bai liburuxkako marrazkiak, bai hitzak. David González baxujolea izan da diseinuaz arduratu dena. Erdiko akuarela, berriz, Mikel Valverderena da. Ipuinetako marrazkiekin parekatzerik ere bada Saredun eskuaren diseinua, naturaren elementu anitz agertzen baitira.
Idazleen letrak
Lehenengo bakarlanean mungiarrari ezinbestekoa iruditu zitzaion bai musika bai hitz guztiak berak idaztea. Norbere buruaren aurkezpena zen eta biluzik agertu nahi zuen bere «bertute eta akats guztiekin». Bigarren lan honetan hainbat kanta idatzi baditu ere, beste asko euskal idazle anitzen eskuetan utzi ditu. Edorta Jimenez, Unai Iturriaga, Jon Benito, Gotzon Barandiaran eta Kirmen Uribe izan dira diskoan parte hartu duten idazleak. «Idaztea gustatzen zait, baina gehiago disfrutatzen dut musika egiten. Beraz, hain idazle onak lagun izanda aukera hori aprobetxatu egin behar nuela iritzi diot. Gainera, kimika handia egon da gure artean. Normalean idazle batekin lan egitean, musikariak melodia bat ematen dio eta hark testua idazten du jasotako pauta melodikoaren arabera. Hilabeteetako lana izan ohi da». Rafa Ruedak idazle bakoitzarekin bilera bat egin eta kontzeptua zein zen azaldu ostean oso epe laburrean jaso zituen hitzak. Elkar ulertzea erabatekoa izan da musikari eta idazleen artean eta emaitzarekin asebeteta gelditu da: «Gainera, kasualitatez kanta ezberdinetan hainbat hitz eta kontzeptu errepikatu egiten dira, idazleek bakarka egindako lan bat izan beharrean taldean egindakoa izango bailitzan». Aurretik idazleekin lan egindakoa izanik horrelako gauzak gutxitan gertatu ohi direla uste du mungiarrak eta estiloan ere antzekotasunak igarri dituela onartu du, kontzeptua argi eta garbi ulertu zuten seinale.
Rocketik Popera
Pilt taldearekin rock estilo gogorra jorratzen egin zen ezagun Rafa Rueda. Euskal rock eszenan zeresan handia izan duen taldea izan da orain hirukotea den banda mungiarra. Haatik, betidanik izan du Ruedak pop estiloa jorratzeko grina: «pilt-rekin diskoak grabatu eta zuzenean jotzen izan naizen aroetan batzuetan taldearentzat aproposak ez ziren kantak irteten zitzaizkidan, eta horiek beste proiekturen baten baitan ikusten nituen. Banuen estilo hori jorratzeko gogoa gainera. Beraz, kanta multzoa bildu nuenean bakarkako lehen diskoa grabatzera ausartu nintzen». Bigarren lan honetako abestiak, berriz, preseski bakarkako bigarren diskoa grabatzeko sortu ditu mungiarrak.
Elvis Costello, Prefab Sprout, Paul McCartney eta Lloyd Cole bezalako bakarlari eta taldeen kutsua aipatzen da diskoetxearen promozio orrian. Badu nortasun propioa Rafa Ruedak. Sortzen dituen doinu eta melodiak ez baitira euskal musikan gehiegi entzuten. Lan interesgarria da pop-rocka maite duen ororentzat.
Pilar Iparragirre
Nolakoa da Arotzaren eskuak?
Suspensezko thriller bat da. Ezustekoak eta zirrara dira nobelaren ezaugarri nagusiak. Anek ikertzen duen misterioak bere erroak iraganean dituen arren, ez nuke nobela historikotzat sailkatuko, argumentua gaur egun gertatzen baita.
II. Mundu Gerrak beti du nolabaiteko lekua zure idazlanetan. Zergatik?
Oso une historiko interesgarria deritzot, eta nire ustez halako garai nahasi batean istorioa girotzeak aberastu egiten du argumentua, eta erakargarriago egin. Hala ere, Xake Mate edo Eguzki Beltzaren sekretua ez bezala, Arotzaren eskuak gaur egunean dago giroturik eta II. Mundu Gerra iraganeko erreferentzia moduan besterik ez da agertzen.
Nola osatu duzu zure azken lan hau?
Dokumentatzeko erruz erabili dut Internet: bai pertsonaiek erabiltzen dituzten armak, autoak, tresna elektronikoak eta abar deskribatzeko, bai nobelan agertzen diren tokiak aukeratzeko. Adibidez, Frantziako Metz hiriko turismo bulegoak informazioa bidali zidan hiriari eta bertako posta bulegoari buruz, eta Maginot Lerroa ikertzen duen erakunde batek aholku oso baliagarriak eman zizkidan. Gainerakoan, historia liburuak eta elkarrizketa zuzenak erabili ditut (sendagile eta abokatuekin, adibidez) nobelari sinesgarritasuna emateko.
Nobelako protagonista emakumezkoa da.
Alde batetik istorioak hala eskatzen zidan, eta bestetik, orain arteko nire protagonista guztiak gizonezkoak izan dira, eta aldatu nahi nuen. Erronka berri bati aurre egin nahi nion.
Pilar Iparragirre
Martaren infernua
Pasqual Alapont
Erein
142 orrialde 11,70 euro
Tratu txarrak biko harremanean
Koro Navarrok euskaratu duen Pasqual Alaponten eleberri hau irakurle gazteei zuzendua dago eta neska batek bere bikotekideengandik jaso behar izaten dituen tratu txarrak azaltzen ditu edonor inarrosteko moduan. Mutil atsegin eta sentibera iruditu zitzaion Martari Hector, ezagutu zuen unean. Neska, bere aurreko bikotekidearekin zuen harremana hautsi berri zen, eta oraindik ez zeukan inorekin berriro hasteko gogo gehiegirik, baina ikusirik Hectorrek berarekiko azaltzen zuen miresmena eta maitemina, harekin ateratzea onartu zuen eta poliki-poliki mutilaz txoratu ere egin zen, jakin gabe nolakoa izango zen handik aurrera bizi behar izango zuen infernua. Marta bere lagun guztietatik aldentzen ahalegindu zen Hector, baina zorionez ez zuen erabat lortu.
Ipar Euskal Herria. Ehun paisaia
Santiago Yaniz
Sua
128 orrialde
18,50 euro
Ipar Euskal Herria Santiago Yanizen ehun argazkitan
Ipar Euskal Herriko mendi, ibai, baserri, herri eta hiriei urtaro bakoitzaren joan-etorrian Santiago Yaniz argazkilari bilbotarrak ateratako irudi ederrekin osatua dago Sua argitaletxeak plazaratu duen liburu hau. Bertan ikus daitezke, besteak beste, Barkoxekoak bezala beste herri askotako baserri eta inguruak; Alozeko dorrea, Abadiako gaztelua, Miarritzeko itsasertzea, Atharratze lanbropean zein eguzkiak berotzen duenean; Auńamendi, Ori, Iparla eta beste gailur ugari; Sokoako gotorlekua, Iratiko oihanaren aberastasunak, Baiona gauez eta egunez, Larrungo kremailera-trena, Holtzarteko arroilak, Ilarritako harrespilak, Aldudeko harana eta Hendaiako Dunbarriak. Azalpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez daude.
ZingiZango. Legazpiko euskara
Batzuen artean
Burdinola elkartea
76 orrialde
Doakoa
Legazpiko euskara beti bizi dadin
Legazpiko Burdinola elkarteak bertako kultur ondarea ikertzea eta ezagutaraztea ditu helburu, eta hamaika lan egiten ari da hori sustatzeko. Azkenengoa, Martin Ugarte Saletxeri hil zenetik 10 urte betetzen diren honetan eskaintzen dioten ZingiZango hau. Legazpiko hizkera 42 umorezko egoeratan azaltzen duten komikiez, bertako euskararen lexikoa erakusten duen sailez, gaitzizen zahar eta berriez eta dagoeneko erabiltzen ez diren antzinako eskuerearen zenbait hitz biltzen dituen atalez osatua dagoen liburuxka da ZingiZango, Legazpiko euskara ezagutzeko hurbilketa moduko bat. Batez ere gazte jendeari zuzenduta dago, Olazabal, Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetan ari diren neska-mutilei. Horregatik zerbait arina, irakurterraza eta erakargarria egiten saiatu dira oraingoan Burdinolakoak.
Behinola
Batzuen artean
Galtzagorri Elkartea
62 orrialde 8 euro
Hans Christian Andersen gogoan
Galtzagorri elkarteak plazaratzen duen haur eta gazte literatura aldizkariaren 12. zenbakian, Hans Christian Andersen idazle danimarkarra eta bere obra izan dituzte bereziki gogoan, bai Seve Callejaren Odensera gutuna izenburuko artikulu samurrean, bai Tres cuentos de hadas liburuarekin 2004an Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Saria eskuratu zuen Gustavo Martín Garzori egindako elkarrizketan, eta baita Emilio Aragon aktore, aurkezle eta musikari ezagunak musikatu eta Patxi Zubizarretak moldatutako Berunezko soldadutxoa eskaintzerakoan ere. Baina bada besterik, jakina. Adibidez, Xabier Olasori Pupuan trapua poesia liburuarekin Euskadi saria eskuratzeagatik ematen dioten zorion beroa; edo irakurle hainbaten iritziak jasotzen dituzten literatur erreseina eta kritikak; edota, Carlo Frabettiren artikulu zirikatzailea.
Oaxacako egunerokoa
Oliver Sacks
Gaiak
176 orrialde 18 euro
Oaxacako jendea, kultura eta naturaren gainean
Oliver Sacks Neurologiako irakasle da Albert Einstein Medikuntza fakultatean eta New Yorkeko Medikuntzako unibertsitate-eskolan. Baina horrez gain botanika zaleen Amerikako Iratze elkarteko kidea ere bada, eta hain zuzen haietako batzuekin Mexikon dagoen Oaxacara egindako bidaiak sortu zion zirrara azaltzen du Gaiak argitaletxeak kaleratu duen liburu honetan. Oaxacako bio-aniztasun ikaragarriak eta zapoteken, azteken eta maien matematika, astronomia eta arkitektura sofistikatua deskribatzen ahalegintzen da Oliver Sacks, eta baita txunditu zuten beste hainbat gauza ere: Tenochtitlán hiriko komunikazio sare harrigarriak eta tabako, txokolate eta kakao kulturak adibidez.
Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatea
128 or. / 7,81 euro
Tantak EHUko hezkuntza aldizkariaren azke zenbakia
Euskal Herriko Unibertsitateak plazaratzen duen Tantak hezkuntza aldizkariaren 34. zenbakian, besteak beste, Gaitasun morala eta ezagutza sozio-pertsonalaren azterketa ertain eta unibertsitateko laginetan landu dute Santiago Palacios eta Gurutze Etxezarretaren artean; Sozializatze-estiloen garapenak Paula Elosua, Begońa Arrieta, Begońa Unanue eta Alazne Aizpitarteren artean; Irakasleen arteko desberdintasunak fokaketa komunikatiboan Beronika Azpillagak; eta Gau gorri pelotari, goiz gorri errotari Txema Preciadosek.
Arotzaren eskuak
Alberto Ladron Arana
Elkar
248 orrialde 17,25 euro
Nobela, saiakera eta irudia batzen dituen liburua
Alberto Ladron Aranak (Iruńea, 1968) hiru nobela -Itzalaren baitan, Xake Mate eta Eguzki Beltzaren sekretua- plazaratuak zituen Arotzaren eskuak suspense eleberria aurkeztu aurretik. Ia ezagutzen ez duen aitonak herentzian utzitako etxaldean neska gazte batek egiten duen aurkikuntza izugarriaren ondorioak azaltzen ditu idazle iruindarrak. Irakurketan etenik egitea eragozten duen narrazioa da eta asko dira larridura sortzen duten uneak; amaia, bereziki, borobila du zentzu horretan. Hauxe da bere trama: ordura arteko ametsak porrot egin diotela-eta, bizimoduz aldatzea erabakitzen du Ane Duhaldek aitonaren herentziaren berri jakin orduko. Mendian galdutako etxe hartan jarriko da bizitzen, eta gero gerokoak. Etxaldea txukuntzen hasten denean, ordea, bere aitona hiltzaile maltzur bat izan zitekeen seinale guztiak dituen aurkikuntza egingo du. Egia ote? Galdera horren erantzuna jakiteko premiak aitonaren iraganean murgiltzera behartuko du. Frantziako Erresistentzian parte hartua zen gizona, baina, ba al du horrek zerikusirik Europako hainbat lekutan eta, are gertuago, Donostian berrogei urte beranduago gertatutako hilketa lazgarriekin?