Datorren igandean egingo da autodeterminazio erreferenduma Montenegron. Galdera oso zehatza da -«Montenegro burujabetza osoa duen estatu independentea izatea nahi al duzu?»- eta lehia ere oso handia; inkesten arabera, emaitzaren mugan egongo dira independentistak. Arrakasta izateko Europako Batasunak inposatutako bi baldintza gainditu beharko dituzte: batetik, partehartzea %50etik gorakoa izatea, eta bestetik, independentziaren aldekoek botuen %55 baino gehiago lortzea. Inkesten arabera, parte hartzea %80tik gorakoa izango da, baina independentziaren aldekoak jarritako mugaren inguruan ibiliko ei dira. Hirugarren Munduko deskolonizazio prozesuekin zerikusirik ez duen autodeterminazio erreferenduma dela azpimarratzen dute autodeterminazioa eskubide unibertsal gisa ikusten dutenek. Prozesuan harrigarrienetakoa zera da, iaz izandako erreferendumetan estatu askotan parte hartzea %50etik beherakoa izan denean, Europako Batasuna parte hartze baldintzak jartzen aritzea.
Mikel Asurmendi
Eibar hizpide abiatu dugu solasaldia: «Eibarren jaioa naiz, enpresen sorleku eraginkorrean, eta txikitatik ezagutu dut gizartearekiko konpromisoa. Politika ere gaztetatik ezagutu dut, ezagutzen nautenak ez dira harritzen politikan ari naizela ikustean, politikaren grina txikitatik daramat nirekin». Eusko Jaurlaritzako sailburua izaki, boterearen erakargarritasuna edo erotika aipatu diogu segidan: «Erotika pertsonek sortzen dute, ez botereak edo politikak». Zazpi gizonek eta bost emakumek osatuta dago Jaurlaritza. Politikako goi-karguetan emakumeen leku gero eta nabariagoa azpimarratu diogu: «Ordezkaritzari dagokionean aldatzen ari da, emakume gehiago ikusten da erantzukizuneko karguetan, baina oraindik asko falta da normaltasunera iristeko. Lan ordutegia begiratu besterik ez dago, gizonen neurrira egina dago». Edonola ere, Euskal Ya proiektuaren protokolo eta sinadura ekitaldiak -Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artekoa- utzi zuen argazki esanguratsua gogoratu digu: «Bost pertsona ginen eta haietako lau emakumeak. Eta sinadura ez da, esaterako, kultur ekimen bati buruzkoa izan. Ogasun, Garraio eta Sustapen Ministerioetako ordezkariak ginen sinatzaileak. Berdintasunaren legea ez da bete kasu honetan, emakumeok gehiago izan gara», diosku irribarretsu.
Gobernu karguetan emakume gehiago izatean aldatuko al da politika?
Hasteko gizonak eta emakumeak diferenteak gara, lan egiteko modu ezberdina dugu, beraz, esperantza horrekin ere ari gara. Hala ere, emakumearen erronkak gizonak ez imitatzea izan behar luke, hau da, ez gaitezen gizonez mozorrotutako emakumeak izan, eta hori gizonez inguratua egonda, ez da erraza.
Landa ingurunearen garapen diputatua izan zinen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta orain Garraio sailburua Eusko Jaurlaritzan. Printzipioz, interes ezberdinak kudeatu behar dituzula ematen du.
Ez dira inondik inora kudeaketa kontrajarriak. Landa ingurunean egin behar nuen lana gure ongizatea, zerbitzuak eta hornikuntzak areagotzea izan zen. Nire helburua bertako baldintzak hobetzea izan zen eta Garraio Sailean ere esparru horiek hobetzeko lan egiten dut. Funtsean, herriaren eta gizartearen aldeko ekimenak dira, osagarriak.
"Diputazioak eskuindarragoak dira Jaurlaritza baino", esan digu EBko Gipuzkoako Patxi Coira biltzarkideak orriotan.
Hori Ezker Batuaren aldeko propaganda egitea da, EAEko Gobernuan daudelako eta ez Diputaziokoan. Baina dena esan behar da, ezta? Diputazioko aurrekontuak Ezker Batuarekin hitz egin ondoren onartu ziren, eta EBren aldeko botoa jaso ez arren, euren abstentzioarekin onartu ziren. Horrek zerbait esan nahiko du, ezta?
EAEko azpiegiturak -errepideak, trenbideak, itsas portuak...- hizpide. Eraikuntza hauek eredu politiko neoliberalari erantzuten diotela esaten da...
Nork esaten du?
... egungo ekonomiaren ereduak baldintzatuta daudela esan nahi dut, eta eredu nagusia neoliberala dela.
Herri guztien helburua bere ongizatea ziurtatzea eta bermatzea da. Garatzen diren azpiegiturak ongizate hori mantentzearen aldekoak dira. Ingurumenaren iraunkortasuna hiru arlotatik begiratu beharra dago horregatik: ingurumenaren ikuspegitik, giza politikaren ikuspegitik eta ekonomia politikoaren ikuspegitik. Iraunkortasunak hiru alderdi horiek ikusi eta zaindu behar ditu, bestela, adibidez, Euskadin -EAEn garbi adierazteko- ez genuke daukagun ongizate maila izango. Esan nahi dut, Euskal Herrian garatzen diren politikak Europako politikaren norabidean garatzen dira eta, oro har, politika horiek aipatutako hiru ikuspegietatik egiten dira.
Eredu ekonomiko neoliberalak ongizatearen gizarte eredua bermatzen duelakoan zaude, nolabait.
Hori politika sozialaren eztabaida da. Lana eta aberastasuna nola banatu eztabaidatu behar da, jakina, guztiz ados nago. Baina aberastasuna banatu ahal izateko, sortu egin behar da. Hemen bizi garenok, badakigu ondo bizi garela, baita ongizate horretan bizitzen jarraitzeko erantzukizunez jokatu behar dugula ere. Eredu edo kontzepzio egokiena zein den? Neo-liberala den edo ez... Nire ustez, ditugun zerbitzuak izaten jarraitu nahi badugu aktibitate ekonomiko sendoa behar dugu, zerga bilketa eta oreka mantendu behar ditugu, eta hori gauzatzeko aipatutako hiru arloak landu beharra dago.
Azpiegituretan AHTren proiektua da aipatuena, erraldoia dela diote sektore batzuek...
Proiektu handia. Ez ditut onartzen erraldoiak dituen konnotazioak.
Ondo da. Nola uztartu daiteke Europako garraio sistema Arku Atlantiarretik eta Eurohiritik pasatzerakoan?
Hasteko, herriaren garapena ziurtatu nahi badugu, bere azpiegituren egituratzeari erantzun behar diogu, herria bertebratu behar dugu, alegia. Euskal Y edo AHT herri hau antolatzera eta garatzera dator, eta proiektua ez dator Europatik, proiektua Europarekin batera garatu behar dugu. Europako garraio sistema jasangarriarekin bat egiteko proiektua da euskal Y, lehenago aipatutako irizpide horien barruan garatua izango dena. Azpiegitura honen alde eginez garraio jasangarriaren alde ari gara. Ezin duguna da, batzuetan Europari begira egon, eta bestetan ez. Azpiegitura honek Europaren babes osoa dauka, eta Europako garraio eredua Euskal Herrikoa baino jasangarriagoa da.
Adibidez?
EAEn merkantzien garraioa %80a errepidetatik doa eta Europan %44a. Europan merkantzien garraioa trenaren edota itsas garraioaren bidez ziurtatuta daukate. Alemanian, ibaietako garraioa erabiltzen da, guk ez dugu aukera gehiegirik ibaitik garraiatzeko, eta beste aukerak garatu behar ditugu. AHTren bidez Europan erabiltzen ari den eredura gehiago hurbilduko gara.
Trenbidearen 194 kilometrotik 99 tuneletik doaz, 17 km bide-zubi dira. Proiektuaren aurkako taldeek txikizioa aipatzen dute, inpaktua izugarria izango dela...
Nik ez dut inoiz esan azpiegitura honek ingurumenean inpaktua izango ez duenik. Gizakiak edozein azpiegitura eraikitzean eragiten du, denak dauka eragina. Zer egin behar da, ordea, orain arte egon garen bezala egotea eta soluziorik gabe jarraitzea. Garraio sarean dauzkagun arazoekin segituko genuke: gure erkidegoa paseko lurraldea da, Arku Atlantiarrean oso garrantzitsua, errepideak gainezka ditugu eta trafikoa handituz doa. Horrek gero eta denbora gehiago galtzea, siniestralitatea eta kutsadura dakartza. Egoera honi erantzuteko euskal Y behar-beharrezkoa da.
3.300 milioi euroko aurrekontua duena, eta 6.000 milioi eurora irits daitekeena.
Ezin dena da azpiegitura eraginkorra garatu nahi izatea, ingurumenean inpaktu ahalik eta txikiena izatea eta merkea izatea. Noski, azpiegitura garestia da. Eragingarria izan dadin diseinatuta dago, herri honen bertebrazioa gauzatzeko eta Europako trenbide zabalari lotzeko eta adaptatzeko. Ingurumena zaintzea garestia da, Gipuzkoan trenbidearen %66 lurpetik joango da. Zer nahi dugu ingurumena zaindu edo txikitu? Beraz, ez dugu batzuek dioten txikizioa egingo.
300 kilometro orduko joan daiteke. Hemen, orografia dela eta, abiadura hori ezinezkoa da. Merkantzia garraiatzeko edo bidaiariak eramateko izango da AHT?
Proiektua gizarte osoarentzat da. Guretzat egokiena litzateke bi sare egitea: merkantzia garraiatzeko eta bidaiariak eramateko. Baina, noski hori ere ez da nahi. Proiektua optimizatu nahi dugu, Y grekoa da gure beharretara hobekien egokitzen dena, daukagun orografia daukagu eta horregatik gure konpromisoa AHT 220an joatea da. Abiadura ezberdinak hartuko ditu, merkantziak edo bidaiariak doazen arabera, horregatik mistoa da. Europako abiadura handiko sarera egokituko da, baita gure orografiara ere.
Pasaiako Superportu delakoa hizpide jarraian.
Pasaiako portua esan nahi duzu.
Kanpo aldeko portua, nahi baduzu.
Hori zehaztu nahi nizun. Portua beharrezkoa da...
... nolakoa? Pasaia ingurua ikusita, zergatik ez da lehenago antolatu?
Pasaiako itsas portua itota dago: inguruan etxeak direlako, jende asko bizi delako... Nola nahi duzu egoerari eustea eta ezer egitea, hazteko aukerarik ez badauka? Inguru zaila dauka batetik, eta bestetik, bokalearen arazoa du: sakonera eta zabalerarengatik ez dago itsasontzien maniobra egiterik. Ez da zuzena batzuek esatea ez dela ezer egin, portu honi aukera eman ziezaiokeen hazkuntzaren aurka ibili eta gero.
Zer abantailak ekar ditzake portuak?
Itsas portuak ez dira Eusko Jaurlaritzaren eskumena, baina portu horren alde ere egingo dugu. Estatua ez bada prest, Euskal Yren kasuan bezala, saiatuko gara moduak bilatzen. Berez, portua enpresa handia da, beste enpresa askoren lanak ondoan dituela. Pasaiako kanpo aldeko portua ez da XX. mendekoa izango, etorkizuneko portua izango da.
Beste portu handi bat Baionako eta Bilbokoaren artean.
Oso portu ezberdinak izango dira. Trafiko ezberdinen garraioak kudeatzeko portuak dira hirurak. Garapen jasangarria helburua izanda, guk hiru garraio sistema nahi dugu bultzatu: trenbide sarea eta itsas garraioa -ahalik eta merkantzia gehien garraiatzeko- eta errepide sarea. Garraioa errepidetik atera nahi dugu CO2aren arazoa saihesteko eta errepideetako ibilgailuen zirkulazioa arintzeko.
Portura iristeko bi tunel egingo omen dira. Inpaktua ez da txikia izango.
Beste lekuetan bezala. Europako iparraldean egiten diren portuak nola egiten diren begiratzea besterik ez dago. Herbeheretan adibidez, itsasoari irabazitako lekuetan eginak daude portuak, ingurumena errespetatuz eta oreka mantenduz.
AHT itsas portuekin eta hiriburuekin lotzea da beste zereginetako bat. Iruńearekiko lotura barne?
Gure asmoa, hasteko, EAEko hiru hiriburuak Espainiarekin eta Europarekin lotzea da, halaber, azpiegituren sare sendoa eraiki nahi dugu portuetaraino. Trena da bultzatu beharreko garraio sistema eta Nafarroako Gobernua horretaz jabetu da. Iruńetik ere trenbide bat lotu nahi da Euskal Y grekoari, Altsasun lotuko litzateke Yarekin. Horren alde ere lanean ari gara. Finean, AHTk ez du esparru babesturik ukituko, Aralar edota Urbasako parke naturalak errespetatuko dira. Parametro horiekin sare egokia izango genuke.
Aireportuak azkenik. Hondarribikoa luzatuko al da?
Interes orokorreko aireportuak Sustapen Ministerioari adskribatua den AENAk (Espainiako Aireportuak eta Airetiko Nabigazioaren Erakunde Publikoa) gestionatuak dira. Hondarribikoa horrelakoa da. Gu egungo eredu zentralistaren aurka gaude eta berau aldatzea eskatu dugu behin eta berriz. Estatuko erkide autonomikoetako erakundeek ez dute berauen kudeaketan aritzeko aukerarik, eta ekimen pribatuari ez zaio aukerarik eman. Beraz, gure herriko azpiegitura hauetan parte-hartze handiagoa eskatzen dugu.
Galderari dagokionez: Hondarribiko aireportuaren luzera eragozpen edo muga inportantea bada ere, badagobeste bat eta ez da ia aipatzen: Estatu biek 1994an sinatu zuten hitzarmen batek bertako hegalaldi kopurua mugatzen du, eta ez besteak baino txikiagoa delako. Hitzarmen hori aldatu beharko litzateke.
Fagor Arrasate kooperatibako bazkideek aurtengo beren irabazien %3 Seaskari eta Saharako El Aiun errefuxiatu kanpamenduko emakumeentzat ematea erabaki dute urteko batzar nagusian. Horren arabera, proiektu bakoitzak aurten 55.000 euro jasoko ditu. Erabakia urrutirago doa, datozen bi urteetan ere diru laguntza portzentaia bera errepikatuko litzatekeelako, Fagor Arrasatek bere salmenten %3 irabaziko balu. 500 bazkidetik gora dira Fagor Arrasaten, eta batzar nagusietan gai desberdinak bozkatzen direnean, gai bakoitzak parte hartze maila desberdina izaten du. Kasu honetan, 300dik gora bozka jaso ziren eta horietatik %85ek baiezkoa eman zion erabakiari. Proiektua aitzindari da Arrasateko kooperatiba munduan, diru hori ohikoan bazkideek poltsikoratzen dutelako. Fagor Arrasate kooperatibako langileek bi norabidetan bideratu nahi dute beren elkartasuna: batetik, Euskal Herri mailan, eta bestetik Euskal Herritik kanpora. Komunitate espiritua indartuz, azpimarratu nahi dute, halaber, ez dela bakoitzaren dirua, bazkide guztien diruarekin landutako proiektuak baizik.
Gara-ren elkarrizketa behar zen unean etorri bide da, Espainiako Kongresuak ETArekiko elkarrizketa aukera onartu zuenetik urtebetera eta Zapaterok elkarrizketa hori ofizialtzeko epe laburrean berriz Kongresura joko duenean. Ez dago berrikuntzarik elkarrizketaren edukian, baina bere su-eten iraunkorraren erabakiaren zergatia luze jorratzen du eta gaur egun bere ustez klabea non den zehazten du: «Autodeteminazioa eta lurraldetasunaren inguruko formulazio adostua lortu behar da». Hainbeste hitz egin den prozesuaren atzeraezintasunaz ere argi mintzatu da: «Estatuetako aparatuen erasoek jarraitzen badute prozesuak ezingo du aurrera egin». Espainiako eskuinaren medioek, mehatxua eta prezio politikoaren gakoak azpimarratu dituzte Zapaterori erabakiak zailtzeko, eta Espainiako Gobernuak «prezio politikorik ez dagoela» eta baikortasuna azpimarratu ditu elkarrizketatik. Luze, malguago eta interpretazioari ateak irekiz hitz egin du ETAk, baina ohiko diskurtsoa egin du edukiei dagokienez, «etxekoak» bederen non dagoen ondo jabetzeko moduan.
Zihara Enbeita
1968an sortu zen Elorrioko Txintxirri ikastola. Haur eskolako gela bat zabaldu zuten Parrokiko Misiolarien mojen komunitateak utzitako egoitzan. Bizpahiru lekutan egon ondoren marianisten eraikuntza bat, Txintxirri jauregia, salmentan zegoela jakin eta berau erosi zuten. Bost gurasok bermatutako diru maileguarekin erosi zuten Elorrioko ikastolaren egoitza berria. XVIII. mendeko jauregia dela diote batzuk, XVII.ekoa beste batzuk. Ez dago datu zehatzik. Hori bai, Txintxirri Jauregi eder hori da gaur egun ere ikastolaren aterpe.
Historia luze bezain gorabeheratsua izan du Elorrioko ikastolak. Publifikatzea zela eta, 1993an gatazka handia egon zen barruan. Ikasleen erdia edo gehiago ikastetxe publikora joan zen. Hala ere, ikastolak bere ibilbidea jarraitu zuen. Ińaki Erroz zuzendaria orduan heldu zen Txintxirrira, baina orduko berri badu: «Oso garai gogorrak izan ziren. Horren ostean ikastola birjaiotze eta indar berritze prozesu batean murgildu zen». Krisialdi horretatik ateratzeko edota ikastolari birjaiotzen laguntzeko langileen konpromisoa handia izan zen. Orain ere hala da. «EFQM inkesta asko egin dira eta behin eta berriro agertzen da langileen inplikazioa ez dela normala. Neurri handi batean soldatarekin ere ahaztu gara». Baina ez bakarrik langileena, gurasoen konpromisoa ere garrantzitsua izan zen, betiko ikastolaren aldeko apustua eginez. «Hasieran gela batzuetan oso ume gutxi genituen». Hala ere, urte gutxitan gora egin du ikasle kopuruak eta zenbait kasutan hirukoiztu ere egin da. «Ikasleen banaketa era piramidalean daukagu». Haurtzaindegian ume asko daude, baina krisialdiko umeak DBHn daude oraindik. Hor ikasle kopurua txikia da.
Aurrera begira
Ikastola sortu zeneko filosofia mantentzen den arren, aurrera begira dago Txintxirri ikastola. XXI. mendean kokatu nahi du bere burua. «Zer da batzen gaituena? Lehen zerk batzen gintuen eta aurrera begira zerk batuko gaitu. Hezkuntza proiektua berritu nahi dugu Ibilaldiaren aitzakiarekin». Ikastolaren betiko ezaugarri nagusiei -euskara eta euskal kultura zabaltzea, kooperatiba izaera, naturarekiko sentiberatasuna, ikasleak baino pertsonak heztea...- beste batzuk gehitu dizkiete urte hauetan. Hala nola, EFQM kudeaketa sistema, etorkinen trataera, teknologia berrien aldeko apustua... Batzen gaituena da Ibilaldiaren aurtengo leloa eta horiek dira Txintxirri ikastolakoak batzen dituen zenbait ezaugarri.
Ikastolaren helburu nagusietako bat kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzea da. Horrekin batera, ikasleak baino pertsonak hezi nahi dituzte euren osotasunean. «Balore egokiekin hornitu eta bizitzarako prestatzea». Bizitzarako prestatzeak hainbat konpetentzia garatzea esan nahi du, Euskal Curriculumaren ildotik. Konpetentzia horiek ikasgaietan eta ikastolaren hezkuntza proiektuaren bitartez lantzen dira. Ikastolak baditu ezaugarri jakin batzuk egituraketan, izaeran zein antolaketan.
Batzuk aipatzearren, ikastola kooperatiba da eta horrek arlo guztietan dauka eragina. «Funtzionamenduan, partaidetzan, komunitate sen horretan zerikusia dauka. Demokratikoak izaten saiatzen gara. Ikastola txikia da, baina oso hurbila». Aniztasunak ere pisu handia dauka ikastolan. «Aniztasunak aberasten gaituela behin eta berriz esaten dugu». Jarraipen hurbila ere egiten dute ikastolan eta hori da euren «altxorretako bat». Ez dute ikastola erraldoia izan gura. Gurasoek haurrak Txintxirrira eramateko arrazoi nagusietako bat hori baita Errozen esanetan: hurbiltasuna.
Naturarekiko konpromisoa ere ikastolaren ardatzetako bat da. Begiratzea baino ez dago ikastolaren kanpoaldean dagoen negutegi edota lorategia.
Eleaniztasuna ere garrantzitsua da Txintxirrin. Hau da, hizkuntzen trataera. «Ikastolen elkarteak badauka metodologia propioa ingelesa lantzeko». Zelan ez, euskara eta euskal kultura mantentzea ere bada ikastolaren zeregina. «Herritik mundura eta mundutik herrirako pasabide hori egitea. Geurean oinarrituta eta mundura zabalik».
1999an lehenengo Ibilaldia
1999an antolatu zuten lehenengo Ibilaldia Elorrion Loran gago lemapean. Ordukoan Durangoko Ibaizabalekin batera antolatu zuten. Krisialdi ostea zen eta, beraz, neurri handi batean atzera begira egin zen. "Genuen krisialdi potolo horrek sortu zituen hutsuneak (ekonomikoak eta abar) gainditzea zen helburua. Zuloak estaltzeko egin genuen. Biziraupena ziurtatzeko». 2006ko Ibilaldia bestelakoa da. Askoz baikorrago egoteko motiboak badituzte eta indartsu daude. «Hain momentu zailak bizi izan ditugunez, oso indartsu bihurtu gara. Orain ez gaude hutsuneei begira».
Aurtengo Ibilaldiaren helburuak ere bestelakoak dira. Ainhoa Apaolaza Ibilaldiko arduradunaren esanetan hiru dira nagusiki. "Lehenengoa herria ikastolara hurbiltzea. Ikastola bera ere herrira zabaltzea. Bigarrena guztion arteko elkarlana bultzatzea eta azkena etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzea eraikuntza hau XXI. mendera egokitzeko». Batzen duten dirua zertan erabili izango dute dudarik gabe. Errozen esanetan, aurreikuspenen arabera leku falta izango dute laster eta oraingo egoitzaren atzealdean eraikin berri bat egin nahi dute. Era berean eraikina jauregia denez, berrikuntza lanak ere egin beharko dituzte. Jauregia izateak alde txar hori dauka.
Teknologia berrietan ere aurrera egin nahi dute eta horretarako ere beharrezko dute dirua. Irabazi asmorik gabeko elkartea edo erakundea diren arren, dirua beharrezko dute Errozen esanetan.
Ibilaldia antolatzeak esfortzu handia dakar berekin, baina langile zein gurasoak buru-belarri dabiltza lanean. Hamazazpi talde sortu dituzte gurasoekin.
Ikastola txikia da, 90 familiak osatzen dute. «Ikastola txikia izanda 100.000 pertsona bilduko dituen jaialdia antolatzeko zelako gaitasuna daukagun erakusten dugu» dio Errozek.
Proiektu bizia
Hainbat proiektu daude martxan ikastolan. Adibidez, 0-6 bitarteko umeekin metodo berriak eta prebentzio metodoak lantzen ari dira. Hor kokatzen da Padovan metodoa. Beatriz Padovan pedagogoa eta logopeda brasildarrak sortutako metodoa da. Madril, Bartzelona zein Brasiletik hainbat aditu joan dira Elorrioko ikastolara, euren esperientzia transmititu asmoz.
Eleaniztasunaren proiektua ere martxan dago. Hezkuntza proiektua bera ere berritzen eta egokitzen ari dira. «Arautegi demokratiko eta denon artekoa egiten» ere bai. Agenda 21ean ere sartu dira. Etorkinen mintegian ere buru-belarri. Errozek esan digunez, «etorkinak etorri dira eta gero eta gehiago etorriko dira. Adibidez, senegaldar pare bat etorri ziren iazko urtean. Denak harrituta daude euskara zein erraz ikasi duten ikusita». Maila ezberdinen arteko harremana ere lantzen dute. Askotan lau eta bost urtekoen gelak batzen dituzte. «Elkarreragin hori baliatzen dugu askotan pedagogikoki». «Ikastola honek kutsu berezia dauka» dio Errozek. «Oso familiartekoa da eta oso berritzailea».
«Oposizioko zein politikari fitxatuko zenuke?», galdetu berri diote Diario de Noticias-en Yolanda Barcina Iruńeko alkateari». «Guk bezala pentsatuko balu Joxe Abaurrea fitxatuko nuke. Bere txispagatik, bere imaginazioa eta bere lan ahalmenagatik. Behin esan nion: zer pena Batasunan zaudela eta ez UPN-n».