Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-21 -- 2041.zenb

Agurtzane Intxaurraga ( antzerkilaria)

Batzuetan zaila egiten zait burura datozkidan pentsamendu guztiak behar bezala sailkatzea. Bakoitza, garunean dagokion txokoan kokatu, ondoren banaka aztertu ahal izateko. Gaur ere horretan hasi naiz, baina ezinezkoa egiten zait. Ez dut beste erremediorik burura datozkidan neurrian bota eta zabaltzea baino.

Lehenengoa: Tunick. Pasatu dira aste batzuk harrez geroztik... Tunick argazkilari newyorktarrak hirurehun pertsona eskatu zituenetik, Donostian bere argazkietan modelo gisa agertzeko alegia. Hala ere, hainbat egun pasa ondoren, orain dela gutxi, parkean, emakume batek bertako egunkari batetik lapurtutako orrialde bat eskuetan zuela, haragi multzo mugagabe hartako zein zatitxo zen kontatzen zien lagunei. Bihotza jarrita hitz egiten zien, ezpainetan irriz, goiz hartan bizitakoa berriro ere gogora ekarriz, egun hartan bezain grinatsu. Nola ez ba! Hirurehun beharrean mila eta berrehun pertsona jarri baitziren Tunicken begipean. Guztiak biluzik: hotzari edo beroari, izerdiari ala epeltasunari aurre egiteko prest. Esperientzia berria. Morboa? Ni neu ez nintzen deialdira joan, aitortzen dut ez zitzaidala ezta burutik pasatu ere. Aitortzen dut emaitzak, beste askori bezala, harritu egin ninduela inbidia sorrarazteraino. Inbidia baino, gehiago, akaso, berak erabilitako formula magikoa, neureganatzeko asmo ikaragarria. Egia aitortzen dut, ez nuen imajinatuko hainbeste jende lortuko zuenik, ezta urrik eman ere! Baina hurrengo eguneko egunkarietako argazkiek ez zuten gezurrik ezkutatzen. Zer zuen erakargarria Tunicken deialdiak? Zer berritik horrenbeste jenderen erantzuna jasotzeko? Biluzik jarri beharra zegoela? Oraindik ere horretaz pentsatzen dut, batez ere parkeko emakumearen hitzetara itzultzean: «Bai, gizonezkoak gehiago ziren, nabarmen gehiago» esan zuen berak. Nire pentsamenduak malaletxez zikintzeko arriskuan zeuden. Tunickek gizonezkoak ere erakartzeko meritua izan zuen, alajaina!

Honen haritik nire bigarren pentsamendua: orokorrean kultur ekintza gehientsuenetan emakumezkoak gara hartzaile nagusiak, eta hori egia dela jakiteko ikerketa mordoa dago bazterretan. Orain ez asko adibidez, Eusko Jaurlaritzak irakurzaletasunari buruzko datuak zabaldu zituen. Neronek telebistaz entzun nituen lehen aldiz. Irakurlearen eredua emakumezkoa, hogei eta hamalautik beherakoa, batez beste hilean liburu bat irakurtzen duena. Antzokietara jotzen badugu, egoera are larriagoa dela esango nuke. Zenbatetan joan eta ikuslegoaren ehunetik ia gehiena emakumezkoa dela ikusi? Adibideak bata bestearen atzetik.

Hirugarren pentsamendua: Getxoko Antzerki eskolak euskal arte eszenikoen botere gunetan, hau da, diru laguntza batzordeetan, antzoki sarean, jaialdietan... gizon eta emakumeen arteko presentziari buruz kaleratutako ikerketari buruzkoa. Eskutan ditut emaitzak. Bi hitzetan esanda: zenbat eta postu handiagoak izan, orduan eta emakume gutxiago erabakiak hartzen. Norbait harritzen al da?

Laugarren pentsamendua eta korapilatsuena niretzat: hirugarren umea dut sabelean eta gutxi falta zaigu bioi elkar ezagutzeko. Hirugarren mutikoa da. Nolakoa izango ote? Besteen antzik izango ote? Dena ondo aterako al da? Ondo etor dadila... Bai, badakit horixe dela garrantzitsuena. Jakina! Baina eta gerokoak? Gehienek, irri maltzurrez esaten didaten bezala, futbol ekipoa osatuko al dute? Ze, hala bada aitortzen dut ni ez naizela batere futbol zalea! Tunickek egin duen bezalako deialdietara joango al dira? Irakurtzea gustukoa izango al dute? Arte eszenikoetako ikusle? Mendizale? Zer dakit nik, baina nik badaezpada ezin ahaztuko ditut lagun handi batek, gizonezkoa berau, duela gutxi, sabelean dudan hau ere mutikoa zela jakin zuenean aipatutakoa: «Ez duzu lan makala izango, mutikoak izanik, mutikoen tankeran ez hezten».

Ramon Ibeas


La música militar nunca me supo levantar" esaten zuen Paco Ibañezen abesti batek Olimpia antzokian, 1968ko maiatzaren garai berezi hartan. 1968an, ikasleen inguruan hitz egiten zenean argi zegoen zertaz ari ziren, eta era berean, langile-klasea ezaguna zen.

Azken hilabete hauetan, CPEren inguruan, Frantzia kalera irten da berriz ere, ikasleak eta langileak barne. Egia da bestetik, orain, langileak "sindikatu" bezala definitzen ditugula, horregatik, langile-klasea sindikatuen errepresentatzaile bihurtu da. Zentzu honetan, azken urteetan badirudi bitarteko sindikalak direla maiatzaren 1ean kaletan zehar ibili direnak, langileek jai egin duten bitartean.

Garaiak izugarri aldatzen ari dira, eta aldaketa honetan ez da langile-klasea bakarrik aldatu, merkatuaren ekonomia ere gero eta gehiago liberalizatu da, "globalizazio","deslokalizazio" terminoak, gure eguneroko lengoaian arruntak bihurtzen ari dira, beraien benetako definizioek zer dioten garbi ez dugun bitartean. Azkenean, eta buruari astindua eman eta gero, uste dut hitz guzti horiekin egoera jakina definitzen saiatzen direla; orain enpresak ez baitira zirenak, langileak ere ez, eta batik bat, lan erlazioak aldatu dira hau da, etekin edo mozkina gero eta kontzentratuagoa dago, esku gutxiagoetan, eta azken hauek gero eta ikus ezinagoak dira. Zer esango luke gaur egun Adam Smith-ek!

Eta bitartean, Andoni Egañak BECen esan bezala, denak -eta denok esango nuke nik- Ikea-ra, ez aulki baten bila, aukeran dagoen zerbaiten bila baizik. A ze pagotxa! Bestetik, administrari politikoa, azal lodiko hori, hemen edo han finkatu nahian, enpresa bere aldera eramanez, diru-laguntzei begira, zergen bidezko etekinean pentsatzen duen bitartean, gu, langileok, askotan benetan garena izanez: kontsumitzaileak.

"Har ezazu dirua eta korri" dio Woody Allenen filma batek, eta nolabaiteko arrazoia bazuela eta duela iruditzen zait. Har ezazu dirua eta korri gastatzera, xahutzera, gozatzera. Solidaritatea? Ah, baina ez ezazu festa izorratu, gaur Opus Dei berak ere ez duela santutasuna lanarekin justifikatzen eta.

Eta horrela dihoakigu. Pixkanaka zerbitzuko gizarte batean bihurtzen ari gara, edo hobeto esanda, zerbitzatutakoak. Maiatzaren 1a? Sindikalistak mugitu daitezela, horretaz bizi dira eta. Berriz diot, horrela dihoakigu.

Batzuetan Berthol Brechten lerroak errezitatu beharrean sentitzen dut nire burua: "lehenik batzuk eliminatzera joan ziren, eta gero beste batzuengana" gogorazten zaigu. Baina talde horietako partaide ez ginenez, ez ginen arduratu guregana etorri ziren arte, eta orduan, ez zegoen norengana jo laguntza eske.

Psikiatra batek adierazi zuen bezala, erdi-esklabu bihurtzen ari gara kontsumitzen dugun horretan, gure behar edo ezbeharrei kontsumitu beharrez erantzunez. Azken hau lortzeko, gure lan indarra saltzera prest gaude eta saltzeko behartasunean aurkituko gara, gurpil zoro batean eroriz, ondorioz, Karl Marxek esaten zuen bezala, kapital bati on eginez, zeinek gogoz ikusten gaituen lan eta lan, ezinbestekoak ez diren gauzak eros eta erosi ahal izateko.

Azken finean, homo consumator horretantxe bihurtu gara. Horregatik maiatzaren 1a, 1968ko maiatza bezain arrotza eta urrun ikusten dugu. Gizarte konpromisoa edo lanean ardura, Biblian dagoen madarikazioan bihurtu dugu "Comerás con el sudor de tu frente" nahiz eta zenbaitzuek "Con el sudor del de enfrente" egiteko asmoa eta ahalegina izan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan