Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-21 -- 2041.zenb

Jose Ignazio Ansorena


Jai egunetan goizean goiz alborada jotzen dugu danbolinterook eta jende ugaria topatzen dugu bazterretan. Turistak, mezetara doazenak, zerbait erostera, korrika egitera, mendira edo ordu horien bake eta lurrin berezia sentitzera. Beste asko gurekin esnatzen dira edo esnatu berritan leihora ateratzen zaizkigu. Denei esker oneko begirada aise antzematen zaie.

Gaueko kondarrak, aldiz, gau pasa egin eta gero, etxerako bidea aurkitu ezinez dabiltza. Gehienetan, ordu horietan errendi eginda egoten dira, guztiz jota. Eta ageri agerikoak izaten dira. Hurreratu baino nahikoa lehenago badakigu nola joan zaien gaua.

Politenak bikote gazte solteak izaten dira. Maiz aurreneko topaketa errentagarria pasa dute eta -ai, gaztetasuna!- hainbat saio eta gero oraindik ere beste baterako prest daudela sumatzen dugu. Hauek ere esker oneko begirada agertzen digute. Zertzelada erromantikoa jartzen baitiogu beren gau eder horri. Baina ondotik katu zorritsu zahar bat pasatuz gero, hari ere eskerrak emango lizkiokete. Ez da harritzekoa.

Hainbat bikote edo lagun taldea direnean desberdina izaten da. Gehienetan apalak badira tartean eta harroxkoren bat edo beste ere bai. Beren arteko erlazioetan, talde dinamikaren espektro guztia ager daiteke. Normalena hauxe da: harroxkoak urrutitik besoak altxatzen ditu eta dantza imintzioa egiten ohi du. Txistulari petralok, ordea, jai goiz arruntetan zortzikoa jotzen dugu, euskaldunok asmatutako erritmo aldrebesa, eta hurbildu hala konturatzen da ezin diola erritmo horri erraz jarraitu.

Orduantxe iristen da kinka larria. Ridikulua egin eta nola burua atera? Batzuk, jatorrak, barretxo bat egin eta "aupa", "hori, hori" edo antzeko batekin konformatzen dira. Horiei irribarretxo batekin ordaintzen diegu. Beste batzuk, aldiz, harrokeria ezin kontrolatu eta... Hortxe hasten da lan arriskuen A fasea. Gehiegi gerturatu aurretik, esaldi hotz bat erortzen zaie:

- Alde! Gau osoa inbertitu eta ez duk busti ahal izan, txoropito horrek!

Gehiagora joan nahi badu, bestelako bideak baditugu noski. Ez ditut hemen zehaztuko, haatik, ez delako etsaiari armak erakustea komeni.

* * *

Gauak milaka urteetako kulturan bi ezaugarri desberdin izan ditu. Tankera magikoa -Jesus gauez jaio zen Belenen, izarren mezuak, ilargiarenak...- eta izu askoren eragile izatea. Nolako animalia beldurgarriak agertzen ziren gure aurrekoen gauetako ipuinetan! Lapurrak eta gaizkileak ere gauez zebiltzan lanean bete betean. Gau lana esaten zitzaion Nafarroan kontrabandoari.

Argi indar artifizialak gauetako beldur gehienak uxatu ditu. Psikologoek eta psikiatrek magia galduarazi diote gauari. Nonbait erregresioa deitzen den fenomenoa gertatzen da ordu txikietan. Gure psikearen garapeneko atzeko fase batera itzultzen gara. Eta horregatik edozein kontu txatxurekin egiten dugu barre eta edonolako memelokeria irensteko prest agertzen gara. Horregatik ere maiz, pasatako gaua gogoratzean, errepikatzen den esaldia: "Ez genuen ezer egin, baina zenbat barre egin genuen".

Baina ohitura berri batek egin dio gauari kalterik handiena. Gauaren erabilpenaren arrunkeriak, banalizazioak. Gure gazteak astebururo gauez ateratzen dira lagunarte bustira. Eta goizak lotan ematen. Nori egiten dio mesede ohitura berri honek? Tabernariei eta bestelako sustantzien saltzaileei noski. Aukerako erosleak ez du begi zorrotzena gauez izaten. Momentuko premiak ere ez dio exijentzia maila altua jartzen uzten.

Gazteak arrisku gisan sentitzen duten helduei ere, oro har, mesede egiten die: "Txitategi berezian, zerratuan dabiltzala umetxo horiek. Gizarte honek oraindik ez du eta lekurik gazte txoro horientzat".

Eta kalte? Gazteei argi eta garbi. Gauaren behar itsua jartzen dielako begi aurrean. Gauaren ederra ezagututa nago. Ez hainbeste tabernetako gauak, bestelakoak baizik: mendikoak, itsasokoak, elkarte batean hitz-aspertuetakoak... Eta badakit gau batzuen truke ia dena eman daitekeela. Baina goiz apartekoak ere baditut oroimenean. Hamaiketako oroigarriak, eguerdi ohoretsuak eta arratsalde paregabeak bizi izan ditudan bezala.

Gaueko kondarrak topatzen ditugunean, bururatzen zait iruzur galanta egiten ari gatzaizkiela gure gazteei. Inoizko gauaren dardara kilikagarriaren ordez, gehiegizko gehiegiaren salmenta merke ustela egiten diegula. Estraperloa. Zoritxarrez, ez alor horretan bakarrik.

Kontuz, gazteak! Gure amona Euxebi zenak esaten ohi zuen: "Gauez saguzarrak ederrez".

Kike Diez de Ultzurrun

Eusko Autonomia Erkidegoa galdutzat jotzen dute, baita Katalunia ere. Nafarroa ez, ordea. Nafarroa izanen da Zapateroren asmoei gogor egiteko lekua, borroka tokia. Izan ere, espainiar nazionalista guztien ahaleginak Nafarroan uztartuko dira Espainiari eusteko eta, behin Nafarroa gorrien eta abertzaleen batasunetik salbaturik, errekonkista berriari ekiteko. "Nafarroa galtzen badugu, akabo Espainia" diote behin eta berriz, han eta hemen, Espainiako nazionalismo ilunenari arnas berria eman nahi diotenek. Ez litzateke lehen aldia izanen.

Iduri luke Miguel Sanz dela oldarraldi berri horretako buru eta gidaria, bere buruarekin lehian ari baita, egunez egun, gero eta handiagoak botatzen. Azken finean, bere alderdiak Nafarroan ezarri duen moldea dago jokoan, eta hortxe ari da Nafarroa gora eta behera, gure herrialdearen izena etengabe aho mihitan erabiltzeak salbazioa ekarriko diolakoan. Horretan baitatza aferaren muina. Izan ere, urte sail luzearen ondoren, UPNk ez du batere argi ikusten bere etorkizuna urtebeteren buruan eginen diren hauteskundeetan. Jakin badaki nafar gizarteak Diputaziotik kanpo uzten ahal duela, horrek dakarren guztiarekin. Horregatik, espantuka ari dira eta beldurra zabaldu nahi dute gizartean: "Nafarroa arriskuan dago", "euzkadianoek beren hatzaparretan harrapatu nahi gaituzte, gure lurraldea errausteko", "Zapaterok Nafarroa saldu du", "Abertzaleak Nafarroako Gobernuan sartzen badira, Volkswagenek Landabenetik alde eginen du"... Halakoak entzun ditugu eta entzunen.

Gainera, ez da kasualitatea Baraņaingo astakeria. Iruņerrian antzeko ekintzak gertatu izan dira azken urteotan, Iruņerriko zenbait herritako udal gobernu molde aurrerazaleak hankaz goratu dituztenak. Baraņaingo sutea gertatu zen gauean eskuz zirriborratu zituzten Zizur Nagusiko eta Zizur Txikiko euskarazko izen guztiak errepide bazterreko errotuluetan. Alde horretatik, ikerketa ildo nagusiak Espainiako Estatuko diru sektore ahaltsu bat jarri du ikertzaileen susmopean, ETAren indarkeria lazgarriaren bukaerarekin diru galera handia izanen duen sektore bat, hain zuzen ere.

Bertzalde, alderdien artean, UPNek CDNren laguntza osoa izanen du, Alli eskuindarren txotxongilo bihurtu baita azkenaldi honetan. Eta ikusteko dago zer eginen duen Nafarroako Alderdi Sozialistaren atal handi batek, Chivite idazkaritzara eraman zuen atalak, hain zuzen ere. Izan ere, Chiviteren alde ateratakoen artean denetarik dago, denetarik salbu eta euskararekiko sentiberatasunik apalena duen jendea. Geroak erranen du ea Zapaterok makurrarazten dituen, baina ez dirudi eginkizun xamurra Felones, Iturbe, Jimenez, Cabrero (UGTkoa idazkaria) eta horiek guztiak soka motzean lotzea, UPNtik oso hurbil daudelako. Dena den, hasi beharko da hizketan PSNko atalik aurrerazaleenarekin eskuindarren altzo pozoitsutik ateratzen laguntzeko.

Batasuna, bere aldetik, bozen prestaketak bake prozesuaren mesedetan atzeratu behar direla predikatzen duen bitartean, aspaldian ari da hauteskundeak buru-belarri prestatzen, gogoz baitabil erakunde ofizialetara itzultzeko. Eta berak bakarrik egin nahi du itzulera, ele ederrez alderdiren bat edo bertze limurtzen saiatzen ari bada ere. Bitartean, UPNen eta hemengo botere faktikoetan egiazko beldurra eragin zuen koalizioa -2004ko hauteskunde orokorretan izaniko arrakastari esker- hasia da aurrerapausoak ematen barne egitura finkatzeari begira. Nafarroan aldaketarik izanen bada, Nafarroa Bairen indarra beharko da. Eta hori egunez egun eraiki beharko dute alderdiek eta koalizioan dauden bertze taldeek, modu horretan Nafarroa Bairen base sozialen nahiarekin bat egiteko. Ez da lan erraza, baina, eskarmentu handiko jendea izanik eta, Nafarroa gogoan, jende aunitzek espero du koalizioari behar bezalako sendotasuna ematea, Nafarroa Bai aldaketa politikoaren egiazko eragile izan dadin. Bertzela erranik, eskuindarren lubakia -gotorleku gaitza- behingoan hausteko.

hemeroteka

2040. zenbakia | 2006-05-14
2039. zenbakia | 2006-05-07
2038. zenbakia | 2006-04-30
2036. zenbakia | 2006-04-16
2034. zenbakia | 2006-04-02
2032. zenbakia | 2006-03-19
2030. zenbakia | 2006-03-05
2029. zenbakia | 2006-02-26
2028. zenbakia | 2006-02-19

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan