2006-05-14 -- 2040.zenb
Europako gizartean gertatzen ari diren aldaketa demografikoek euskal familian ere eragina dute, eta horrela, bizikidetasun-eredu berriak leku hartzen doaz gurean ere. Europan eta Euskal Herrian gertatzen diren aldaketa demografiko hauen ezaugarri nagusia ereduen ugaritasuna da. Euskal Datuen Talaiatik ikerlanaren bigarren liburukian ikus daitekeen ondorioetako bat da hau.
Garai batean Euskal Herrian familia ugaria bazen nagusitzen zena, egun banakako familia da eredua, eta honetatik beste hainbat aldaketa gertatu dira azken urteotan. Ikerlanak alderdi batzuk azpimarratzen ditu banakako familia eredua zergatik den nagusi azaltzeko: bikoteak gehiago hausten dira, bikotean bizitzen beranduago hasten da, jaiotze-tasa jaitsi egin da, etxeak txikiagoak dira eta elkartze mota berriak gizartean ondo ikusiak daude.
Euskal herritarren erdia baino gehiago (50,9) hiru kide edo gutxiagorekin bizi da etxebizitza berean. Zehazki, Euskal Herrian, etxe bakoitzeko, bataz beste, 2,8 kide bizi da. Biztanleriaren laurdena baino ez da bakarrik edo beste kide batekin bizi. Nafarroa Garaiak etxebizitzako biztanle gehien du, 2,9 bataz beste. Eta Lapurdik gutxien, bataz beste 2,3 biztanle etxeko.
Euskal Herrian 800.206 familia bizi dira. Horietatik %44,5 familia 24 urte arteko seme-alabak dituzten bikoteek osatzen dute. Seme-alabarik gabeko bikoteak %40,25 dira. 800.206 familia horietatik %15,4 guraso bakarrekoak dira. Guztira, 24 urte baino gutxiagoko seme-alabarik ez dutenak %47,3 dira.
Ikerlan honen arabera, esanguratsua da elkarbizitza-inguru bakoitzean kideak gutxitu egin direla.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa