Amaia Sagasti2006-05-14 |
Ahuntzak, harea, harriak... hau izan da Tindufeko sahararren errefuxiatu kanpamenduetara heltzean ikusi dugun lehen gauza. Gauez heldu gara, eta zerua izarrez gainezka dago. Amgala dayra-ko (hiriko) bozgorailuetatik bere etxean hartuko gaituen emakumeari deika ari dira. Nekaturik gaude. Bat batean, urrunean, emakume saharar bat ikusi dugu. Nahiz eta hotza egin, gaua izan, eta bi seme-alabak besoetan ekarri, pauso irmoarekin gerturatu zaigu Muelinmin. Irribarre batekin ongi etorria eman digu. Seme zaharrena lurrean utzi, motxila handia bizkarrean hartu eta atzetik jarraitzeko eskatu digu. Kale ilunetan barrena abiatu gara, bere etxera.
Jada 30 urte bete dira Marokok, Espainiarren begiradapean, Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. Hura jazo zenetik, gauza asko aldatu dira sahararren bizitzan. Aljeria hegoaldeko Tindufeko errefuxiatu guneetan dagoen desertu idorrean, 200.000 saharar errefuxiatu inguru bizi dira. Gehienak emakumeak. 1991. urtetik, Fronte Polisarioaren eta Rabaten artean su-etena dago indarrean. Baina hala ere, gizon sahararrak frontera joaten dira hiru hilabetez. Hamar eguneko atsedenaren ostean, berriro bueltatu behar izaten dute gerra tokira. Errefuxiatu guneetan berriz, emakumeak eta haurrak dira protagonista. Emakumeek zaintzen dituzte etxeak, beraiek hazten dituzte seme-alabak, haiek janaria prestatu, bisitariei harrera egin, etxeak eraiki, dirua administratu, gaixoak sendatu eta haurrei irakatsi. Beste herrialde arabiarrekin eta musulmanekin alderatuta, beharbada eskubide gehiago dituzte emakume sahararrek. Halabeharrak ezarritako eskubideak. Eta ez zaie falta eskubide horiek egi bihurtzeko adorea eta indarra.
Eguzkiak gogor jotzen du basamortuan, esnatu garenean. Adi begiratzen diogu inguruneari, kuriositatez, erne. Haurren irriak eta algarak entzuten ditugu lehenengo. Emakume sahararren kantu eta irrintziak ondoren. Muelinmin sukaldean da, bere ahizpa Mayarekin eta Salmarekin. Haurrak berriz, lurrez eginiko eraikinen artean dagoen patio hareatsuan daude. Oinutsik dabiltza, zikin daude eta mukiak zintzilik dituzte. Baina pozik dirudite. Hiru emakumeak sukaldeko lurrean eserita daude, barazki urri batzuk zuritzen. Kuskusa zapi batean bildurik dago, kazola bateko lurrunarekin astiro egosten. Melfa (sahararren jantzia) koloretsuak dituzte soinean emakumeek. Sukaldean lanean ari diren bitartean, ongi etorria ematen digute hassanieraz. Bat batean, melfa beltzez jantzitako emakume bat etorri da sukaldera, Fatima da, emakumeen ama. Bere eskuari irmo eutsita Gira neskatila dator. Lurrean eseri gara denok, eta Fatimak ongi etorria emateko tea prestatzen duen bitartean, bere istorioa kontatzen hasi da. Hassanieraz egiten du hitz Fatimak. Aldiz behin, isildu egiten da, bere alaba Muelinminek berak esandakoa itzultzen digun bitartean. Hiru emakume, hiru belaunaldi. Baina atzean, istorio latz berbera: beren lurraldetik at bizitzeak ematen duen mina.
Fatima Dedha, 54 urte
1979an, Fronte Polisarioak Aljeria hegoaldera ekarri gintuen autoetan. Nire ama eta anai-arreba txikienek berriz, ezin izan zuten garaiz heldu eta han geratu ziren. Urte gogorrak pasa ditut, ama han geratu baitzen, eta aita berriz kartzelan nuen. Jende askok, oinez etorri behar izan zuen errefuxiatu kanpamenduetara. Emakume asko haurdun zeuden, eta haurrak bidean eduki behar izan zituzten, medikurik gabe. Haurrak jaio, eta melfa zatitxo batean bildu behar izaten zituzten. Oso esperientzia gogorra izan zen. Hasiera batean, Dajlan egon ginen. Iritsi ginenean, haur guztiak Ekainak 9 izeneko eskolara eraman zituzten. Bertan ahal zutena irakatsi zieten. Urte osoa pasa genuen gure seme-alabak ikusi gabe. Kanpamenduetan geundenak berriz, marokoarren beldur ginen, eta haima azpietan zulo handiak egin genituen, bonbardatzen bagintuzten edo, bertan ezkutatu ahal izateko. Garai hartan ez genituen gaur egun ditugun etxeak. Oihal oso finez egindako haimak besterik ez genituen. Bertan jan eta lo egiten genuen. Libiak eta Aljeriak emandako laguntzekin pasa genituen lehen urte haiek. Irina eta arroza besterik ez genuen jateko. Gizon guztiak borrokan zeuden, eta emakumeak bakarrik geratu ginen hemen. Munduak ez zekien zer pasatzen ari zen, eta ez gintuen herrialde bezala onartzen. Saharar batzuk ere marokoarrei saldu zieten euren burua. Mediku eta erizainak zirela esaten ziguten. Haurrak txertatzera eraman behar zituztela esan, eta guk sinetsi egin genien eta haurrak medikutara eraman genituen. Baina gezurra zen. Pozoitu egin zituzten gure umeak. Gure haurrak ospitaletara eraman genituenean pozik zeuden. Txertoaren ondoren berriz, gaixotu eta hiltzen hasi ziren. Milaka eta milaka haur hil zituzten garai hartan. Emakumeak zerbait sumatzen hasi ginenean, gure seme-alabak gordetzen hasi ginen. 1982an, gaizkile haiek harrapatzen hasi ziren. Batzuk Marokora joan ziren; beste batzuk berriz, harrapatu egin zituzten. Nire ahizpa baten seme zaharrena, gertatzen ari zenaz konturatu zenean, kanpamendutik irten eta zuhaitz txiki baten azpian gorde zen. Eskerrak hori egin zuen, ezen bere adineko gehienak hilik daude orain. Beste asko berriz, errenak edo gaixotasun senda ezinekin geratu dira. Gaur egun, 90 herrialdek baino gehiagok gure herrialdea onartzen dute, eta laguntzen bidez aurrera egin dezakegu. Azken sei hilabeteetan, Nazio Batuen Erakundeak plan bat jarri du martxan, mugaz beste aldeko familiak ikusi ahal izateko. Nik ama ez dut 30 urtean ikusi. Jainkoak nahi izanez gero, bera hil baino lehenago elkar ikusi ahal izango dugu».
Muelinmin Dedha Mahmud, 34 urte
Errefuxiatu kanpamenduetan, emakumeak dira lan gehien egiten dutenak. Harearekin adreiluak egiten ikasi genuen, eta horrekin gelatxo txikiak eraiki genituen, bertan sukaldean aritu ahal izateko. Bertako ospitaleak asko hobetu dira. Ikastetxeak ere eraiki ditugu, heziketari garrantzi handia ematen baitiogu. Nahiz eta 1991tik su-etena izan, gaur egun, gizon gehienak frontean daude. Besteek administrazioan egiten dute lan, Raguni aldean. Momentuz, egoera politikoak berdin jarraitzen du. Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararrek ez dute inongo eskubiderik. Lan hoberenak marokoarrek egiten dituzte, eta sahararrentzat lan okerrenak besterik ez dira geratzen.
1995a arte ez genuen dirurik. Arroza, olioa eta azukrea besterik ez. Garai hartan egunero arroz zuria besterik ez genuen jaten. Zaporea eman ahal izateko, platerean margoturik zeuden loretxo batzuekin nahasten genuen arroza, honek lore zaporea izan zezan. Kasu horietan, irudimena oso dohain ona izaten da. Nire ustez, gure herriak subirano eta askea izateko eskubide osoa du. Baita duintasunez bakean bizitzeko ere. Hala ere, Espainiako Gobernuak Marokok Mendebaldeko Saharan mantentzen duen okupazioa eta ezartzen duen errepresioa babesten jarraitzen du. Bada garaia Espainiak bere erantzukizuna hartu eta orain arte egindako okerrak zuzen ditzan».
Gira, 11 urte
1995. urtetik aurrera, hemengo haurrak kanpora irteten hasi ginen. Nire izeba Maya Zaragozan izan zen, ikastetxe batean. Nik berriz, udako bi hilabeteak Galizian pasatzen ditut, harrera familia batekin. Zazpi urterekin joan nintzen lehenengo aldiz, eta 12 urte bete arte joango naiz hara. Oporrak bakean izeneko programa bati esker joaten naiz hara eta hango familiarekin oso gustura egoten nahiz. Galizian denetarik egiteko aukera dut: hondartzara joan, arropa erosi, musika entzun, parkeetan jolastu... Gero, hango familia hona etortzen da gu bisitatzera. Urtero 6.000 haur baino gehiago joaten gara kanpora. Hartu-eman hori oso baikorra da, guretzako laguntza handia da».
1974. urtean, espainiarrek Saharatik irten behar zutenean, Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizazio Batzordeak Espainiari sahararrei beraien etorkizuna erabakitzeko aukera emateko eskatu zion. Hagako Justiziaren Nazioarteko Auzitegiak ere, Mendebaldeko Sahararen Autodeterminazio eskubidea babestu zuen. Baina 1975eko urria eta azaroa bitartean, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen. Espainiarrak Saharatik irten bezain laster, Hassan II.enak, Martxa Berdea antolatu eta Mendebaldeko Sahara okupatu zuen. 300.000 marokoarrek muga arterainoko bidea egin, eta Rio de Oro eremua hartu zuten sinbolikoki. 1976ko otsailaren 27an, Errepublika Arabiar Saharauiar Demokratikoa aldarrikatu eta Fronte Polisarioak gerra deklaratu zien Maroko eta Mauritaniari. Urte luzez borrokatu ondoren, Mauritaniak amore eman zuen Fronte Polisarioaren aurrean. Baina Marokok ez. Bien bitartean, Marokoko Gobernuak 1994 eta 1995 urteen artean, 150.000 kolono ezarri zituen lurralde okupatuetan. Neurri horrekin sahararren kulturan eta nortasunean eragin nahi zuen. 1991. urtean su-etena hitzartu zutenetik, kasko urdinak daude Saharan. Mundu osoko ikuskatzaileak ere ibiltzen dira Sahara okupatuan. Hala ere, gizonezko saharar gehienak ez dira itzuli abangoardiatik. Orduz geroztik aurrerapausoak eman diren arren, ez dira nahikoak izan Sahararrentzat. Rabatek ez du Mendebaldeko Sahararen independentziari buruzko erreferendumaz entzun ere egin nahi. Mohamed VI. erregeak erreferendumaren gaia ez du aipatu ere egiten. Maroko Mendebaldeko sahararren errolda manipulatzen ari da, erreferenduma eginez gero, bozketa irabaziko ez luketelako. Marokok erreferendumari ezezkoa ematen dio sistematikoki, eta boikot egiten ere saiatu izan da. Gaur egun, 2.200 kilometro baino gehiago dituen hesi batek banatzen ditu bi aldeetako sahararrak. Hesi ondoan, mina ugari ezarri dituzte marokoarrek, sahararren familien arteko erlazioak eten nahian. Nazio Batuen Erakundearen ekimen baten ondorioz, duela hilabete batzuetatik hona, bi aldetako familiak bost egunez elkartu daitezke. Hala ere, itxarote zerrenda ikaragarri luzea da. Bien bitartean, Aljeriako errefuxiatu guneetako sahararrek nazioarteko laguntzaren bidez egiten dute aurrera. Herritarren solidaritaterik eta laguntzarik gabe, galduak leudeke.