Jakoba Errekondo
Hesolan, sahatsean, urritzean gora doa, eskubiz aurrera endalaharra. Bihotz itxurako hosto distiratsuak erakusten ditu, azpitik, baina, arantza amuak zain ditu, kontuz heldu! Aihena aihenaren gainean emanez aihotzik gabe igaro ezinak diren arantzezko hormak eraikitzen ditu basopean. Udazkenean, hostoak galdu eta fruitu-mordoak zintzilikario, suzko garrak azaltzen dira basoan han eta hemen.
Liliazeoen tarteriko Smilax aspera da endalaharra. Grekoko smile-tik, hau da karrakatzaile, urratzaile eta latineko asper-etik latza edo lakarratik hartu eta jarri zitzaion izena. Ondo zakarra izan behar bi hizkera jaso hauetako bi hitzokin izendatzekoā Geureko endalaharra nondik ote dator? Lakoizketa berri batzuen premian gaude bai aspaldi honetanā
Basoa sasitu eta itotzen duten huntza, apo-mahatsa, aihen zuria, arkakaratsa, laharra eta atzaparra herrestarien jirakoa da endalaharra. Berrogeita hamar metrotara iritsi daitekeen aihena ematen du eta urtero urtero puja berriak eman eta hazteko erreserbak biltzen dituen lurpeko sustrai lodikotea aihena bera baino luzeagoa izan daiteke. Sustrai hau erruz bildu izan da eta biltzen da. Garai bateko zarzaparrilla sonatua berarekin egiten da. Edari hau egin nahi baduzu endalahar estraktuari erdia ezti eta herena ur epela nahasi. Kola edari famatuak zarzaparrillatik datoz eta hauek eragiten duten kitzikatzea endalaharraren sustraiari zor omen zaio. Ameriketan azaleko arazoak, debilidadea eta inpotentzia direnean eta orokorrean desintoxikatzaile edo garbitzaile gisa erabiltzen da. Hormonak (testosteronaā) kitzikatzen ditu eta sexurako grina pizten du. Sifilia sendatzen zuela eta haizeak zabalduta bezala hedatu zen bere fama. Ordura arte, sendatu bezain beste gorputza izorratzen zuen merkurio pozointsua erabiltzen zen gaitz hau sendatzeko eta Portugalgo eta Txinako sendagileei zor diegu aurkikuntza hau.
Gorakoetan eta beherakoetan murgil eginez ibili nahi ez baduzu suzko fruitu gorriak ez jan, espainolek ez diote alferrik zakurraren mahatsa deitzen. Udaberriko altsuma berria, baina, zainzurien gisara jaten da, frantsesek behartsuaren esparragoa deitzen dioteā Landareen hizkuntzan itotzen duen sasiak edertasuna adierazten du. Arantzak oparitu behar, zuri-zuri zuriā
Jabier Agirre
Mendebaldeko jan-neurrian izandako aldaketek -kontserbatzaile, gehigarri eta gantzen gorakadak, batik bat-, eta nutrigai garrantzitsu batzuek dietan duten pisu gero eta eskasagoak eragin kaltegarriak dituzte garunaren funtzionamenduan, eta hauek azal dezakete depresioa, arreta-falta, eskizofrenia eta Alzheimerra bezalako gaixotasun mentalek azken urteotan izan duten gorakada. Horrela diote, behintzat, azken 50 urteotan dietak izan dituen aldaketak aztertuz Erresuma Batuan egindako bi ikerketek.
Osasun mentalerako Fundazioak eta Sustain erakundeak elkarlanean egindako bi azterketa aurkeztu dituzte. Ikerketa horiek adierazten dutenez, janarien produkzio eta prozesamendurako metodo berriek eta "zabor jana" esaten zaionarekin lotutako ohitura eta jokamoldeek, biztanleria behar baino nutrigai gutxiago eta behar baino karbohidrato gehiago kontsumitzera behartzen dute. Eta horrekin alterazio mentalak izateko arrisku-faktoreak gehitu egiten dira.
Jan-neurria omen da, ikertzaile horien iritziz, gaixotasun mentalak agertzeko faktore egunetik egunera garrantzitsuagoa. Jan-neurri pobreak portaera-arazoekin eta aldarte-aldaketekin lotzen dira. Horrela, adibidez, depresio-kasuak ugariagoak dira arrain-kontsumo eskaseko lurraldeetan. Azido folikoaren, omega-3 gantz-azidoen, selenioaren eta triptofano izeneko aminoazidoaren eskasiak asko eragiten omen du depresioaren garapenean. Nahitaezko gantzen eta bitamina antioxidatzaileen faltak, bere aldetik, eskizofreniaren sorreran izango luke eragina.
Ikertzaileen ustez, jan-neurri orekatua funtsezkoa izan daiteke depresioa, eskizofrenia, kontzentrazio-falta, apatia edo geldotasuna eta oroimen-galera borrokatzeko. Horrexegatik, "zabor jana" alde batera utzi eta arraina, berdura ugari -barazkiek azido folikoa ematen digute-, fruitu lehorrak -selenio asko dute- eta proteina-kopuru neurrikoa emango diguten jan-neurriak gomendatzen dituzte. Azkenik, nutrizioan oinarritutako terapia oso baliagarria gertatu omen da botikekin medikatu nahi edo ezin duten pazienteetan. Ospitale psikiatriko batean paziente bat mantentzeak diru asko balio du; elikadura egokia, berriz, askoz ere merkeagoa da.
Joxerra Aizpurua
Bidaia baten lehen 100 egunak
Gutxienez hamabost urte iraungo du joan den urtarrilaren 19an NASAk espazioratutako New Horizons zundaren bidaiak. Plutonen berri eman behar duen zunda honen bidaiaren lehen egunek anekdota huts dirudite bidaia osoaren iraupenarekin alderatuz, baina era horretako bidaietan lehen egunetan gertatzen denak izugarrizko garrantzia izaten du arrakasta neurtzeko orduan. Zergatik?
Arrazoia etxeko elektrogailuekin gertatzen denaren antzekoa da. Hauek bermea duten lehen urtean matxurarik izaten ez badute, oro har urte askotako iraupena ziurta daiteke, aldiz, hasieratik arrastaka hasten badira, edo ongi konpontzen dugu, edo aldatu egiten dugu edo txarrena dena partxeak jartzen hasten gara eta beti matxuraren beldur geratzen gara.
Otsailaren amaieran Martitzeko orbita igaro ondoren New Horizons-eko tresneria probatzen hasi ziren zientzialariak. Honela, martxoan eta apirilean softwarea eguneratzeaz gain, besteak beste SWAP deituriko eguzki-haizeen detektagailua probatu zuten eta maiatzean bi espektrometro eta Pluton kartografiatzeko RALPH deituriko tresneria probatuko dituzte.
Tresneria horien bidez hartutako lehen datuekin aparatuak doitu egingo dira, orain arte ez baita matxura larriegirik detektatu.
Zundak igaro beharko duen hurrengo etapa garrantzitsua 2007ko otsailean izango da, Jupiterretik hurbil samar igaroko baita. Jupiterren grabitazio indarraz baliatuko da azelerazio handiagoa lortzeko bere bidean. Halaber, orduan ere tresnak probatuko ditu.
Une honetan 112.000 kilometro orduko abiaduran doa eta 2015eko uztailean Plutonera eta bere ilargietara helduko da. Ondoren bidea segituko du Plutonetik haratago Kuiper-en gerrikoan zehar 2020 arte gutxienez.
Hortik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, zientzialariek ez baitigute horren berririk eman.
Poloetako hartzak eta hipopotamoak arriskuan
16.000 animalia-espezie daude une honetan desagertzeko arriskuan eta azken bi urteotan 784 espezie erabat desagertu diren bitartean, 65 gatibu bizi dira. Datu hauek lehorrean zein itsasoan errepikatzen dira eta azken esanguratsuenak hartzenak eta hipopotamoenak izan dira. Lehenengoen kopurua %30 jaitsi daiteke datozen 45 urteetan izotzen urtzearen eraginez eta bigarrengoen populazioa Kongon, adibidez, %95 jaitsi da azken urteotan gerra zibilaren eta ehiza ilegalaren eraginez.