Katixa Garate
Irribarre egiteko gonbita
Jaialdien aroa bertan dugu. Musika, dantza, bertsolaritza, antzerkia... ez da aukerarik falta egunotan. Arrigorriagan Klown eta Pailazoen XI. Nazioarteko Jaialdia hasia da. Hamasei klown eta pailazo taldek parte hartuko dute: Hortzmuga, Virginia Imaz, Shambu, La Sonrisa, Contre Pour... Aurtengoan Arrigorriagatik zabaldu egingo da jaialdia; Bermeon, Sondikan eta Zallan ere izango dira emanaldiak. Donostian formatu txikiko antzerki lanak izango dira ikusgai maiatzaren 28a bitarte. Poltsiko Antzerkia jaialdiaren baitan, tabernetan ikuskizun andana izango da; Zai, beti zai (Oihulari Klown), Stop al pánico (La Tirili), Bertso tranpak (Ander Lipus eta Andoni Egaña)...
Letrak eta musika
oparoak izango dira heldu diren asteak letrei dagokienean. Maiatzaren 9tik 13ra VI. Poesia Astea egingo dute Errenteriako Mikelazulo elkartekoek. Besteak beste, Antton Valverdek, Amaia Lasak eta Arantxa Gurmendik Lauaxeta, Miguel Hernández, Federico García Lorca eta Antonio Machadoren poemak irakurriko dituzte ostiralean eta larunbatean Atriletan zintzilik poesia emanaldia eskainiko dute Literatuztako, Bihotz Bakartien Klubeko eta Mikelazuloko kideek. Bilboko Kalderapeko kulturgunean literatura eta musika protagonista izango dira maiatzeko ostegunetan. Jazzaz lagundutako poesia errezitaldiak, kontzertuak eta ipuin kontaketak izango dira. Donostian ere Literaktum zikloa egingo dute. Testuaren eta ahotsaren arteko harremana izango dute aztergai maiatzaren 16tik 20ra.
Argazki eta Bideo Jaialdia Miarritzen
Trantsizio urtea izan zen iazkoa Miarritzeko Argazki eta Bideo Jaialdiarentzat. Desagertu nahi ez badu, badaki arrakasta izan behar duela eta horretarako zuzendaritza berritu du. Halaber, bideoari tarte handia eskainiko diote. Aline Pujo zuzendari artistiko berriak esan duenez, publiko zabala eta kazetari adituak asetu nahi dituzte. Hala, maiatzaren 13tik 21era, argazki eta bideo erakusketak izango dira Miarritzeko bost gunetan: Bellevue, Saint Eugene elizako kripta, Itsasoaren Museoa, Kasinoa eta hondartza handiko plaza.
Musikaste Errenterian
askotariko musika estiloak entzun ahal izango dira Errenteriako Musikaste jaialdian maiatzaren 13tik 20ra bitartean. 13an jazza, pop-rockaren eta musika esperimentalaren txanda izango da. Besteak beste, Teresa Zabalza Quintet, Sama eta Kulmok eskainiko dute kontzertua Xabier Olaskoaga plazan eta ondoren hainbat tabernetan jarraituko dute kontzertuek; 15ean Musikeneko lehen promozioko musikariak Errenteria Hiria kulturgunean joko dute; 17an Iturriaga laukoteak Arriagaren lanak eskainiko ditu, eta 20an Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Kaputxinoen elizan.
Fantasiazko zinema Bilbon
Zinema areto komertzialetan isla txikia izaten duten film fantastikoak ikusteko aukera ematen du Bilboko FANT jaialdiak. Guztira, berrogeita bat film eskainiko ditu XII. aldian, maiatzaren 10etik 14ra. Horietatik hamaika lehiatuko dira sari nagusia eskuratzearren. 50eko hamarkadako zientzia fikzioari eta Japoniako zinemari, generoaren maisuei eta eskuratzeko zail diren filmei buruzko zikloetan eskainiko dituzte besteak. Bestalde, internet bidezko Nontzefilm eta Nontzeflash film labur eta animazio lehiaketen sariak banatuko dituzte jaialdiaren baitan.
Dantzan.com berritua
Dantzaren arloari jarraipen estua egiten dion euskarazko ataria da www.dantzan.com. Dantza munduko albisteak, argitalpenak, loturak, foroak... eskaintzen ditu. Orain diseinua berritu dute, baina baita mamia ere. Esaterako, euskal dantza tradizionalaren alorreko 3.000 argazki sareratu dituzte eta atzerriko balet konpainietan dauden euskal dantzarien ibilbideari buruzko atala zabaldu dute.
Gatazka Likinianoren oinordeko
Likiniano elkarteak desegitea erabaki du. Haren lekukoa Gatazka elkarte berriak hartu du eta aurrerantzean berak kudeatuko du Bilboko Erronda kalean Likinianok zuen gunea. Argitalpen eta disko alternatiboen banaketak izango du segidarik Gatazka gunean. Ekintza Zuzena aldizkariarekin eta eta DDT banatzaile alternatiboarekin ere jarraituko dute.
Lagunekin kantari
Lagun artean gutxi kantatzen dela ohartuta, aurten ere Lagunekin kantari zikloa abiatu dute Donostian. Besteak beste, kantuan arituko dira Jon Bergaretxe, Ainhoa Ansa eta Magali Zubillaga 12an eta 19an Larronetxe kultur etxera hurbiltzen direnekin.
Lendakaris Muertos Iruñeko taldeak bigarren disko luzea plazaratu du: Se habla español (Gor). Punk-rock estiloko hamasei kantu zirikatzaile grabatu dituzte.
Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iratxe Ibarra bertsolariek Emetik izeneko bertso kabareta sortu dute. Emakumetasunetik hitz egiteko saioa da, bertsoa, antzerkia, poesia eta musika uztartuz.
Cristina Iglesias eskultoreak Maila saria jaso du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eskutik. Iglesiasen nazioarteko ibilbidea eta haren eskulturak espazioa eraldatu eta jasotzeko duen modua nabarmendu du epaimahaiak.
Kitzikazan/k antzerki talde berriak Gaztetasunak erabiltzen nau obra estreinatu du. Mattin Irigoienek idatzitako lanak Amikuze moduko herrietako gizarteak nola funtzionatzen duen islatzen du.
Irati Jimenezek (Mundaka, 1977) irabazi du Augustin Zubikarai nobela labur lehiaketa Bat, bi, Manchester lanarekin. Bi gizonen arteko ezinezko maitasunaz dihardu liburuak eta urrian kaleratuko dute.
Maria Bayo abeslariak El Correori esandakoak: «Pertsona adimentsua ez bazara ezin dezakezu abestu. Intuizioa garrantzitsua den arren, teknika eta lana ezinbestekoak dira. Kantariak nahiko pertsona argiak izan ohi dira. Sentimenduak transmititzeaz gain, guztiari adi egon behar dute... Adimen emozionala? Noski. Uste dut horrek desberdintzen dituela interprete bat (asko eta oso onak daude) eta artista bat».
Iker Goenagak adierazpenok egin zizkion Aizu!ri: «Nik ez dut trikitia arriskuan ikusten. Badago trikitia soinua eta panderoaren arteko lotura bakarrik dela uste duenik, baina ni ez nago ados. Oinarri tradizionalak erabiltzen ditut, horiexek ikasi ditudalako eta gustuko dudalako, baina ez nuke inoiz gustukoa ez dudan ezer egingo trikitia hori eginez salbatuko litzatekeela jakinda ere».
Laura Mintegik Berriari: «Askotan entzun diet Unai Elorriagari eta Andu Lertxundiri eguneko ordurik onenak idazteari eskaintzen dizkiotela. Nik eguneko ordurik onenak bizitzari eskaintzen dizkiot. Eta iluntzean, sentipenez, bizipenez, usainez, begiradez eta esaldiz zeharo asebeterik nagoenean ekiten diot idazteari».
Iñaki Salvador Nabarran: «Une honetan jazza eta beste musika klase jakin batzuk antzerki eta kultur aretoetako programazioetatik desagertzen ari dira».