Pilar Iparragirre
Nola aurkeztuko zenuke Jeu de Paume?
Hiru hitzekin. Lehena da adi-adi egotea. Zergatik? Bizitzan, gizakiak izateko, animaliak izan behar garelako. Eta animaliak erne daude, behar ere. Bestela abereak dira. Eta ez dakit gu abereak izango garen edo animaliak, baina nik nahiago dut animalia izatea abere baino, eta orduan erne egon beharra dago. Eta hortik adiera dator, pentsamendua ûsentitzearena, eta horretarako literatura eta idazkeraû; hau da, zernolako zentzua aurkitzen dugun adiera bakoitzaren azpian.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Gauzen zentzua aurkitzea. Izan ere, nik ez dut uste filosofiaren zeregina egia bilatzea denik, edo zoriontasuna, edo etikaz zer den ona, edo estetikaz zer den ederra. Denean zentzua bilatu beharra dago.
Hiru hitz aitatu dituzu. Zein da hirugarrena?
Adiskidetasuna. Badaude pertsona batzuk esaten didatenak: «beltza jarri!». Eta ez dakit dioten hondartzara joateko beltzarana jartzera, edo zer esaten didaten. Batzuei ez diet ezer ulertzen, gauza sinpleena esanda ere. Eta beste batzuekin, berriz, esaten didatenean homofoniaren azpian ezkuta daitekeen harabidea, diot: ez nago batere konforme, baina ulertzen dut. Hori da adiskidea. Adibidez, Txelis, liburu honetako sarrera egiten didana; gauza askotan eztabaidatu, ikuspegi ezberdinak eduki genitzakeen, baina ulertzen dugu elkar! Adiskideak gara. Adiskidea dut ere Txalaparta; eta Fundación Rodriguez, Konkordia Bila saiakera honen aurrekaria sarean zintzilikatu zuena.
Pilar Iparragirre
Asko kosta al zaizu Negutegiak burutzea?
Bai, liburu honen idazketa prozesua luzea izan da -bost urte baino gehiago kosta zait-, baina nik denbora horretan beste hizkuntza edo esparru artistikoetan egin ditudan lanak -talde sormen lanak izan dira gehienbat (dantzan, antzerkian, hainbat gauzatan)-, horiek ere liburuan daude, ez fisikoki, ezin dira ikusi, baina nik badakit hor daudela. Bestalde, liburuaren azala eta barruko argazkia aukeratzerakoan, hor ere bilatu dut besteen begirada egotea. Azala Idoia Elosegirena da, eta nire argazkia jarri ordez, idazlanean neure burua desagertarazi nahi izan dudanez, eskatu nion Oier Etxeberriari erretratu bat egiteko, bere begirada jartzeko. Idazle batek, nire ustez, bere burua desagerrarazi behar du testuetan. Beste gauza bat da, liburua argitaratzerakoan, merkatua dela-eta, beharrezkoa izatea aurpegi bat, norbanako bat. Baina hor ere norberak jarri behar ditu mugak.
Narrazioko pertsonaiak nola azalduko zenituzke?
Liburuko hiru pertsonaia nagusiak -neska bat eta bi mutil- zentrorik gabe geratu dira. Eta zentro eza horrek etengabeko mugimendu batera bultzatzen ditu, bilaketa batera. Esango nuke, orokorrean hitz eginda, deserrotzea ez dela inoiz hautu bat. Negutegiaken deserrotze hori jaioterriak, heriotzak, desamodioak, egungo prekarietateak eta bizi baldintzak bultzatua dago. Ondorioz, pertsonaiek marrak egiten dituzte beren geografia pertsonaletan. Eskutitz bat bidaltzen die Omarrek bere bi lagunei, Emiri eta Dederi; Omar kartzelan dago, eta liburuan Emik eta Dedek eskutitz horri erantzunez egiten duten bidaia agertzen da. Autoz bata, Berlinetik; itsasontziz bestea, Bartzelonatik. Hori litzateke hari nagusia. Baina era berean bakoitzak duen deserrotzearen zergatiak ere azaltzen dira narrazioan zehar.
Eta zeintzuk dira deserrotzearen zergati horiek?
Arestian aipatutako arrazoiekin batera, beraien aiton-amonak. Omarren aitona naziek atxilotu zuten, eta bi urte eman zituen kontzentrazio gune batean. Dederena, berriz, Espainiako 36ko Gerraren ondorioz Frantziara ihes egindako errepublikarra da; eta Emirenak, II. Mundu Gerra ostean Europa altxatzen edo berreraikitzen lanean egon diren etorkinak dira. Eta hori, nolabait, odolean daramate hirurek.
Beste gertaera eta istorio asko ere aurki daitezke zure narrazioan.
Liburu korala da, bai. Eta istorioez gain, badira idazketa prozesuan nengoen bitartean egin ditudan gogoetak. Memoriari buruzko gogoeta, esate baterako. Hor, hiru pertsonaien memoria agertzen da, baina ez modu nostalgikoan ulertutako memoria; beraiek egiten dutena esperientziaren erreskate moduko bat da. Eta nik une horien erreskate moduko bat egiten dut, mikro istorioak azalduz. Liburuan bada ere denborari eta espazioari buruzko hausnarketa bat. Izan ere, denborak eta espazioak baldintzatu egiten dute gure sentsibilitatea. Gure pertzepzioaren arrazoi dira, eta haietako batean aldaketaren bat dagoenean gure pertzepzioa eta, ondorioz, gure bizitzan egoteko modua, aldatu egiten dira.
Bizitzaz gainera, heriotzak ere badu zurean tarterik franko...
Hildakoen irudimenak bizidunona ukitzen du. Banaezinak dira biak, ez da heriotzarik bizitzarik gabe, eta alderantziz. Literaturak ematen duen aukeraz baliatu naiz, hau da, heriotzak, heriotza gogorrak, heriotza esangaitz horiek maila poetiko batera eraman ditut. Horrek posible egin du liburuan heriotza etengabe azaltzea. Badago ere adiskidetasunari buruzko gogoeta bat, identitateaz eta jatorriaz harago sortzen den adiskidetasun horren aldeko apologia bat. Nire ustez, adiskidetasun horrek erritualetan oinarritutako politikak baino indar handiagoa izan dezake. Esango nuke edozertarako gai dela identitateen kate motzetik harago sortzen den adiskidetasun hori. Elkartze horrek esperientzien trukaketa bat posible egiten du, ondoezaren trukaketa ere bai. Bizi nahi bat sortzen du, eta bizi nahi hori, pentsamenduarekin, eta zentzu zabalean ulertutako maitasunarekin eta poesiarekin lotuta, bada, oso indartsua da.
Bestalde, liburuaren egiturak postmodernitatearen ezaugarriak baditu ere, ez da nobela postmodernoa. Ez da nihilista edo suntsitzailea. Denbora guztian hatsa eman diet pertsonaiei, nolabaiteko bizipoza.
Aurrekoekin batera, badago beste gai bat liburuan: Medusaren mitoa.
Zer egin duzu zuk mito horrekin?
Berreskuratu egin dut. Medusaren mitoak eragin handia izan du gure alegiazko munduan. Publizitatean, margoetan-eta, etengabe agertzen da Medusaren irudia. Mito klasikoak dio Medusa dela Gorgona ahizpetatik gazteena, hilkorra den bakarra. Perseok Medusarekin borrokatzen duenean, ezkutua erabiltzen du, eta Medusak bere itsustasuna ezkutuan islatua ikusterakoan, hil egiten da; orduan, Perseok mozten dio burua eta, geroztik, buru hori erabiltzen du bere etsaiak harri bihurtzeko. Hori dio irakurketa klasikoak. Baina badira beste asko Medusari buruz idatzi dutenak, Freud, Marx, Goethe, Nietzsche... Kastrazioaren mitoa ere hor dago. Hélène Cixous idazleak gizonezkoen kastrazioaren beldurraz idazten du Le rire de la Méduse saiakeran. Clarice Lispector idazlearen gaineko saiakera ere bada liburu hori, eta honakoa proposatzen du: ausardia behar dela logozentrismoa eta falozentrismoa gainditzeko, eta munduan ikusi nahi ez dugun hori ikusteko.
Mitoaren bertsio horri lotu al zara zu gehienbat?
Bai. Baina mitoaz gain, leku geografiko gisa ere agertzen da Negutegiak-en, nobelaren pasarte bat Gorgona izeneko uhartean gertatzen baita.
Erabili duzun formari buruz, zer diozu?
Jakina da forma dela idazleoi geratzen zaigun bilaketa bakarra, bestela dena esana dagoelako, dena idatzita. Eta formari dagokionez, nire ustez kontuan izan behar da edukiak eta formak bat egin behar dutela, forma edukia dela, eta edukia, forma. Orduan nik, fragmentazioaren bitartez, denboraren hari kronologikoa hautsiz eta esaldiren hari logikoari ere bueltak emanez, bilaketa bat egin dut denbora guztian. Eta oso kontziente egin dut aukeraketa hori, zeren, nire iritzian, fragmentazioa da gaurkoaz hitz egiteko modu bakarra. Gainera, fragmentazioak irakurleari parte hartzen uzten dio. Ez bakarrik liburuaren bukaera osatzen, baizik eta liburu guztian zehar narrazioan sartzen uzten dio, ez duzulako dena esaten, iradoki egiten duzulako. Eta horrekin batera, prozesua bera azpimarratzen du fragmentazioak. Hau da, adierazten du narrazioaren prozesua bera dela garrantzitsuena, ez emaitza. Ikasi duguna desikasi behar dugu, nolabait, idazterakoan.
Zure liburu honek ez du oso emaitza itxirik agertzen.
Prozesua bera izan da niretzat emaitza. Noraezeko liburua izan da, nahiz eta nik bukaera oso argi neukan. Bilatzen ari nintzen kondentsazioarekin eta hizkuntza poetikoarekin. Oso gustura sentitu naiz bilaketa horretan, bitartean denbora eta espazio berezi batean nengoelako, eta iruditzen zait hori liburuan islatzen dela. Aurreko liburuekin ere egoera hori bilatu izan dut, horrek uzten dizulako literaturan ezinbestekotzat jotzen dudan baldintza bat betetzen: bestea izatea, bestea bilakatzea. Bilakaera egon behar du. Azaltzen duzun istorioak ez du zure bizitzaren kontaketa hutsa izan behar, edo istorio pertsonal bat, edo errealitatearen imitazio hutsa. Nire ustetan, eta narraziogintzaz ari naiz, idazleak ez du dakiena erakutsi behar, ez dakienaren bila abiatu beharko luke. Horiek dira niri irakurle bezala interesatzen zaizkidan liburuak. Eta idazle bezala bilatzen dudan prozesua ere horixe da.
Pilar Iparragirre
Nima,Namtxeko sherpa
Josep-Francesc Delgado
Erein
174 orrialde 17,50 euro
Sherpa gaztetxo baten istorioak
Himalaiarekin harreman handia izandako idazlea da Josep-Francesc Delgado katalana (Bartzelona, 1960). Antton Olanok euskaratutako Nima, Namtxeko sherpa izenburuko nobelaren egilea dugu eta Txomo-lungma, mendebaldarrok Everest bezala ezagutzen dugun munduko mendirik garaienaren ondoan bizi den herriaren sinesmenak eta ohiturak agertzen ditu gazteei zuzendutako fantasia handiko lan honetan. Jaio berri zela hartzek berekin eraman zuten Nima, orain hamabi urte dituen sherpa, du kontakizunak protagonista nagusia. Hartzak ulertzeko gai denez, bertakoek Hartz Txikia deitzen diote. Parapentean ibili nahiko luke eta sei mila metrotara dagoen leize batean omen den bere aitaren espiritua askatzea. Eta lortuko du.
Gipuzkoa. Ehun paisaia
Santiago Yaniz
Sua
128 orrialde
18,50 euro
Gipuzkoako ikuspegi ederrak ehun argazkitan
Santiago Yaniz argazkilari bilbotarrak hogei urtetan jaso dituen irudietatik aukeratuak izan dira Sua edizioak plazaratu duen liburu eder honetako argazkiak. Gipuzkoako 100 irudi, bere mendi eta haranak, ibaiak, baserriak, herriak zein hiriak agertuz, urtaro bakoitzaren joan-etorrian eta argiaren intentsitate ezberdinekin. Aizkorriko gailurrak, Ipiñarrieta dorrea, Arditurriko meategiak, Lareoko urtegia, Uliako labarrak, Haizearen orrazea, Atauruko trikuharria, Leintz Gatzaga herria, Txindoki mendia, Zumaiako itsas aldea, Orendaingo baserriak, Donostiako kaia, Mutrikuko bokalea, Idiazabalgo alde zaharra, Aloñako mendilerroa... Euskaraz gain, azalpenak gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez emanak daude.
Hegats
Batzuen artean
Euskal Idazleen Elkartea
120 orrialde
7 euro
Hiria eta literatura gai monografiko
Hiriaren eta literaturaren arteko zubiak eraikitzea izan dute gai nagusi Hegats literatur aldizkarikoek 37. zenbaki honetan. Hiriaren gaineko irudiak, gutunak, iradokizunak edota ideologiak agertu dituzte bertan parte hartu dutenek. Literaturbideak atalean, Kanpoko hiriaz dihardute Harkaitz Canok, Basamortua ez dago esplikatzerik lanean, eta Gotzon Garatek, New Yorketik idatzitako gutunekin. Txosten monografikoa atalean, berriz, Itxaro Bordak Metropolis idatzi du, eta Joseba Iriondok Suntsitzen ditugun hiriak, Afganistango Jalalabatetik bidali zituen kroniketatik hiru eskainiz. Bestalde, Maite Gonzalez Esnalek Donostiako Arkitektura Fakultateko irakaslea den Asun Sarobe elkarrizketatu du, Juan Ramon Makusok Hiri politikotik hiri poetikora lana idatzi du eta Urtzi Urrutikoetxeak Bilbo gure literaturan.
Boletín. LXII 1 2006
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
241 orrialde 12 euro
Historiari eginiko ekarpenak
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen Boletin aldizkariaren azkeneko zenbakian, bere aurrekaria sortu zeneko uneak gogoratzen ditu José Maria Aycart Orbegozok El nacimiento de un Boletín Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País / Euskalerriaren adiskideen elkartea izenburuko lanean. Horrez gain historiaren kutxa aberatsean arakatzen duten beste ekarpen asko ere azaltzen ditu. Adibidez, argitaratu gabeko txostenen bidez Juan de Guilisastik XIII. mendetik XVI. mendera arteko Zarauzko historiari eskainitako fruitua dakarkigu Iago Irijoak gogora; Xabier Ibarzabalek 1900-1940 bitartean medikuntzan osasungintza etiologikoaren sartzeak izan zituen ondorioak; eta Alfredo Tamayok Jainkoarenganako bide gisa aurkezten du Xavier Zubiri.
Deseos de hielo
Ana Urkiza
Ttarttalo
108 orrialde 9,90 euro
Ana Urkizaren Desira izoztuak gaztelaniaz
Emakume edo gizon orok barruan izan ditzakegun irrikak ditu oinarri Ana Urkizak 2000. urtean euskaraz kaleratutako Desira izoztuak ipuin bildumak. Orain, Bego Montoriok egindako itzulpena bide, Deseos de hielo izenburuarekin gaztelaniaz kaleratu berria da. Hamabi kontakizun labur eskaintzen dira bertan. Beti ere uste hau dute: edozein dela ere daukagun zerbaiterako edo norbaiterako grinak edo nahi biziak nolabait pott egiten digula behin irrika hori eskuratu eta gero. Hau da, lortutako amets eta pasioak eskuratu aurretik gugan pizten zuten su hura itzali egiten zaigula hainbeste desiratutako hura eskuratu orduko, eta horren ondorioz gu geu ere hiltzen garela pixka bat.
Marrubi zuriak
Karlos Santisteban, Belen Lucas
Gero
36 or. / 6,50 euro
Marrubiak izugarri gustatzen zitzaizkion neskatoa
Etxeko txikienak gogoan Gero argitaletxearen bidez Karlos Santistebanek eta Belén Lucasek plazaratu duten kontakizun honen protagonista Eider da, marrubiak erruz gustatzen zitzaizkion neskatoa. Ez zen inoiz fruitu gorri horiek jaten aspertzen, aukeran gordinean baino esnegainarekin nahiago zituen arren. Ikasi zuen oso ondo haiek prestatzen ere. Urte batean, negua inoiz baino luzeago eta hotzago gertatu zitzaien, ordea. Eta orduan zuriz jantzitako mendi gailur batean ikusi zuen Eiderrek marrubia.
Jeu de Paume
Fito Rodriguez
Txalaparta
128 orrialde 13 euro
Nobela, saiakera eta irudia batzen dituen liburua
Rene Magritteren koadroak azalarazten duten botere iradokitzailea aldarrikatzen du Fito Rodriguezek Jose Luis Alvarez Santa Cristinaren hitzaurrearekin Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu duen Jeu de Paume eleberrian. Baina pintore belgikarraren margoek bere idazlanaren protagonistari eragiten dizkioten gogamenaz harago, bada hitza eta irudia nahasten dituen Jeu de Paume-en zorionaz eta heriotzaz bezala, bizitzako beste kezka nagusien gainean guganaino iritsi den giza-kulturak bere hastapenetatik izan dituen pentsalaririk handienak eskaini dizkiguten ondorioei buruzko hausnarketa franko. Rene Magritteren koadroz horniturik dagoen liburuan, aipatu margolariaren erakusketa batera doan gizon euskaldun bati gertatutako ezbeharra azaltzen zaigu. Magritten lanak ikusiz gozatzeko asmotan Parisko Jeu de Paume museora gerturatu den Galder giltzapeturik gelditu da hango komunean. Izan ere, Irakeko inbasioaren aurkako manifestazio bat egitekotan dira han inguruan egun horretan, eta hori dela-eta museoa itxi egingo dute. Galder museoko komunean dago eta jakina, handik nola atera asmatu ahal izateko, ezin pentsatu besterik egin.