Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-05-14 -- 2040.zenb

Mikel Asurmendi

Ipar Euskal Herriko etxebitzitzaz eta lur eremuaz idatzi dute Habiter son Pays (Norbere herrian bizi) liburuan hiru lagunek, hurrenez hurren, Peio Etxeberri-Aintzartek Lapurdiko problematikaz, Pierre Visslerek Zuberoakoaz eta Maite Goienetxek Nafarroa Beherekoaz: «Bakoitzak bizi dugun egunerokotasunetik idatzi dugu. Pil-pilean dagoen gaia da eta sinbiosi interesgarria egin dugu. Hiru herrialdek hainbat puntu komun dute eta lotura hari bat dutela erakutsi dugu», diosku gure solaskideak.

Etxebizitza eta lurraren gaia arazo orokorra da Iparraldean. Guk geuk Baxenabarreko arazoari begiratu diogu bereziki.

Manex Goienetxe zure osabak etxeari buruz zuen begirada eta jakintza baliatu dituzu zure gogoetaren abiapuntuan.

Manex Goienetxe historialariak Baxenabarrei buruz utzi zigun ikuspegi historikoa biziki baliosa da. Gaur egun bizi dugun egoerara iristeko mekanismoak zein izan diren azaldu zuen, bereziki, XVIII. eta XIX. mendetan laborantzako lurraren jabeen eta alokatzaileen arteko harremanak nolakoak ziren. Laborarien emantzipazio borrokak eta hauek zergatik nahi zuten lurren jabetza biziki ongi azaldu zuen. Alokatzaileak petzeroak deituak ziren. Burujabetzaren bidean aitzina egiteko ezinbestekoa zuten lurraren jabetza. Beraz, lurra eta bere kudeatzea, espekulaziorik gabe, berebiziko lan tresna izan da historian burujabe izateko. Egun, berriz, pribatizazioaren bidez zertara iritsi garen ikusi besterik ez dago, laborariak kapitalismoaren tresna bilakatu gara. Etxebizitzaren eta lurraren eztabaida horretan oinarritzen da.

Hiru mende iragan dira baina...
... lurraren kudeatzeko mekanismoak berdinak direla ohartu gara. Etxalde handiak eta ttipiak daude, eta laborantzaren politika sistema kontrolatu baten ondorioz handiak gero eta handiagoak dira. Laborari tipiak borrokatzen ari dira, ez lurraren jabe izateko bakarrik, lurra lan tresna ukaiteko eta bizitzeko baizik. Manexek lurraren jabetza nork zuen, nork ez, eta zergatik nahi zuen ederki agertu zuen. Alabaina, erran zuen ere Euskal Herriko lurra saldu zuen lehena euskaldun izan zela. Ezin dugu gure historia osoki Parisen gain ezarri, herrian dugu ere hori horrela izatearen ardura.

Petzero delakoa, eta petxa edo zerga ezagutzea ere interesgarria da.
Petxa petzeroak Jauntxoari zor zion zerga zen. Azken 60 urteetan ere, nahiz eta laborariak beren lurraren jabe izan, ezarritako laborantza politika ereduak laboraria petzero bihurtu du. Etxaldea edo baserria enpresa bilakatzeak okerreko eragina izan du hemengo laborantzan. Hemengo jendeak baliabide naturalekin bat egiten zuten baserriak sortu zituen, baina egungo laborantza politika ereduak baserri mota hori xehatu du.

PAC (Laborantza Politika Komuna) da politika hori finkatzen duena.
1980ko PACek argi eta garbi adierazi zuenez, baserri tipiek ezin izango dute bizi. Genozidioaren beste urrats bat izan zen, laborarien genozidioa antolatzeko sistema. Gaur egun hori errealitatea da kostaldean. Biriatu edo Ahetzen ezin duzu laborari gisa plantatu. Hori bera posible izanen ote da barnealdean? Laborariek ezin izanen dute Baxenabarren instalatu? Inposatzen diguten bidetik, ez.

«Lurraren antolaketa ezin zaiela lurraren antolatzaile zientifikoei soilik utzi» diozu liburuan, besteak beste.
Gatuzainek gaiaz idaztea eskatu zigunean hori saihestea xede zuen. Ekarpen zientifikotik baino norberak egunero bizi duen egoeratik gogoeta egitea eskatu zigun. Adibidez, OGMen (Genetikoki Aldatutako Gaiak) karietara ikerle zientifiko batek hauxe erran zidan: «Ni INRAko (Laborantzako Ikerketa Institutu Nazionala) partaide naiz eta nire lana da egunero xerkatzea edo bilatzea. Xerkatzen dut ez dakidalakoz, nahiz eta zientifikoa izan». Haren erranak begiak ireki zizkidan. Ekarpen zientifikoak eta teknikoak beharrezkoak dira edozein gai lantzeko, baina herritarren eta laborari xumeen ekarpena funtsezkoa da, eta lurraren kasuan are gehiago. Laborantzaren inguruan sigla zerrenda luzea dago, ongi da, baina horiek laborantzaren funtsa, gogoeta eta eztabaida mugatzen dituzte. Terminologia batzuk beharrezkoak dira gauzak ulertzeko, baina ez dira aski. Arazoaren aterabideak eztabaida publikoa garatzea eskatzen du.

Horretan dihardu Lurra kolektiboak.
Lurra kolektiboak laborantzaren inguruan alarma gorria piztu du eta horrek PACT-CDHAR (Egoitza eta Garapen Erakundea) erakunde publikoa gaiaz arduratzera bultzatu du. Lurrak akuilu lana egin du politikariek gaia alde batera utzi dutelakoz, politikariak arazoa kostaldekoa balitz bezala aritu dira orain arte, espekulazioa kosta partean soilik balitz bezala. Duela 10 urte barnealdeko hautetsi abertzaleek arazoa ez zela soilik kostaldekoa ohartarazi zuten. Orain larrialdi egoeran gaude, gaia pil-pilean dago. Agian, instituzioek gaia serioski hartzen dute behingoz. Alta, galdera da: behin laborarien azterketa egin ondoren nola iragan hurrengo fasera arazoa konpontzeko?

Etxaldeetan aritzeko eskaerak daude, baina behar den politikarik ez.
Ez hemen, ezta Europan ere, Europako politika baitago oinarrian. Adibidez, datozen urteetan 40.000 pertsona etorriko dira Iparraldera. Ez dakit zergatik etorriko diren, lana delakoz, herria polita delakoz... Alta, zergatik ez dira herriaren lehentasunak ezartzen? Husten den baserri bakoitzari zergatik ez zaio segida ematen? Bien bitartean, instituzioetatik hainbat neurri hartuko dute biztanle berri horiei ongi etorria emateko. Nik, aldiz, biztanle berri horien artean laborari berriak ikusi nahi nituzke. Aterabideak badaude, baina zein da lehentasuna? 1992ko PACaren arabera gaur egungo Europako biztanleriak horrenbeste laborari behar ditu. Pirinio Atlantiarrak Departamenduaren laborantza arduradunek kalkulu hori egin al dute? Iparraldean horrenbeste biztanle izanen direla eta haragia eta esnekia ekoitziko dituzten hiru lantegi aski ditugula diote. Non dira joan deneko hamar urtean Iparraldeko laborantzarako ezarri ziren helburuak instalazioei dagokienez? Bete al dira?
Baxenabarren herri mugimenduak laborari berriak instalatzen lagundu ditu bereziki, elkarte batzuek lau sosekin lagundu dituzte laborariak, baina instituzioen politikak ez du lagundu ez Ipar Euskal Herrian ez Departamenduan.

Laborantzan elkarte asko ari da, besteak beste Laborantza Ganbara buru.
Bai, baina herri mugimendua ez bada arraberritzen akitzen da. Herri mugimenduak alimaleko kolpeak jasotzen baditu, ezin du bizi. Sistemak ez du laguntzen herri mugimendua bizirik irauten eta izaten, alderantziz. Zergatik sartzen da polizia Laborantza Ganbaran? Ezin da erran gainera elkarte eta egitura horiek osasuntsu daudenik. Batzuen lanari esker bizirik dira, alabaina hari batetik zintzilik daude. Laborari militanteek higatuta uzten dituzte lana eta borroka. Afrikako edo Hego Amerikako jendearekin egiten duten bezala, Iparraldean ez gaituzte hiltzen, baina hiltzera uzten gaituzte. Eta hori ez da fikzioa, errealitatea da.
Kanpotik ikusita bestela dirudi.
Baxenabarre kanpotik ikusten delarik, irudi du gustura bizi garela, dena ondo doala: bazterrak berdeak dira, folklore indartsua da, festak dira nonahi... Baina hori aurpegia baino ez da ûpaisaiarena bezala, izugarriaû, baina barnea husten ari zaigu, ezin dugu faltsukerian bizi. Baxenabarre odolusten ari da sistemak ezarritako mekanismoen eraginez. Mundializazioa aipatzen da, baina ez da kanpoko arazoa, mundializazioaren eragina bizi-bizirik dugu hemen.

Instituzioek ez dute espero zena ekarri.
Garapen eta Hautetsien Kontseiluen ûedo sasi-tresna horien guztienû bitartez egoera zail eta gaizto honi baketze itxura eman nahi izan diote, baina egitura horiek ez dute inondik inora herritarren bizimoldea ziurtatzen. Garapena ekarri du, baina bakar batzuentzat bakarrik. Azterketek aurpegiak zuritzeko balio izan dute. Eta hori herri bateko norbanakoen errespetua urratzea da. Egitura horiek ez dute ziurtatzen herri honen geroa. Gisa batez, 2010 Garapen Eskemak izan duen alde ona errealitatearen azterketa egiteko balio izatea da, zertan garen ikusi ahal izateko. 2010 urtea zein kinka larrian ageri den ikusita, 2020ko Euskal Herriaren egoera zinez kezkagarria izanen da.

Aitzina egiteko moduren bat izanen da?
Aitzina egiteko bi aterabide behar ditugu: herritarren eta politikarien lana. Hasteko, herriak bere burua defendatu behar du eta politikariek bizilagunen eskaerei erantzun behar diete. Hori da politikarien ardura. Gure esku izanen den hurbileko instituzio politikoa behar dugu, horrek laguntzen ahal gaitu. Adibidez, jendeak gogotik onartzen du Laborantza Ganbara, hurbila delako, eguneroko lanetan ikusten duelako. Herri honek halako egitura bat behar du politika orokorrerako ere. Hori da mundializazioaren aurrean lagundu gaitzakeena, bestela aterabide nekeza dugu.

Aterabiderik izanen da, alabaina.
Bai, bestela itzulezinezko egoera batera irits gaitezke. Barnealdeko eta Zuberoako egoera konpontzeko gakoetako bat laborantza da. Zer laborantza mota nahi dugun badakigu, eta berau antolatzen ere ikasi dugu. Orain berriz, sortu ditugun bitartekoak nola optimizatu ahal diren ikasi behar dugu. Iparraldeko laborariek eskatzen dutena sinplea da: sortu diren ekimenak eta herri tresnak laguntzea eta optimizatzea. Eta hori egin den bidearen errespetatzea, onartzea eta azkartzea da. Baina hori ere ez da egiten. Sistema elkarteak hiltzorian uzten saiatzen da, instalatu nahi duten laborari berriak punki edo hippy batzuk balira bezala hartzen ditu, errespeturik gabe. Hor sortzen da frustrazioa, egiazko gatazka. Lurralde batek ezin du laborantzatik soilik bizi, baina Baxenabarre eta Zuberoa laborantzarik gabe ere ez dira izanen.


Pribatizazioa ari da nagusitzen ekimen publikoaren kalterako. Etxebizitzaren kasuan, adibidez. Liburuan iraultza kulturalaren beharra aipatzen duzu Nafarroa Beherearentzat.
Iraultza agian hitz sobera azkarra da, baina hemen bizi dugun egoera oso-oso larria da. Egoera honen aitzinean ezin da erdibiderik hartu. Baserri bat husten delarik etxea alde batetik eta lurra bestetik geratzen dira, bizi sozialerako bitarteko bat galtzen da. Barnealdea husten da politikariek aski egiten ez dutelako lana herrian sortzeko. Halaber, herriak hustuz ari dira dauden etxebizitzak optimizatzen ez direlako. Kudeaketa pribatuak gaina hartu dio kudeaketa publikoari. Horiek horrela, funtsezko aldaketa politikoak egin behar dira, eta horretarako ardura politiko izugarri handia behar da. Zentzu horretan euskal kulturak ere badu bere ardura, hau da, militante abertzaleek ere badugu gure ardura. Edo aldaketa bat ematen dugu ûiraultza gisako bat, nahi baduzuû, edota geure sistemak autokritikatzen ditugu, edo...

... Udalbiltza bezalako ekimenek lagundu lezakete aldaketa horretan, naski.
Nik ez dut liburuan nazio eraikuntzaren kontzeptua aipatu. Nazio Garapen Biltzarretik egin diren azterketak ikusirik, nazio eraikuntzaren bidetik zenbait gauza garatu litezke gure arazoa bideratzeko. Baina ez dut uste, eta hori azpimarratuko nuke, aterabidea Hegoaldetik etorriko denik. Aterabidea Euskal Herri osotik etorriko da. Azken urteotan Iparraldeko laborantza munduan landu diren hainbat metodologiek lagundu dezakete zerbait berria sortzen Euskal Herri osorako. Nazio eraikuntza aipatzean beldur naiz zentzu batean baino ez ote den aipatzen, eta interesgarria litzateke ikustea, herri hau bere osotasunean hartuz, zein diren sortu ditugun baliabideak optimizatzeko ditugun sistemak, laborantzan nahiz beste lan esparruetan. Herri hau borrokatzen ari da, baliabideak sortu ditu, baina berauek optimizatzea falta zaio.

Ez dirudi atzera bueltarik duenik, ERCk erreferendumari begira erabaki duen ezezkoak etorri behar zuena azkartu besterik ez du egingo, itxura guztien arabera. PSC eta Pasqual Maragall hautagaitzaren inguruan ados jartzen direnean etorriko da gobernu haustura, erreferendumaren ondoren. Nola? Aukera desberdinak egon litezke, baina ERCkoak ez dira beren kabuz joango, Maragallek nahiko lukeen moduan eta, azkenean, bota egin beharko ditu. Erreferendumak eman ditzake pista batzuk, baina Katalunian hiru bloke nagusi geratuko bide dira aurrera begira: CiU eta PSC handienak, eta ERC, beste biengandik gaur egun dagoena baino gertuago eta indartsuago. Hipotesi bat da, baina inkesta batzuk ere hori ari dira adierazten.

Daniel Udalaitz

Oraintsu arte, Euskal Herrian eskualde batzuetan nekazaritza eta arrantza zen nagusi eta beste batzuetan Industria sektorea. Gure herrialdeko eskualdeetan leku gutxi zuen Zerbitzu sektoreak. 2006an, aldiz, ikuspegi hau erabat aldatu da. 1975 eta 1993 urteen artean egin ziren birmoldaketen ondoren eta nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan izandako birmoldaketaren ondoren, Euskal Herria Zerbitzuetara eskainia dagoen herri berdinduagoa da. Hala ere, ezin dugu ahaztu zerbitzuetako asko euskal industriak bultzatu duela, nahiz eta industria hau oraindik garrantzitsua izan nolabait. Hau da Udalbiltzak, Nazio Garapenerako Biltzarraren eta Gaindegiaren laguntzarekin egin duen Euskal Herria Datuen Talaiatik bigarren liburukian ikus daitekeen ondorio garrantzitsuetako bat. Bigarren liburuki honekin, gure herriak bizi duen zatiketa juridiko, politiko eta administratiboek hainbeste desitxuratzen duten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ikuspegi erreala egiantzekoagoa da.

Halaber, Euskal Herrian izan diren migrazioek gure herria harrera-leku bihurtu dute; migrazio hauek eta bizikidetasun familiar eredu berriak dira liburuki honetako beste bi gai garrantzitsu eta berri. Artikulu honetan bi gai horiei helduko diegu.

Euskal lurralde bakoitza edo herri bakoitza zehatzago ezagutu nahi duenak www.gaindegia.org helbidean topatuko ditu datu gehiago.


Lanpostuen %61,6 zerbitzuetatik dator

Egia da industriak garrantzi handia duela oraindik Euskal Herrian. Baina, egia da, halaber, gero eta lanpostu gutxiago sortzen duela, nahiz eta Zerbitzu sektorean lanpostu asko sortzea eragin. Azken 25 urteetan (1975-2001), hala ere, Zerbitzu sektorea aldatu da gehien. Kontuan izan behar dugu, Euskal Datuen Talaiatik lanaren arduradunek bildutako estatistikak 2001ean bukatzen direla Hegoaldeko lau lurraldeei dagokienez eta 1999an Iparraldeko hirurei dagokienez.

25 urtetan Zerbitzu sektorean lanpostuak bikoiztu egin dira, mende hasieran 747.000tara iritsi ziren. Gaur egun lanpostuak sektoreka horrela daude zatituta gure herrian: Zerbitzuak %61,6 (747.374), Industria %35,4 (429.661) eta Nekazaritza eta Arrantza %3,0 (36.326). Lurraldeka, Lapurdin egin du gehien gora Zerbitzu sektoreak. Hamarretik zazpik egiten dute lan hirugarren sektorean. Nafarroa Beherea eta Zuberoako datuetatik asko urruntzen da, baina baita Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaikoetatik ere. Bizkaia, aldiz, urrun bada ere, Lapurdiren atzetik doa.

Udalbiltzak aurretik aipatutako euskal erakundeekin egindako lan bikain honetako datuen arabera, esan daiteke Nafarroa Beherea dela herrialde nekazariena eta Gipuzkoa industrializatuena. Hala ere, zazpi herrialdeetan, egun, Zerbitzu sektoreak sortzen ditu lanpostuak (ikus infograma).


Emakumeak zerbitzuetan

Emakumeek betetzen dute zerbitzuetan lanpostu gehien, nahiz eta langabezia gehien izaten jarraitu. Hala, langile diren bost emakumetatik lau Zerbitzu sektoreak duen hainbat ekintzetako batean daude izena emanda. Hauei etxe-mantenuetan eta mendeko familiarren zaintzan lan egiten duten 320.845 emakume «ez langile» gehitu beharko litzaizkieke, azken hauek ez baitira pertsona «langile» moduan kontatzen estatistiketan.


Migrazio saldoa, aldekoa

Euskal ikerlan estatistiko honek dakarren beste datu interesgarri eta berria migrazio-saldoa da. Ikerlanaren azken sei urteetan, beste herrialdeetara bizitzera joan diren baino 72.684 pertsona gehiago jarri dira bizitzen Euskal Herrian. Kopuru honek migrazio-saldoa aldeko bihurtzen du. Eta gainera, benetakoa baino txikiagoa da, hauei erroldatu gabeko etorkinak, «ilegalak» edo «ez direnak», gehitu beharko bailitzaizkieke. Nafarroa Garaiak jaso ditu etorkin gehien: 46.802. Lapurdik 9.535, Arabak 7.287, Gipuzkoak 3.787, Bizkaiak 3.641, Nafarroa Behereak 1.141 eta Zuberoak 492.

Evo Moralesen nazionalizazioen eraginkortasuna ekonomikoki egokia den hala ez ikusteko gutxienez iragan beharko dute urte batzuk. Neurriarekiko kritiko agertu den ikuspegi neoliberalak dio nazionalizazioek iraganean ez zutela ezer konpondu Hego Amerikan. Eztabaida sakona da aipatutakoa, baina esaten ez dutena da 90eko hasieratik gaurdaino indarrean dauden politika neoliberal basatiek azken 50 urtetako desberdintasun handienak sortu dituztela Hego Amerikan, besteak beste, Evo Morales eta Hugo Chavezena moduko fenomenoen bultzadan giltzarri izateraino gainera.

Jon Artano

Euskal Herriko bazter gehienetan ibili da etxez etxe euskaldunen, sarritan euren inguruko azken euskaldunen, lekukotzak jasotzen. Grabagailuaren Play eta Rew botoiak behin eta berriz zanpatzen aritzeak tendinitisa ere eragin zion orain pare bat urte.

Umetan ez zenuen euskaraz egiten ezta?
Ez. Gerra ostean beldur handia zegoen euskararen kontuarekin eta... Gure ama anoetarra zen, baina hiru urte besterik ez zituela izebagana bidali zuten Donostiara eta euskara ondo ulertzen zuen arren, hitz egiterakoan segituan egiten zuen salto erdarara. Aitak seguru asko hobetoxeago jakingo zuen baina oso gazterik hil zenez... Aitaren aita oso ezaguna izan zen garai batean Donostian, Pepe Artola. Idazlea zen, bertsoak egiten zituen eta entremes deitzen ziren hamar-hamabi minutuko bakarrizketak ere idazten zituen, gainera berorrek interpretatzen zituen Antzoki Zaharrean. Oso xelebrea izan behar zuen, jendea barrez jartzen omen zuen agertokira atera bezain laster. Kontrabajoa ere jotzen zuen Donostiako bandan, kaldereroen konpartsako zuzendari izan zen... Rosario bere arrebak ere idatzi zuen euskaraz. Bi horien aitak, gure birraitona Ramonek alegia, kantu famatu bat egin zuen, Sagardoaren graziya: "Goizean sartu tabernara eta/ ateratzen naiz azkena./ Egun guztian zurrutian da...". Pentsa!, horrelako familia eta gero guk etxean euskararik ikasi ez! Desastrea.

Azkenean ordea ikasi zenuen euskara.
Gure anaietarik bat apaiza da. Anaia horri kezka erne zitzaion nonbait gaztetan eta bizpahiru lagunekin Elbira Zipitriarengana joaten hasi zen euskara ikastera. Anaiarenak izan zuen eragina nigan, gero hamabost bat urterekin adiskide talde bat mendi bueltak egiten hasi ginen. Adarrara, Andatzara, Erniora... mendien eta erreken-eta izenak ikasiz lehendik bagenuen kezka hazten nabaritu genuen. Soldaduskara joan baino hilabete batzuk lehenago hasi nintzen euskara ikasten. Maria Dolores Agirre izan zen gure irakaslea. Lizentziatu ostean berriz horretara jarri, eta ikasi nuen euskara.

Erronkarirako bidea nola egin zenuen?
Mitxelenak-eta Erronkarira 1952an egindako bidaiari buruz irakurria nuen zerbait. Egun batean Idoia, taldeko bat, etorri zitzaigun bere osabak, José Estornes Lasak, prestatutako liburu bat eskuan zekarrela: Erronkariko uskara. Lagunok lokalean Bonaparteren mapa jarrita genuen. Eta han aritzen ginen berriketan ia 100 urte lehenago mapan euskaldun ageri ziren herri haietan euskaldunik geratuko ote zen asmatu nahian. Behin elkarri kaskoa berotu eta lagun batzuk Izabara joan ginen. Han geundela José Estornesekin egin genuen topo. Esan zigun Uztarrozera zihoala emakume bat bixitatzera eta ia nahi al genuen berekin joan. Estornesekin joan eta Balbina Ederra ezagutu genuen.

Hurrengo urtean hasita, hamar bat urtez hutsik egiteke, urtero itzuli ginen Izabara emaztea, alaba txikia eta hirurok hamar-hamabost egun pasatzera. Tapiatarren ostatuan egoten ginen, oso familia atsegina zen. Etxekoandreari galdetu nion ea zaharrenen artean geratzen ote zen euskaraz bazekienik. Eta esan zidan Katalingarde etxean banuela andre bat baina sorra zela. Orduan fitxa batzuetan letra handiz galdera batzuk idatzi, «Zer eguin duzu gaur?» eta tipo horretakoak eta han joan nintzen magnetofoia eta Estornesen liburua besapean nituela, ilusioz gainezka, Katalingardera. Kax-kax-kax jo nuen atea eta alaba atera zitzaidan. Esan nion zer nahi nuen eta ezetzaren beldur nintzen arren, irribarre egin eta esan zidan: «Barrura!», eta horrelaxe hasi nintzen. Egundoko poza sentitu nuen. Antonia Anaut Garde zuen izena emakume hark. 1971. urtea zen. Hamar urte lehenago ez nekien euskaraz.

Gero Uztarrozen Doroteo de Migel ezagutu nuen, gaurko Izabako alkatearen aitona. Hark guttixeago egiten zuen euskaraz, dorpexeago. Baina oso irekia eta borondate handikoa zen. Doroteok esan zidan bazuela kosino propio bat, lehengusua, Fidela (Bernat) izenekoa.

Doroteori zor diozu orduan Fidela ezagutu izana?
Bai. Fidela-eta Uztarrozen egoten ziren udaldian baina bestela Iruñeko La Milagrosa auzora joanak ziren bizitzera. Eta Iruñean ikusi nuen lehendabiziko aldiz. Doroteoren partez gihoazkiola esan eta «sar bitei, sar bitei» (sar bitez) erantzun zigun. Oso gustura egoten zen euskaraz hitz eginez. Senarra ere han egoten zen eta Fidelak esaten zigun harengandik «éste no habla pero entiende todo» eta gizonak berriz «ésta, cuando nos casamos, hablaba el vasco como si estuviera leyendo el periódico», erraz egiten zuela adierazteko.

Elkarrizketatzera joan zaren jendea beti egon al da zuri laguntzeko prest?
Beti ez, baina gehienetan harrera gozoa egin didate. Ez daukat ahazteko aurrenekotik euskara bazekienik ukatu zidan fraide salestarra, Joakin Garrues, Ilurdotzkoa. Gurasoek bazekitela baina berak ezetz. Nondik edo handik hitzen bat ateratzeko ahaleginean txerri hiltzeaz galdetu, berari nonbait grazia egin, eta «biher dugu matatxerri!» esan zuen. Hiru hitz horien atzetik beste mordo bat ere esan zizkidan. Bukaerarako lagun egin nuen eta askotan joan nintzaion bixitan. Egun batean hara heldu eta Garrues zaintzen zuen ilobak esan zidan erorikoa izan zuela eta ohean zegoela. Egundokoa hartu zuen, aurpegia dena ubelduta zuen, eta hala ere galdeketa egiteko prest zegoela esan zidan. 87 urteko agureak, hartutako zartakoagatik grogy egon zitekeenak "ya puede empezar" esatea, izugarria izan zen.

Ia beti euskararen mugetako informatzaileekin aritu zara. Jende horiek kontziente al ziren azkenak zirela?
Bai, bai. Mariano Mendigatxa bidangoztarrak Azkueri bidalitako eskutitzetan esaten dio saiatzen ari zela bilobaren bati euskara irakasten baina zaila zela eta nahiko etsita ageri da. Zaraitzuko Espartzan berriz ezagutu nuen andre bat lau biloba zituena. Bi gazteenak berekin bizi ziren etxean. Hamar urtekoak "a mí, abuelita, no me hable en vasco" esaten omen zion, gazteenagatik aldiz kontatu zidan: "Korrek ikasiko luke. Erraten dakot: Marinica konta zagun berriz!". Eta hogeira arte kontatzen omen zuten eta gero berrogeira arte. Marinica hori gaur egun Erronkari herriko euskara irakaslea da. Lanpostu horretarako izendatu zutenean emaztea eta biok propio joan gintzaiozkion eta esan nizkion bere amonari hainbeste urte lehenago jasotakoak. Hunkitu egin zen.

Zer sentitzen zenuen zuk azken euskaldunekin hitz egitean?
Sentimendu gazi-gozoa da. Alde batetik poz handia ematen dizu azken euskaldunen arrastoan ibili eta gero bateon bat ezagutzen duzunean. Horietakoren bat harrapatuz gero zer egingo duzu ba? Aprobetxatu eta goxo-goxo egon, badakizu-eta handik bi, lau edo zortzi urtera joan egingo dela. Aldi berean konstatatzen ari zara handik oso gutxira badoala itxuraz azkenekoa den hori. Ez nuke jakingo sentimendu hori nola eman aditzera.

Ze motibazio izan duzu lanerako?
Euskaltzalea naiz, hori garbi. Kontzientzia jende askok dauka, beste gauza bat da konszientzia. Alegia konturatzea momentuan bertan hizkuntza galzorian dagoela.

Gaurko ikerlari gazteekin ere baduzu hartuemana.
Batzuk ezagutzen ditut. Orain dela urte erdi Itzaltzun familia duen gazte batek deitu zidan esanaz lagun batek koaderno bat eman ziola, eta koaderno horretan euskarazko mila eta gehiago hitz daudela Esparzako bi gizon zaharrek bilduta. Pentsa zer den hori, erakusten du gorde nahia-edo, nonbait gizon horiek bazuten ondorengoei utzi nahi zieten zerbait.

Ohorezko euskaltzain ere egin zaituzte denbora asko ez dela.
Zeinek esango zuen hori! (barrez).

Euskararen geroa nola ikusten duzu?
Nik ikertutako lekuetan oso egoera desberdinak daude. Irurtzundik Aezkoara bitarteko eremua oso handia da eta herriak oso txikiak dira, husten joan dira eta petrala da hor etorkizuna. Dena dela han suertatu izan naizenean beti egiten ditut hitz batzuk umeekin eta euskaraz erantzun izan didate gehienetan.

Argi dago EAJko senatari Iñaki Anasagasti ez dagoela batere pozik Deia-rekin. Bizkaiko egunkarian bere igandetako ohiko orrialdea egiten ez duenetik, bere blogean idazten du egunero (http://ianasagasti.blogs.com). Joan den asteko bi egunetan Deia gogor astindu zuen. Hala dio batean: «Politikarako jaio zen egunkariak zentzugabeko txitategian sartu ditu politikarien iritziak astean behin, errepikakorra eta jasanezina delako inork irakurtzen ez duen orrialdea». Beste egun batean zera dio: «Zapaterok Gara irakurtzen du, Deia inoiz ez». Eta lerro batzuk beherago honakoa dio: «Deia ere begiratzen dut, zeren eta Imaz Madrilen gosaltzen egon zenean Deia-ko zuzendaria ere bertan zegoen eta hurrengo egunean egunkariak egingo zuen analisi kualitatiboaren bila abiatu nintzen. Hutsa, ez zegoen ezer. Agentzien informazioa jorratzen zen, besterik ez. Deia-k zuzendariaren bidaia, hotela eta egonaldia ordaindu zituen gosari horretarako bakarrik eta hurrengo egunean zekarren bakarra Europa Press-ek bidalitakoa zen. Egunkari nazionalista batek egiteko, ez didazue esango ez dela mundiala». Iruzkin biak hilaren 4an eta 5ean ziren bere blogean.

Nafarroan bederen oihartzuna izan du Batasunak nafarren erabakia errespetatuko duela esan izana. Ez da berria kontua, baina joan den larunbatean Iruñean Batasunak gaia agertu zuen moduarekin, bere posizioaren gaurkotze bat ekarri zuen. Nafarroan datozen hilabeteetan biziko den eztabaida gogorrera egokitzeko beste urrats bat da. Eta beste urrats bat ematera doana Nafarroa Bai da, maiatzean zehar bere kideen arteko adostasun politikoa lor dezaketelako 2007ko hauteskundeei begira. Akordio politiko honekin batera etorriko da hauteskundeei aurre egiteko antolaketa akordioa ere. Oraintsu arte antolaketarena irailera arte ezingo zela mugitu entzun izan da indarrez, eta gaia desblokeatzeak adierazten du Nafarroa Bain ere desakordio maila batzuk gainditzen ari direla. Apurka, beraz, argitzen ari da hauteskundeetan izango den eskaintza politikoa: abertzaleen aldetik NaBai eta Batasuna edo hau ordezkatuko duen indarra, PSN, Ezker Batua eta egun Gobernuan den eskuina, UPNren markarekin, edo eskuineko plataforma gisa agertuz.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan