Xabier Mendiguren Elizegi
Gerra bat irabazten duenak erabakitzen du beti, ez bakarrik nork eta nola gobernatuko duen herri hori, baita nork duen biktima izateko eskubidea, nor izango den heroi eta nor bilau. Oso garbi ikusten da hori Estatuaren eta horren kontrako matxinatuen arteko gerra izan den gizarteetan. Kuba edo Nikaraguakoa bezalako kasuetan, gerrillariek gobernua hartu ostean, garbiketa izugarria egin zuten armada eta polizian, beren hildakoak martiri bihurtu zituzten, eta galtzaileek, Miamira alde egin ezean behintzat, isilean gorde behar izan zuten beren mina, ezkutuan miazkatu beren zauriak, haiek ere diktaduraren tresna huts eta engainatuak zirela aldarrikatzen zuten bitartean.
Matxinadak Estatuaren kontrako borroka galdu duenean, berriz, oso bestelakoa da emaitza. Mendebaldeko Europan ditugu zenbait adibide argi: Alemania, Italia, Frantzian porrot egin zuen borroka armatuak, eta militante izandakoak kartzelan ari dira usteltzen -bertan hil ez zituztenak-, euskarri ideologikorik gabe eta beren ekintzen damua adieraziz askotan, Estatuaren errukia jasotzeko asmotan.
Eta Euskal Herrian, zer? Garbi dago hemengoa ez dela ez baten ez bestearen pareko. Gure borroka enpate tekniko batean blokeatua zegoen aspaldi, eta irtenbide bakarra "garailerik eta garaiturik gabeko bakea" zen, Joseba Egibarrek errepikatu ohi zuen bezala.
Hala ere, Espainiako Gobernukoak ez daude halakorik onartzeko prest, dirudienez behintzat. Ez dute ezer aldatu nahi eta, beraz, ez dute onartu nahi ezer aldatu behar zenik, horretarako borroka egiten zenik. Horrenbestez, amore ematea besterik ez dute eskaintzen, eta egindako hutsa aitortuz gero barkaberak izateko intentzioa.
Eskema horretan, ezinbesteko tresna dira beraientzat terrorismoaren biktimak, nor izan den gerra honetan gaiztoa argi gera dadin. Kalte-ordain ekonomikoak aspaldidanik eman zaizkie -ni ados nago, baina zergatik ez zabaldu neurri hori delitu arrunten biktimei ere?-; orain, aitortza moralak aipatzen dira: kaleen izenak, eskultura publikoakà Dinamika arriskutsua da hori, alde bateko eroriei monumentua eginez gero irain egiten baitzaie beste aldeko biktimei.
Horixe baita kontua: Estatuaren zapalkuntzaren biktimak ere ugari direla gure artean. GALek edo poliziak hildakoak ez ezik, hor dira urteotan torturaturiko milaka lagunak, demokraziaren kuarteletan oinazearen eta umiliazioaren behazuna dastatu dutenak. Diskrezioa maite dugu euskaldunok, ez da inoren gustuko izaten bere minak eta penak erakusten ibiltzea. Hala ere, gainera datorkigun zaparrada propagandistikoan oreka apur bat lortzeko, onuragarria litzateke alde honetako biktimek ere beren ahotsa izatea.
Adibidez, Gasteizko Legebiltzarrean edo Iruñekoan biktimentzako batzordea sortuz gero, Estatuaren eskuetan suplizioa jasan dutenek bertan egon behar lukete eta banan-banan hitz egin; ez luke ondorio penalik izango, desagerraraziak baitaude proba guztiak, baina jasota gera dadila beren lekukotasuna, Argentinan Ernesto Sabatoren Nunca más batzordeak edo Hegoafrikar Errepublikan Desmond Tuturen Adiskidantza eta Egiaren aldeko Batzordeak egin zuten bezala.
Ulertzekoa da geure zauriak erakutsi nahi ez izatea, baina orain ezkutatuz gero bihar agian lotsarazi egin gaitzakete, geronen zaurien errudun bihurturik.
Oharra: Artikulu hau 1999ko urtarrilean idatzi eta kaleratu nuen. Ia zazpi urte eta erdi igaro dira, baina esango nuke gauzak ez direla sobera aldatu.
Xabier Ezeizabarrena
Auñamendiko gailurretik ikus daitekeen zerumuga berriaren aurrean, Euskal Herriko lurretako haranek eta herriek berdin jarraitzen dute, denborak aurrera egin izan ez balu bezala. Hala ematen du talaiatik, baina haranean behera abiatuz gero, gauzak zeharo ezberdinak dira, 2006ko martxotik ETAren su-etenak itxaropenerako bide berriak ireki baititu.
Halere, ez da helburu politikorik, funtsezkoetan funtsezkoena izanagatik, zuzenean prozesu baten azken xedetzat jo litekeenik. Gure izate indibidual hutsetik ondoriozta daitekeen moduan, baita herri gisa ere, prozesu baten ezinbesteko parte gara, inork ezin mentura lezakeen prozesu batena, prozesuak etengabe zimendatzen baitira. Horren ondorioz, ez indarrean dagoen erregimenaren jarraipena, ez erabakitasun askea, ezta independentzia ere, ezin dira prozesu zehatz baten azken xedetzat jo, taldean zein banaka izan. Bakea, berez, benetako prozesu bat da bere horretan. Erregimen totalitarioetan ez bezala, prozesu politiko demokratikoak etengabe aldatzen dira. Izaki aske eta irekiak dira. Hori da, hain zuzen, demokrazia ororen esentzia; gatazka sozial ezberdinei konponbideak bilatzeko, negoziaziorako eta elkarrizketarako gonbidapen iraunkor baten konstatazioa. Etengabeko metamorfosiaren beharrizana errealitate demokratiko ororen parte da; egoera berrietara moldatu beharra dago eta, jakina, ezinbestekoa da iritzi guztien gainetik herriaren jabe direnei galdetzea zer nahi duten: herritarrei, hain zuzen. Horra, ziurrenik, aurrez aurre dugun erronkarik handiena.
Horretan guztian, politika eta zuzenbidea oinarrizko elementuak dira euskaldunok behar ditugun aniztasun politikoa eta kohesio soziala bermatzeko. Hain zuzen ere, biak -politika eta zuzenbidea- gatazkak formulen bitartez ebazteko dauden mekanismo nagusiak dira; zuzenean ezer inposatu baino, interes eta asmo kontrajarriak uztartzen dituzte. Politika edo ordenamendua ezin dira -eta ez dira erabili behar- modu alderdikoi edo sektarioan erabili, are gutxiago euskaldunona bezalako gatazkak luzatzeko interesekin. Izan ere, bien interpretazio irizpideek parte guztientzako egokiak diren konponbideak bilatzen dituzte bake sozialaren eta justiziarekin batera. Fenomeno bera euskal gatazkaren markoa den Zuzenbide Konstituzionalari egotzi dakioke, bai Espainiako eta Frantziako maila konstituzionaletan, bai Europako Batasunaren maila makro-konstituzionalean. Gauza bera esan daiteke Nazioarteko Zuzenbideaz, ezinbesteko arloa baita erabakitasun askea bezalako gaiak lantzeko eta errealitate berriak onartzeko, edozein dela euren jatorria.
Euskal kasuan, gogoeta horien guztien manifestazioa ezin izan liteke nabarmenagoa guztion aldetik itxaropena hain agerikoa den garaiotan. Zuzenbideak, politikak eta gelditzen zaigun sen onak argi adierazten digute euskal arazoa ez dela euskalduna bakarrik; jakina, ETA erakundearen arazoa ere ez da arazo espainiarra bakarrik, euskalduna izateaz gain. Euskal gatazkaren parte diren elementu eta zauri historikoek ezin dute inoren ondare esklusiboa izan, horrek gatazkaren eta bere adarren irakurketa zeharo distortsionatzen baitu. Ziurrenik, hori izango da gure auzi politikoa konpontzeko beste gakoetako bat.
Benetako bake egoera batean, determinazio eskubideak erabat onartuta dauden oinarrizko eskubideak errespetatzen ditu. Hain zuzen, determinazio eskubideak mamitutako herriaren burujabetzaren indarrak eta birtualtasunak ekarriko dute -edo ekarri beharko lukete- gure herriaren etorkizuna. Ez da formula berria eta ez da gurea, Estatu demokratiko modernoaren teorian agertzen baita Rousseauren edo Lockeren moduko pentsalari garaikideen ahotan. Euren iritziz, gatazkak ebazteko formulan, hitza eta erabakia gizarteari dagozkio.
Horren zilegitasuna demokraziak berak ematen du, eskubide indibidualetan eta kolektiboetan oinarritzen den eraikuntza ebolutibo etengabea eta bizikidetza formula irekia izanik. Ezin da atzera egin.
Ramon Etxezarreta ( PSE-EEko kidea eta Donostiako alkateordea)
Liburuaren nazioarteko egunaren aitzakiarekin, apirilaren 23aren bueltan, gauza ugari esan ote den nago. Hori izan da behintzat nire errezeloa, bestetan baino gehixeago aritu ote diren gure inguruko komunikabideak gaiari buruz, bestetan baino ahalegin handixeagoa egin ote duten guztiek kontuari oihartzuna -oihartzun egokia- emateko eta aspaldiko kezkak sortu zaizkit.
Mezu ezkor eta ilunak izan dira nabarmenenak. Ez dakit ordea nabarmenenak izan diren egokienak edo eragin dituzten burutazioak diren bide okerrera joaten laguntzen digutenetakoak. Edozein kasutan garbi daukat beste mezu eta eztabaida batzuk ezinbesteko ditugula liburu eta irakurketa kontuetan bidean aurrera egin behar badugu.
Euskal Editoreen Elkarteak eman digu lehen nota: orain bost urte liburu ale bat bera ere irakurtzen ez zuten euskal herritarrak ehuneko hogeitabat baldin baziren, egun -editoreek beraiek eskuartean jartzen dizkigunetatik- ehuneko hogeitamaika omen dira ale bat bera ere begien aurrean jartzen ez dutenak.
Min ematen du, behintzat niri, hori jakiteak. Eta min gehiago oraindik -eta ez dut esan nahi zer ikusi zuzenik izan behar duenik, baina kasua hor dago- Euskal Autonomia Erkidegoa jotzen baitut Espainiako atzeratuena -azpigaratuena- irakurketa zerbitzu publiko eta erakundeen honekiko konpromiso ekonomikoari dagokionean.
Kezkak jarraitu egiten du eskola liburutegi bat zer den ez dakigun Euskal Herriko alde honetan. Garrantzi gutxi, edo batere ez, ematen zaio instalazio honi gure irakaskuntza -kukurrukuaren esanera- hain aurreratua eta aurrerakoia omen den honetan. Eskolak liburutegirik gabe garatu baldin badaitezke, harrigarri da ehuneko hogeitamaika bakarrik izatea liburu bat bera ere irakurri nahi ez duten herritarren kopurua.
Kezka kezkago bihurtzen da gure Hezkuntza Sailak Espainiako Gobernuaren dirulaguntza bati bigarren urtez jarraian uko egin diola jakitean, ez Espainiatik ezer nahi ez izateagatik, baizik eta gure eskola liburutegiak ondo egonik laguntza behar ez izateagatik.
Ez dauka kontuak kontsolamendurik okerragorik ere esan baldin baliteke ere. Jaurlaritzak liburuari ematen dion dirulaguntza editoreen bidez bideratzen da gehienetan argitalpen bakoitzetik hainbesteko bat erosiz gero herrietako liburutegietan banatzeko. Banaketa hori urtean behin egiten da, eta horrek esan nahi du zenbait herritako liburutegietan -kontuan izan batzuek zenbait familia ekonomiak baino aurrekontu gutxiago dutela liburuen erosketetarako- nobedade literarioak, euskarazko nobedadeak, urte bete pasako duela herritarraren eskuetara iristen. Ez da hau zergatia izango baina zerikusian ttantta bat bai agian.
Bien bitartean liburu-dendariak ere atera dira iazko erdia saldu dutela esanaz. Ez dakit esaten duten soil horretatik harantzago ezer esan nahi zuten, nik baietz uste. Liburu kontuetan alarma mezuak botatzen direnean kezka ekonomiko soila besterik ez baldin badago ere azpian, kultur kezka bat, herri kezka, kezka dotore eta sakon bat adierazi nahi izaten delakoan nago.
Zer esan? Liburuak kalera ateratzeko igandea txarra dela esanaz, eguraldi txarra duen ostiral batera aurreratzen baldin bada, helburu nagusia turistei liburuak saltzea bada, igande batean libururik erosi ezin badaà Iparraldera joan besterik ez dago zenbat liburu salgai dagoen ikusteko, zigarro pakete bat baino merkeago -han tabakoa garestiago-.
Zer esan? Eskola liburuak maileguzko eta doaneko izan behar dutela entzundakoan euskal kultura pobretzen dela entzuten denean. Egileek eskubideak eskatzen dituztela beren obren mailegu publikoagatik irakurtzen denean.
Hitz gutxiago eta ekintza serioagoak mereziko genituzke, batez ere geure buruari sartzen dizkiogun gezurrak hain gezur izan ez daitezen euskal kultura triste honetan.