Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Gaiak >
  • Selektibitatea: Iparraldeko ikasleentzat Hegoalderako hesia

2006-05-07 -- 2039.zenb

Selektibitatea: Iparraldeko ikasleentzat Hegoalderako hesia

Saioa Labaka


Ekainaren hasieran Baionako Bernat Etxepare lizeoko lauzpabost ikasle Hegoalderantz abiatuko dira, selektibitatea gainditzeko asmoz. Lizeo hori Iparraldean batxilergoa euskaraz egiteko aukera ematen duen bakarra da eta hango ikasleek selektibitatea euskaraz egin ahal izango dute laugarren urtez. Orain dela hiru urte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, UNEDek, Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak eta Bergarako UNEDek hitzarturiko akordioari esker aurkez daitezke beste behin Iparraldeko ikasleak selektibitatea egitera. Akordio horrek bide garrantzitsu bat ireki zuen: azterketak euskaraz eta Hegoaldean egin ahal izatea. Iparraldeko ikasleek Portugaleten edo Bergaran egingo dute azterketa aurten. Halaber, gutxi dira selektibitatea egitera aurkezten diren ikasleak egun bertsuetan ikasle hauek baxoa egin behar izaten dutelako. Frantziako bac azterketa, baxoa euskaldunontzat, batxilergoak balio ofiziala izan dezan ikasle guztiek gainditu behar izaten dute.

Hitzarmen horren aurretik Hegoaldera ikastera joan nahi zuen ikasleak hautaproba egiteko aukera ere hor zuen, baina UNEDek Parisen eta Madrilen dauzkan egoitzetara joan behar izaten zuen eta han gaztelaniazko azterketa bat gainditu. Hau da, edozein ikasle atzerritarrek egin beharreko bidea har zezakeen soilik. Horrek guztiak ikasketa guztiak euskaraz egindako ikaslearentzat haustura bat dakar eta Hegoaldeko unibertsitateetan sartzea, beraz, zail du Iparraldeko ikasleak.

Juanjo Alvarezek, Bergarako UNEDeko zuzendariak, antolamenduaren ikuspegitik aurreko urteetako esperientzia ontzat jotzen du. Bergarako zentrotik aritzen da Patri Urkizuk koordinatzen duen itzultzaile taldea Iparraldeko ikasleen azterketak itzultzen. Batetik, Madrilgo UNEDek bidaltzen dituen azterketak euskaratu egiten dituzte, eta, bestetik, Iparraldekoen erantzunak gaztelaniara pasatzen dituzte Madrilera bidaltzeko, hango tribunalak zuzendu eta balora ditzan. Azterketek balio ofiziala erdiesteko ezinbesteko prozesua da berau. Egoera ikuspegi akademikotik aztertuz eta emaitzei erreparatuz gero, ikasleen prestakuntzan lan handia egin behar dela gaineratu du Alvarezek. Selektibitatea gainditzen dutenen kopurua handitzea eta jende gehiago hautaproba egitera etortzea ere lortu beharrekoa da, haren ustez.

Gillermo Etxebarriak, Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak, oso ondo ikusten du UNEDen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa. Guztien indar eta borondateari esker lortu baitute hautaprobak euskaraz egitea. Urrats handi bat izan da eurentzat. Baina ez batzuek ez besteek ez dutela urrunago joateko eskumenik gaineratu du; Madrilen baitago giltza.


Selektibitatea, aukera zaila

Batxilergoa bukatze aldera gazteek euren ikasketen ibilbidea zehaztu behar izaten dute eta aukeratzea zaila izaten da askorentzat. Iparraldeko euskaldunak gustuko ikasketaren bat euskaraz egin nahi badute, Hegoaldera joan daitezke, eta horrek selektibitatea egin beharra dakar. Selektibitatea egin ala ez erabakitzea ere zaila da hauentzat. Izan ere, bidea ez da erraza izaten eta ulertzekoa da jende gutxi ausartzea azterketa egitera.

Esan bezala, hautaproba egin nahi duen Iparraldeko ikasleak zailtasun ugari ditu. Euskaraz goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko, ordura arte ikasi behar izan duenaz gain, beste programa batean oinarritutako azterketak gainditu behar ditu. Selektibitateko programa ez dator bat eurek ikasitakoarekin. Esaterako, gaztelaniak pisu handia du selektibitatean eta Iparraldeko ikasle batzuentzat hirugarren edo laugarren hizkuntza da berau. Iaz arte ikasleek ez zuten prestakuntza berezirik jasotzen selektibitatea gainditu ahal izateko. Ikasleei selektibitateko programa ematen zitzaien eta euren kabuz prestatzen zuten azterketa. Joan den urtean eta aurten, programak emateaz gain, ikasgaietan bideratuz, azalpen xumeak emanez eta zalantzak argituz pixka bat lagundu zaie. Honi guztiari beste arazo bat ere erantsi behar zaio: baxoari eta selektibitateari egun bertsuetan aurre egin beharra. Zama astuna izan ohi da bi azterketok prestatzea, Oihane Camino ikasle luzaidarrak dioen bezala: "Denbora asko pasatzen dugu baxorako ikasten eta ez dugu ia tarterik selektibitatea lantzeko. Pisutsua da bi programa aldi berean ikasi beharra; selektibitatea prestatu behar izatea lan gehigarri bat da guretzat".

Bernat Etxepare lizeoan 45 ikasle daude azken urtean; guztiak baxoa egitera aurkeztuko badira ere, lauzpabost gazte joango dira aurten selektibitatea egitera. "Kosta ahala kosta nire helburu nagusietako bat selektibitatea lortzea da. Datorren urtean Hegoaldera joan nahi dut ikastera, euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko" dio Oihana Camino luzaidarrak. Batez beste, 12-14 ikasle inguru aurkeztu izan dira selektibitatera iragan urteetan. Iaz baxoa 57 ikasleetatik 56k gainditu zuten. Azterketa hau gainditzen duen ikaslea Europako edozein unibertsitatetan sar daiteke ûbetiere Estatuko hizkuntza menperatzen baduû, Espainiakoetan eta Portugalgoetan izan ezik, hauetan sartzeko hautaprobak nahitaezkoak baitira. Selektibitatea, berriz, zortzi ikasleetatik zortziek gainditu zuten. Datuoi erreparatuz, Gillermo Etxebarriak, iazko urtea ontzat jotzen du. Halere, proba gainditzeari bakarrik begiratzea ez dela aski gaineratu du. Izan ere, hautaproba gainditzen duen ikasleak nahi duen ikasketa sailean sartzeko maila jakin bat izan beharko du; nota zehatz bat. Hegoaldean eta Iparraldean nota moldeak eta hauen balioak ezberdinak direla aintzat hartuz, Iparraldeko ikasleari zaila zaio Hegoaldeko fakultateetan sartzea.

Oztopo hauen aurrean, Gillermo Etxebarriak, hein batean, ezinean sentitzen direla dio. Baxoa gainditzen duen ikasleak edozein unibertsitaterako sarbidea zabalik izan behar lukeela gaineratu du eta are gehiago Euskal Herrian. Bitartean zirrikitu bila jarraituko dute. Zirrikituaren tamaina agintean dagoenaren borondatearen araberakoa izango da, ordea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan