Astekaria

 Ihesi 

Ihesi: Beste Urepel bateko beste artzain bertsolari bat

Estitxu Eizagirre

Estitxu Eizagirre


2039. alea
2006-05-07
alde 0    kontra 0

A-15 autobideak eramango gaitu Leitzara. Herri sarreran, garai bateko goardia zibilen kuartela eta gaur gaztetxea dena baino lehen, ezkerrera hartuko dugu. Gora eginez, Leitzalarrean sartuko gara. 8 kilometrora, tartean Iruso borda eta jatetxea pasatuta, bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu, errekastoa gurutzatuz. Bertan utziko dugu kotxea: Ixkibar atseden lekuan gaude. Presa, arbola artean mahaiak eta parrilak, erreka eskuzabala... denerako prestatua dago atseden leku hau. Nekatu gabe atseden hartzen espezialistak izaki, motxilatik hamaiketakoa ateratzen hasi aurretik ekin diogu lehenbailehen 485 metroko desnibeleko ibilbideari.

Baserritik bordara

Aurrera joz, garai batean inguruko meatzetatik ateratako espatofluor minerala garbitzeko lantegia zenaren aurrien ondotik pasa orduko, bidegurutzearekin egingo dugu topo. Marka txuri-berdedun harria dago erdian, eta guk eskuinera hartuko dugu.

Berehala joko dugun baserrian, bi zakurrek egin digute harrera. Hirurok elkarrengana arrimatu gara, makila bakarra baina hura ezker-eskubi dantzatuz daramagu eta txakurrik lotsagabeenak muturreko bat hartuta egin du atzera.

Hurrengo bidegurutzean ere eskuinera hartuko dugu eta aldapa gupidagabeari ekingo -batez beste %18koa-. Larreko zezen eta behiak udaberriko senak asetzen ari dira. Zaldiek ere sukarra jota dirudite. Ikuskizun hauei begira goazela, Miltxoko bordaren paretik pasatuko gara (ikus koadroa).

Urepelera edo Mandoegira?

Aldapa, suge luze bat bailitzan, kurbak eginez doa. Haietako batean, bidegurutzean eskuinera hartuko dugu, eta pagadira sartuko gara.

Hostoberrituta daude zuhaitzak eta era guztietako berdeek aztoratuko dituzte gure begiak: goroldioaren berde bustia, hostoen berde argi fosforitoa, gorostiaren berde iluna... Orbelak, eta lur bigunak zabaldutako alfonbran eroso goaz.

Malda gero eta gogorragoa da eta bidegurutzean eskuin hartuta, pagaditik irtengo gara. Mendiko pista zabal modukotik bidexka hestura pasatuko gara. Hainbat bidexka gurutzatuko zaizkio gureari, baina guk gureari eutsiko diogu egoskor, gora beti.

Paisaia erromantiko eta tetriko ere egiten duen behe-lainoak inguratuta, ez dago fantasmak diruditen kideengandik atzera geratzerik, bada ezpada.

Noizbait iritsi gara ordekara, eta pausoa luzatu dugu. Urepel mendiaren hegoaldeko bizkarrean gaude, eta bizitzan bezala, mugarriaren ondoko atakak helmuga erabaki beharrean jarriko gaitu: ataka zeharkatuta aurrera joanaz, Mandoegiraino (1.043 metro) iritsiko ginateke, eta handik aukera genuke Urnietara (Gipuzkoa) edo Aranora (Nafarroa) jaisteko, besteak beste. Ordu eta erdi beharko genuke Mandoegira iristeko, eta beste hainbeste handik Urnietarako. Esperimentutarako eguna ez denez, eskuinera hartu dugu, bideseinaleak ezezko gurutzea agertu badigu ere.

Tontorra

Tontorra bertan dela jakinda errazago egiten da gora, maldak bere aurpegi zailena erakusten digun arren. Lehen harriak engainatu gaitu lehen aldiz joan garenoi, gailurrekoa aurrerago dago-eta. Mendiaren aristan goaz, ezkerrera pinudia dugula.

Behe lainotan gailurra aurkitzen ere kosta egin zaigu. Behin baino gehiagotan egoera horretan tokatu denen batek idatzitakoa izan behar du tontorreko harriak: «Hobe da bidean galtzea baino atzera egitea».

Gidari aritu zaigunaren hitzetan ikusi behar izan dugu 1.056 metrora dagoen gailur honetatik goza daitekeen paisaia. Baietz, bertatik ikusten omen dira Aiako Harria, Larrun, Mendaur, Saioa, Erakurri, Iriber, Antxueta, Irumugarrieta, eta baita Txindoki, Ernio eta Adarra ere. Sentitzen dugu, behe lainoak ez digu argazki hori eskaintzen utzi.

Itzulera

Mendia beste aldetik jaistea da itzulerarik egokiena, beste ikuspegi bat eskuratzeko. Baina tontorreko aholkuari kasu eginda, igotakotik egin dugu behera.

Ixkibar atseden lekuan indarrak berritu, eta indarrez dagoenarentzat, beste bi ibilbide badira aukeran, 6-7 kilometro ingurukoak: Plazaola trenbidera jaisten da bata, eta Arramiako lepora igotzen da bestea. Bideak markatuta dituzue. Gure gomendioa Aritzaundi lepora joatea da (10 minutura dago), 1888ko elurteak bota zuen haritzarraren berri izateko, eta pixka bat aurrerago segituta, Izaieta pinudira (ikus koadroak).

Izaieta

Abies alba izeiek osatutako multzoa, Monumentu Natural izendatua dago eta 1832. urtekoa da. Jatorrian mintegia zen, herritarrek ebakitzen zuten zuhaitz bakoitzeko sartu behar zituzten 10 zuhaitzak biltzen zituena.

Gaur egun, lorategi botaniko modukoa da, 37 espezie dituena bere azalpen fitxa eta guzti. 40 metrotik gorako izeiak ikusi ahal izango ditugu.


Miltxoko bertsolariaren borda. Elurrak galdu zuen Urepeleko artzaina

Leitzan ezagutzen den bertsolaririk zaharrena Miltxoko artzaina da, Leitzalarrean bertan bizi zena. Negu gorriak paraje hauek gogor astintzen zituenaren testigantza utzi digute bere bertsorik ezagunenek:



Azarotik asita

bost illabetean,

or egondu geranak

beti elurpean:

gogor egin diogu

bolada batean

mendiko gorostiak

zirauten artean



Larogei ernariak

gaiñera antzuak;

txaolako kamaiñetik

aientzat pentsuak;

gero olen gañian

an ziran kontuak!

Artzaiak eiñen dire

urrengo santuak!



1829-1830eko elurte ikaragarriak galarazi zizkion ardi denak eta Amerikara joan behar izan zuen, Benito Luxea leitzarrak kontatzen duenez: «Miltxoko amun arrek esana dakit nik, nola yoan omen zen artzai ori Ameriketa, elurten baten artalde guzie Leitzelarren galduta. Mutikotan morroi etorritte, etxeko artzai bertan geldittue emen zen; da artzai ona izakio, ta Leitzeko artaldeik obena omen zeuken gañea Leitzelarren; baño elurte ikaragarrin batek ardi guzik galdu, ta Ameriketa yoan omen zen gizajoa».

Iturria: Leitzako errege erreginak, Patziku Perurena.


Aritz Aundi

Leitzan jasandako elurterik famatuena 1888koa da, «jitoak amuna yan zutenekoa». Elurte ikaragarri hark bota omen zuen lurrera Leitzalarreko Aritz Aundi sonatua ere, ondoko argazkiak erakusten duenez. Haren oroigarri, bere perimetroa markatzen duten harriak daude jarriak, eta Miren Iruritaren bertso hau:



Milla zortzireun loregei eta

zortzigarrengo martxoan,

elurte arek etzan zintuen

Ama lurraren altzoan,

oroitarri au ezartzen dugu

eun urte betetakoan,

Aritz berri bat bertan aldatuz

zarraren zañen ondoan,

leitzarrok beti gorde dezagun

«Aritz Aundie» gogoan


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2038
 
azala2037

2039 zenbakia.
2006ko maiatzaren 07a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia