Hartan, hamalau bat urteko gazte-talde bat sartu da bi irakasle gidari dituztela. Hogeita hamar bat neska-mutil dira guztira. Elizaren ezker aldeko lehen aulki-ilaretan eseri dira. Irakasleetako batek zirkin egin dio nesketako bati. Neska ikasleen aurrez aurre jarri da. Paper batzuk atera ditu karpeta batetik. Ez dago urduri, egiten dituen keinu eta mugimendu guztiak natural-naturalak ateratzen zaizkio. Elizaren ezaugarri artistikoei buruz hasi da hizketan. Ondo prestatua du gaia, jario gozo eta bizkorra du, oso bakanetan begiratzen du apunteetara. Ikaskideek arretaz segitzen dituzte neskaren argibideak. Eta naturaltasun osoz. Nabarmena da ohituta daudela halako ekitalditara. Aldian behin ikasleren batek eskua jaso eta galderaren bat egiten dio neskari, hark ere jario handiz eta natural. Galdera guztiei erantzun die neskak. Saioak hogei bat minutu iraun du. Bukatu denean, neska-mutilak elizan sakabanatu dira, talde txikitan, neskak esandakoak hobeto begiratzeko.
Neskaren jardun jariotsuak eta galderaren bat egin dutenenak ahoa bete hortz utzi du nirekin den laguna. «Hori, Euskal Herrian, ezinezkoa!», atera zaio.
Italiarrek hiztun fama dute. Berezkotik ere izango dute, jakina, baina Italiako eskolak garrantzi handia eman dio beti ahozkotasunari. Italiako eskoletan ohikoa izan da beti deklamatzea, klasekoen aurrean gairen bati buruz mintzatzea, testuak buruz ikastea, debateak egitea, beti ere hizkeraren jarioa zaindu eta bizitzeko.
Elizatik irten eta, elkarri hitzik egin gabe, terraza batean eseri gara laguna eta biok. Eskatu ditugun bi Nastro Azzurroak ekarri dizkigute. Etsipenak jota eta isilik segitzen dugu. Seguru nago «Hori, Euskal Herrian, ezinezkoa!» generabilela kabutan. Eta baita gure gaztetxoen jardun zangalatrabatsua, etena, motela -eta erronkatsua- ere.
Korporatibismoa
Korporatibismoa deitzen zaio elkartasunerako jarrera bihotz zabal horri, eta hitzaren erabilera hori berri samarra bada ere -berez, korporazioak sortzea helburu duen sistema sozio-ekonomikoari deitzen zitzaion hala oraintsu arte-, korporatibismoaren gaitza ez da berria. Adibide bat baino gehiago ditugu literatura klasikoan, filosofoen protesta bat ere barne Alejandro Handiak esku-lanik ez egitea kritikatu zielako. Baina gogoratzen dudan kasurik bitxiena hemezortzigarren mendekoa da. Ezaguna da Voltaire filosofoa Prusiako Federiko IIaren adiskide mina izan zela. Ezaguna, halaber, bien arteko urtetako adiskidetasuna eten egin zela momentu jakin batean. Gutxi ezagutzen dena, hausturaren motiboa da. Voltaireren Luis XIVaren mendea liburuak izan zuen, antza, errua. Bertan, Le roi soleil delakoaren meritu begi-bistakoak txalotzeaz gainera, filosofoak gogor kritikatzen ditu haren autoritarismoa, megalomania eta erregetzaren zentzua. Federiko II mindu egin zuen liburuak, baina ez Voltairek Luis XVIari buruz esandakoak oker zeudelako, errege bat -ia ehun urte lehenagokoa!- modu zorrotz hartan epaitzera ausartu zelako baizik.
Ibilian-ibilian eta ikusitakoak ikusita, egia izango da erregeak direla korporatibismoaren premia handiena dutenak. Eta gizarte honek, gupidaren gupidaz baitago gupituta monarkiaren egoera txit gupidagarriarekin, urtero-urtero ospatzen du Errepublikaren eguna errege jatorra eta monarkia probidentziala ezertan kritikatu gabe.
Ikonografia
Egia bada irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, lau argazki horiekin egindako foileto hitzik gabea argitaratzeko proposatuko nioke gure unibertsitateari. Manual egokia litzateke historia garaikideko klaseetan. Edo semiotikakoetan. Edo publizitateari buruzkoetan. Edo psikiatriakoetaną
Baina unibertsitateak liburua argitaratuko ez balu ere: irudiok gure begi-ninien memorian gelditu dira garai jakin baten adierazgarri.
Su-etena
Su-etenarekin itxaropentsu? Bai, baldin presoen egoera konpondu beharrezkoak ez badu hildakoen memoria ahultzen, estaltzen.
Su-etenarekin kezkarik? Bai, baldin alderdietako oilarren kezka bakarrak nork bere oilategia zaintzea badu helburu.
Su-etenak izango du atzera bueltarik? Ez. Bai, zera. Nola ba! Ezinezkoa da! Baina ezetz esaten genuen eta aurrekoan ere oraingo konbentzimendu berdintsuarekin...
Aharrausika
Goethek zioen inor hasten zitzaionean nazioaren arriskuaz edo heriotzaz hizketan, aharrausika hasten zela, uste baitzuen esaten ziotena ez zela abertzalekeria gizentzeko erretorika besterik. Erretorika hori, ordea, desagertuak uste genituen mamuak berpizten eta indartzen ari da Espainiako partean: frankistak, falangistak, joseantonianoak...
Erreketeak ikusten hastea bakarrik falta zaiguą
Aho-bizarrik gabe
- Emandako hitzak hitz hartaz fidatu dena konprometitzen du, ez hitza eman duena (Jacques Chirac).
- Italia nire enpresa handiena da (Silvio Berlusconi).
Eskarmenturik ez
Goiko testua Bushen edo Blair-en aurkariren baten predikutzat hartuko zenuen noski. Orain laurogeita sei urte idatzitako hitzak dira: 1920 urtean Britainiar Inperioak Irak inbaditu zuenekoak. Hitz esanguratsu horiek, berriz, Thomas Edward Lawrence idazle eta espiarenak dira. Arabiako Lawrence gisa ezagunagoa egingo zaizunarenak.
Botereak hori du abantaila: eskarmentua, orotan, besteen bizkar.
![]() |
|
||||
2039 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa