Astekaria

 Azkena 

Ez fijau!

Nekane San Miguel

Nekane San Miguel


2039. alea
2006-05-07
alde 0    kontra 0

Aspaldi kontatua dit lagun batek ondoko gertaera. Egia omen, eta gogoratzen dudan moduan doakizue:

Bere familia arteko norbait baserritik kalera gutxitan jaisten, eta halako batean hor non aurkitzen duen Eibarko kaletan, buru makur, begiak altxatzeko beldurrez. Gure lagun honek hala zihoana ezagutu eta gelditu zuen, galdetuz: "Hi, baina, zer pasetan jak hola joateko?". Eta besteak erantzun: «Mutil, mutil, ez dok ba ikusten orma guztietan zer jarten daben: Prohibido fijar en paredes. Multa». Fijatze hori "fijarse" zelakoan bere erdara urrian eta isunaren beldurrez, hor zihoan, begiak "lurrera" fijatuz.

Ez dakit zer ikusiko lukeen gure lagun honek oraingo honetan gure kaleetan bueltatxo bat eginez gero. Buru makur joan, edo "ormetan fijetan" ibili, antzera jabetuko litzatekeela milaka kartelek diotenaz uste dut, hamaika pintadek esan nahi ote dutenaz. Alde batetik, kartel jartzaileek eta halako pintoreek garrantzi handia ematen diotela euren ahotsaz -mezuaz, hobe- "guztiok" jabe gaitezen diote, baina bestetik noraino den hainbestekoa inportantzia hori zalantzan jartzen digute, idatzitakoak eta ezarritako kartelak zaharkituz, hilabetetan, urtetan hor gelditzen direnean eta ongi "fijatuz" ere, ez dakizu noizko deiaz ari diren, edo ongi etorria eman behar zaion horrek bihar irtengo duen -"Ostegunean, denok plazara"- edo duela bi, hiru edo lau urtekoa den "notizia" denok jakin beharreko "berri" hori. Mezuetan ere berrikuntza gutxi, batenak zein besteenak, eta hala, jaramona ere neurrian.

"Eta zer? -esango du batek baino gehiagok- total, egoera ere bera baldin bada?!". Mezuak berean horregatik dirau. Baina pena ematen du hainbesteko lana -eta batzuetan arriskua- egileak berak ere ez balioztatzea. Bere lana benetan garrantzizkoa irudituko balitzaio, lehengoa kenduko luke berriari lekua egin baino lehen. Hala, tartetxo bat utzi, eta data, egoera edo pertsona "berriaren" arazoaz jabetuko ginateke, hutsune horiek faltan botaz.

Askok dauzkagu gogoan Eibarra joan zen gure lagun horrek bizi izan zituen garaiak eta lehenxeagokoak ere. Egun hauetan lehentxoagoko horietan hormatan fijaturik jartzen ziren kartel eder batzuk ikusteko aukera izan dut. Izan ere, Bartzelonan Errepublika garaiko kartelen erakusketa benetan hunkigarriaz gozatzeko aukera ukan dut pazkoetan. Ez zen teknika berria "propaganda" halako baliabidez egitekoarena -martxoan ere hor zen, hiri berean Toulouse-Lautrec pintoreak margotutako kartelen oso bestelako erakustaldia-, baina oparo heldu zen kartelismoarena Espainiako Errepublika sasoietara. Marrazkia, mezua, ongi zainduz. Bartzelonan kartel horiek ikusita, lehen aipaturikoa etorri bazait gogora, 1931 apirilaren 14a burura datorkidan guztietan sortzen zaidan sentimendu bera ere ailegatu da: ekologiaz, langileen edota emakumeon eskubideez, hezkuntzaz ziren mezuak, gaurkotasun osokoak, eta berriz ere ezer asmatu ez dugunaren sentsazio horrez gain, 1936tik ia gaur arte zenbat lapurtu diguten berriz ere gogora. Garai haietan bizi izan banintzeneko tristura eta larritasun antzeko zerbait eztarriraino. Eta niri, urte horiek pasa eta askoz ere beranduago jaio nintzenari, halakorik badatorkit, nolakoa ote mina esperantzatik hutsera abiarazitakoentzat -heriotzaraino bideratu zituztenen bihotzetan sor zitekeena! Edo, bizirik iraun eta hainbeste lortzeko bidean hasi eta etsipenez elkar bizi behar izan zutenekoena!-. Memoria omen herrien biziraupen duinaren zutabe eta agian, ez dugula ezer asmatu onartuz, bakoitzari bere lekua ematen hasiko bagina? Errazago ote lapurtutakoa berreskuratzea, berandu bada ere?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2038
 
azala2037

2039 zenbakia.
2006ko maiatzaren 07a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia