Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-07 -- 2039.zenb

Jakoba Errekondo


Nafarroan monumentutik bada! Baita zuhaitz monumentalak ere. Hauetako batzuk monumentu natural izendatuta daude, hogeita hamar bat: Eraulgo artea, Erralako erkametza, Jauntsarasko haritzak, Austegiako hagina, Zangotzako zumea, Iruñeko sekuoiak, Orbaitzetako hurritza, astigarra eta pagoaà

Intxaurrondoen artean orain arte monumentu izena merezi duen bakarra Erronkariko Gardeko arboltzarra da. Bisita bat merezi du; pixka batean bere itzal izan eta monumentuaren zergatiaren neurrietaz jabetu: ia hogei metro garai, gerrian -lurretik 1,3 metrora- 4,14 metroko perimetroa edo 1,32 metroko diametroa eta, harrigarriena, bere buruaren itzala: 683 metro karratu! Herri osoa ere erromerian bere altzoan ederki hartuko luke, berrehun eskas gardetar dira.

Ofizialki izen hori ez badu ere, monumentu ederra den beste intxaurrondo ikusgarri bat Ierriko bailaran dugu. Irantzuko monastegiaren sarreran. Batzuek 300 urte eta beste batzuek 700 dituela diote. Norbaitek gogor lepatu zuen egunen batean eta gaur ikaragarrizkoa izango zen arbola lorontzi baten gisan utzi digute, enbor motza eta lau adar. Enbor motz horren 4,7 metroko perimetroak inoiz izandako alimaleko intxaurrondoaren berri ematen du. Lepatuta, ordea, adaburu txikia. Irantzutar guztiak bere altzoan hartzeko adina bai, bi teatino besterik ez baitira bizi bertan.

Garai beretsua girotzen digute bi monumentuok, Euskal Herri mediterraniarra eta atlantiarraren arteko muga, garia, mahatsa eta oliba barra barra egiten zuen hegoaldekoa nagusi zenekoa, alegia. Muga horretan bien bizitokiak ez dira nolanahikoak: biak altura beretsuan daude, basoan haritzaren eta pagoaren nagusigoak topo egiten duen mugan. Hainbeste muga, zaildu beharkoà Honengatik iraun ote dute monumentuok?

Jabier Agirre


Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak babesteko sortutako OCU erakundeak 130 saltoki bisitatu ditu, pisuarekin eta osasunarekin lotutako gaietan kontsumitzailea behar bezala informatzen ote duten jakiteko. Eta ikerketaren ondorio nagusia da saltoki horietan -farmaziak, parafarmaziak, senda-belarrak eta dietetikako produktuak saltzen dituzten dendak- aritzen ziren profesionaletako askok ez zizkietela aholku egokiak eman, gainpisua zela-eta bertara joan zirenei.

Pisua eta pisuak gure osasunean duen eragina da jendea gehien kezkatzen duen osasun-arazoetako bat. Ustez argaltzeko produktuak saltzen zituzten 66 farmaziatan eta 64 establezimendu ez-sanitariotan ikerketa bat egin zuten OCU erakundeko lankideek. Emaitzak ez ziren oso positiboak izan, farmazien %43k eta gainerako denden %57k ez baitzuten aprobatu planteatu zitzaien azterketa.

Farmazietan, OCUko lankideek, pisu osasungarria izanik ere, 4-5 kilo galtzeko aholkuak eskatu zituzten. %47k bakarrik eman zuten aholku egokia -jan-neurri bariatu eta orekatua; ur ugari edatea; kalorien kopurua murriztea, eta ariketa fisikoa edo kirola neurrian egitea-. Azterketa zehatzago bat egin ordez, edo irizpide zuzenak erabili ordez -gorputz-masaren indizea, esaterako-, kasu askotan establezimendu horietan saltzen zen produkturen bat eskaini zieten, baina nola hartu behar zen esan gabe, zenbat denboraz, produktu horrek zituen kontraindikazioak edo beste medikamentuekin izan zitzakeen interferentziak aipatu gabe.

Saltoki ez-sanitarioetan, pertsona horiek bere ahizparentzat -87 kiloko pisua eta 1,60 metroko altuera zuen neska gaztearentzat-, pisua galtzeko aholku bila joan ziren. Eta saltokietako %35ek erantzunik onena eman zieten -zoaz medikuarengana-, %64ak jan-neurria aldatzeko premia aipatu zien eta %31k ariketa fisikoa egitea. Baina aztertutako saltoki ez-sanitarioen %41ak, aholku horiez gain, salgai zeuzkan produktuetakoren bat eskaini zien, pazientea ikusi eta batere aztertu gabe.

Joxerra Aizpurua


Txernobilen ondorioak Europan

1986ko apirilaren 26an Txernobilgo 4. erreaktorea lehertu zenean Ukrainiako, Errusiako eta Bielorusia bete-betean harrapatu zituen askatutako erradioaktibitateak. Hurrengo egunetan erradioaktibitatea Europako leku askotara barreiatu zen. Datu hauek ezagunak izan dira ia hasieratik, baina inoiz ez da argitara eman leku bakoitzera zenbateko erradioaktibitatea barreiatu zen. Joan den astean Frantziako erradio-babeserako eta segurtasun nuklearrerako Institutuak (IRNS) datu gehiago eman ditu Txernobilek eragindakoari buruz.

Laino erradioaktiboa hauts eta hondakin nuklearren partikulez osaturik zegoen eta Europan zehar barreiatu zen 1986ko maiatzaren erdira arte. Partikula nuklearren dentsitatea galtzen joan zen egunek aurrera egin ahala eta istripu-lekutik distantzia handitu ahala.

Frantzian maiatzaren lehenean neurtu zen partikula-kopururik handiena, hamarka becquerel batzuetakoa hain zuzen ere. Une horietan Txernobilgo inguruetan kutsadura 10 milioi becquerel-ekoa zen.

Horietako laino batean dauden hiru elementu erradioaktibo nagusiak iodo 131, zesio 134 eta zesio 137 dira. IRSNak mapa animatu bat prestatu du zesio 137 elementua jarraituz. Mapa horren arabera, estatu baltiarrak eta Eskandinavia izan ziren eragina jaso zuten lehen europarrak eta ondoren Europako mendebaldera barreiatu zen lainoa, Espainia eta Portugalera hain zuzen ere. Azkenik, Balkanetara eta Europa Erdira jo zuen.

Frantzian ez da tiroideen minbizien hazkunderik nabaritu Frantziako osasun zaintzarako institutuak dioenez; ez da horrela izan Ukrainia, Bielorusia eta Errusian, horietan minbizien kopurua asko handitu baita, batez ere haurren kasuan. Datu zehatzak ez dira eman eta ezkutatuta mantentzen direla uste da, zeren eta sekretismoa ikerketara ere ailegatu baita. Hauxe da Bielorusiako Iouri Bandajevski ikerlariaren kasua, beren ikerketen txostenak zentsuratu egin baititu Bielorusiako Gobernuak eta ondorioz, Frantziako Estatuan, Clermont-Ferrand-en hain zuzen ere, finkatu du bere ikerketak aurrera eramateko lekua.

Ikusten den bezala datuak tantaka ateratzen dira eta datu horien gaineko presio politikoa izugarria da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan