Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-07 -- 2039.zenb

Katixa Garate


EAEko biztanleen erdia ohiko irakurle da

Halaxe dio Precisa Research enpresak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Editoreen Elkartearen eskariz egindako inkestak. Hamalau urtetik gorako 900 laguni iaz gaztelaniaz egindako elkarrizketen ondorioak dira ondorengo datuak. EAEko herritarren %52,2 ohiko irakurle da, alegia, hilean behin edo maizago irakurtzen dituzte liburuak. Eta %31,6k ez du inoiz libururik irakurtzen. Irakurleen %3,1ek egiten du euskaraz, eta gaztelaniaz irakurri ohi duen beste %95,8 horretatik %27,3k euskaraz ere irakurtzen duela dio. Inkestaren arabera, euskarazko irakurlearen profila honakoa da: emakumea da, 24 urtetik beherakoa, ikaslea, gipuzkoarra eta lehen edo bigarren mailako ikasketak ditu.


Debagoieneko II. Trikitixa Eguna

Trikitiak bultzada handia izan du azken 10-15 urteetan Debagoienan. Bailarako zortzi musika eskolatan irakasten da trikitia eta guztira 350 ikasle ari da trikitia edota panderoa ikasten. Ugari dira baina gutxi ezagutzen dute elkar. Hutsune hori betetzeko, antolatu zuten iaz Debagoieneko I. Trikitixa Eguna. Arrasateko herriak Aretxabaletari eman dio lekukoa eta hark antolatu du aurtengo Trikitixa Eguna. Maiatzaren 6an ekitaldi andana izango da: kalejirak, trikiti jaia, erromeria Trikizio taldearekin, Kepa Junkeraren kontzertua... Larunbata aurretik ere izango da zertaz gozatu. Ostegunean Tapiak kontzertua eskainiko du eta ondoren triki-afaria izango da Pomada taldeko Carlesen eskutik. Ostiralean The Solanos ariko da zuzenean.


Folklore azoka Portugaleten

Elai-alai kulturuneak eskarmentu handia du Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatzen. Orain beste erronka bati heldu dio eta Folklore Azoka apailatu du maiatzaren 6 eta 7rako. Portugaleteko hornidura azokan ekitaldi andana izango da: dantza tradizional emanaldiak, kontzertuak, tailerrak, artisautza, hitzaldiak... Eragile ugarik hartuko du parte: Ikerfolk, Bertsozale elkartea, Euskal Dantzarien Biltzarra... Bestalde, folk musika taldeen lehiaketa egingo dute azokan bertan. Izena emandako taldeek emanaldiak eskainiko dituzte azokako agertoki nagusian eta irabazleak disko bat grabatu ahal izango du.


AnimaBasuri eta NEFF bigarrengoz

Zinemaz gozatzeko aukera ugari izango da datozen asteetan. Maiatzaren 7a bitartean, animazioari eskainitako jaialdia izango da Basaurin. Herrialde askotako film labur nahiz luzeak ikusi ahal izango dira. Erakusketak (animazio filmen kartelena, Donkey Xote filmaren ingurukoa), mahai-inguruak eta atzera begirakoak (Signe Baumane eta José Pozori eskainitakoak) ez dira faltako. Gasteizko NEFF jaialdiak europar zinema berriko film sorta eskainiko du maiatzaren 5etik 13ra. Film labur eta luzeen sariketez gain, Belgika eta Alemaniako zinemaren eta musika zinemaren gaineko zikloak eskainiko ditu.


Argazki Bilera Zarautzen

Hamalaugarren urtea du Zarauzko Photomuseumek antolatzen duen Argazki Bilerak. Tolosako (Okzitania) Chateau d'Eau museotik ekarritako bilduma ikusgarriarekin osatutako Paisaiak, denboraz gaindiko generoa erakusketa jarri dute Photomuseumen, hilaren 28a arte. Herriko hainbat aretotan Martín Chambi, Florencia Maillo eta Angel Alonsoren argazkiak jarri dituzte eta hitzaldiak ere izango dira.


Haizea dantza elkartea sortu dute Nafarroan

Aurtengo Dantzaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak prestatzeko sortu berri da Haizea elkartea, baina hori abiapuntua besterik ez da, Nafarroan dantza bultzatzea baitute helburu. Dozena bat taldek sortu dute, Iruñea ingurukoak gehienak. Dantza garaikideko eta klasikokoak gehienbat, baina bada capoeira eta sabel dantza talderik. Orain elkartea ezagutarazteko lanak egiten ari dira, jendea eta dirua biltzeko. Bulegoa Barañaingo auditoriumean paratu dute.


Gusa Rock elkartasun kontzertuak

Urte hasieran Nok taldeko gitarra jole Raul Gallegok, Gusak istripua izan zuen Hatortxu Rock jaialdian. Tetraplegia diagnostikatu zioten medikuek Gusari eta haren lagunek, senideek eta Hatortxu Rock jaialdiko antolatzaileek hainbat kontzertu antolatu dituzte hari babesa emateko. Lehena Iruñean izango da maiatzaren 5ean, hurrenak Durangon 12an eta 13an eta azkena Bartzelonan izango da ekainean. Besteak beste, Betagarrik, Mareak, Kaotikok, Bebek eta Nok taldeak hartuko dute parte kontzertuotan.


Rosa Valverde (Donostia, 1953) artistak erakusketa zabaldu du Izurako Haize Berri kultur etxean. Maiatzaren 28a arte Valverderen obrako berrogei margolan ikusi ahal izango da.

Javier Zubimendik idatzitako Kastillako dorreak antzezlana estreinatu dute 140 hernaniarrek. Kartzelaren izugarrikeriari buruzko antzezlana da. Zuzeneko musika, grabatutakoa, dantza garaikide eta tradizionala... entzun eta ikusi ahal dira ikuskizunean. Rol nagusiak Ander Lipusek eta Iñigo Aranbarrik jokatzen dituzte. Oraingoz Hernanin antzeztu dute baina ez dute baztertu herritik kanpora egitea.

Atomoogk musika talde gasteiztarrak Zerutik eskegita diskoa plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Duela zortzi urte jaiotako taldeak trip-hopa, elektronika eta rocka nahasi ditu diskoko hamabi abestietan. Zazpi abesti euskaraz abestu dituzte, bat ingelesez eta beste lau instrumentalak dira.

Ados antzerki taldeak Fernandor Trías Bes ekonomialariaren El vendedor de tiempo saiakera antzerki musikal bihurtu du eta maiatzaren 4tik 7ra estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean. Besteak beste, Lierni Fresnedok, Ainhoa Aierbek eta Koldo Losadak egingo dituzte aktore lanak.

Xabier Mendiguren Elizegik lau ipuin luze edo lau nobela labur bildu ditu Arima enkoniatuak (Elkar) liburuan. Egileak aipatu duenez, emakumeen psikologian barneratzeko saioa egin du ipuinotan.


Hasier Etxeberria idazle eta kazetariaren hitzok jaso zituen Garak: «Iruditzen zait kritika erabiltzen dugula euskal literatura bat benetan balego bezala funtzionatzeko. Eman ezin diezaiokegun legitimazio baten bila gabiltza kritikaren bitartez (...) Euskal hedabideetan publikatzen den kritika oro har oso luzea da. Eta oso epela. Kritikoaren luzimendurako egina, eta zein jator eta zein artaldeko den erakusteko. Benetako pasiorik ez dut ikusten. (...) Kritiko erreferentzialak falta zaizkigu».

Deabru Beltzak antzerki taldeko Garbitxuk adierazpenok egin zizkion Ukri: «Mundu mailako eskarmentua lau urtetik honakoa da. 2005ean, zehazki esateko, gure konpainia izan da herri eta hiri gehien bisitatu duena. Horrek erakusten du, besteak beste, Euskal Herria bezalako herri txiki batean antzerkia egin egiten dela eta antzerki hori kalitatezkoa dela».

Jokin Elorza Sei Urte taldeko musikariak Matrakari: «Orain ematen du autogestioa dela taldeen ia-ia irtenbide bakarra. Gainera, disketxe gutxiago badago, bertan sartzeko aukerak ere murriztuz doaz. Autogestioa da geratzen zaiguna. Baina hori ondo dago, talde guztien utopia izan da beti, hau da, norberak egitea ekoizpen guztia. Orain egoerak behartuta gauzatzen ari da hori, baina guztion ametsa dena kontrolatzea da».

hemeroteka

2038. zenbakia | 2006-04-30
2036. zenbakia | 2006-04-16

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan