Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-05-07 -- 2039.zenb

Pirinio-Atlantikoetako PSk maiatzaren erdi aldera erabakiko du Baterak eskatzen duen erreferendum deialdiari baiezkoa ala ezezkoa emango dion. Ipar Euskal Herriko PSren baitan, dena den, aldaketak izan daitezke eta Euskal Herriko Kazetak jakinarazi duenez Jean Espilondo ezik gainerako kontseilariak erreferenduma egitearen aldekoak lirateke. Egunkari honek jakinarazi duenez, halaber, su-etenaren iragarpena baino hiru egun lehenago PSEko buruzagi Jesus Egiguren eta Pirinio-Atlantikoetako PSko lehen idazkari Pierre Chereten arteko bilera izan zen Donostian.

Mikel Asurmendi


Zarauzko udalean EBko zinegotzi bakarra da gure solaskidea. Gipuzkoako Batzar Nagusietan berriz, alderdiko beste bi kiderekin ari da. Bietan oposizioan dihardu, bistan da. Udal politikaz abiatu dugu elkarrizketa, diputazioaren aferaz amaitzeko.

Udaleko hirigintza, pertsona eta ekonomia batzordean diharduzu. Egiguzu legealdiari buruzko balorazioa.
Oposizio lana oso gogorra da udalean. EB ia ezkerreko alderdi bakarra da. PSE-EEko bi zinegotzi ari dira, baina bizkartzainekin segitzen dute -PPk ere bi ditu-. Egoera hau ez da egokia, noski. Halaber, ezker abertzalearen hautagaiak kanpoan geratu ziren. EB Alderdien Legearen aurka dago, egoera ez da batere demokratikoa. Udal gobernua berriz -EA-EAJk osatua- maiz prepotente xamar aritu da legealdian, gehiengo osoa du eta.

Zein izan da zure taldearen egitasmoa eta ekarpena?
Bi proposamen zehatz eta egokiak planteatu genituen 2003an: hirigintzaz eta herritarren mugikortasunaz. Hirigintza arloan Itsasmendi ondoko lurzoruetan 500 etxebizitza babestuak egitea proposatu genuen. Lur gehiena udalarena zenez egingarri ikusi genuen. Proiektua ez zen onartu, aurrera egin izanez gero hobeto ginateke, dudarik gabe. Aitzitik, udalak parke industrialaren proiektua gauzatu du eta ez da egokia, lekunea erresidentziala delako. Mugikortasunari dagokionez, oinezkoen eremua zabaltzeko proiektua aurkeztu genuen, barnealdea hobeto antolatzeko nahiz bidegorriaren proiektu integrala egiteko. Plangintza bat eratu da baina oraindik emaitza gutxi ikusi dugu. Hirigintzan gure proposamenak sozializatzen ari gara, nahiz eta udal gobernuak ez dituen onartu nahi. Bestalde, arau ordezkatzailea berritzen ari gara eta proposamen zehatzak egin ditugu: Asti eta Talamendi guneak kontserbatzeko eta hirigintza sostengarri baten aldeko proposamenak egin ditugu. San Pelaio inguruko orubetan alokatzeko etxebizitza sozialak egiteko plan bat proposatu genuen eta oposizio osoaren babesa jaso zuen, gazteentzako apartamentu babestuak egin behar ziren. Hala ere, gobernuak gehiengo osoa du eta gure proposamena ezabatu du.

Gaztetxearen inguruan hainbat gorabehera izan da. Azaldu iezaguzu gertatua.
Gaztetxearen inguruan lehenago aipatutako prepotentziaren erakustaldi bat izan zen. Guk Gaztetxearen inguruan behar bat zegoela ikusi genuen, Xakela kolektiboko gazteek proposamen zehatza zeukatela. Gazteen ekintzak ondo iruditu zitzaizkigun eta soluziobidea negoziazio bidez gauzatzea zegoela, baita fabrika okupatuaren jabearekin akordioa lortzeko aukera zegoela ere. Hori proposatu genuen eta udalak irainez erantzun zigun. Denborak azkenik arrazoia eman digu. Gazteak eta udala akordio batera iritsi ziren, baita EBk proposatutako negoziazioaren aldeko jarrera egokiena zela ikusi ere.

Gipuzkoako Batzar Nagusietara etorriz, nola baloratzen duzu EAJ-EA koalizioak daraman politika, orokorrean?
Diputazioetan -Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian- EAJk ez du Jaurlaritzan bezala jokatzen. Jaurlaritzan neurri progresistagoak hartu ohi dira, hemen berriz, jarrera neoliberalek indar gehiago dute. Diputazioak eskuindarragoak dira Jaurlaritza baino. Jarrera hori Pasaiako portuaren nahiz errauskailuen proiektuetan ageri da. Eusko Legebiltzarrean Euskal Zerbitzu Sozialerako Legea egitear dago. Eztabaidatu ondoren Diputazioaren jarrera zein den ikusiko dugu. Gure asmoa Diputazioaren jarreran eragitea da ezkerretik legea aurrerazalea izan dadin.

Ezkerretik elkarteen zerga igotzeko aukera galdu izana kritikatu duzue.
Jakina, ezkerrak ez du zerga mota horiek gutxitzea onartu behar. Gu zerga hori igotzen saiatu gara, bestela nondik aterako ditugu ongizateko gizartearen eredua sustatzeko baliabideak? Gipuzkoako enpresen irabaziak izugarriak dira, bankuenak eta enpresa handienak bereziki.

Politika neoliberala ere kritikatu duzue. Azaldu iezaguzu, zer dira mezenazgoen etekinak?
Mezenazgoaren kasuetan diru laguntzak handitzen ari dira. Gipuzkoan Fundazio mordoa dago. Hauek, adibidez, museoak edo kirolean hainbat ekimen eta proiektu eratzen dituzte. Mezenazgoek ekimen horiek laguntzen dituzte eta zerga aitorpenean desgrabazioa lortzen dute. Foru Aldundiak ez du etekinen dirua jasotzen, hobeto zehaztu beharko luke diru kobratze modua. Gainera, joera hori nekazaritza alorrean zabaltzen ari da. Guk mezenazgoak ondo daudela diogu baldin eta gizarte mailako kreditu zehatzetara bideratzen badira. Adibidez, Onkologikoa berritzeko mezenazgoen parte-hartzea ondo dago.

Zaborren errausketaren gaiak zer esana ematen du bestalde. Zertan da afera?
Pentsa, 2003an EAko Luis Mari Oiarbide diputatuak debatea itxita zegoela esan zuen eta errauskailua zela irtenbidea. Begira nola gauden gaur egun. Txingudin aurreikusi zen lehen proiektua, ez zuen zentzurik baina aurrera doa. San Markos mankomunitateak bestalde errauskailua Urnietan jarriko zuela esan zuen, baina herritarrek atzera bota zuten asmoa. Donostiako Aritzetan jarri behar zuten, udala kontra agertu zen. Gero Zestoan jarriko ote zen: %90ak ezetz esan zuen erreferendumean. Inkestak egin dira Aldundiaren eskutik eta Gipuzkoako gizarteak garbi dio ez duela errauskailurik nahi.

Zein da soluzioa?
Errausketa soluzio industriala da, joan den mendeko irtenbidea. Egungo ingurumen gaiak soluzionatzeko, ezin da irtenbide hori eman gizartearen babesa eta eztabaida gauzatu gabe. Eta irtenbideak ez du soilik teknikoa izan behar, irtenbideak etikoa ere izan behar du. Gizartea kontuan hartu behar dugu. Herritarren Plataforma sortu berri da, plan alternatibo bat eratu dute eta irtenbide idatzia dago. Irtenbide asko dago baina gure zaborra erretzearekin ez da arazoa konpontzen. Erretzean, ikusi ez arren, kea atmosferara doa. Hondakina hor da, ez da desagertzen, eraldatzen dugu. Materia eraldatu behar da erreziklatzearen nahiz mekanizatzearen bidez, berriz ere erabiltzeko. Bilketa selektiboa bultzatu behar dugu, erreziklatu eta inertizatu behar dugu.


Zer da inertizatzea?
Zabortegietan botatzen den zaborra bizirik egoten da. Arazoa hori da, fermentatu gabe dago, gordinik. Gordinik egotea printzipioz debekatuta dago. San Markosen (Errenteriako zabortegia) gordinik botatzen da ordea, zaborra bizirik dago, hortik kiratsa. Hondakin horiek inertizatu edo bizigabetu beharko lirateke. Sistema piloa dago. Diputazioa eta Donostiako Udalaren ordezkaritza bi Italiako ereduak ikustera joan dira berriki. Italian errausketaren alternatibak lantzen ari omen dira. Kontua da, harrigarria behintzat, 2003 urtean Oiarbide diputatuari errausketa zela irtenbidea entzun geniola. Beraz, zertan ari dira Italiara joaten 2006an eta Gipuzkoako gehiengoaren ezetzarekin, eta inongo irtenbiderik gauzatu gabe?


Prentsan Donostiako Udala (Elorza buru) eta Foru Aldundia (G. de Txabarri buru) akordio batera iritsi zirela zabaldu zen.
Bai, berauek kafea elkarrekin maiz hartzen dutela diote... (irriak), baina ez du ematen akordio batera iritsiko zirenik, orain Italiara doazelako eta bakoitza bere ordezkaritzarekin. Prentsak dioenez Odon Elorza prest omen dago Belartza inguruan lurra eskaintzeko baina biometanizazio planta bat ezartzeko, ez errauskailua.


Gipuzkoako beste arazo bat errepidetako kolapsoak dira.
Azken 20 urtetan errepideetan inbertitu den diru mordoa trenbidean inbertitu izan balitz, egun Gipuzkoan, eta oro har Euskal Herrian, azpiegitura sare egokiago bat izango genuke bai garraio bai pertsonentzako. Zoritxarrez, Gipuzkoan -Europan bezala- errepideak zabaldu eta ugaritzeko jarrera nagusitu da. Argi dago: errepide gehiago egiteak auto eta kamioi gehiago dakar, eta errepideak kolapsatzen direnean hiriak ere bai. Orain, bestelako azpiegituren garatu beharraz pentsatzen hasi gara, halabeharrez. Trena, adibidez.

Trena etorri badator, AHT delakoa baina. Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak aurre-akordioa sinatu dute.
EBkook AHTren -Y delakoa- ordez U proiektua aldarrikatu dugu. Ibilbidea kontuan hartzeaz gain, trenaren zama kontuan hartu behar dela diogu. Hau da, kontainerrak eramateko trena izan behar luke, trenaren abiadura gutxitu beharko litzateke. Guk AHTren proiektuan partaidetza soziala eskatzen dugu, ingurumenari buruzko legea gainditu beharko du AHTk. Gainera Ezker Batuaren proposamena merkeagoa eta sozialagoa da.

Bi gai azkenik: Hondarribiko aireportuaren luzapena aipatu da berriz ere.
Diputazioaren azken burutazioa Hondarribiko aireportua itsas aldera luzatzea da. Hendaiako Kotte Ezenarro alkatea haserre azaldu da. Noski, ez dio aireportuaren pista luzatzen utziko. Hendaiako beharrak kontuan hartuko ditu, gainera, Iparraldeko asmoak Miarritzeko aireportuari begira daudelarik. Orain gutxi Irungo Mendelu auzo aldera luzatu nahi zuten, PP horren alde zen duela urtebete eta EAJ kontra. Ez batak ez besteak ez dute zentzurik.

Pasaiako itsas portuaz zer diozu?
Jaizkibel mendiaren eta kostaren txikizioa izango litzateke. Gainera, kanpo aldeko Superportua egiteak geroari begira bi zentral termikoa egitea eskatuko luke, ingurumena areago zikintzea ekarriko lukeena. Gure proposamenak Pasaiako eskualdea eta inguruko auzokoen berritzea eskatzen du, berauetan lanpostuak sortuko dituzten enpresak eraikitzea. Esaterako, Valentzian Museo de las Ciencias y de las Artes delakoa egin da kanpoaldean. Herreran ere hori egin liteke. Zoritxarrez Gipuzkoako Diputazioaren politika Donostiako erdialdean inbertitzea da: Donostiako Aquariumak Pasaian egon beharko luke, bakailaoaren historia eta itsasoarekiko harremana Pasaian dago. Aquariuma handitzean Urgull mendiari tokia jaten ari zaio, eta Pasaian badago toki nahikoa. Beste adibide batzuk: Santa Teresa eta San Telmo museoak, Tabakalera... Batzar Nagusietako eraikin berria Miramonen egiten ari da. Inbertsio handi eta erakargarri guztiak Donostiako erdian egiten dira. Pasaia Donostia ondoan dago, eskualde horrek begirune gehiago behar luke. Ez da zaila, bai beharrezkoa ordea. Pasaiako eskualdearen garapena geldotuta dago eta etorkizuna izoztuta Aldundiaren helburu nagusia kanpoko Superportua eta eremu intermodalak ezartzea delako, eta hau ezin da onartu.

Ander Altuna

* Nerea Arrese Bai Eskolak Euskalduntzeari ekimeneko koordinatzailea da.


Ekimenaren helburu nagusia ikasleen osoko euskalduntzea bermatuko duen prozesua zabaltzea da. Helburu eskuragarria al da?
Zalantzarik gabe. Helburuak ezin ditugu egun dagoen borondate faltaren eta politiken arabera zehaztu, horien baitan ez litzateke eskuragarria izango. Eskoletan egiturazko aldaketa aldarrikatzen dugu eta jendartea mugitu nahi dugu horren alde. Horrenbeste urtetako lege eta politikek ez dute ikasleen euskalduntzea ekarri, ezta etorkizunean ekarriko ere. Beraz, jendarteak, lehenago egin duen bezala, eskaera indartsua egin behar du euskalduntzearen alde eta urratsak eragin. Euskararekiko dagoen atxikimendu sozialean sinesten dugu, ezbairik gabe.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek eskolarako hizkuntz ereduen sistemari dagokionez, 2007an erabaki bat hartuko duela hitz eman du. Nolako proposamena espero duzue?
Ez dakigu, baina espero dugu euskaldunduko duen politika baten eskaerari erantzutea eta azken batean hizkuntza eskubideak behingoz bermatzeko baliagarria izatea. Kanpainak eskaera hori Euskal Herri osora begira bideratuko du eta gure asmoa instituzio guztietan eragitea da, baita Eusko Jaurlaritzan ere. Guk ez dugu txosten batean jasotako proposamen adostu bat aurkeztuko, baina kanpainaren eskaera argia da eta Eusko Jaurlaritzari ere euskaldunduko duen politikaren eskaera egiten zaio. Eurei baitagokie herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri politikoak hartzea.

Sinadura bilketa egin duzue otsailetik maiatza bitartera. Zer balorazio egiten duzu orain artekoa ikusita?
Balantzea ona da. Alde batetik, eragileen artean lorturiko adostasuna eta elkarlana azpimarragarria da. Euskal Herriko hezkuntza eta euskalgintzako 16 eragile biltzea urrats oso garrantzitsua da. Bestalde, azpimarragarria da herriz herri egiten ari den lan handia. Jende ugari murgildu da kanpainan eta milaka herritarrek euren sostengua erakutsi die. Honekin batera, eztabaida soziala aipatuko nuke. Egun, hezkuntzaren arloak bizi duen egoera kezkagarri eta larriaren inguruan kontzientzia argia dagoela ikusten ari gara eta aldaketaren beharra erroturik dagoen ideia da.

Sinadura bilketa: ekimen sinbolikoa ala ekimen praktikoa?
Sinadura bilketak helburu ezberdinak ditu: lehenik, jendartean kontzientzia eragin eta eztabaida soziala piztea. Bigarrenik, sinadura bilketak instituzioengan eta alderdiengan eragiteko balio praktikoa dauka. Milaka herritarrek euren iritzia emanda, arduradun politikoek ezin diote eskaera horri bizkarra eman. Gure asmoa da euskal herritarren gogoa eta sinadurak aurrez aurre jarri eta aldaketa eskatzea. Eskaera sozialak aldaketak eragiten dituela argi dugu. Ezinbestekoa da.

Gizartearen sostengua jaso duzue, baina politikariena?
Oraingoz ezer gutxi adierazi dute. Badugu asmoa eurengana jo eta kanpainaren amaiera aldera aldarrikapenarekiko aldekotasuna eskatzeko. Oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ari garenean, nork esan behar digu horrekin ez datorrela bat? Baina, are eta larriagoa izango litzateke milaka sinadura mahai gainean izanda, horrekin bat ez egitea. Orduan jendartearen nahiari uko egingo liekete. Guk uste dugu politikariek garbi adierazi behar dutela euskalduntzearen aldeko borondatea eta hori neurri politiko garbi eta ausartekin erakutsi behar dute.

16 eragilek eman diote babesa ekimenari. Udalbiltzak ere atxikimendua erakutsi du. Helburuan bat egin arren berau erdiesteko bide ezberdinak proposatuko dituzte.
Euskalgintzan eta hezkuntzan lanean ari diren eragile gehienek bat egin dute helburuarekin. Bakoitzak bere lan eremutik eragiten du eta izaera ezberdinetako lan formak ditu. Guztietatik eragin behar da eta helburu berdinaren bidean osagarriak izan behar dira. Baina garrantzia eman behar diogu lortu dugun batasunari. Guztiok bat gatoz honekin: euskara ezagutzea herritar guztien eskubidea da eta eskolak eskubide hori bermatu behar die belaunaldi berri guztiei Euskal Herri osoan.

Eskolak ez du euskalduntzen. Hala ere, erantzukizuna ez dagokio soilik eskolari, hau da, eskolak ez baldin badaude euskararen erabilera eragiten duten eremuez inguratuta nekez euskaldunduko dira gazteak, ala?
Horretan inork gutxik egiten du zalantza. Guk ere ez. Nahikoa da kanpainarekin bat egin dugun eragileon izaera, ibilbidea eta lan eremuak ikustea horretaz jabetzeko. Baina eskolak, euskararen kontrako ordezkatze prozesuan funtsezko papera bete duen bezala, gure herriaren berreuskalduntzean ere lehen mailako funtzioa betetzen du.

Hizkuntz ereduen sistemaren xedea elebitasun orekatua lortzea da. Aitzitik, ikasleen %32 baino ez da euskalduntzen. Hizkuntz ereduen sistema gainditzea nahikoa al da arazoa konpontzeko?
Beste elementu batzuk ere kontuan hartu behar dira, baina ereduen sistema gainditzea beharrezkoa da egoera konpontzeko. Begibistakoa da jendarte esparru zabaletan eragin beharra dagoela, euskarak espazio berriak irabazi behar dituela, herri euskalduna maila guztietan egin behar dugula. Baina %32tik %100era igarotzeko, politikaren gainditzea ezinbestekoa da. Eskubideak ezin dira erdizka utzi. Bermatuak dira edo urratuak. Gaur gutxienez %68ri urratzen zaizkio eta horren jatorri nagusia egungo sisteman dago.

Joxerra Garziak hauxe zioen duela gutxi aldizkari honetan: «Hizkuntza ikasten da normalduta balego bezala, eta honek kalte egin dio euskarari. Agian guri hezkuntza anormal bat dagokigu». Ados zaude adierazpen horrekin?
Ez dut uste euskara normalduta balego bezala ikasten denik. Nire ustez, oso lotua dago bakoitzak duen kontzientzia mailarekin eta euskaldun izateari ematen dion garrantziarekin. Hala ere, normaltasun egoera batean gaudenaren sentsazioa badagoela uste dut. Hau, bereziki, elebitasunaren aldeko diskurtso eta politika egiten dutenek eta euskararen kontrakoek eragindako anestesiatze lana izan da. Egoeraren larritasuna ezkutatu eta ongi goazela esatearen beste ondorio bat dela esango nuke.

Sandra Barrenetxeak ere Guardia Zibilaren eskuetan zegoela jasandako torturak azaldu dizkio bere abokatuari. Atxilotuta egon den denboran buruan kolpeak jaso dituela, ariketa fisikoa egitera behartua izan dela, biluztu egin dutela eta etengabe mehatxatzen zutela salatu du. Ibon Meñika eta ustezko ETAko bonoen auziaren baitan atxilotu eta espetxeratu duten Barrenetxeak uko egin zion deklaratzeari bai Guardia Zibilaren aurrean bai epailearen aurrean.

Halako bake prozesu baten alde bakoitzak zaila izaten du gertaera asko ulertzea, eta horietakoa da Arnaldo Otegirekin gertatzen ari dena. Azken zigorrari lotua, azpimarra daiteke zigorraren galga eta ziri ikuspegia; baina baita ere aldaketa txiki gisa, Otegi jaunak oraindik aske jarraitzen duela eta su-eten gabeko egoera batean, jadanik espetxean legokeela. Bakoitzak duen informazio eta interesen araberako interpretazioak dira, baina bake prozesuarekiko ikuspegi globalago batetik sentipen ezkorra dario Espainiako Gobernuaren jarduera ugariri. Ezker abertzalea eta Espainiako Gobernuaren arteko halako ibilbide-orria zehaztua badago, bakoitzak badaki zer gerta daitekeen tartean eta zer marra ez lukeen gainditu beharko. Hala ere, eta ibilbide-orri hori ezagutu gabe, ezker abertzalearen aurkako neurri asko prozesu honetan PSOEk duen nagusitasun handiaren seinale moduan ulertzen ditu iritzi publikoaren zati handi batek. Eta seguruenik ezker abertzaleko sektore batzuek ere hala baloratzen dute. Baieztapen borobilik egiteko datu erabatekorik ez badago ere, Barañain eta Getxoko kale borroka agerpenek zenbait sektoreren haserrearen adierazle dirudite. Kasu honetan, 15 hilabeteko espetxe eskaera gogorra da ikuspegi politikotik eta pertsonaletik ere bai; baina ikuspegi politiko soiletik agian gogorragoa da zazpi urtetako inhabilitazioa, etorkizun politiko hurbilean ezker abertzalean oso garrantzitsuak diren pertsonen jarduera politikoa asko baldintzatzen duelako.

Miguel Sanz lehendakariak zail ikusten du Volkswagenek Iruñeko Landabengo produkzio zentrua mantentzearena. Hori orain, eta hemendik gutxira ulergarria ere egiten zaiola azalduko du, batez ere langileen eskubideak defendatzen ari diren sindikatuen jarrera ikusita. Nafarroan egun bizi den lehia politikoen ondorioz, arazoa abertzaletasunarekin lotzea Nafarroako eskuinean horren ohikoa den manikeismo eta maltzurkeriaren ispilu besterik ez da. Ez da erraza Landabengo Volkswageneko egoitzarekin azkenean zer gertatuko den iragartzea, baina Iruñerriko masa soziala oso ezkor ageri da Nafarroako etorkizun ekonomikoaz. Norberaren indar ekonomikoaren iturburua bertan sustraitu gabe izatearen ondorio larriak dira. Konpainia alemana esku lana merkeago zaion lekura doa, horrek sortzen duen egoera ekonomiko sozialari kasu gehiegirik egin gabe. Indarrez dator deslokalizazioaren eragina, leku askotan jadanik atzera bueltarik ez duena. Iruñean moduan, Euskal Herriko beste leku askotan egingo du gora tentsioak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan