Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-07 -- 2039.zenb

Aurelia Arkotxa

Etxean ikusia genuen, duela bost urteko mapa batean, bazela Yugo ermitaren ondotik bide bat. Ideala Bardeetan oinez lasaiki ibiltzeko. Pentsatu eta egin: xendrari jarraikiz joan gara, ermita baino beheitiago, erregebide bazterrean den kartel turistikoari so egin gabe. Eguerdi ingurua. Familiak heltzen ari pinudien artean igandearen iragateko. Haurrak baloiari ostikoka. Bi hegoamerikar emazte autolekuaren puntan ezkerretik diren parrilla lekuei hurbil jarriak, trunko baten gainean.

4x4endako eta BTTendako moldatua den harri kozkorrezko bidean hasi gara oinez. Bide bazterra, eta inguruko mendixkak estaltzen dituzten erromero eta xarbota-basa buketek Bardeetako basamortuan, mantxa berde, blu-ubelak egiten dituzte. Gainera, berrikitan euria egina duelakotz, putzu arinak badira nonahi. Egia erran, haur denboran aitaren Citroën, 2 CV hartan udako bero saminenean kurutzatzen genituen Bardeak ditut nik ene baitan: bero kiskalgarria, kolore horailak. Aldi honetan, ene oroitzan ez bezala, erromeroa eta xarbota-basa lorean dira.

Bidea badoa kurri aitzina. Urrunean, nondik heldu den ez dakidala, burdinezko asotsa. Lehenik bizpahiru ukaldi motz, gero irristatze luze bat. Edo alderantziz. Hurbileko nekazari etxe batetik heldu datekeen azantza. Asotsa hurbilduz bezala, handituz doa. Bat-batean, burdin-sare berde handi batek hesten digu zerumuga. Bi metro gora bederen den hesia. Kilometro anitz luzekoa. Ohar zaitezke badoala eskuinetik diren alor idorretan barrena, beheiti. Hesi berdearen perimetroan, egoitzak, aintzira, eta zirkoen iduriko oihalezko kanpamendu bat edo bi. Kamioak ere ikus eta entzun daitezke, han barrenean badabiltzala burrunbaka. Jendeak gibeleko karroan badaramatzate. Beheitiago oraino, auto lerrokadak. Besta ote barne horretan? Kazike nafar baten etxaldea ote? Zergatik bertzela horrelako hesia? Ezkerrera goaz Bardeetako kasko eta larrainei buruz, beti gure bideari jarraikiz. Ordea, zerradura berdeak ere gure bide bera hartzen du, suge berde bat iduri, maldan gora, maldan behera joanez. Urrundu nahi izanez ere, ez daiteke hesiaren ahazteko modurik aurki. Libertatea kendu balidate bezala sendi naiz. Trabatua eta aldi berean indarrik gabe. Nabarmena da hesi berde horrek mugatzen duen eremua ez dela, uste genuen bezala, kazike baten etxalde handia. Burdin zerradura ikaragarriari hurbil diren bi largabista luzeak ez direla eremuaren zaintzeko bideo-kamarak; berinak dituen etxe piramidala ez dela miradoraà Asotsaren iturria ere begi bistan dugu: wind-gaugeen idurikoa den makina altu batek badaramatza jarleku luze batean jarriak diren jendeak goiti eta beheiti. Neurkada ezberdinetan. Ferietan bezala. Jende helduak denak. Burdin-sare berdearen gibeletik ikusten ditut, hor barrenean, irriz eta garrasika ari, makina tipuski beheitiraino jaisten delarik. Josteta-parke bat da hor, kadena berdearen bertzaldean. Dudarik gabe. Haurrak ere ikus daitezke txorizoen iduriko globo luzeak eskuetan, gurasoen ondoan... flash bat badut: makina herdoildua ikusten dut, gasolinik gabe direlakotz kamioiak geldituak, parkea suntsitua. Bushek Iran atakatu baitu eta petrolio krisialdi gaitza baita okzidente osoan... Berriz nereganatzen naiz. Itzultzen gara gibelera. Bardeetan bertze bide batetik sartuko gara. Emazte bat oinez kurutzatzen dugu. Parke hori zer den? "Senda viva dateke!". Berak ez duela ikusia. Zoo bat ere badela. Erraten diot ez ote litzatekeen "Senda muerta" deitu behar, bizia den xendra burdin-zerraduraren kanpotik doana delakotz! Dio andreak bertze horrelako parke bat eraiki gogo dutela "para distraer a la gente", Irati aldean. Bera Aoizen bizi dela, Itoizko urtegiaren azpian. Ikaraz. Urtegiaren alderdi bat hasia delakotz kurrinkaka. Herria bitan banatua dela. Bai manifestaldia izan dela berrikitan baina jendea aspertua dela hainbertze urte alferrik protestatzen: "...de todos modos hacen lo que les da la gana".

Pako Sudupe

Badator trena: hobe dut eskuineko bagoian sartu, ezkerrekoan hots handian mintzatzen den gazte zaratatsua joango da eta.

Leihoan egokitu naiz: oi, lur, oi lur! Ez da Lizardik behiala ikusitako nekazari gizandi idurikorik ageri, berotegi barruan sumatzen da gizon edo emakumeren bat berogailu sistema abian jartzen, hortxe nonbait, udazkena aurreratua dugu eta. Artasororen bat han-hemenka, gehienbat belardiak eta berotegiak. Saihesbide eta ingurabideetako zutabetzarrak, argindar-zutoinak eta guneak, errepideak, ibai-ertzeko belardiak eta berotegiak. Aurreko jarlekuan aurpegi ederreko emakume gaztea daukat, ilea atzera bildua, belarritako txuri biribilekikoa, ondo jantzia, oinetako desberdinak beti, ez dugu inoiz hitz egin, baina jada ezagunak gara, geltoki berean jaisten garenez: nora joaten ote da?

Hara, sartu dira bi emakume prepertziodunak, baserritarrak hortxe-hortxe, oraindik sasoiko baina adinean aurrera: «Hoy bien que le dan a la cale -aizan, gaur hotz zegon benetan-, -bai, elurra a la vista!, orain baserri askotan morroitarako kanpotarrak hartzen ditinate eta lehengoan kontatu zidatenez: alde egin din morroiak harako baserritik eta hurrengo egunean dirua falta: lanean ari zen bitartean ondo, baina ez zinan asko izango, eta alde egin aurretik eskupekoa eraman hark! Kontuz ibili beharra zegon!». How are you beltz batek beste bati, gero beren hizkuntzan hasi dira. Bagoian badira bizpahiru beltz eta beste bizpahiru magrebtar arabieraren dialektoren batean mintzo edo berberez, ez jakin!

Oi, etxe-sail, oi etxe-sail! Gaztelaniaz hiru emakume: «Etxe batek 50 milioi, beste batek 60, nora iritsi behar dugu? Nola ematen dio jendeak buelta hainbeste diruri? Honek ezin du hola segitu! - Batere etxerik ez dutenek ez, baina baten jabe direnek hura saldu eta beste bati helduta aurrera egiten dute, errua geurea da». Beno, jardun hau oso entzuna dut, Berriari begiratu bat emango diot. «- Inork ez zinan espero horiek banatzea: zenbat denbora da ba etxea erosi zutela! Hor niretzat bazegon ezkontzen ez den zerbait: itxuraz pozik ezkondu eta handik hilabete gutxira bereizi: hipokrisia. Emakumea Hendaiara zihoan bizitzera, eta gizona hemen geratzen dun».

Leihora begiratu eta alde batera txalet modukoak, aurrerago etxadi duinak, aurrerago ez hain duinak, solairu gehiegitakoak, merke-itxurakoak, lantegiak, langile-auzoak... ez daukat burua errepidean joan beharrik, auto-ilarak bost axola, euria edo elurra edo izotza egin, batere ardurarik ez; autoa martxan jarriko den kezkatu beharrik ere ez. Gasolina gora eta gora doan honetan patrikarako zein ona den, berotegi-efektua sortzen ez dut laguntzen, errepide berriak egiteak berekin ohi duen natur txikiziorik ere ez, ederra bezain ttipia dugun lurraldean... zerbait eroriko balitzaio emakume aurpegieder honi hizpidea sortzeko -arrazoi duzue, oso aitzakia merkea!-.

Epaitegiko langileak sartu dira. Opor-zubia dute hizpide: halakori ordutegia aldatu diote behin-behinekoa baita, beste halakori ere bai, baina oraingoan ondo egokitu zaio; kontratu-motak eta batez ere opor egunak, opor-zubiak dituzte hizketagai. Behin-behineko edo behin betiko funtzionarioak beti funtzionario esatekotan nengoela, eskularruak erori zaizkio emakume aurpegiederri...

Bai ederra trenean bidaiatzea autoarekin ernegatuta ibili barik, nik: bai ederrak auto azkarrak, auto-lasterketa zirraragarriak berak, tren aspergarri hauen ondoan. Harkaitz Canoren azken ipuin liburua, Neguko zirkua deritzana, bai egokia trenean irakurtzeko: joan-etorri bakoitzean ipuin bat irakurtzeko astia, eta asko gustatukoak birritan bi bidaiatan. - Nik ere irakurtzea gustuko dut, trenean ez, baina!, jarraitu irakurtzen, gusto baduzu!

Zenbatez petrolio, errepide eta auto gutxiago beharko genukeen ohiko trenetan ibilita! Gehiago berriz, astia irakurtzeko edo bidaiakideekin solasteko, entzuteko, ederresteko; leihotik etxe, belardi eta bestelako, urte-sasoien koloreen ñabardurak begi-aukeran ditugula.

Mikel Aramendi

Izen bat nolabait mugatzen duen hitza dela adjektiboa dio hiztegiak, eta horregatik, mugapen horiexen bila, emango zitzaion hainbeste buelta ETAk bere su-etenaren nolakotasuna zehazterakoan erabili duen iraunkorra adjektiboari. Beste hau edo hura baino gehiago edo gutxiago ote litzatekeen neurtzen saiatzeko prest dagoenik geratzen da. Interesgarriagoa deritzot, nolanahi ere, Joseba Egibarrek, bere hausnarketaren ondorioz agian, erakunde armatuak erabilitako horren sinonimotzat plazaratzen duena: estrukturala. ETAren su-etena estrukturala izango litzateke oraingoan.

Ez dakit martxoaren 22an iragarritakoari deitura berri hau egokitzen ote zaion. ETAren barnean ez ezik gorenean egon beharko nuke segurantziaz iritzia botatzeko, eta ez da hala, noski. Nagoen lekutik, horrelako zerbaiten sustraian koiuntura politiko nazionalaren nahiz nazioartekoaren ikuspegi berri bat, edota bere garaian erakundeko sei kide preso ezagunek idatzi eta modu iskanbilatsuan ezagutzera eman zen gutunean zetzana bezalako hausnarketa estrategikoa egon beharko lukeela deritzot. Eta irakurri ditudanetan ez dut horrenbestekorik ikusi oraingoz.

Egibarrekin bat etorriko nintzateke, ordea, deitura horrekin adierazi nahi duena elkarrizketa berberean ez ezik aipatu adjektiboa bota aurreko esaldian diona berresteko modua balitz funtsean: Trantsizioaz geroztik bizi izan dugunaren aldean guztiz ezberdina izango den eszenategi politikoa zabaltzen duela su-etenak -egonkortzen den adinean, diot nik-, hainbat jende oraindik ohartu ez bada ere. ETAren borroka armatuaren amaierak euskal politikagintzan -eta agian, Espainiakoan ere bai- aldaketa estrukturala suposa dezakeela pentsatzea bidezkoa baino gehiago ezinbestekoa iruditzen zait niri ere. Su-etenaren -eta, kasu, haren zapuzketaren- eragin politiko sakona azpimarratzera letorke gogoeta hori.

Estruktura aipatzean, ordea, ni behintzat ez naiz ari marko juridiko-politikoan pentsatzen, joko politikoaren protagonista diren talde eta estrategien arteko elkarlotura eta oreka dinamikoan baizik. Markoaren aldaketa, izatekotan, beste alor horretako aldaketaren kumea izango baita, eta ez alderantziz. Eta hor bai ikusten ditudala gure politikariak etxeko lanak egin gabe.

Atzeraezinezko su-eten batek ezker abertzalearentzat erakarriko lituzkeen ondorioez gogoetak aditu ditut, baina gehienak oso axalekoak iruditu zaizkidala aitortu behar dut. Aldaketaren ondorio materialetan geratzen da hausnarketa, ia beti. Ez zaio arretarik eskaintzen egoera berriak, ezinbestean, erakarriko dizkien moldakuntza politiko sakonei: estrategiak, aliantzak, barne egituraketa eta lidergoakà Erresistentzia eta mobilizazioa helburu nagusitzat duen oposizio mugimendu bat, demokrazia errepresentatiboaren instituzio eta moldeetan soilik jokatuko duen korronte bihurtzea zein konplikatua den ohartzeko, badira hamaika adibide Espainiako Trantsizioan, edota urrutiagoko beste hainbat herrialdetan.

"Normaltasunaren" joko-zelai horretan zaharragoak direnei ere erronka latzak ezarriko dizkie, ordea, horrelako aldaketa estrukturalak. Urrutiago joan gabe, Egibarren EAJri. GBBko buruak jada zerbaiten errezeloa baduela nabari ikusten da aipatu elkarrizketan bertan, bere burukideetako batzuen buruhauste nagusia izango litzatekeen "matxarda" -Kataluniako ereduari jarraituz, Zapaterok edota PSEko buruek, ezker abertzalearekin elkartuz, jeltzaleak Eusko Jaurlaritzatik kanporatu ahal izateko egin nahi izan dezaketena- aipatzen duenean. Estrategiari dagokionez, gutxienekoa izango da hori, halaz eta guztiz. ETA jardunean izan den bitartean, abertzaletasuna -maila guztietan- eta biolentziari ukoa beste ezaugarririk ez du behar izan EAJk EAEko hautesleriaren zati mardulena bereganatzeko. Aurrerantzean, ordea, hori ez da horrela izango.

Josemari Velez De Mendizabal

Ostegun Santuko elizkizunetatik etxeratu berri jarri naiz ordenadorearen aurrean, nire baitan piztu -berpiztu- den sentsazio desorekatzailea oraindik uxatu gabe. Judutarrak Egiptotik ateratzeko aingeru batek egipziarren sendietako maiorazko guztiak zein abere taldeetako adinduenak hiltzea ez dut sekula ulertu ahal izan. Bazkoko arkumearen odolez judutarrek zipriztindutako euren ateen aurrean geratu gabe pasatu bide zen aingeru akabatzailea, exodoari hastapena emanez. Historia Sakratuaren liburuetan gazte ginela ikasi genuen hura guztia errepasatzeari ekinez gero zalantza ugari sortzen zaizkit.

Istorio haietatik auskalo zenbat mila urte geroago munduko bazter guztiak dantza makabroan ari dira, eta oporraldi laburreko lehen egun honetan ere albistegiak lutuz jantzi dira, gehienetan teokraziaren garro azpiratzaileen eskutik. Jesus jaio zeneko Palestina hartan agintea Erromak zuen moduan, gaur estatubatuarren aliatuek itoarazten dute lurraldea, itxaropenerako bide eskasarekin. Eta teokrazia aipatu dut kontzientzia osoz, izan ere Bush eta enparauek erlijioaren izenean haizatzen baitituzte banderak. Iparamerikar protestante eta katoliko eskuindarren %40aren botoekin atera zen garaile Bush eta, garbi dago, erlijioak zerikusi handia du estatubatuar politikagintzan.

Mendebal zibilizazioa teokraziak -kristokrazia- zuzentzen duelakoan nago. Kristoren izenean mintzatzen zaizkigu agintari ugari, Bushen eskutik jainkoaren grazia iritsi ahal izan balitzaie bezala. Eta Mesias berria da Bush askorentzat, on eta gaizkiaren mugak ezartzeko gai bide baita. Amerikako Estatu Batuetan sortutako kristau faxismoa gero eta nabariagoa da plangintza ekonomiko, militar, kultural eta politikoetan.

Nik ez dut inoren erlijioaren izenean harritzarrik gosaldu nahi. Eta, are gutxiago, erlijioa eta morala bereizi ezinak direla sinestarazi nahi diguten horiekin. Eta zaku berean jartzen ditut, kasu honetan, bushkideak eta binladenkideak. Bi muturrak zeharo kaltegarriak dira eta ezingo dugu burua jaso, etika erlijioaren barruan bakarrik lortzen dela defendatzen duten horiek desenmaskaratu arte.

Baina erlijioa eta politika eskutik joan daitezkeelakoan nago. Areago, elkarren ondoan joan beharko dute, gizadia onbidetik garatuko bada. Erlijio guztiak justiziaren moralean eraiki ziren. Jesusek berak, Jerusalemera sartu zenean, bere herria pairatzen ari zen esplotazio eta kolonizazioa salatu zuen. Zoritxarrez, fede oneko pertsona askok erlijioaren kontra jo dute politika zuzena burutzearren. Baina horiei gogorarazi beharko litzaieke erlijio tiranoa den moduan erlijio iraultzailea ere badela, herrien eta gizakien askapenerako bultzatzen duena.

Kristau kulturan hazita eta hezita, ez zait interesatzen Bushen askatasuna. Ez dut maite agintari klasearen interesei jarraitzen diena, kapitalismo korporatiboaren politika neoliberalistaren gainean eraikia. Amerikako Estatu Batuen aurrekontuetako ia erdia armagintzan inbertitzen da... eta populazioaren %12,7 -ia 40 milioi biztanle- txirotasunean bizi dira. Hori bai: munduko biztanleriaren %6 diren arren, planetako aberastasunaren %48 kontsumitzen dute. Kontuak ez zaizkit koadratzen. Eta zer esan, euretariko %2k estatuko ondarearen %40 duela dakigunean? Bushen fanatismo politikoarentzat, bere menpeko hiritarren arteko diferentzia soziala pekatuan datza, batzuek -ahaltsuek- Jainkoaren ukitua duten bitartean besteen porrota -gero eta gehiago- erlijio desbideraketaren ondorioarengatik dela baieztatzen delarik. Hortik, hain zuzen, damu pertsonalerako dei publiko etengabeak! Eta hori guztia bere menpekoentzat badauka, zer ez du esango "amerikarren Jainkoa", "gure Jainkoaren borondatea", "estatubatuar demokrazia" eta halakoetan sinesten ez dutenentzat? Galdetu Afganistanen, Iraken edota Palestinan.

Interesatzen zait, ordea, bakea egiten dutenentzako justiziaren hazia bakean ereitea. Izan ere, gatazka globalek eragina dute toki mailan eta munduko edozein kantoitako miseriari nola erantzun dakiokeen asmatzean datza eguneko iraultza. Bakea ez baita, soilik, gerrarik eza, justiziaren presentzia eta garaipena baizik, dimentsio guztietan. Eta, otoi, bakerik eza ez da inongo Jainkoaren erruagatik! Jainkoak ez du irtenbiderik ekarri behar. Bakea, justizia, askatasuna geuri, gizon emakumeoi, dagozkigu eta.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan