Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2039. alea
2006-05-07
alde 0    kontra 0



Agosti Chahoren kantutegia

1844-1855

Batzuen artean

Susa

278 orrialde 17,50 euro

Patri Urkizuk eginiko bilduma

Agosti Chaho zuberotarrak (1811-1858) bere garaian eginiko euskal kantuen bilduma gaur arte argitaru gabe egon da, nahiz eta bera hil zenez geroztik makina bat aditu baliatu izan den bere barneko urre bitxiez. Kantutegi hori Telesforo Monzonek utzitako liburutegian aurkitu zuen Patri Urkizuk, ordea, eta Agosti Chaho hil zenetik mende eta erdi pasatuxe den honetan hark bildutako 101 euskal kantu zaharreko sorta eder hau plazaratu du Susa argitaletxearen eskutik. Chahok jasotako 70 kanta gehi Ariel aldizkarian zein bere liburuetan aipatzen dituen beste zenbaitekin osatu du kantutegia. Gaika antolatu ditu Patri Urkizuk kantuok, batzuk partitura eta guzti. Denetarik dago liburuan: amodio, gerra eta laudorio kantuak, baladak, itsas kantuak...

Diccionario de escritura. Reflexiones y técnicas

Victor Moreno

Pamiela

152 orrialde

15,90 euro

Idazten laguntzeko hiztegia osatu du Victor Morenok

Hiztegi berezia da Victor Morenoren Diccionario de escritura delako hau. Hizkuntza eta Literatura irakasten dutenentzat aproposa izan daiteke, baina bereziki zer edo zer noizbait idazteko asmoa dutenei dago zuzendua. Ironia asko erabiliz erantzun ditu Victor Morenok pertsona hauetako ugarik izan ditzaketen kezkak. Zergatik idatzi, nola idatzi behar duen barruan gorderik duen huraxe, eta, garrantzitsuena beharbada, zertarako ekin behar dion halako zeregin akaso atsegin, baina beti ere neketsuari. Era berean, idazketa ariketa errazagoa bilaka dezaketen teknikak ere eskaintzen ditu. Akrostikoak osatzea da horietako bat, eta norberaren izen propioa goitik behera idatziz molda daitekeen kontakizunaren hainbat adibide ematen ditu.

Euskal Herria

Batzuen artean

Sua

130 orrialde 5,15 euro

Mendian ibiltzeko hainbat zeharkaldi

Udaberria iritsi dela-eta, garai honetan mendiaz gozatzeko hamaika zeharkaldi proposatzea erabaki dute Euskal Herria aldizkarikoek. Batetik, mendizaleenek Pirinioetan barna edota Alpeetako Cervinori itzulia emanaz egin ditzaketen hainbat ibilaldi biribilen zehaztasunak ematen dituzte. Baina aldapan gora eta behera aritze hori hainbeste estimatzen ez dutenentzat ere badituzte eskaintzak. Esate baterako, Araban zehar, ardoaren eta arrainaren bideari jarraituz egin daitezkeen ibilaldiak; erromatarrek Araban bertan II. mendean eraiki zuten Iruña-Veleia hiria nolakoa izan zitekeen ikustera joatea, edo Portugalete eta Areeta elkartzen dituen zubi famatua bisitatzea. Eta harat eta honat ibiltzeak edonor gosetzen duela-eta, amaitzeko, Angelita Alfarok irakasten du nola prestatu lau tarta zoragarri.

Etecé

Batzuen artean

Amasté Comunicación

82 orrialde

Urteko harpidetza: 15 euro

Zinema, musika, komikiak...

Ohiko dutenez, gai askoren gainean hitz egiten digute Etecé aldizkarikoek azken emaitzan. Ezer baino lehen, gaztediari buruzko egitasmo bat esku artean dutela-eta, 13-17 urte dutenei beraiekin harremanetan jartzeko deia egiten diete; horretarako, cuentanoscasitengo18.com-era jotzea baino ez dutela gogoratuz. Gero, Bilboko Zazpi Kaleetako Someran zegoen Motrikes tabernari egiten diote agur sentitu bat. Eta jarraian, Gasteizko Montehermoso zentroan egindako Videologías zikloa, Scotto Sinclair-ek emango duen kontzertuaren abisua, Iban Zalduaren Si Sabino viviría-ri eginiko aipamena, Europan aurreneko aldiz plazaratu den Akira Sasoren komikiari buruzko xehetasunak, Spike Lee-ren Inside man filmaren gaineko azalpena eta beste makina bat kontu dakartza.

Aguafuertes vascas

Roberto Arlt

Txalaparta

175 orrialde 15 euro

1935eko Euskal Herriari eginiko so zorrotza

Argentinar batek ikusitako Euskal Herria da Txalapartak kaleratutako Aguafuertes vascas liburuan agertzen diren artikuluetan deskribatzen zaiguna. Roberto Arlt (1900-1942) kazetari zorrotzak idatzi zituen, bere herriko El Mundo egunkarian argitaratzeko. Argentinarrentzat, beraz, eta jakina, koplarik erabili gabe agertzen zuen 1935eko azaroan ezagutu zuen Euskal Herriak eta bere biztanleen ohiturek sortu zioten harridura. Erabat bitxia gerta dakioke hemengo eta oraingo irakurle bati nobelagile eta dramaturgo argentinarrak orduan idatzitako kronika horietan azaltzen duen ikuspegia, baina horixe, hain zuzen ere, izan daiteke bere xarmarik handiena.

Atik Zra, Mozart eta musikaz batera

Batzuen artean

Aizkorri

36 or. / 5,50 euro

Mozart eta musikaz idatzitako abezedarioa

Rafael Cruz-Contarinik sortutako bertsoz eta Rafael Salmeronek eginiko marrazkiz dago osatua Atik Zra, Mozart eta musikaz batera. Wolfgang Amadeus Mozart jaio zenetik 250 urte betetakoan burututako lana da, eta etxeko txikienei zuzendua dago, musikari ospetsuarekin eta berak egiten zuenarekin zerikusia duten zenbait kontzeptu uler ditzaten. Esate baterako, batuta, dantza, eskala, Giovanni opera, hari-instrumentuak, libretoa, notak, Salzburgo, tenoreak eta beste zer diren ikasteko modu polita.

Nafarroako Artizarra

Joxemari Iturralde

Elkar

104 orrialde 10,10 euro

Nafarroako Artizarra hogeita bi urte beranduago

1984an kaleratu zen, aurreneko aldiz, Nafarroako Artizarra, duela hogeita bi urte gurean eleberri historikotzat jotzen ziren idazlanen parodiatzat jo daitekeena. Euskal literaturaren gaurkotzean garrantzia izan zuen Joxemari Iturralderen narrazio honek. Erdi Aroko Nafarroan zeukan bizimodua oso kontuan duen gizon judu batek, zahartzaroan, atzean utzi behar izan zituen garai haietaz bere seme-alabei kontatzen dizkien gorabeherekin abiatzen da, Lizarra ondoko Iguzkitza nekazari herrixkatik orduko hiri aberatsenetakoa zen Toledoko auzo judutarrera joan behar izanaren zergatiak azalduz. Lau arraza gertu-gertutik ezagutu zituen gizon horrek: euskaldunak, juduak, aragoiarrak eta gaztelauak. Eta lau hizkuntza arrunt ezberdinetara ohituta daude bere belarriak: amarengandik jasotako euskarara, garaian erkide dituenen hebreerara, Gaztelakoen erromantzera eta paperean erabilitako latinera, eta guztiekin izandako harremanen eta pasatako trantzeen berri ematen die gazteei. Baina Joxemari Iturralderen narrazioan, denboraren gainean egindako aldaera berezia adierazteko, bada beste pertsonaia nagusi bat, pikaroa. Haren bizitza Erdi Aroan hasten da, gaur egunera iritsi arte.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2038
 
azala2037

2039 zenbakia.
2006ko maiatzaren 07a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia