Ihesi: Saien balkoitik Bi Haizpera begira
Estitxu Eizagirre
Iruņea Donostiarekin (a-15) eta Gasteizekin (N-240) lotzen duen bidegurutzean dago Irurtzun. Kotxea herrian bertan utzi, eta Trinitate kalean gora eginez, Plazaolako trenbide zaharra hartzen zuen lautada izango dugu abiapuntua. Iturria, zubia eta beilatokia ezkerrera utzi, eta ur depositoa eskuinera dugula, mendian sartuko gara, zuhaixken artean nabarmen ageri den langa zeharkatuta. Berehala ikusiko dugu gure norabidea markatzen duen seinalea (PR NA 132): Saien Balkoia, 1.025 metrora duguna. Seinaleari kasu eginaz eskuinera joko dugu, beraz.
Aldapa hasia dela, hurrengo seinaleak ezkerrera bidaliko gaitu, jada 640 metro besterik falta ez zaizkigula ohartaraziz. Eskuinera jota Trinitate Ermitara iritsiko ginateke. Aldapan gora goaz, tarteka hankei atseden emateko begirada atzera botaz, Irurtzun han behean uzten dugula ziurtatzeko.
Zaldiak ditugu bidelagun eta zortea ere bai, aurten lehenengo aldiz ku-ku, ku-ku... entzutea egokitu baitzaigu -beharbada sol-fa, beharbada sol-mi-. Eskuak poltsikora eraman ditugu, bakeroek pistolara bezain azkar, aurten diruz armaturik egongo garen ikusteko.
Egurrezko langa pasa eta berehala izango gara Saien Balkoian.
Saien Balkoia
Irurtzundik begiratuta eskuineko haitzaren gailurrera iristean, bidetik apur bat aterako gara ezkerrera, balkoitik saien begirada eskuratzeko. Maparen arabera bi haitzetan altuena omen (779 metro), baina beti parekoari izaten zaion inbidiaz-edo, aurrean dugun ezkerreko haitzak altuagoa dirudi. Bertatik Aralar eta Urbasa mendikateen ikuspegi paregabea dugu.
Harizti laiotzean behera
Bidera itzuli eta goroldioz jantzitako hariztian behera joango zaizkigu hankak, orbel artean geratu ezin ditugula. Kurbak jarraiki Plazaolako trenbide zaharrera irtengo gara, A-15 errepidea Bi Haizpe artera sartzen den puntura. Langa urdina zeharkatu eta ezkerrera egingo dugu, tunelaren ahora.
Bi tunel Irurtzunerako
Tunelera sartu aurretik begiratu diogu eskuinera dugun Haizpeari, eta burua saiez josita ikusi diogu. Kortejurako garaia omen, elkarren inguruan jiraka dabiltza.
Fresko dago tunelaren barruan eta oihartzunak kantu eta ahozko jolasei eman die bide. Aurrera jo dugu, eta ezin izan dugu bigarren tunela zeharkatu, eroria dago-eta. Beraz, eskuineko aldetik igoko dugu tunelak zulatutako muinoa. Dena lokaztuta dago, eta gaurko lantegirik zailenak honek jarri dizkigu: makila, zuhaiska, eta ia osinei ere heldu behar izan diegu.
Goian argindar zutabe batekin egin dugu topo, eta ezkerrera jo dugu. Aurreraxeago lau bide batzen dituen gurutzean, aurrera doan eskuinekoa hartu dugu eta marka berde-txuriei jarraiki, langa zeharkatu dugu.
Maldan behera jaitsiko gara, eroritako tunelaren beste aldera iritsi arte. Zelai eta etxe artean, berriro trenbide zaharrera iritsiko gara, ibilbidea hasterakoan ezkerrera utzi dugun zubipetik pasatuko garelarik.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.