Iruñea Donostiarekin (a-15) eta Gasteizekin (N-240) lotzen duen bidegurutzean dago Irurtzun. Kotxea herrian bertan utzi, eta Trinitate kalean gora eginez, Plazaolako trenbide zaharra hartzen zuen lautada izango dugu abiapuntua. Iturria, zubia eta beilatokia ezkerrera utzi, eta ur depositoa eskuinera dugula, mendian sartuko gara, zuhaixken artean nabarmen ageri den langa zeharkatuta. Berehala ikusiko dugu gure norabidea markatzen duen seinalea (PR NA 132): Saien Balkoia, 1.025 metrora duguna. Seinaleari kasu eginaz eskuinera joko dugu, beraz.
Aldapa hasia dela, hurrengo seinaleak ezkerrera bidaliko gaitu, jada 640 metro besterik falta ez zaizkigula ohartaraziz. Eskuinera jota Trinitate Ermitara iritsiko ginateke. Aldapan gora goaz, tarteka hankei atseden emateko begirada atzera botaz, Irurtzun han behean uzten dugula ziurtatzeko.
Zaldiak ditugu bidelagun eta zortea ere bai, aurten lehenengo aldiz ku-ku, ku-ku... entzutea egokitu baitzaigu -beharbada sol-fa, beharbada sol-mi-. Eskuak poltsikora eraman ditugu, bakeroek pistolara bezain azkar, aurten diruz armaturik egongo garen ikusteko.
Egurrezko langa pasa eta berehala izango gara Saien Balkoian.
Saien Balkoia
Harizti laiotzean behera
Bi tunel Irurtzunerako
Fresko dago tunelaren barruan eta oihartzunak kantu eta ahozko jolasei eman die bide. Aurrera jo dugu, eta ezin izan dugu bigarren tunela zeharkatu, eroria dago-eta. Beraz, eskuineko aldetik igoko dugu tunelak zulatutako muinoa. Dena lokaztuta dago, eta gaurko lantegirik zailenak honek jarri dizkigu: makila, zuhaiska, eta ia osinei ere heldu behar izan diegu.
Goian argindar zutabe batekin egin dugu topo, eta ezkerrera jo dugu. Aurreraxeago lau bide batzen dituen gurutzean, aurrera doan eskuinekoa hartu dugu eta marka berde-txuriei jarraiki, langa zeharkatu dugu.
Maldan behera jaitsiko gara, eroritako tunelaren beste aldera iritsi arte. Zelai eta etxe artean, berriro trenbide zaharrera iritsiko gara, ibilbidea hasterakoan ezkerrera utzi dugun zubipetik pasatuko garelarik.
Plazaolako (Nafarroa) meategietako burdina Andoainera (Gipuzkoa) eramateko sortu zen trenbide hau, XX. mende hasieran. 1914an bidaiariak eramaten hasi zen, Iruñetik Donostiaraino, eta horrek sekulako truke komertzial eta kulturala ekarri zuen. Irurtzunen ere geltokia izaki, oso azoka garrantzitsua izan zuen. 1953ko uholdeek geldiarazi zuten trena baina 1994. urtean Plazaola Partzuergoa sortu zen, trenbide zaharra Natur Bidea bihurtzeko. Egun Gipuzkoako mugatik Mugirora arteko bidea berreskuratuta dago (19 kilometro) eta Mugiro-Irurtzun artekoa txukuntzea da hurrengo proiektua.
Gyps fulvus-ak hegotik hegora 2,6 metro neurtu ditzake. Egun osoa pasatzen du airean zintzilik planeatzen: apenas mugitzen dituen hegoak, eta altura irabazteko isatsa mugitzea aski du. Zeru gainetan egoten da, inork ikusten ez duela, eta bat-batean behera jotzen du, hegoak erdi bilduta. Atzetik jarraituko diete taldekideek. Begiz joa zeukan haratustelera iristean lotsati portatuko da, baina behin puskari heltzean, mokoz eta hatzaparrez defendatuko du ahalik zatirik handiena.
Abendutik apirilera ernaltzen dira sai arreak. Harrak kortejatu eta emearekin batera hegan egin ondoren, elkarrekin eraikitzen dute habia, makila, lasto eta ilez. Urtarrila bukaeran jarri eta arrautza bakarra inkubatzen dute 52 egunez. Zaintza partekatzen dute nola harrek hala emeek, 24 edo 48 orduko txandak eginaz. Kumea uztail edo abuztuan joango da etxetik, behar bada gurasoengandik urrun bere bizitzari ekiteko.
Kareharrizko bi haitzak defentsarako horma sendoak ditu Irurtzunek. Harritzar hauek 1429-1430ean Gaztelaren kontrako gerra bizi izan zuten, eta euren tartetik beste hainbeste pertsonaia pasatzen ikusi zituzten, hala nola Albako Dukea 1512an, Gaztelako tropekin Iruñea hartzera zihoazela; edo 1521ean Loiolako Inazio Donea, hanka arrastaka Azpeitira bidean.
![]() |
|
||||
2038 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa