2006-04-30 -- 2038.zenb
Hil honen hasieran jakinarazi ditu Generalitatek bere aginduz burututako azken inkestaren emaitzak. Batetik hauteskunde autonomikoetarako boto intentzioa bildu dute inkestan; bestetik, Estatutaren erreferendumaren inguruan galdetu zaie Kataluniako herritarrei.
Hauteskunde autonomikoak gaur burutuko balira, CiUk irabaziko lituzke botoen %22,5ari esker. PSCk %18,2 besterik ez luke lortuko eta horrek esan nahiko luke Estatutuaren eztabaidak kaltetu duela, duela 5 hilabete egindako azken inkestan bi alderdi nagusien artean berdinketa teknikoa izan baitzen emaitza. Alderdi nagusien bikotea hirukote bihurtu nahian, ERCk gora egingo luke: botoen %14,1 jasoko luke, azken inkestan baino bi puntu gehiago. ICV eta PPk ez lukete aldaketa handirik izango eta %6 eta %4,4 jasoko lukete, hurrenez hurren.
Erreferendumari dagokionez parte hartzea baxua izango litzateke: %55. Horietatik %50,2k baiezkoa bozkatuko luke eta %14,1ek ezezkoa. Gainerakoek oraindik ez dute erabaki edo baliogabea bozkatuko lukete. Kopuru hauek ulertzekoak dira ERCk ez baitu oraindik zehaztu zein aukeraren alde egingo duen. Eta are ulergarriagoak dira zenbakiok (parte hartze baxuarena batez ere) kontuan hartzen badugu galdetutakoen %41ek ez zekiela erreferenduma izango zenik ere.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa