2006-04-30 -- 2038.zenb
Deustuko Unibertsitateko euskaran zeresana duten alderdi batzuk bateratu nahi izan ditugu hemen. Ikasleen iritzia eta instituzioarena bildu dugu, baina erpinetako bat falta zaigu hirukia osatzeko. Gotzon Garate idazle eta irakaslea ere betidanik aritu da euskararen inguruan. Deustun bizi da Gotzon eta han izan da irakasle hainbat urtean. Berak sortu zuen Euskal Filologia Saila Deustun ûomenaldia egingo diote maiatzaren bianû eta Agoan taldekoen ekimenak erabat babestu ditu. Euskal Herri osoa euskalduntzeko Bilbo euskalduntzea oso garrantzitsua da Gotzonen ustez, eta horretarako ezinbestekoa da unibertsitatean lan egitea, gizarteko joeren hazitokia delako.
Gotzonek makina bat aldiz esan du Deustun euskararen egoera larria dela benetan. «Deustun oso gaizki gaude euskarazko ikasgaiei buruzkoetan. Zenbat guztira? Inork ez daki baina guztira %10era iristen garenik ez dugu uste». Gotzonen ustez, Euskararen II. Planak ere ez du bermatzen unibertsitatean euskara erabili eta indartuko denik. Deustun euskararen alde egin den guztia azpitik etorri dela dio, ikasleek bultzatuta. Baina Gotzonek berak lan handia egin du ikasleekin batera. Euskal Filologia sortu eta lau haizetara zabaldu du gure hizketa, han eta hemen agerraldiak eta hitzaldiak eginez, eta orobat, kazeta eta egunkarietan artikuluak idatzita. «Gaur pankarta handi bat zegoen Unibertsitate barruan. Orain ere hantxe dago: Deustuko Unibertsitateko Euskal eskaintza lotsagarria!», esan digu. Ikasketa gehienak gaztelania hutsean egiten dira eta kezkatuta baina itxaropentsu hitz egin digu: «Problema goitik dator. Gure komunitateko jesuitok gara unibertsitatea zuzentzen dugunak eta hemen ez dago euskararentzako maitasunik».
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa