Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-30 -- 2038.zenb

Katixa Garate



Datuak dantzan

Dantzak badu egunik, nazioartekoa gainera, egutegian behintzat: apirilaren 29a. Horixe ospatuko dute hainbat herritan. Azken urteetan antzoki eta aretoetan ugaritzen ari dira dantza ikusteko aukerak, baina urriegiak dira oraindik. Horren adibide izan daiteke Espainiako Aisge fundazioak eginiko azterketa. Haren arabera, dantzarien erdiak ez du lanbide arteko gutxieneko soldatarik eta %27 bizi da bakarrik dantzatik. Bestelako datu batzuk aztertu dituzte Getxoko Antzerki Eskolan, generoari dagozkionak hain zuzen. EAEn diren 18 dantza konpainietatik hamahiruk emakume bat dute zuzendari eta koreografia egileen %80 emakumeak dira.


Periferiak egitasmoa laugarrenez

Sortzea, partekatzea, hausnartzea, komunikatzea dute helburu Periferiak jardunaldiek. Apirilaren 27an hasi ziren Bilbon eta maiatzaren 7an amaituko dira Periferike elkarteak antolatutako jardunaldiak. Mintegiak, hitzaldiak, akzioak, dantza, erakusketak, film proiekzioak... izango dira. Besteak, beste, honako kulturgileek hartuko dute parte: John Holloway, Ken Bugul, Swoon, Raúl Zibechi, Dionisio Cañas, Emine Sevgi Özdamar, Ramón Vera, Idoia Zabaleta, Filipa Francisco, Iñaki Uriarte, Oier Etxeberria eta LaRessistens. Urrian Donostiak hartuko du txanda eta urriaren 3tik 7ra izango dute segida ekitaldiok.


Kantautoreen jaialdia Gasteizen

Nafarroa, araba, gipuzkoa eta bizkaiko kantautore eta musikariak batzen dituen Ojalá elkarteak Kantautoreen II. Jaialdia antolatu du, iaz izandako arrakastak bultzatuta. Maiatzaren 2tik 13ra, bertako nahiz Espainiako hainbat talde eta bakarlari izango da zuzenean Gasteizko tabernatan eta Aldabe gizarte zentroan. Adriana Olmedo, Cris Etxepare, Conchita, Alfonso Mora, Txente Balader eta Alvie Smooth dira kontzertuak eskainiko dituzten musikarietako batzuk.


Antzerki jaialdi berria Iruñean

Beste begirada batzuk, beste eszena batzuk jaialdi berria antolako du Iruñeko Gaiarre antzokiak. Antzerki eta dantza eskaintza zabaltzea eta Iruñeak beste hiri batzuen pareko eskaintza izatea ditu helburu. Ekainaren 2a arte emanaldi ugari izango da: Galiziako Matarile taldearen Historia natural (Elogio del entusiasmo), Madrileko Animalarioren Hamelin, Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzitako William Shakespeareren La tempestad eta Hamlet, Pippo Delbono Italiako konpainiaren Urlo... Emanaldien ostean lanetako aktore, zuzendari eta dantzariekin tertulia publikoak izango dira Iruñeko Principal kasinoan.


Guernica Bilbora ekartzeko eskaera

Eusko Jaurlaritzak Pablo Picassoren Guernica margolana denboraldi batez Bilboko Guggenheim museora ekartzeko eskari formala egin dio Espainiako Kultura Ministerioari. 2007ko apirilaren 26an Gernikako bonbardatu zutela 70 urte beteko dira eta egun horietan margolana Guggenheim museoan egotea nahi du Jaurlaritzak. Jaurlaritzak dioenez, egungo teknologi eta bitartekoekin koadroa berme guztiekin ekar daiteke Madriletik Bilbora. Koadroa ez da inoiz Euskal Herrian izan.


EH! Literaldia Bartzelonan

Euskal literatura Katalunian ezagutarazteko asmoz jaio zen iaz EH! Literaldia jaialdia. Aurtengoan ere helburu berari eutsi diote baina literaturaz harago joateko saioa egin dute, eta hainbat idazlez gain bakarrizketak, ipuin kontaketak eta ikuskizun esperimentalagoak izango dira. Maiatzaren 19a arte ekitaldi andana izango da. Apirilaren 28an Mikelazulo kultur elkarteko kideek musika, margoa eta olerkia batzen dituen Kontrola lana eskainiko dute, maiatzaren 4an Castillo Suarezek Bala hutsak poema liburua aurkeztuko du, maiatzaren 5ean Egoitz Lasak ipuinak kontatuko ditu, 12an Mugaldekoak poesia eta musika emankizuna izango da Edu Zelaietaren eskutik. Eta gehiago.


Bertsolaritzaren gaineko inkesta

Eusko Jaurlaritzak bertsozaletasuna aztertu du otsaileko soziometroan. Otsailaren 2tik 20ra 2.872 lagun elkarrizketatu zituzten. Hona ondorio batzuk. EAEko herritarren %58k izan zuten BECeko finalaren berri. Biztanleen %27k txapelduna nor den daki. Euskaldunen artean %93k du finalaren berri eta %74k daki Egañak irabazi zuela. Herritarren %17k dio bertsozalea dela eta %47k batere ez dela.


Marikita Tambourinek bigarren eleberria plazaratu du Maiatz elkartearen eskutik. Abu Ala Ali nobela Egipton girotu du Tambourinek, esfingeen garaietan.

Fermin Muguruzak maiatzaren 4an kaleratuko du azken diskoa: Euskal Herria Jamaika Clash. Jamaikan grabatutako diskoa, horretarako propio sortu duen Ralka Records zigilupean argitaratu du. Jamaikako esperientziaren gainean dokumentala grabatu dute eta aurki emango dute Euskal Telebistan.

Agosti Xahok bizi artean argitaratu ahal izan ez zuen kantutegia eta Xahok Ariel aldizkarian eta bere liburuetan aipatu eta jasotakoak bildu ditu Patri Urkizuk. Agosti Chahoren kantutegia Susak kaleratu du.

Hiru Punttuk Escualdunak antzezlana estreinatu berri du. Herri antzerkiari eta toberari buruzko hausnarketaren bidean egindako hirugarren antzezlana. Antton Lukuk idatzitako lanak euskal etniaz eta etxebizitzaz dihardu. Aktoreak eta bertsolariak izango dira taula gainean.

Alberto Schommer argazkilariak Metropoliak izeneko erakusketa paratu du Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Hiri handietan ateratako erretratuak ekainaren 10a arte ikusi ahal izango dira.


Koldo Ameztoik honakoak esan zizkion Berriari: «Frantzian hemengo kulturaz duten ikuspegia biziki atzeratua da. Eta hori gure hutsa da. Ez dugu sarerik osatu hemengo sorkuntzak ateratzeko. Parisen, adibidez, ez da deus! Kortsikarrak eta bretoiak presente dira, baina euskaldunak ez. Arazoa da Iparraldean amateur izateko ohitura dagoela. Eta hori gure kalterako dela iruditzen zait. Euskal kultura berria hedatzen lagunduko luke profesional gehiago izateak».

Xabier Mendigurenek Paperjalearen dieta blogean izkiriatuak: «Liburuak gero eta denbora gutxiago egingo du dendako apaletan (zer esanik ez erakusleihoan), uneoro erreferentzia berriak datozenez haiei tokia egin behar baitzaie. Aurrekoari lotuta, liburua ez da dagoeneko "betirako" gauza, produktu galkor eta iragankorra baino (...) Salmentak gutxieneko kritiko batetik behera eginez gero, irabaziak ez baizik galerak izango ditu editoreak (...) baina batek bere produkzioa jaisten badu, merkatu-kuota galduko du bere lehiakideen aurrean, salmahaiaren zati txikiagoa tokatuko zaio dendan».

Aitor Gorosabel Su Ta Garreko abeslaria 7Kn: «Musika taldea izateaz gainera beste zerbait ere bihurtu garela sentitzen dugu eta, jakina, horrek erantzukizun bat sortzen digu. Idazten dudana neurtu egiten dut, badakit ezin dudala edozer gauza idatzi jende gazteak nire hitzak irakurri egingo dituelako. Agian bai, musika taldea izateaz gainera, fenomeno sozial bilakatu gara».

hemeroteka

2036. zenbakia | 2006-04-16
2035. zenbakia | 2006-04-09

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan