Jon Gurrutxaga
Burning Spear, Culture, Ijahman, Bob Marley & The Wailers, Skatalities, Abyssinia eta Michael Rose bezalako musikari eta taldeen eraginpean hazitako musikariek osatzen dute 12 Tribu. Duela zazpi urte Who's your leader? eta 2002an In it together kaleratu ostean, lan berriarekin datoz azpeitiarrak: Rebel inna Nazarin Street.
Reggae estiloaren sustraietara are gehiago gerturatu dira lan berri honetan Urola bailarakoak eta zeregin horretan Roberto Sánchez Lone musikari eta ekoizle kantabriarrak eragin handia izan du. In it together bigarren lanean egin zuten topo azpeitiarrek estrainekoz Loud&Lone taldeko partaidearekin. Izan ere, diskoa Urrestillako Tiobibo Produkzioak estudioan Atxuiyarekin grabatu ostean, Santanderrera jo zuten diskoa Loneekin nahastera. «Gaur egun Europan zeresan handia duen musikaria da Roberto, eta Espainian ere reggae autore garrantzitsuenetako bat da, garrantzitsuena ez bada », diosku Borja Eizagirre saxofonistak. Espainiako eta nazioarteko hainbat talde garrantzitsuk grabatu izan du Santanderreko A-Lone Productionesen eskutik. Izan ere, Roberto Sánchez reggae disko bati behar duen soinua ematen dakien ekoizlea da. «Hor lortzen da soinu berezi hori», azpimarratu du Eizagirrek. Musikari gisa ere eskarmentu handikoa da Roberto Sánchez, musika estilo honen zaleek aski ongi ezagutzen dituzte Loud&Lone edota Iñaki Yarrituk gidatutako Basque Dub Foundation proiektuak, adibidez. «Estudioa Nazarin kalean kokatua du Robertok, baina tokiz aldatuko du berehala, beraz, gurea bertan grabatu den azken diskoetako bat izanik, estudioari omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu diskoaren tituluarekin», dio saxofoi joleak.
Ekainean hasi zen banda azpeitiarra diskoa grabatzen eta iraila hasiera inguruan amaitu zuten. Tartean makina bat bidaia egin zituzten Santanderrera. Masterizazioa, berriz, Italian burutu da, «In it together» aurreko lana masterizatu zuen Ibon Larruzearen esku utzi dute berriro lan hori.
Aldaketa dezente taldean
Sortu zenez geroztik aldaketa ugari izan baditu ere, banda gipuzkoarrak azken diskoarekin izan ditu aldaketa nabarmenenak. Orain arte taldeko abeslari eta gitarra jole izan denak bere jaioterrira, Australiara, itzultzea erabaki du orain gutxi. «Aspalditik zuen Australiara itzultzeko asmoa Markek eta duela gutxi eman du pausoa. Diskoan berak grabatu du gitarra, baina ahotsaz Feran Konsul arduratu da. Era bitxian jarri zen Konsul gurekin harremanetan. Gure aurreko diskoa izugarri gustatu zitzaiolarik, niri deitu eta ea entseguren batera etorri zitekeen galdetu zigun. Hainbat taldetan abeslari lanetan ibilitakoa zela komentatu zigun», azaldu digu Eizagirrek. Mark gitarran ordezkatzeko, berriz, gaur egun Beizaman bizi den Yorch madrildarra sartu da taldean.
Hasieratik 12 Triburen reggae-aren ezaugarrietako bat haizezko atalaren presentzia nabarmena izan da, tronboia, tronpeta, saxoa eta zeharkako flautaz osatua. Estudioan, ordea, hiru dira instrumentu hauetaz arduratzen direnak eta Borja Eizagirre da, zehazki, saxo altoa, saxo tenorra eta zeharkako flauta jotzen dituena. «Zuzenean ere nik jotzen dut zeharkako flauta, baina momentu horietan saxorik gabe gelditzen gara, horregatik, eta taldeari haizezko atalak ematen dion indarraz oharturik, beste saxo bat sartzea otu zitzaigun. Horrela, diskoa grabatu eta gero Ekain Artola sartu da 12 Tribun», diosku azpeitiarrak. Teklatuan ere badute berrikuntzarik, orain teklista bakarra beharrean bi teklista izango baitira emanaldietan, garai batean taldeko partaide izan zen Edurne Azkune itzuli baita 12 Tribura: «Urte asko dira Edurnek taldea utzi eta Eskoziara joan zela bizitzera. Orain hemen bizi da berriro eta gurekin entseatzen hasteko animatu genuen. Beraz, bi teklista ditugu gaur egun, batek bable teknika jorratzen du eta besteak skunkin'a».
Elkarrizketan taldearen ordezkari dugun Borja Eizagirre Laurel Aitken eta Alton Ellis jamaikar musikari mitikoekin aritu izan da. Urteak dira jadanik Eizagirrek musikari frantses eta euskaldunekin Basque Ska All Stars taldea osatu eta Frantzia eta Espainiako biretan Laurel Aitken jamaikarraren musikari izateko aukera izan zuela. Duela gutxi, aldiz, Ingalaterran bizi den Alton Ellis musikari jamaikarraren alboan izan da Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertuan. Ska munduan eta batez ere rocksteady estiloan zeresan handia izan duen abeslaria da Alton Ellis. Jamaikarrak kontzertu horretarako Ingalaterrako, Euskal Herriko, Santanderreko eta Jamaikako musikariekin osatu zuen taldea, tartean Eizagirre saxoan eta zeharkako flautan.
Rebel
Tradizioz aldarrikatzailea izan da reggae musika eta halaxe dugu 12 Triburen Rebel inna Nazarin Street. Jamaikarren ahotan askotan entzun ahal izan ditugun rebel (matxinada), Revolution (iraultza) eta Babilonia bezalako hitzak entzun ditzakegu azpeitiarren kantetan: «Babiloniak orokorrean gaitza irudikatzen du jamaikarrentzat. Erresuma Batuaren menpe izan zen Jamaika, horregatik Babilonia deitzen zioten Erresuma Batuari. Guretzat reggae estiloan batera doaz musika eta abestien gaiak; gauzak defendatu eta aldarrikatzeko musika da. Horregatik, reggae-arekin militanteak izan behar garela uste dugu», azaldu du Eizagirrek.
Rebel inna Nazarin Street disko berri honetan azpeitiarrek hamabi kanta berri eta hauetako bost kantaren dub bertsioak bildu dituzte. Jadanik grabatutako kanta batetik beste bat ateratzean datza dub bertsioa. Azken batean, kanta orijinalaren moldaketa bat da. Horretarako efektuak asko erabiltzen dira eta grabatutako pistak kendu edo sartuz reggae munduan dub kontzeptuaz ezagutzen den giro berezi bat sortzen saiatzen da ekoizlea.
Nazioartean oihartzuna duen autoekoitzitako lana
Taldearen hiru diskoak autoekoitzitakoak izan dira, lehen lanean bakarrik jaso zuten diskoetxe baten laguntza. Who's your leader? izeneko disko haren banaketan Gaztelupeko Hotsaken Hotsak azpiziguluaren laguntza izan zuten. Bestalde, ondorengo bietan guztiaz beraiek arduratzeko hautua egin dute. «Ez dugu inolako babesik jaso disketxeen aldetik. Talde bat ateratzeko busti egin beharra dago eta bukatutako produktu batekin diskoetxe batengana joan eta oraindik trabak jartzen dizkizutenean oso zaila da horrelako musika herri honetan bultzatzea. Arau batzuen barruan jokatzea eskatzen zaizu eta horretarako zure musika eta zure ideiak aldatu behar dituzu. Eta azkenean ez zaude horretarako prest. Bizitzan egin duzun produkturik onenarekin diskoetxe batera joan eta salgarria ez dela esaten dizute. Hori dirua jarri behar duen diskoetxe batek esatea ulergarria da, baina nola uler daiteke zentimo bat gastatu behar ez duten diskoetxeek horrelako lan bat ez argitaratzea?», dio Eizagirrek.
Trabak traba, disko berriarekin urrats bat gehiago eman dute nazioartean ezagutarazteko. Who's your leader? lehenengo diskoarekin, adibidez, taldea Kanariar Uharteetan oso ezagun egin zen. Bertako irratietan beraien lana behin eta berriz entzuteko aukera izan zuten eta hainbat elkarrizketa egin zizkieten. Beraz, disko berri bat argitaratzen duten bakoitzean ale asko Kanariar Uharteetara bidaltzen dituzte, bertan dezente saltzen baitute. «Disko bakoitzeko bertan jotzeko gonbita jasotzen dugu, baina taldean hamaika pertsona izanik ezinezkoa izan zaigu hara joateko tarte bat topatzea». Disko berria Mexiko eta Txilera helduko da, besteak beste, eta bertako hainbat hedabidetarako elkarrizketak egin dituzte dagoeneko.
Miel Anjel Elustondo
Identitatea. Nor gara gu, zer gara gu. Agustin eta Pedro Oiarzabal de Cuadra ikertzaileak peskizan hasi ziren 2002an, bata Bilbotik, bestea Nevadako Renotik (AEB). Galdera bat egin zuten, bakarra, eta sarean jarri edo euskaldunak ziren bazterretara helarazi. «Zer da euskaldun izatea zure ustez?». Nork bere neurriko erantzuna ondu zuen, nahi izan zuen moduan, batere mugarik gabe. Oiarzabaldarrek erantzunak aztertu eta azala eta mamia bereizi zituzten, lastoa eta bihia. La identidad vasca en el mundo liburua dugu emaitza.
Euskal identitateari buruzko ikerketa egiten hasi zineten 2002an. Galdera bat formulatzetik abiatu zineten.
Kanpo-lana egin genuen 2002an. Inkesta bat egin genuen, galdera bakarrekoa: «Zer da euskaldun izatea zure ustez?». Internet bidez, faxez, telefonozà egin genuen galdera, munduan sakabanaturik dauden euskaldunengana iritsi nahirik.
Euskal Herrikoak barne.
Bai. Euskal Herrikoak barne. 60ren bat erantzun jaso genituen. Era honetako ikerketa kualitatiboa egiteko nahikoak ez ezik, gehiegi ere bai. Ikerketa kualitatiboa egin nahi genuenez, galdera egin eta nahi zuen moduan erantzuteko eskatu genion inkestatuari. Guk ez genuen aurrez definituriko gidoirik. Zera besterik ez genuen nahi, alegia, bere burua euskalduntzat jotzen zuten haiek euskaldun izateak beraien ustez gaur egun zer esan nahi duen adieraztea. Besterik ez.
Zehatza ematen du galderak. Erantzunak, asko ez ezik, askotarikoak izan dituzueà
Batzuek eskuz idatzi ziguten, beste batzuek idazmakinez; batzuek faxez, askok internetezà 15 urtetik hasi eta 80 urte bitartekoek erantzun digute. Lehen belaunaldiko eta bosgarren belaunaldiko euskaldunak. Batzuen gurasoak Euskal Herrian jaiotakoak ziren; beste batzuenak, kanpoan; beste batzuenak, aita edo ama, bietarik bat baino ez zen euskaldunaà Gizonak eta emakumeak, erdibana jaso ditugu haien erantzunak, guk nahi gabe ere. Horrelaxe fortunatu zen. Horixe da liburuaren abentura.
«Zer da euskaldun izatea zure ustez?», abenturaren hasierako galdera.
Ez al da interesgarria? Are gehiago, euskal identitatea boladan dagoen garaian. Hedabideetan ez da besterik hitz egiten: euskal identitatea bai ala ez; euskal identitatea, batzuetan santutu, besteetan deabrutu. Politika mailan ere, zer da euskal identitatea? Ibarretxe planean ere horixe irakurri dugu, alegia, Euskal Herriak berezko identitatea daukala. Hortik abiatu ginen galderari erantzun bila.
Zu zeu Renon bizitzeak eraginik izan al du galdera horretan?
Bai, jakina. Norberaren bizipenen ondorio ere bada galdera. Hamabi urte daramatzat Euskal Herritik kanpora. Zortzi egin nituen Irlandan, horietarik bost, Belfasten. Eta, han nengoela, bake-prozesua bizi nuen. Harrezkero, lau urte daramatzat Renon. Eta, etxetik kanpora zaren orduko, beti da baten bat, galdera egingo dizuna: «Eta zu, nongoa zara?». Eta «Euskal Herritik nator» esan orduko, beraien galdera: «Zer da Euskal Herria? Zer da euskalduna?». Eta hizkuntzari buruzko galdera, erakundeei buruzkoa, ekonomiaà Galdera zaparrada hori erantzun baino, euskaldun askok nahiago du esan espainolak direla, edo frantziarrak.
Entziklopediak dakarren azalpenik eman beharrik ez.
Bai, baina orduan zeure buruaren kontra ari zara, jendeak ez du behin ere jakingo zer den euskalduna. Batzuek irri gaizto ere egiten dute, esanez bezala: «Euskaldun gizajoa! Espainola edo frantziarra izan besterik ez eta!». Erbestean, zeure famili, lagunarte, auzo eta ingurutik lekora bizi zara, eta euskaldun izatea berrinterpretatu beste erremediorik ez duzu. Birdefinitu egiten duzu euskaltasuna.
Hirurogei erantzun bildu eta aztertu dituzue, batetik eta bestetik jasotakoak. Euskal Herritik eta euskal etxeetatik bidali dizkizuetenakà
Euskal etxe guztiekin jarri ginen harremanetan eta, haien bidez, gaia interesatzen zitzaion jendeagana heldu ginen. Baina haien erantzunak ez ezik, eta Euskal Herrian bertan bildutakoez gainera, beste zenbait lekutatik bidalitakoak ere jaso ditugu. Berez zaila da euskal etxerik ez dagoen lekuetan euskaldunik identifikatzea. Guri, adibidez, harrigarria gertatu zitzaigun, Filipinak eta Nikaraguatik erantzunak jasotzea, han ez dago eta euskal erakunderik. Kasu horretan nik uste senide eta lagunek jakinaraziko zietela gure asmoa.
Atzerrian zein Euskal Herrian bizi direnen erantzunak jaso dituzue. Interesgarria.
Beharbada, horixe da lan honen alderdirik interesgarriena: lehenengo aldia da identitatea globaltasunetik aztertzen dena. Ez dugu ezberdintasunik egin diasporako eta Euskal Herriko euskaldunaren artean. Gure iritziz, euskalduna euskaldun da, testuinguru soziopolitiko, historiko, bizipen, biografia eta gainerakoak gorabehera. Badakigu, era batera, gauza bera ez dena euskaldun izatea Iruñean, Buenos Airesen edo Caracasen. Baina kondizionamendu horiek aparte utzita, lanak ez du bereizketarik egin kanpoko eta barruko euskaldunen artean.
Galdera sotila egin zenuten, munduan lau kornerretako erantzunak jaso, eta ondorioak atera. Horiexek zuen lanaren atalak. Liburuan, gainera, sarrera teorikoa erantsi duzue.
Bai. Eskola teorikoen azterketa egin genuen lehenengo. Zer idatzi den identitateari buruz, oro har, eta euskal identitatearen gainean bereziki, aztertu genuen. Izan ere, alderdi askotatik landu da identitatea: antropologiaren ikuspegitik, soziologiarenetik, psikologia sozialarenetikà Badugu geure euskal historiografia ere, hainbat literatura idatzi da eta euskaldunen gainean.
Berniz teoriko-akademikoa eman lehenbizi eta zuen galderari emandako erantzunak aztertu dituzue liburuaren bigarren partean.
Bai, inkestatuen testuak. Eskutitz erakoak dira gehienak: batzuek, poemak bidali zizkiguten. Beste batzuek, hirugarren pertsonan idatzitako narrazioak, beraien bizipenak kontatzen dituztenak.
Liburuan ageri dira erantzun horietako batzuk.
Bai. Hamarren bat. Irakurlea erantzunen aberastasunaz jabe dadin: adierazteko era ezberdinak eta hizkuntza eta hizkeren aniztasuna. Euskalki ezberdinetan idatzitakoak ez ezik, hizkuntza ezberdinetakoak daude: ingelesez, frantsesez, gaztelaniazà eta denek, gai beraren inguruan gogoeta eginez: zer da euskaldun izatea? Horixe gai bakarra. Ez dute beste mugarik izan. Ezta muga politikoak ere. Gainera, muga horiek ez dira harresi, migrazio-lekualdatzeak baizik. Identitatea batetik bestera dabil, herrien arteko mugen gainetik.
Euskaldun horien narrazioaren azpian dagoena aztertu duzue zuek.
Soziologia tradizionalak askotan baliatu du molde hori baina lehenengo aldia da euskaldunen gaineko ikerketan erabili dena. Alegia, ikerketa askotan galdera egiten dizute: «Euskalduna zara?» eta, «Bai». Eta elkarrizketa egin eta horixe gordetzen dute. Guk, elkarrizketa horren azpian dagoena aztertzera jo dugu. «Zer esan nahi digu boisetar honek?». «Mar de Platako hau, ari da baina, zer esan nahi digu?». Horrelakorik ez da egin gurean. Guk, aldiz, egin dugu.
Zuen lanaren meritua, esan nahi duzu.
Azterlan asko egin dira euskaldunen gainean. Guk ez dugu esan nahi gurea besteak baino hobea denik, gu geure ikuspegitik ari gara, besterik gabe. Ez dugu galdetzen «zer zara gehiago, euskalduna ala espainola, ala euskalduna bezain espainola?». Azterlan askotan horrelako galderak egiten dira. Eta aurrera! Baina guri horrek ez digu ezer esaten. Bata euskal amerikarra izatea ala amerikar euskalduna... Zer esan nahi du horrek? Zer dago identitate horren atzean? Horixe jakin nahi genuen guk.
Ondorioak ere atera dituzue.
Jabetu gara ezaugarri batzuk komunak direla narrazio guztietan. Guk zazpi multzo ezarri ditugu liburuan. Beharbada, gutxiago ere izan zitezkeen beste era bateko sailkapena egin izan bagenu, baina balio du. Multzo horietan dira familia, bidaia, konpromisoaà
Eta, ondorioetan, beharbada, Gloria Totoricaguenak liburuaren atarikoan aipatzen digun bat, dibertsitateaà
Bai, horixe, dibertsitatea: alegia, nork bere euskaltasuna duela, nor bere modura dela euskaldun, bere egoeraren arabera, bere inguruaren arabera. Euskaldun izateko modu denak dira zilegi, interesgarri, aberasgarrià
Pilar Iparragirre
Liburu hau osatzeko zein izan da zure lana?
Liburutegietara jotzea eta haietan aurkitutako gerraurreko Argia astekarietan miatzea, iragarkien bila. Ez da lan erraza izan, egia esan behar badut, agertzen ziren iragarkiak astero-astero beti berdinak izaten zirelako, salbuespenak salbuespen. Azkenean, liburua, osatzekotan, salbuespen horiekin osatu behar izan dugu, ez baldin bagenuen iragarki berberez osatu nahi.
Horiek izan al dira arazo latzenak?
Beno, ez da erraza izan ere, iragarki gehiegi ez zelako jartzen, beharbada garai horretan publizitatea ez zelako joera naturala gure merkatalguneen jabeentzako eta gure enpresa-buru txikientzako.
Zerk bultzatu ote zituen iragarkiak jartzera Argian azaltzen ziren horiek?
Koldo Izagirrek Euskararen historia tipi bat Donostian liburuan esaten duenez, Argia beraren sorrerak zerikusi zuzena zeukan Tolosan urte batzuk lehenago sortutako Euskal Esnaleak elkartearekin. Horren arrimura sortutakoa dugu Argia, beraz, abertzaletasunetik oso gertu zegoen astekaria. Garai hartan -1921. urtean- sortzen ari zen euskal abertzaletasun horrek ulertu zuen euskara indartzeko, tresna egokia izan zitekeela geure hizkuntza berez erdalduna zen esparrura ekartzea; hain zuzen, hirira, Boulevard ingurura eta Donostiaren zentrora. Modernitatea erdaraz zetorren gurera, eta orduko abertzaleen zeregina, nolabait, euskara urbanizatzea izan zen.
Pilar Iparragirre
La luz que llevas dentro
Patxi Rozas del Cura
Ttarttalo
364 orrialde 20,80 euro
Etorkizunari eginiko so mesfidatia
Munduak daraman bilakaerari eginiko begirada mesfidatia islatzen da Patxi Rocha del Cura gasteiztarraren La luz que llevas dentro eleberrian. Hirugarren milurtekoan hiri baten parte zaharrean kokatzen du kontakizuna. Oraindik jarraitzen du han artisau-lanean diharduenik, gazte jendea biltzen duten tabernaz inguraturik. Udalak Parte Zahar hori birmoldatzea erabaki du, ordea, eta horretarako soberako zaizkio aurrerapenari bizkar emanaz bizi direla iruditzen zaizkion biztanle horiek. Beraz, Etxe Merkeak izeneko leku batera bidali ditu eta han elkartuko dira babes bila bertara iritsitakoekin, auskalo nondik, baina beti ere gisa guztietako premia gorrietatik ihesi. Harik eta hiriaren aurrerapenak Etxe Merkeetan daudenen bizierarekin talka egiten duen arte.
Jardunaldiak. 23 urtez Amejoramendua. Azterketa ezkerretik
Batzuen artean
Ipar-Hegoa
216 orrialde
Amejoramenduaren jarduerari eginiko azterketa kritikoa
Hezkuntza eta ikasketa sindikalez arduratzen den Ipar Hegoa Fundazioak iazko irailean Iruñeko Baluarte Kongresu-Jauregian antolatu zituen jardunaldien emaitza biltzen da argitalpen honetan. Jardunaldi haien helburua 23 urtez Amejoramendua izan ondoren ezkerraren ikuspegitik egiten zitzaion azterketa kritikoa biltzea zen. Sentsibilitate ezberdineko nafarrek hartu zuten parte horretarako ospatu ziren lau mahai-ingurutan, besteak beste, garapen politiko eta instituzionala; hizkuntza eta kultura politikak Amejoramenduaren testuinguruan; garapen eredua eta politika publikoak gehi Nafarroako lurralde estrategia; eta lan harremana eta gizarte babesaren eredua gaiak jorratu eta haien inguruan eginak zituzten gogoetak azaltzeko.
Katu guztiak ez dira gaiztoak
Enkarni Genua, Jesús Lucas
Erein
36 orrialde
Marramiau katua eta sagutxo izutuak
Sagutxoak dira sei-zazpi urteko haurrei begira Enkarni Genuak sortu eta Jesús Lucasek marraztutako antzerki lan honen protagonista gehienak. Sagu oso jostariak, kantu asko dakizkitenak. Egia esan, poz-pozik biziko lirateke orain dauden etxean, Marramiau katuarekin beldurtuta ez baleude. Bazter batean, sutondoan, gehientsuenetan lo egoten da Marramiau, baina sagutxoak ez dira batere fio, amak behin eta berriz esan dielako ez inguratzeko harengana. Katu guztiak beltzak dira, dio sagu amak, katu guztiak gaiztoak direla, alegia. Eta jakina, sagutxoak ikaraz dabiltza. Baina behin Ipurtargia azaltzen zaie beraiek dauden lekura, esanaz katu guztiak ez direla gaiztoak. Are gehiago, Marramiauren ondotik pasatzen da, eta honek ez dio kasu zipitzik egiten. Geroztik dena aldatuko da sagutxoentzat.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
122 orrialde 9,50 euro
Doako ikasliburuak auzitan
Testuliburuak maileguan? Horixe da Jakin aldizkarikoek 153. zenbakian jorratu duten gaia. Galderari erantzuna aurkitu nahian, hainbat lan azaldu dituzte. Olatz Osak Hezkuntza Sailak egindako proposamena aztertu du, testuliburuen mailegu bidezko doakotasunak euskal kulturaren hainbat esparrutan izango lukeen eragin kaltegarria agerian jarriz. Xabier Garagorrik euskal curriculumaren egitasmoaren ikuspegitik testuliburu eta ikasmaterialen ekoizpenak bete behar dituen baldintza orokorrez egin du gogoeta. Eta horien jarraian, doakotasuna eta mailegutza gaiaren inguruan egindako iritzi bilketa bat dator, zazpi direlarik erantzuten dutenak: Juan Jose Agirrezabala, Juan Carlos Alonso, Juankar Aretxabaleta, Jorge Giménez, Iñaki Lekuona, Jesus Mari Olaizola Txiliku eta Kepa Torrealdai.
Egunen harian
Xabier Mendiguren Elizegi
Elea
296 orrialde 16 euro
Xabier Mendigurenenak, egunez egun
2004ko uztailaren 16an ireki zuen Xabier Mendiguren Elizegi editore eta idazleak Interneten blog bat. Urtebetez, egunez egun, hor zer edo zer mamitsu idazteko erabaki sendoa zeukan. Lan nekaezin horren emaitza da, hain zuzen ere, Elea argitaletxeak kaleratutako Egunen harian liburuan jasoa dagoena. Gaiak? Oso anitzak: bertako eta kanpoko idazleen lan literarioak, zinema, telebista, antzerkia, bertsolaritza, musika, honi edo hari buruz Mendiguren Elizegik duen ikuspegia, berari gertatutako hainbat pasadizo esanguratsu, nazionalismo deportiboa dela-eta egiten dituen gogoetak, kinto bazkaria, bikote-harremanak, ea zein izan daitekeen adinik onena, alkate panparroi baten beharra... eta abar.
Tiempo de cerezas
Inazio Mujika Iraola
Alberdania
112 orrialde
Inazio Mujika Iraolaren
Gerezien denbora gaztelaniaz
1999an plazaratu zuen Inazio Mujika Iraolak bere azken eleberria, Gerezien denbora izenburupean, 1936ko gerra indarrean zela, txikitatik elkar ezagutzen duten apaiz batek eta CNTko militante batek erakunde anarkosindikalistako kideek bahitutako artzapezpiku bat askatzeko bizi behar izaten dituzten gorabeherak ardatz dituen narrazioa. Lan horrek gaztelaniazko bertsioa ezagutu du orain, Jorge Giménez Bechek egindako itzulpenari esker. Alberdania argitaletxeak plazaratu du, Alga sailean.
Ez merkeenak! Bai onenak!
Lander Garro
Alberdania
120 orrialde 10 euro
Argia: euskal publizitatea abian jarri zenekoa
Donostiako Euskararen Patronatua eta Alberdania argitaletxearen eskutik Lander Garrok plazaratutako liburu honen izenburu zehatza Ez merkeenak! Bai onenak! ARGIA. euskal publizitatea abian da. Eta horixe eskaintzen digu. Alegia, Bittor Garitaonaindia eta Gregorio Mujikaren bultzadaz XX. mende hasieran Donostian martxan jarri zen euskal aldizkarian garai hartantxe azaltzen zen publizitatearen bilduma bat, eta Argian agertutako zenbait testu aukeratu. Euskarazko publizitatearen hastapenak ezagutzeko era bikaina. 1921ean Gipuzkoako Foru Aldundiko lehendakari zen Julian Elorzak aldizkariari eginiko ongi-etorrian zioen: «Su onen inguruan, euskaldun guziok berotu bear degu. (...). Gure etxietako atea zabal-zabal eginda, maitasunez beterik artu zagun ARGIA au». Eta horixe egin zuten hainbat euskaldunek. Baserritarrak ziren haietarik asko, eta baserritarrei begira eginak daude iragarki gehienak. Baina badira Euzkadi izena dun jaboya onena da! diotenak, ahoko mina kentzeko iaioak diren dentistak, janari gozoa eskaintzen duten jatetxeak, kafe ezin hobea dutela ziurtatzen dutenak, oinetako dendak, eta Erabilitako janzkirik ez bota! Berritu ohartarazten duenik ere.