ETAk su-eten iraunkorra indarrean jarri eta hilabete pasatu denean, dena pentsatutako bidetik doala esan liteke, behintzat protagonista nagusiek egiten dituzten adierazpenak kontuan hartuta. Gai asko dira garrantzitsuak halako prozesu luze batean, baina etengabe presente izango diren hiru osagai nagusi bederen hortxe dira indar handiz: arazo politikoari heldu behar dion mahai politikoaren eraketa; Nafarroaren errealitatea; eta gatazka guztiz itxi gabe egoteak dakartzan eraso eta sufrimenduarenak. Azken eremu honetan koka daitezke, adibidez, presoen eremuan edota Ibon Meńikak salatu dituen torturak, edo Barańainen eta Getxon izandako kale erasoak. Barańaingoak bereziki sortu du kezka eta Euskal Herriak bizi duen denboran guztiz jokoz kanpo badaude ere, egon hor daude, eta pentsatzekoa da hor izango direla gutxienez prozesua gehiago sendotu arte. Desiragarriak izan ez arren, halako prozesuetan gertagarrien eremuan sartzen dira erasook. Beste kontua litzateke, kale borrokak 1998ko su-eteneko intentsitate saboteatzailea hartuko balu.
Guardia Zibilak Ibon Meńika atxilotu zuenean, askok pentsatu zuen oraingoa zela aukera ona ikusteko Guardia Zibilak nola jokatuko zuen garai berriaren aurrean, batez ere torturaren erabilera dela eta. Eta Meńikaren atxiloketak ez du kotoiaren froga pasatu, Guardia Zibilaren torturak salatu ditu: kolpeak barrabiletan eta buruan eta era guztietako mehatxuak. Ohikoa den bezala, Meńikaren tortura salaketak oihartzun txikia izan du hedabideetan, inondik inora konpara ezin daitekeena bere atxiloketak izan zuenarekin. Torturen eremuan, halaber, oso esanguratsua izan da Nekane Txapartegik 18/98 auzian deklaratzean egindako tortura salaketa, ohiko mehatxu eta kolpeez gain, guardia zibilaren esku jasandako bortxaketa ere salatu zuelako. Bosniako emakume musulman bortxatuek gerra garaian jasandakoei buruz orrialde ugari idazten dituzten komunikabideak ez dira lerro bakarra ere idazteko gai Txapartegik egindako salaketaren gisakoak ematen direnean.
Ainhoa Lendinez
Ibai Atutxa, Xabier Bilbao eta Mikel Petuyak osatu dute Agoan euskara taldea. Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak egiten ari dira. Bilboko egoitzan euskara oso gutxi entzuten dela-eta kezka horrek bildu ditu, gure hizkuntzaren erabilera bultzatzeko. Deustuko Unibertsitatean ikasleen %60k daki euskaraz baina hitz egin oso gutxik egiten dute. Egoera irauli nahian, Euskara ahoan kanpaina jarri dute martxan.
Atutxaren esanetan, jende asko hurbildu zaie eta horrek ahalmena eman die hainbat ekintza martxan jartzeko. Gizartean beste hainbat erakunde aritzen dira euskararen erabilera eta ofizialtasuna lantzen baina Atutxak argi utzi nahi izan du zein den Agoan taldearen asmoa: «Euskal Herrian Euskaraz ofizialtasunaren alde dago, Kontseiluak ere euskararen inguruan beste egitasmo batzuk ditu. Gurea euskararen erabilera da. Ez dugu beste taldeek dituzten helburuak dituen talderik sortu nahi. Oraingoz, Deustuko Unibertsitatean jardun nahi dugu eta ondoren beste batzuetara zabaldu, baina betiere irakaskuntzari gagozkiola». Harremanetan daude hainbat unibertsitaterekin eta ekimena Bizkaia, Gipuzkoa, Baiona, Gasteiz eta Iruńera zabaldu nahi dute, horietan ere Agoan izenarekin taldeak sortzeko. Baina geroago izango omen da hori.
Euskalduntze planak garatzen ari diren herri batzuetan euskararen erabilera bultzatzeko praktikan jarritako proiektu bat ekarri nahi dute Agoanekoek Deustuko Unibertsitatera. Horrekin batera, euskaraz dakitenak identifikatzeko produktu sorta bat prestatu eta banatu dute. Taldearen leloa daramaten elastikoak, eranskailuak, pinak eta bestelakoak dira. Kanpainaren euskarri guztiak biltzen dituen multzoa bost euroren truke lor daiteke eta Atutxak esan digunez, atera eta berehala amaitu zaizkie elastikoak: «Ez dugu nahi kamisetena egun bateko kontua izaterik, konpromisoa betetzea nahi dugu, unibertsitatean enkartelada egingo dugu konpromisoa hartu dutenei gogorarazteko eguneroko lana dela euskara ahoan izatea». Izan ere, pinak eta bestelakoak soinean daramatzanak euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko du, eta hari ere euskaraz hitz egin beharko diote gainerakoek. Hortaz, produktuak jasotzen dituenak taldeak prestatu duen komunikatuko ideiekiko atxikimendua eta konpromisoa hartuko du -ikus hurrengo orrialdeko koadroa-.
Horrezaz gain, Interneten, www.goiena.net atarian, web blog bat ere jarri berri dute. Taldearen gaineko informazioa banatzeko bidea izango da, posta-zerrenda batekin batera.
Euskal Filologia uharte bat da Deustuko Unibertsitatean -30 urte bete ditu aurten-, eta uharte horretatik kanpo nekez entzuten da euskara. Proiektua sortu dela-eta jendea gogotsu eta oso esker onez bildu zaie Agoanekoei. «Jendeak ikusi du unibertsitatean hutsune bat zegoela, eta bete dugula. Mailarik apalenean euskaraz egitea bultzatu nahi dugu», esan digu Atutxak. «Rosa Miren Pagola unibertsitateko errektoreordeak lagundu digu asmoan, baina Gotzon Garate izan da hasieratik gidatu gaituena. Hasieratik harengana jo genuen eta asko zor diogu», gaineratu du.
Hastapenetan daude, zalantzak dituzte oraindik, baina indarra ere alde dute. Talde sendoa osatu nahi dute, ondoren gainerako euskal erakundeekin harremanetan jartzeko. Etorkizun hurbileko asmoez galdetuta, hitzordu garrantzitsurako deia egin dute Agoan taldekoek. Deustuko Unibertsitatean, apirilaren 27an, Euskararen Eguna antolatuko dute, unibertsitatekoentzat eta kanpokoentzat. Askaria, jolasak, hitzaldiak eta bestelakoak izango dira. Andoni Egańa eta Jon Maia bertsolariak ere lagun izango dituzte festan.
Titulazio guztietan kredituen %30 euskaraz ematea helburu
Baina zer dio honetaz guztiaz alderdi instituzionalak? Hain zuzen ere, ekimen hau martxan jartzearekin batera kaleratu da Deustuko Euskararen II. Plana. Rosa Miren Pagola Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Politikarako errektoreorde eta Euskal Filologiako irakaslearen ustez bi ekimenak, ikasleena eta unibertsitatearena, bateragarriak dira, eskutik helduta bidera daitezkeenak. Planak gainera hizkuntza paisaia -bistan diren seinaleak, kartelak...- eta irakasleak ditu hartzaile nagusi. Agoan taldeak, berriz, ikasleak ditu ardatz.
Euskararen II. Normalizazio Planak bi arlori eragingo die nagusiki. Batetik, ikasleak prestatu eta trebatzeko prozesuetan gaitasun linguistikoa sustatuko du, etorkizunean lanean euskaraz egiteko gai diren ikasleak hezteko. Bestetik, unibertsitateko bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera indartzea du helburu planak. Egun indarrean dagoen hezkuntza Plan Estrategikoan, hiru sail hartuko ditu horretarako: Zerbitzuak, ikaskuntza-irakaskuntza eta ikerketa. Zerbitzuen esparruan, Deustuko Unibertsitateak euskaraz eman nahi ditu informazioa zabaltzeko modu guztiak, idatzizkoak -gutunak, jakinarazpenak, eskabideaką- nahiz ahozkoak -ekitaldiak, hitzaldiak, aurkezpenaką-. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan, titulazio orotan kredituen %30 euskaraz ematea lortu nahi dute eta langile guztiek euskaraz egiteko gaitasuna edukitzea. Horrezaz gain, materialgintzan ere asko dago egiteko. Liburutegian eta bestelakoetan material oro euskaraz paratzea da asmoa, nahi duenak eskura izan dezan. Ikerketa arloa euskaraz normalizatzea ere erronkatzat hartu dute Deustun.
Beste ezer baino lehen, euskarak Deustun duen egoera aztertzeko, Pagolak ezinbesteko jo du bi eremu bereiztea. Deustuko Unibertsitateak bi campus ditu, Donostian bat eta Bilbon bestea. Bi horietan egoera ez da berdina, areago, oso ezberdina dela esan digu: «Donostian askoz ere sendoago dago euskara, osasuntsuago, erabileran eta irakaskuntzan. Giroak ere lagundu egiten du, eta titulazio guztietan ikasgaien %50 gutxienez euskaraz ematen dira. Bilbon askoz ere erdaldun gehiago dago oro har eta horrek eragin handia du erabileran. Horregatik zabaldu dute ikasleek euskara erabiltzeko kanpaina, Bilbon euskara urtuago dagoelako».
Euskararen egoeraz ari garela, Pagolak asmo handiko proiektu baten berri eman digu. Deustuko azken proiektuaren helburua ez da ikasketak %100ean euskaraz ematea, ikasleei nahi dutena euskaraz ikasteko modua bermatzea baizik. Horretarako, ALUD plataforma digitala jarri dute martxan, kreditu bidezko ECTS sisteman.
«Deustun aldatu egin da irakaskuntzaren kontzeptua. Eskola guztiak ez dira presentzialak, ikasleak lan handiagoa egin behar du taldean eta bere kabuz. Horregatik, irakaslearen presentzia ez da horren handia, jarraipena egitea, bilerak gidatzea eta ikasleei laguntzea da bere zeregin nagusia. Kredituak euskaraz ematea baino garrantzitsuagoa da ikasleei heziketa prozesua euskaraz egiteko aukera ematea», azaldu digu Pagolak.
Baliabideak euskaraz eman nahi dituzte Deustun nahi duten guztiek euskaraz ikas dezaten. ALUD plataforma digitalaren bitartez, irakaslearen eta ikaslearen arteko harremana erraztu egin dute. Gai guztiak plataforma horren bitartez ematen dira eta oso erreminta indartsua da. «Urratzaileak izango gara bide berri bat zabaltzen dugulako, eta aukera ezin hobea delako ikasleek euskaraz ikasteko. Europako lehen unibertsitatea gara ECTS europarren sisteman sartzen», gaineratu du Pagolak.
Ikasketak euskaraz egitea aukeratzen dutenen kopurua ere ez omen da handia unibertsitatean eta hori oztopoa izan da askotan euskarari eusteko. Heziketa programa berri honetan, ordea, euskarazko lerroak emateko aukera gehiago izan dituzte.
Beldur dira UPN eta CDN eta beldurra Gobernua galtzeko aukerarekin lotua dago. Pentsatzeak ere zirrara itzela eragiten die urdailean. Egia da egungo oposizio politiko osoak bat eginez gero, UPN Gobernutik kanpora dezaketela; egia da hori lortzea ez dela erraza izango. UPN hasi da jadanik beldurraren estrategia astintzen, eta nagusiki sozialistak has daitezke prestatzen era guztietako aterkiak datozen hilabeteetan etorriko zaizkien zaparradei aurre egiteko. Diario de Navarra eta enparauak arduratuko dira horrekin. Baina errealista izanda, egia da oso posible dela UPN Gobernutik kanporatzea. Horretarako abertzaleek, PSNk eta Ezker Batuak ahalik eta emaitza onenak lortu beharko dituzte, aurreikus daitekeen partehartze handiaren ondorioz, abstentzio zaleen botoa erakartzeko indar berezia eginez. Hor izango da klabea seguruenik. PSNk Zapateroren aldeko haize indartsua du, Batasunak edo berau ordezka dezakeenak ere alde du haizea. Nafarroa Baik ere emaitza onak izan ditzake, baina bere baitan azken hilabeteetan bizi dituen duda-mudak argitu beharko ditu horretarako. EAko zuzendaritzak koalizioaren aldeko apustua baietsi zuen, baina koalizioaren barne prestaketetan jarrera zalantzagarria agertzen ari da, Nafarroako EAko militante ugari ere harrituta uzteraino. EAk badaki Nafarroako abertzale askok ondo ikusten duela Nafarroa Bai, baina zalantzak ditu koalizioen bidea ote den abertzaleon ahotsa biderkatzeko formularik egokiena.
Mikel Asurmendi
Etxarri Aranatzen burutu zen lehen Gazte Topagunea, 1994an, baita azkenekoa ere. Clara Rouget, berriz, 1998an iritsi zen Euskal Herrira. Gazte mugimenduaren indarrak liluratu zuen nonbait. Mugimenduak bide egin du eta berak ere bai: «Topagunearen zazpigarren ekitaldiak gazteek antolatzen eta borrokatzen segitzen dutela erakutsi du, sistemak ezarritako oztopo guztien gainetik gazteok konpromisorako gogoa atxikitzen dugula. Etxarri Aranatzen ibilbide bat osatu dugu, baita Nafarroa Euskal Herria dela gogorazi ere», adierazi digu 23 urteko solaskideak.
Bake eta normalizazio politiko garaian omen gaude, baina gazteek errepresioa hurbiletik sentitzen dutela erran digu Clara Rougetek: «Topaketaren lehen egunean Guardia Zibilak hiru kontrol ezarri zituen herriaren sarreretan, autoak eta autobusak miatu zituzten, baita bukatu ondoren ere, eta bien bitartean zelatatuak izan gara. Topagunea ondo baino hobeto burutu dugu hala ere».
Gazte Topagunea hizpide abiatu dugu solasaldia, gazteriaren problematikaz amaitzeko. Lehenago baina, Uztaritzeko Gaztetxeko militanteari berezko galdera egin diogu.
Herri honen izaeraren kontzientzia hartu duzu urte gutxitan, baita euskalduna bihurtu ere. Nondik nora?
Euskal Herriko historia eta problematika gurasoen bitartez ezagutu ditut. Gurasoak ezkerreko militanteak dira, estatu gabeko herriekin harremanak dituzte eta horien berri izan dut tipitatik. Euskal Herrira etorri eta lagunak fite egin nituen. Herrialde guztietan ibilia naiz, eskualdeak ezagutzeko parada ukan dut eta militante bilakatu naiz.
Independentziaren aldeko militantea gainera. Gazte Topagunearen lema «Tipi-Tapa, Independentzian topa» izaki.
Lema Euskal Herriak bizi duen normalizazio eta konponbide politikoaren zentzuan ulertu behar dugu. Gazteok independentzia beharrezkoa dugula aldarrikatu dugu berriz ere, egingarria dela uste dugu, pixkanaka independentziarantz goazela diogu. Urtean zehar hainbat arlotan landu ditugun lanak, hala nola independentziarako ideiak eta alternatibak trukatu ditugu Topagunearen karietara. Festa giroan, hainbat errealitate ezagutzeko parada izan dugu eta independentziaren kontzeptua gazteen artean gero eta errotuago dagoela erakutsi ere bai.
Gazteak pasotak edo axolagabeak zaretela erran ohi da.
Eta drogazaleak... Baina hori ez da euskal gazteriaren errealitatea. Lau egunetan milaka gazte bildu eta ekitaldia -bere osotasunean- antolatzeko 4.000 aritu gara. Are gehiago, gazteok lan egin dugu eta laguntzeko bonoak ordaindu ditugu. Hitzaldiak, mahai-inguruak, jokoak edota kontzertuak izan dira. Egunero gazteen arteko informazioa landu eta zabaldu dugu Xirika eta Gaztesarearen bidez. Konpromisoa erabatekoa da.
Olinpiadak edota presoen aldeko ekimenak burutu dituzue, besteak beste.
Gazte Olinpiadak herrialde guztietan aurretik izandako kirol ekitaldien amaiera izan dira. Joko eta kultur ekimen ezberdinak landu dira, gazte izatea eta kirola elkarren ondoan direla erakutsi dugu. Halaber, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna kari, Raymond McCartney irlandar preso politiko ohia izan da Euskal Herrian, presoen ardura zuzena duten taldeetako kideekin. Lau egunetan presoek leku berezia izan dute Topagunean, haiekiko atxikimendua berretsi dugu, baita haien eskubideak aldarrikatu ere. Presoen estatutu politikoaren ezagutza eta hurbilketa eskatu ditugu eta prozesu politikoan eragile izan daitezen.
Nola ikusten duzu puntu hori gatazkaren konponbidean?
Presoak oro har eta gazte presoak bereziki gatazka dela-eta espetxeratuak izan dira. Hainbat gazte oinarrizko eskubideen alde borrokatzeagatik daude presondegian, gazteak hain juxtu ere etorkizuna garelarik. Gazteok toki inportantea dugu prozesu politikoan, lekua eskatzen dugu, gu baikara biharko Euskal Herria.
Nolako gogoeta egiten duzu ETAren su-eten iraunkorraz?
ETAren su-etena aurrerapauso bat da. Urtetan zehar prozesu hau bururatu dadin ETAk erakutsi duen asmoa errealitatea bihurtu da. Orain prozesua bultzatu behar da Frantziako eta Espainiako estatuek euskal herritarron erabakia eta hitza errespetatu dezaten. Bi mahaien osaketa aipatzen da: ETA eta gobernuena eta alderdi politikoen artekoa, baina horiek ez dira nahikoa izango gure eskubideak lortzeko, antolaketa lanetan segitu behar dugu herrietan. Nazio eraikuntzaren bidean Gazte Kontseilua eratu zen iragan urteotan eta nazioa eguneroko lanetan eraikitzen dela erakutsi nahi dugu gazteok.
Nola ikusten duzu gazteen antolaketa politikoa?
Gazte mugimendua zabala da eta egituratua dago: Segi, Ikasle Abertzaleak, tokian tokiko Gaztetxeak edota Akuilua erakunde berria lanean ari dira. Arlo ezberdinetan aritzen gara eta horrek aukera ematen digu eremu eta lurralde guztietako gazteak biltzeko. Une latzak izan dira eta badira oraino. ETAk su-etena eman du baina estatuek ez dute errepresioa gutxitu. Estatu bien errepresioa handia da. Poliziak Hegoaldean nahiz Iparraldean, molde ezberdinez baina gazteon aurka ari dira gogor. Segi-ren kasua adibidea da. Hegoaldean legez kanpo ezarri zuten eta hemen Euro-aginduaren bitartez jazarria segitzen du. Segi mugimendua bizirik dago hala ere.
Iparraldean nola bizi duzue egoera hori?
Iparraldean ez da Hegoaldean bezala, baina mehatxuek indarrean segitzen dute. Hemen ez dugu, adibidez, Hegoaldean dagoen tortura, "tortura zuria" dago, ez da ageri baina azpitik izugarri kolpatuak gara.
Zein dira Iparraldeko gazteen kezka nagusiak?
Gazteok prekarietatea jasaten dugu eremu guztietan. Etxebizitzaren arloa adibide nabarmena da. Lapurdin turistifikazioa izugarria da. Iparraldean bigarren etxebizitzak ugaldu dira. Lana ere gazteon kezka da, noski. Hiru eskualdeetako industria gutxi eta txipia desantolatzen ari da, ez dira enplegu berriak sortzen. Ekonomiaren lehen sektorea ez da Estatuaren interesekoa. Gobernuak turismoa eta zerbitzuen sektorea indartzen ditu, beraz, gazteok kanpora joan behar dugu lan egitera. Ikasteko ere kanpora joan behar dugu -Bordelera edo Pauera- hemengo eskaintza oso murritza baita. Hegoaldera joateko selektibitatea gainditu behar da. Euskararen egoera kezkagarria da, gazteen %9ak baino ez du euskara mintzatzen. Erakundeen bidez sortzen diren bitartekoak ez dira aski, gainera egiturak militante euskaltzaleek egindako eskakizun eta borrokei esker lortu dira.
Batera plataforma da Iparraldeko aldarrikapenen ardatz eta bitarteko nagusia. Zer iritzi duzu ekimenaz?
Batera mugimendu zabala eta anitza da. Gazteontzat inportantea da gure beharrak Bateraren eskakizunetan daudelako. Orain herri galdeketa eskatzen ari da Euskal Departamenduaren inguruan, baina guk ez dugu guztiz bat egiten eskaera horrekin, guk Erakunde Espezifiko bat eskatzen dugu. Euskal Herriak bizi duen prozesuaren bidean hori erdietsi behar dugu, Frantziako Estatuak Ipar Euskal Herriaren ezagutza eman behar du autodeterminazio eskubidearen bidez.
Kritikoak zarete beraz?
Gu Bateraren inguruan ari gara, baina ez ditugu gure indarrak ekimen horretan soilik erabili nahi. Herri galdeketan erreferendumaren kontzepzioa dago, baina ez dugu 46.000 sinadura biltzea posible ikusten. Kopuru hori Pirinio Atlantikoak Departamenduaren %10a da. Ipar Euskal Herrian 240.000 inguru gara, ia ezinezkoa da hainbeste sinadura biltzea. Kontseilu Nagusiak 46.000 sinadura eskatzen du, baina prozesua oztopatzeko baino ez da. Gazteok ez dugu uste frantses legalitatean erreferenduma onartuko dutenik.
Zein da bidea orduan?
Bidea zaila da, baina gazteok ez dugu oraingo instituzioen bidea urratu nahi bakarrik, bestela borroka ahultzen da. Laborantza Ganbararen bidea ontzat ematen dugu, desobedientzia zibilaren bidea landu behar dugu eskakizunak erdiesteko. Nazio eraikuntzaren bidean Laborantza Ganbara, Udalbiltza, Gazte Kontseilua indartu behar ditugu, hortik ikusten dugu geroa. Euskal herritarrei bidea hori dela erakutsi behar diegu.