Joseba Barriola
Nondik begira dagoen, zer ikusten duen-.
Hizkuntza politika aurrera begira liburuaren lehen hitzaurrea sinatu du Miren Azkaretek.
Miren Azkarate Jaurlaritzaren Kultur sailburua da, eta hortik begira idazten du hitzaurrea. Hiru probintzia biltzen dituen botere politiko autonomikoaren ikuspuntutik baina ez euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspuntutik; botere nagusiak baimendu duen kontsentsu politiko mugatutik eta ez euskararen orekatik. Horregatik, euskarari buruz duen diskurtsoa -sailburu ofizioa betetzean agertzen duen motibazioa+ezagutza+erabilera- diglosikoa da: euskaldunen nazioari arrotz edo periferiko zaio, eta euskararen lurraldearen zatiketa gordetzeko enkargua duen botere politikoaren esanetara egokitua. Konstituzioa eta Espainiako Parlamentua arrotza dira euskararekiko. Eta Jaurlaritza bera? Nola deitu gobernu bati baldin eta lehendakari/sailburu izateko euskalduna izatea preszindiblea bada eta bilera guztiak erdaraz egiten baditu? Euskararen aldekoa agian, baina periferikoa.
Eta zer ikusten du? Bere hitzaurrean euskal ahaleginaren giltzarria euskararentzat arrotz den boterearen esanetara dagoen eta euskararentzat periferikoa den botere autonomikoa da; eta euskararen berreskurapenaren gune sortzailea eta bihotz eragilea (milaka pertsonez -Miren tartean delarik- eta berrogeita hamar urtez osatua), diru-lege-nagiaren konplemento. Baina ez diruak, ez legeak, ez urruntasunak ezin dute motibazio gramo bat ere sortu ahal.
Euskarak legea lagun izan duela dio Azkaratek, eta Jaurlaritzaren politika egokia izan dela. Baina Konstituzioa bada ere hemen lege! Estatutua eta Euskararen Legea, aldiz, ez dira Euskaldunon Egunkariaren itxiera galerazteko haina lege! Irakaskuntzako Legeak izan al du Ikastolen zatiketarekin zer ikustekorik? HABEren legea euskaltegietako irakasleen gustukoa izan al zen? Eskoletako ereduak "egokitzapen pedagogikoa" izan dira ala haurren kalterako kontsentsu politikoaren aldarean jarritako "oparia"? Egunkariaren sortze prozesuari nork jarri zizkion trabak?... Ez dut ikusten legeria zuritzeko ezta Jaurlaritzaren politikaren apologia egiteko arrazoirik.
Hizkuntza politikaren gaur egungo dema nagusia ezagutza eta erabileraren arteko jauzia gainditzea omen da. Baina Jaurlaritza eta hainbat sailburu, Gasteizko Parlamentua... gai al dira dema nagusi horri aurre egiteko? Ezinezkoa... euskara ez dakitelako; eta ikasteko motibazio nahikoa erakutsi ez dutelako. Ez al da, motibazioarena Jaurlaritzaren beraren lehen erronka? Eta herritarren %65 gazteleradun elebakarra bada, ez al da guzti horien kasuan motibazioarena erronka nagusiena? Estimatzen ez duenak nola predikatuko du euskara guztiona dela? Ez dakienak nola esango du erronka nagusia erabilerarena dela? Inkoherentzia? Hipokresia? Hipokresiaren zurikeria?
"Egoera diglosikoa" dela, eta penatzen da: baina Konstituzioak eta Autonomiak onartzen duten egoerarik hoberena ez al da diglosikoa?; euskara guztiona eta kontsentsu politikoa lehen premia dela dio: baina kontsentsu politiko linguistiko hori ez al da konstituzioaren muga linguistiko injustuen barruan egiten?; duela 30 urteko egoera baino askoz hobea dela dio: baina administrazioa euskalduntzeko planak ez al dira porrota izan eta eskoletako azken neurketak ez al ditu emaitza penagarriak eman eta Autonomiaren adar administratibo gehienek ez al dute 30 urtez praktikan euskara zokoratu?
Ander Lipus
Inoiz gertatu zait, lan-bidean galdu eta nire benetako ofizioa zein den ahaztea. Egia esan, antzerkiarekin daukadan erlazioa eskizofrenikoa da. Eskizofrenia hitza, grekozko skizein: zatitu, arraildu, eta fren: adimen, espiritu hitzekin osatua dago. Patologia kroniko batera iritsi baino lehen, gaur egungo aktorearen ofizioa zertan bilakatu den azaltzeko diagnosia aurkezten dizut. Bost talde nagusitan bereizi daiteke gure ofizioa.
Lehenbizikoa eta gaur egungo aktore eredua «Aktore modernoa» da.
Aktore modernoak zinean, telebistan eta publizitatean egiten du lan. Lanbidearen gailurrean eta posturik pribilegiatuena Aktore heroikoak betetzen du. Zeru eta izarretatik oso hurbil dagoen aktore modeloa da. Publizitatean eta teleserietan lan egiten duten aktore ospetsuak ere asko dira.
Aktore birtualak ostera, telebistako lanagatik dira ezagun. Hauetako asko ez dira aktore ofizioa ikasitakoak, eta kazetari, "xouman", entxufatueką osatzen dute aktore talde mota hau.
Bigarren taldea «Aktore protagonista»k osatzen du. Dramaren funtsezko artista, bera da.
Aktore organikoa, telebistan, komunikabideen aurrean, jaialdi jendetsuetan, sari banaketetaną agertzea oso gustuko duten politikari, kultur teknikari, programatzaile, legegizon zein kirolariek osatzen dute tandem hau.
Itzaleko aktorea dago bestalde. Hauek dira benetako hariak mugitzen dituztenak. Ikusezinak. Bizitzaren merkatua kontrolatu eta kultura debaluatzea da beraien eginkizuna.
Hirugarren aktore mota, «Aktore post-modernoa», asko hedatu da Europa osoan.
Aktore pintxozalea, kasting batetik bestera ibiltzen da. Publizitatea da bere diru iturri nagusia. Jan orduetan, menu osoa eskatu baino, nahiago du pintxo gozo batzuk dastatu eta hilabeteko soldata egun bateko lanarekin asebete. Horrelakorik ez denean, zarzuela, opera eta ikuskizun komertzialetan figurante lanak hartzen ditu.
Bestalde, Aktore anorexikoa dago. Ofizio honetan, fisikoak berebiziko garrantzia du. Normalean modatik datorren jendea izaten da. Zinean, telebistan zein antzerkian, bere ospe eta edertasuna medio, lan egiteko aukera izaten du.
Txakur-ametsen aktorea ordea, fantasia hutsean murgiltzen den pertsona izango litzateke. Artista kimerikoa. Txikitatik aktore izateko ilusioa izan duena, baina amets hori lortzeko pauso bat ere eman ez duena. Kolpeko indar magiko batek, bat-batean munduko aktorerik trebeena eta ezagunena bihurtuko duena.
Mugarik gabeko aktorea edo Aktore mundia: aktore mota hau sentimendu pseudo-hippie batek mugiarazten du. Gobernuz Kanpoko Erakundeetan aktiboki parte hartzen du. Badu baita puntu teologiko bat, batzuetan hirugarren munduko herrietara joaten da bere bizi-poza azaltzera. Norbere herrian aurkitzea zailagoa baita.
Aktore terapeutikoa. Berdin zaio Heiner Müller-en edota Carlos Arniches-en obra bat egitea. Lagun berriak aurkitu eta ondo pasatzea da kontua. Ikastaroz ikastaro abiatzen da bere txandal berde pistatxoarekin.
Aktore engainatua. Post-modernitatearen ondoriorik latzenak pairatzen ditu aktore mota honek. Animatzaile sinpatikoa da. Urtean zehar lan bitxiak egiten ditu: neguan errege, udaberrian Jesukristo eta udan monitore. Lan dinamikoa da erabat. Bere burua engainatuz, aktore onena dela errepikatzen dio etengabe bere kontzientziari.
Beste talde bat «Aktoreen aktoreek» osatzen dute. Aktore izandakoak dira, ofizioa utzi eta antzerkigintzaren beste esparru batean aurkitzen dute lekua.
Adibidez, patuak betirako antzerkiarekin lotu duen Gorbatadun aktorea daukagu. Oholtza gainean lan egindakoa izan arren, kamerino, jantoki eta bulegoak bihurtzen dira bere lantoki. Programatzaileekin eta erakundeekin hitz egin eta konbentzitzea da bere eguneroko antzerkia.
Antzerki aktorearen diru iturria eskasa izanik, ikastaroak edota eskolatan klaseak ematen bilatzen du Aktore pedagogoak alternatiba.
Azkenik, Antonin Artaud-en Krudeltasunaren antzerkia paradigma bezala hartuz, «Aktore krudela» daukagu. Antzezpenaren artea da aktore honen ezaugarri nagusia. Zerutik baino, infernutik hurbilago daude.
Aktore amateurrak, militantzia medio, antzerkiaren etorkizuna positiboki sentitzen duen aktore mota bakarra da.
IMI aktoreak aldiz, J. Grotowskik modelatutako Aktore pobrean du bere oinarria. Baina bere eguneroko entrenamendu eta diziplina bortitzak, IMIa edo Oinarrizko Errenta kobratzera behartzen du.
4x4 aktorea edo Aktore todoterrenoa, urte berean sei-zazpi obrekin ibiltzen dena da.
Guztietatik krudelena, Aktore hutsa da. Aktore honek antzerkian egiten du lan. Bere arima eta gorputza inoiz ez ditu saltzen, oparitu baizik. Krudeltasun eta edertasunaren artean bizi den benetako antzerki aktore bakarra hau da.
Ai ene! Espiritua arraildu zait. Antzerkiaren merkatuan aktorearen egoera itogarria da. Europar merkatuan, burtsak, interesen arabera jokatzen du aktorearekin. Eta merkatuak interesatzen zaionean inbertitzen du soilik. Panorama honen aurrean, ez zait interesatzen aktore izatea. Aktore izatea ez baita interes kontu bat, behar bat baizik. Erotua ote nago?
Imanol Alvarez
Aspaldi-aspalditik euskal hiritarrok anitzak garela esan dugu. Gero eta anitzagoak. Aspaldion, aldiz, gure artean dauden orojakile anitzek esan ohi digute anitz beste zerbait dela eta askotarikoak erabili beharko genukeela. Esan dezagun, bada, askotarikoak garela.
Zentzu anitzetan gara, gainera, anitzak -barka, askotarikoak. Ohituko ote naiz!-. Kultur adierazpide, erlijio sinesmen, jatorri etniko, pentsaera politiko eta abarren ikuspegitik gara askotarikoak.
Azken asteotan hitz eta pitz dabilen gaia ETAren su-etena da. Eta su-etena dela eta, eten gabe entzuten den hitza normalizazioa da. Baina, zeri esaten diote/diogu normalizazioa? Agidanez, nork bere ideia dauka. Normalizazioa ere bada, nonbait, askotarikoa.
Batzuen aburuz, antza, normalizazioa indarkeriarik eza baino ez da. Edo, zehatzago esanda, indarkeria mota bat desagertzea baino ez, hots, ETAk egin edo eragindakoa: atentatuak, estortsioaką; gure artean hain agerikoak diren beste bortxakeriak kontuan hartu gabe, hau da, gobernu-estamentuek egin edo eragindakoak: heriotza susmagarriak, torturak, oinarri juridikorik bako atxilotze edota auziperatzeak, etengabeko eskubide urratzeaką
Ez dut uste beharrezkoa denik pentsatzen hastea ea zein sortu zen lehenago, oiloa ala arrautza. Oso jakintsua ez da izan behar, Euskal Herrian mendeetan herri izateari eusteko nahia izan dugula eta, hain zuzen ere, nahi hau aitortzen eta errespetatzen ez den bitartean, gatazkak iraungo duela.
Sasi-normalizazio honek ezin du, beraz, gure herrira bakea ekarri, ez baita errealitatetik abiatzen, ez baita gatazkaren jatorriaz kezkatzen. Gatazkaren biktima guztiak aitortu beharrean, gainera, irizpide honetakoek alde bateko biktimak soilik aitortzen dituzte -normalean politikoki erabiliz gainera- eta beste aldekoak borrerotzat hartu. Hauen iritziz, negoziatzekotan, ez mahai bat ez bi; ETAren errendizioa non eta nola baino ez litzateke negoziatu behar.
Garai batean, Francoren bakeari hilerri-bakea esaten zioten bezalaxe, nik normalizazio honi ere "hilerri-normalizazioa" deituko nioke. Badirudi, gure zoritxarrerako, Espainia aldean gehienak jarrera honekin lerrokatzen direla.
Beste batzuen ustez, ostera, normalizazioa herritarron iritzia errespetatzea izango litzateke. Hau da, euskal herritarron erabaki politiko demokratikoa, edozein izanda ere, onartu eta bideratzeko aukera bermatzea. Honek ekarriko omen liguke, besterik gabe, indarkeria-adierazpen gehienak desagertzea. Hauek bi mahaien aldekoak lirateke: ETA eta Madrilgo Gobernuaren artekoa alde batetik, eta alderdi politikoena bestetik.
Agerikoa da desadostasuna itzela dela eta lan mardula dutela aurretik, bakea helburu, negoziazio prozesuan parte hartu behar duten politikari eta eragileek.
Honetaz guztiaz berba asko egiten ari da egunotan, gorago esan bezala. Nik, jakina, ez diot interesik ezta garrantzirik kenduko. Hala eta guztiz ere, guztiz ahazturik geratu ohi den bestelako normalizazio batez ere mintzatu nahi dut, edo, hobe esanda, «normalizazioak» ekarri beharko lukeen normalizazioaz. Herri mugimenduetan lan egiten dugunok ezin hobeto dakigu hamarkadatan boterearentzat deseroso izan diren mugimendu eta taldeoi, beste barik, arrazoiz edo arrazoirik gabe, ezker abertzaleko etiketa jarri zaigula eta nolabaiteko estigma hori aitzakia izan dela gutaz paso egiteko edo gure kontra aritzeko. Adibide zerrenda luzeegia izango litzateke hemen denak aipatzeko, baina euskalgintzatik feminismora, ekologiatik gay mugimenduraą denok jaso dugu agintarien mespretxua, eraso zuzena izan ez denean. Errudunen artean, inor gutxi salba daiteke, zeren berdin samar jokatu baitute Madril zein Iruńea edo Gasteizko gobernuek; berdin samar PP/UPN, PS(O)E, PNV-EAJk edo baita IUk berak ere.
Itxaropena galtzen den azkena ei denez, espero dezagun normalizazio politikoarekin batera, giza mugimenduoi ere normalizazioa etortzea. Agian normalizazio eratorria esan geniezaioke.