Catalunya Plazako metro estazioan gaude, Bartzelonako erdigunean. Berrogeita hamar urtetik gorako bikotea hurrengo metroa noiz etorriko zain dago nasan, horman itsatsitako afixa txiki bati begira. Afixak auto katalanetan hainbeste ikusten den astoaren irudia du, eta gainean
«Estatut? No, graciés» leloa letra larriz idatzita. Gizonezkoak karteltxoa kendu eta zakarretara bota du. Emakumezkoak desadostasunez begiratu dio, baina ez dakigu kartelak dioenarekin haserre dagoen edo, agian, senarrak egindakoarekin.
Duela hilabete batzuk irudi baikorragoa eskaini zuen Kataluniak. 2005eko irailaren 30ean Kataluniako Autonomia Estatutua erreformatzeko proposamena onartu zen bertako Parlamentuan, %89ko aldeko botoekin. Gobernuko hirukoteak -PSC, ERC, eta ICV- eta oposizioko alderdi nagusiak -CiU- bat egin zuten Estatut berria bultzatzeko eta PP baino ez zen geratu argazkitik kanpo. Batzuentzat agian testua motz geratzen zen, beste batzuentzat ausartegia izango zen, eta beste batzuk gustura geratuko ziren edukiarekin, baina ezin da ukatu Kataluniako politikoek egun hartan eskaini zuten batasun irudiak ilusioa eta harrotasuna piztu zuela katalan gehienen artean. Zer gertatu da, bada, hilabete gutxitan hori guztia hausteko? Proposamenak Madrilerako bidaia egin duela.
Ukaezina zena ukatuta
Parlamentuak testua onartu eta hurrengo egunean bertan, José Montilla PSCko idazkari nagusiak zuzenketak berriro aurkeztuko zituela jakinarazi zuen. Felip Puig-ek esan digu: «Irailaren 30eko argazki hura faltsua zen neurri batean. Espainiako errege familiaren Gabonetako postala bezalakoa zen, photoshopen eginiko muntaia». Eta bitxia da Kataluniako Parlamentuko CiUko bozeramaileak hori esatea, hain zuzen, CiUri egotzi zaiolako parlamentuko batasun hori haustea, euren aldetik zuzenean Zapaterorekin negoziatzea erabaki zutenean. «Gu ez ginen harengana joan» justifikatzen du Puigek, «Zapaterok deitu gintuen elkarrizketa mahaira». Baina ERC ez du CiUren azalpenak asetzen. Pilar Dellunde ERCko parlamentaria da eta Estatutua Komisio Konstituzionalean eztabaidatu zenean Delegazio Autonomikoko kideetako bat izan zen: «Asko eskatu, ahal den guztia lortzeko, horrelaxe azaltzen du CiUk bere jokaldia. Berez, ez dut ukatzen estrategia ona izan daitekeenik, baina alderdi batzuek batasun horretan sinestu genuen eta beste batzuek ez, eta gainera, batasun irudi hori ez da negoziazioa indartzeko erabili».
Vicent Partal Vilaweb komunikabide elektronikoaren arduradunak ere CiUren jarrera kritikatzen du gogor: «%90eko adostasun hark subjektu politiko garbi bat esan nahi zuen. Baina CiU obsesionatua dago Kataluniako Gobernua galdu izanagatik eta edozein gauza egiten ari da lehenbailehen berreskuratzeko; taktika politikoa hobetsi du».
Estatutua onartu eta berehala azaleratu zen zatiketa politiko honekin, testua ahul iritsi zen negoziazio mailara. Eta beherapen garaia iritsi zen.
Estatutua Espainiako Kongresutik pasa ondorengo lorpenak eta galerak baloratzeko orduan oso ikuspuntu ezberdina dute alderdiek. CiUko Felip Puigek testu on bat geratu dela dio: «Nazio bat garela aitortzen da lehenengoz, juridikoki gaztelera eta katalana parekatuta daude, gure eskubide historikoak onartzen dira, finantzazio eredu zaharra hautsi da Estatuarekin harreman bilateral bati ekiteko...». Puigen bulegotik korridore batzuk zeharkatu eta ERCko Dellunderen bulegoan gaude; balorazioetan, aldiz, bien arteko distantzia luzeagoa da. «Errebindikazio nazionala Estatutuaren sarrerak jasotzen duen eta inolako balio juridikorik ez duen esaldi bitxi hori baino harago doa. Fiskalitateari dagokionez, baliteke kopuruak aldatzea, baina Estatuaren esku egongo da hori, eredua ez baita proposatzen genuen bezala aldatu. Ez genuen diru pixka bat gehiago edo eskumen multzotxo bat eskatzen; benetako aldaketa eskatzen genuen, harreman marko berria».
Vicent Partal kazetariak iritzi bertsukoa da: «Nazio definizioa, bilateraltasuna eta eskumen fiskalak ziren Estatutuaren hiru giltzak eta Madrilen hirurak erori dira». Salvador Cardus soziologoak zera gaineratu du: «Puntu hauetan ez zutela amore emango agindu zuten politikoek Madrila joan baino lehen, baina ukaezina zen guztia ukatzea onartu dute, estrategia negoziatzailearen izenean».
Nork irabazi du?
Jatorrizko erreforma proposamenak jasandako murrizketek eraginda, ERCk, prozesuaren protagonista nagusienetakoak, Kongresuan ezezkoa eman zion testu aldatuari -Senatuan ere gauza bera egingo duela jakinarazi du alderdiak-. Horrek Kataluniako hiruko gobernua zalantzan jartzen du, eta CiUren alderdi interesen alde egin dezake, baina, alderdi nazionalista izaki, eurak ere onartzen dute Estatutuarekin ahal zen guztia lortu dutela, ez nahi zen guztia. Hortaz nork irabazi du prozesu honetan? PPren kanpaina antikatalan eroa ikusita, PSOEren aukera geratzen zaigu. Egia da Zapaterok Estatutuak autogobernurako jasotzen zituen aurrerapausoak saihestea lortu duela, Estatutua atzera bota gabe. Baina epe luzean «Zapaterok ez du arazoa konpontzen» dio Salvador Cardusek, «alderantziz, gauzak gehiago konplika dakizkioke hemen eta PSOErentzat Kataluniako emaitzek garrantzia handia dute». Horrekin ados dago Vicent Partal ere eta harago doa: «Zapaterok Estatutua itxi du, baina arazoa ireki, Estatut honen aurkako erreakzioak Katalunian fase politiko berri bat irekiko duelako».
Dagoeneko panorama politiko nahasi xamarra uzten ari da Estatutuaren prozesua. CiUk behin eta berriro agertarazi nahi du PSC-ERC-ICV koalizio gobernuaren ahultasuna. «Hasieratik garbi geratu zen hiru alderdi hain ezberdinen koalizioaren indar falta» dio Felip Puigek, «eta euren jardunak instituzioek sinesgarritasuna galtzea ekarri du, politikak prestigioa galdu du, Estatutua negoziatzeko orduan ahul agertu da, ekonomiako erabaki estrategikoak kaltetzen ari da eta gizarte katalanaren autoestiman ere eragina du». 24 urtetako pujolismoaren ondoren, CiUkoentzat postpujolismoa porrot borobila dela, alegia.
Esquerraren ustez aldiz, hiruko gobernuaren kaos sentsazioa saldu nahi dute CiUkoek. «Gertatzen dena da ez gaudela ohituta gobernuan adierazpen aniztasuna izatera» dio Dellundek. «Gobernu honek gauza asko egin ditu eta, CiUren 24 urteko gobernuaren ondoren, batez ere, garbiketa; aldaketa une hori, berregituratze hori, krisiarekin nahastu nahi izan dute batzuek».
Baina egia da, PSC ez dagoela bere unerik onenean. Azken urteotan, beste bi alderdi katalan nagusiek, CiUk eta ERCk, berrikuntza sakonak egin dituzte. PSCk ere udal mailan erreleboak egin ditu, baina ez maila nazionalean. Maragall «satelitetzat» jotzen du askok, baina satelite horrek hauteskunde emaitza onak eman izan dizkio alderdiari, eta Ciutadans per el Cambi plataforma sortu zuenetik, Generalitateko presidenteak alderdia uzteko arriskua ikusten da. PSCk estatus berezia du, izaera juridiko propioa PSOEren barruan, baina Estatutuaren prozesuan PSOEren esanetara jardun izanaren irudia eskaini du.
Baina Estatutuaren eztabaidak sortutako ondorio garrantzitsuenetakoa bi alderdi nazionalista nagusien artean, CiU eta ERCren artean piztutako gerra da. Nazionalismoak indarrak biltzea behar zuen unean, inoiz baino zatituago daude alderdiok. Haustura hirukoak gobernua hitzartu zuenean azaleratu zen, askok CiU-ERC gobernua espero baitzuen. Baina Estatutu berriak areagotu egin du bien arteko distantzia. Bi alderdien arteko erasoak ia egunero ageri dira prentsan. Salvador Cardusen ustez, «ez da joko politiko hutsa, benetako ezinikusia baizik. Sentimendu honek datozen 10-15 urtetan iraun dezake, eta ez da soilik politikoen arteko kontua, baseetara ere iritsi da. Zuek, euskaldunak, baduzue esperientzia horretan, baina hori lehen ez zen hemen gertatzen».
Ordezkari politikoek, aldiz, garrantzia kendu nahi diote zatiketa horri. Pilar Dellunderentzat proiektu politiko ezberdinak izatearen ondorioa besterik ez da, eta Felip Puigek aldiz, ezberdintasun sakonak dituztela onartu ondoren, zauria ERCkoek dutela dio eta zauri hori Esquerrakoen heldutasun faltak sortu duela.
Gizartearen dezepzioa
Parlamentutik irten eta Ciutadellako parkearen ertzean Bartzelonako 11.000 taxietako bat hartu dugu, Manuelen taxia hain zuzen. Jaenen jaioa da Manuel eta gaztetan etorri zen Kataluniara, baina sorterriko hizkera mantentzen du oraindik. Estatutuaren inguruan galdetu eta «buf» sakon baten ondoren, gaiak «corahe» handia ematen diola aitortu digu. «Ni ez naiz nazionalista, baina nazionalista ez izanda ere Estatutua denontzat ona zela zioten. Gero goitik behera aldatu eta batzuentzat ona izaten jarraitzen du eta beste batzuentzat ez. Nik dagoeneko ez dut ezer ulertzen, baina politikoak barre egiten ari zaizkigula iruditzen zait. Eta gero, oporretan Jaenera itzuli eta PPkoak irainka datozkizu gainera. Orduan bai, haien aurrean nazionalista muturrekoena baino katalanagoa sentitzen naiz».
Taxiak Poble Sec-en utzi gaitu, han baitugu hitzordua Arantxa Capdevilarekin -kazetaria, Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko irakaslea eta hauteskunde kanpainetan aditua- eta Josep Lluis Esplugarekin -soziologoa eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea-. Arantxaren ustez, «gizarteak gehien nozitu duena PPren erasoa izan da. Jendea erasotua sentitu da, baina ez hainbeste Estatutuaren edukiaren eztabaidan inplikatua». Josep Lluisek uste du eztabaida edukiz hustu dela, hain zuzen, edukiak ez direlako ezagutzen: «Ez dakigu zer irabazi eta zer galtzen dugun. Bakoitzak bere bertsioa botatzen du eta politikoen diskurtsoan ez dago inongo pedagogiarik, æikusiko duzueÆ da erabili duten diskurtso bakarra. Egia da gaiarekin saturazio mediatikoa egon dela, baina haien arteko liskarren eszenatokia baino ez da izan hori».
Estatutua erreformatzeko prozesuaren hasieran Generalitatek kanpaina informatiboa burutu zuen Garaiak aldatu dira, Estatutuak aldatu behar du lelopean. «Mezua logikoa eta garbia da- dio Arantxa Capdevilak, -baina ez du esaten nola, zertan aldatu behar den. Oso azalekoa da».
Pilar Dellunde ERCko parlamentariak edukien ezagutza falta hau onartzen du: «Azkenean, ingeniaritza juridikoko lan konplikatu bat da, kontzeptu teknikoz betea eta zaila da edukia jendeari ulertarazten. Eta gero alderdiok interpretazio kontrajarriak eskaintzen baditugu, are zailagoa bihurtzen da irizpide garbi bat osatzea». Gainera, desinformazioaz gain, jendea gaiarekin nekatuta eta dezepzionatuta egotea ulertzen du: «Batasun nazionalaren ilusio hura haustean eta Madrilen erreformari guraizeak sartzen hastean etorri da benetako nekea».
Salvador Cardus oso haserre dago politiko katalanen jokaerarekin: «Batasun nazionalean sinestarazi ziguten. Eta orain jendeak ez daki gertatutakoa nola azaldu. Azkenean ateratzen duzun ondorioa da politikoak ziniko hutsak direla, ez dutela garbi jokatu». Dena den, horrelako mezuak arriskutsuak iruditzen zaizkio soziologoari, gizartea are gehiago despolitizatzea eragiten baitute: «Ez nuke gizarte katalana, Estatutuaren haurdunaldi gogorraren ostean, erditze ondorengo depresioan sartzerik nahi».
Otsailaren 18a
Estatutuaren inguruan gertatutakoek jende asko nekatuko zuten, baina gizartearen sektore bat ere piztu dute, otsailaren 18an Kataluniako ehundik gora gizarte eragilek deitutako manifestazioak erakutsi zuen moduan. Jendetza bildu zen larunbat hartan Bartzelonan erabakitzeko eskubidearen alde egiteko, eta deigarria izan zen sektore ez nazionalistak ere hurbildu zirelako. Baina alderdi politikoen artean ERCk soilik egin zuen bat eta horregatik, gainerako alderdiek manifestazioa kapitalizatu izana egotzi diote ordutik. Arantxa Capdevilak dioenez: «Espero baino jende gehiago bildu zen, baina ez zuen merezitako oihartzun mediatikorik izan, seguruenik alderdi gehienei ez zitzaielako interesatzen». Eta Josep Lluis Esplugak gaineratu du:«Manifestazioak erakutsi zuen badagoela herritarren korronte mobilizatu bat, alderdi nazionalistez harago doana, eta horrelakorik ez zegoen orain arte».
Vicent Partalek ere baikortasunez hitz egin digu manifestazioaz eta haren ondorioez: «Otsailaren 18an prozesu subiranista zabaldu zen Katalunian. Jendeak erabakitzeko eskubidea zer den ulertu zuen. Kataluniako Parlamentuko %90aren ondoren Madrilek Estatuta nola izorratzen zuen ikusita, jendeak ikusi du ez dela baimenik eskatu behar, erabakia gurea dela».
Erreferenduma ate joka
Okerrik ezean, Estatutu berria onartzeko erreferenduma ekainaren 18an burutuko da Katalunian. PPk ezezko bozka eskatuko du, ICVk, PSCk eta CiUk baiezkoaren alde egingo dute. Baina ERCk ez du oraindik erabaki botoemaileei zer eskatuko dien. ERCtik bertatik horrela azaldu digute egoera: «Negoziazio prozesua ez da itxi, baina gauza askok aldatu beharko dute gure baiezkoa lortzeko. Ezezkoa ere ez genuke eman nahi. Agian boto zuria edo baliogabea izan liteke». Horixe dio Pilar Dellundek, baina Parlamentuko korridoreetan alderdia zatituta dagoela entzuten da, sektore batek baiezkoaren alde egingo lukeela, baina beste sektore bat eta baseen gehiengoa ez dagoela horrekin ados.
Vicent Partalek uste du azkenean bai Otsailaren 18ko Plataformak eta bai ERCk boto baliogabearen aldeko hautua egingo dutela.
Horrek ez luke seguruenik erreferendumaren emaitza, baiezkoa, aldatuko, baina gakoa boto baliogabeen kopuruan edo abstentzioan egon daiteke Estatutu berria legitimatzeko orduan -eta agian eragina izan dezake askok gero eta garbiago ikusten duten hauteskunde autonomikoen aurrerapenean-.
Erreferendumaren egunean zer egingo duten galdetuta Salvador Cardusek zera dio: «Batzutan ez dugu egiten sentitzen duguna, baina orain sentitzen dudana egingo banu, paso egingo nuke, ez nintzateke botoa ematera joango». Manuel gure taxistak aldiz: «Seguruenik ez dut jakingo zein eduki bozkatuko dudan ere, baina baiezkoa bozkatuko dut ea horrela gaia amaitzen den eta bake pixka bat ematen diguten».