Nekazari sartuko naiz
Estitxu Eizagirre
Atea irekita dago eta Leunda Berri (Beizama, Gipuzkoa) baserriko sukalderaino sartu gara bertakoengatik galdezka. «Xabi ahuntzetara joana da, baina itxaron hemen lasai. Terik nahi? ni hartzera nindoan» egin digu harrera abegikorra ordenadore portatila itzali berri duen gazteak. Azpeitia, Beizama, Errezil... zehazki zein herriko euskara darabilen asmatu nahian nabil. «Zu ere bertan bizi al zara?» hautsi du isiltasuna bertaraino eraman nauen Asier Agirresarobe lankideak. «Bai, ni hasieratik nago baserri proiektu honetan». «Orduan, zu zara madrildarra?».
Itziar Arconada. 19 urterekin etorri zen Donostiara bizitzera eta ikastera. Egun 26 urte ditu, Antropologian lizentziatua da, eta bi urte darama Leunda Berri baserrian, egun erdiz baratze ekologikoa lantzen eta beste egun erdiz Mendikoi-en -EAEko landa eremuen prestakuntza, sustapen eta garapen integraleko zentroa-, landa garapeneko proiektuak egiten, teknikari.
Tea hartzen ari garela sartu da Xabier Aranguren, duela zortzi hilabetetik baserrian bizilagun dena. Bi bizitoki eta bi proiektu babesten ditu Leunda Berriko teilatu berrituak.
Arangurenek bizimodu urbanoa zeraman Zumaian, metalgintzan egiten zuen lan. Eta bizimodu horrek sekulako kontraesana sortzen zion bere pentsamoldearekin. Zer ez zuen nahi bazekien, baina alternatiba bila ibili da urte askoan: munduko bazterrak ezagutu ditu, idazle aritu da... Nekazaritza ekologikoko Mendikoiko ikastaro batean izena eman zuen arte. «Kurtsoan gauza orokorrak ikasita, espezializatu nahi izan genuen, eta lagun bat eta biok Leunda Berrira etorri ginen, gehiago ikastera. Beste laguna ez, baina ni etorri eta bertan geratu nintzen, bikotekideari ere ondo iruditu baitzitzaion hona etortzea, haurra hazteko oso leku egokia dela-eta». Baina familia gazteaz gain, Leunda Berri inguruan bizi diren kide gehiago ere baditu euren proiektuak, komunitarioa izatea nahi baitute. Bizimodu komunitarioak bere zailtasunak dituela kontatu du Arangurenek: «Lan erritmoak, lehentasunak, beharrak... bakoitzak bereak ditu eta denak ondo eramaten nahiko zaila da. Baina auzolana du alde ona: taldeak lan astunak askoz errazago egiten ditu, eta giro onean. Oraindik jende berriaren zain gaude, beraz, baserri filosofiari eutsi nahi dionak, edo ikasi edo probatu nahi duenak, badu hemen bizitzeko lekua».
Bizimodu-esperientzien biltegi den baserri hau Beizama herrian integratu behar da. Familia normal bat ez izatea da herritarrei ulertzeko gehien kosta zaiena, "oraintxe mutil bat etortzen da, neska bat irteten da... Baina ikusi dute eurek bezala lan egiten dugula, baratze bat dugula ondo jarrita...». Herrikoen tratuarekin gustura daude Leunda Berrikoak.
Salmenta zuzeneko bi eredu
Arconada eta bere lankide Taniak -Beizaman bizi den beste madrildar gazte bat- 30 kideko kooperatiba sortu berri dute. 60 euroko kuota finkoa jartzen du bazkide bakoitzak hilean, eta trukean Leunda Berriko baratze ekologikoak emandako produktuak jasotzen dituzte astero. Ez dago eskaerarik edo aukerarik, garaian garaiko produktuekin egindako plangintza baizik. Villabona, Andoain eta Lasarte-Oriakoak dira bazkideak eta herri horietako puntu jakinetan uzten dituzte barazkiak, norbera joan dadin bila. Horrela, salmenta puntuen beharrik ez du euren sistemak. Eredua Madrilgo Bajo el asfalto está la huerta kooperatibatik hartutakoa da, orain 8 urte 100 familiarekin martxan jarri, eta egun 500 bazkide badituena. Madrilgo talde horretako kide da Itziar Arconadaren anaia Karlos Arconada ingeniaria, eta bera ere Leunda Berri baserrian bizi izandakoa da.
Arangurenen lan-taldeak ere batik bat garaiko barazkiak lantzen ditu, eta ahuntzak hazi. Ahuntz gazta egitea dute epe luzerako asmoetako bat. Azokan saltzen dituzte zuzenean euren produktuak, Errezilgo Galarraga Goena baserriarekin elkarlanean: errezildarrek Azpeitiko azokara eramaten dituzte bi baserrietako produktuak eta Beizamakoek Tolosako azokara.
Salmenta zuzena dela nekazarien irtenbidea arrazoitu du Arconadak: «Bitartekariekin, produktua egiten duzunetik kontsumitzaileengana iristen den arte informazio pila bat galdu egiten da, eta prezioa izugarri hazten da».
Bizimodu ekologikoa
Elikadura, lan sistema, bizimodua... ekologikoa bizi filosofia da eta Leunda Berrin bakoitzak bere neurrian jartzen du praktikan. Aranguren erradikalagoa da horretan eta errieta egiten dio Arconadari kotxea hartzen duenean: «Kontraesan pila dugu, baina pixkanaka gutxitu nahi nituzke. Arazoa zera da, etxea ordaintzeko zorrei aurre egiteak eskatzen du erritmo batean lan egitea, eta gasolinak asko errazten du hori». Telefono, Internet, telebista eta bestelako teknologiarik ez du erabiltzen Arangurenek. Berria egunkariko mendi ibilaldiak ere eskuz idatzita helarazten ditu. Autarkia du helburu, «etxeko zorrak kitatuta daudenean, azokara ahalik gutxien joatea». Arconada, aldiz, ia egunero jaisten da Azpeitira edo Tolosara. Beharrezko ditu kanpoko harremanak, tartean behin antzerkira eta zinemara joatea... Gaur egun baserriko bizimodua eta herrikoa bateragarria dela dio: «Azpeitian ordu laurdenean nago. Behin Madrilen bizita distantziak beste era batera ikusten dituzu; guretzat ordu laurden bat ez da ezer, eskolara joateko ordu eta erdi behar nuen eta!». Kooperatibako euren lan sisteman oporrak ere aurreikusi dituzte: bi lankide izanik bakoitzak hilabeteko oporrak izango ditu, batez ere neguan, lan gutxien dutenean.
Bizimodu bakoitzak du bere prezioa. Eta dirulaguntzarik gabeko produkzio txiki eta ekologikoa egitea erabaki dutenek kontsumoa ere murriztea dute helburu: «Ezin da espero horrelako produkzio batekin jendea kalean bizi den bezala bizitzea. Onura batzuk ditu horrela bizitzeak, baina asteburuero parranda egitea, edo eskiatzera urtero joatea, edo bidaiatzea... hori ezin da espero» dio Arconadak. Bizimodu komunitariorako kontsumoa adostea funtsezkoa dela gaineratu du Arangurenek: «Bakoitzaren beharrak ez izatea ekonomikoki oso desberdinak, bestela horrek ekonomia pikutara bidaltzen du».
Loturak:
www.mendikoi.net
www.gaztenek.net
Nekazariekin izandako elkarrizketak entzun:
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.