Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-16 -- 2036.zenb

Liburuak eta beste (edo iraunkortasuna)

Inma Errea

Testuliburuen maileguaren inguruko eztabaidan aditu dudanez, Eusko Jaurlaritzak proposatutako mailegu sistemak liburugintzaren industriaren %40 desagerrarazten ahal du, eta testuliburuak lau urtean behin berritzeak hondamendia ekarriko dio Euskal Herriko liburugintzari. Jakina, Euskal Herriko liburugintzaren ia erdia desagerraraziz gero, hondamendia segurua da.

Pentsatzen jarrita, euskal liburugintzak habe nagusitzat testuliburuen ekoizpena edukitzeak golem bat bilakatzen du, buztinezko oinak dituen idolo beti eraisgarria. Baina, pentsatzen segituta, hori horrela izatea ez da izanen hemengo kontua, baizik beste sistema nagusiago baten ezaugarria.

Jarri, normalean ez gara jartzen pentsatzen, inguruan ditugun gauzen izaerari buruz. Esan nahi baitut naturaltzat jotzen dugula inguratzen gaituen errealitatea, natural-naturalak baitira guretako jada ordenagailuak, ibilgailu indartsuak edo etxetresna elektrikoak, paperezko mukizapiei edo kolorez eta grafiko ikaragarri onez hornitutako testuliburuei naturalak irizten diegun bezala, ohikoak, arruntak.

Baina pentsatzen jarrita, horiek guztiak ez dira hain naturalak. Pitin bat pentsatuz gero, ez dira batere naturalak, ez dira ere oso arruntak, eta ohikoak izatekotan, munduko parte honetan baino ez, Lurreko biztanle gutxi batzuendako, soilik.

Esan nahi baitut hemen, gure artean, testuliburuak lau urtean behin berritu eta familiek erosi ordez ikastetxeek eskuratzea hondamendia izan daitekeela, eta Afrikan edo beste edozein lurralde txirotan testuliburu batzuk eskuratze hutsa ametsa dela, luxua.

Pentsatzen jarrita, une kritiko batean bizi gara, ez hemen bakarrik, ez euskal liburugintzan soilik, baizik mundu osoan eta Lurreko biztanle oroz bezainbatean. Adituek diotenez, Mendebalde deitzen dugun esparru honetan baliabideak orain arte bezala kontsumitzen segituz gero, honek ezin du iraun, sistemak porrot eginen baitu. Horri aurre egitera omen datoz garapen iraunkorraren inguruko ekimenak. Garapenari uko egin gabe, baliabideen kontsumoa neurri egokira itzuli eta jasangarri egitera, xahuketa etetera.

Ez da erraza, ordea. Erabaki baitezakegu, kasu baterako, garraio publikoa bultzatu behar dugula, eta ibilgailu partikularren erabilera murriztu, baina orduan auto-ekoizleek galerak nozituko dituzte, eta langile anitzek langabeziara joko dute. Eta hori, liburugintzaren kasuan bezala, hondamendi handia bilakatuko da, jende, enpresa eta erakunde anitz kaltetuko dituen hondamendia. Baina den-denok auto bana eduki eta autoak lauzpabost urtean behin berritu beharra ere galbidea da, laster batean jasanezin bihurtuko zaigun aukera.

Kontraesan handi batean bizi gara. Kasu baterako, paper piloa gastatzen dugu egunero -komunean, sukaldean, bulegoan- baina paper hori guztioi kontsumitzea errazagoa dugu -gure sakeletarako merkeagoa edo, daukagun denbora eskasia medio, erosoagoa- jokabidez aldatzea baino. Jokabidez aldatzeko, lehenik eta behin, pentsatzen jarri behar baitugu, eta gero, gainera, korronte nagusiaren kontrako eskuan abiatu. Korronte nagusiak kontsumitzera bultzatzen baikaitu, eskuratzen ditugun gauzen iraungitze-epea gero eta laburragoa egitera.

Zertarako haurrak ohartarazi, etxean eta eskolan, energia aurrezteko beharraz, edo zer dela-eta materialak txukun iraunaraztera animatu, gero haien eskura paratzen baditugu klase orotako gailuak -matxuratuz gero, konpondu bainoago gailu berriez ordezkatzea merezi dutenak- eta nahi beste liburu, zorro eta arropa dotore eta koloretsuak badituzte, estreinatzeko? Kontzientzia lasaitze aldera, txiki utzitako jantziak edo urtebetez erabilitako liburuak birziklatzera bidaltzen ditugu edo, oraindik baliagarri direla, lurralde txiroetara, hangoak gauza polit eta koloretsuak estreinatu gabe aise bizi ahal direlakoan...

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan