Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-16 -- 2036.zenb

Etxeko ukuilua pabilioi bihurtu zaigu

Estitxu Eizagirre


Dezenteko inbertsioa egina zuten Aitorren gurasoek eta eskatua zioten horretan jarraitzeko, bakarrik ezingo zutela aurrera egin. Gainera gustuko zuen etxean txikitatik egiten zuen lana. Batxilerra bukatzean hartu zuen erabakia: esne behi produkziora jarriko zen erabat. Fraisoron abeltzaintzari buruzko ikastaroa egin zuen, eta geroztik beste ikastaro txiki batzuk ere bai; intseminazio artifiziala, hatzazal txukunketa, informatika... 1982 hartan baserriko ukuiluaren ordez, etxe kontran pabiloi bat altxa zuten, ordura arteko 12-15 buruak 20-25 izan zitezen. Gaur egun pabiloi handiago bat dute egina, eta 85-90 behi jezten dituzte egunero, eta beste hainbeste zekor eta biga hazten. Etxean produkzioa biderkatzen ikusi duen Usandizagak derrigorra ikusten du gero eta jakintza zehatzagoa izatea: «Orain behia askoz gehiago estutzen da. Lehen belar eta pentsu pixka batekin behiek ondo irauten zuten. Gaur dena xuxen-xuxen eraman behar da, ondo elikatu... Maneiu hori ikasi egin behar da ikastarotan, albaitariekin... Marjina ona ateratzeko gauzak oso ondo eraman behar dira, bestela oso erraza da zuloa egitea».


Kalean etxea eta baserrian enpresa

Neskalagunarekin Asteasun kalean jarri da bizitzen: «Lanbideari begiratuta, nik uste baserrian bertan bizitzea hobea dela. Ume egiteko garaietan, adibidez, gauez joan ahal izateko. Baina bizimodua beste norbaitekin konpartitu behar denean, gauzak adostu egin behar dira». Deskonektatzeko ere hobe omen da, nahiz eta berak ezin duen sekula burutik lan konturik kendu: «Baserri bat eramatea beste edozein enpresa aurrera ateratzea bezala da. Marjinak oso estuak direnean gehiago, beti begiratu behar duzu non ari zaren dirua galtzen, aldiro datuak alderatu...». Beti buruan dituen marjinak merkaturatzeko moduaren ondorio dira. Urte askoan zuzenean kalera saltzen zuten esnea. Baina amak amona zaindu behar izan zuenean ezin izan zioten lan horri eutsi. Gainera, orain zuzenean saltzeko neurri asko bete behar dira: esnea pasterizatu, boltsan sartu... Zuzenean saldutako esne litroak 85 pezeta balio zuen, eta orain zentralari salduta 46 pezetako basea kobratzen dute litroko. «Zuzenean saltzeak ematen zuen askoz buru gutxiagorekin bizimodua aurrera ateratzeko modua, eta gaur egun hori ez da posible». Irabazi marjina hain estua izanik, esne prezioan pezeta baten gorabeheran urtean milioiko aldea dago.


7:00etatik 21:30etarako lan eguna

Aita, ama, anaia gaztea -egun erdiz- eta laurek daramate esne behi produkzioa. Hona egun arrunt bat:

- 7:00. Jaiki eta aitak behiak jezten ditu. Makinekin 2 ordu eta laurden pasatzen du. Aitorrek behiei jeztera eragin, behien oheak txukundu eta jana ematen die. Ama zekor txikiez arduratzen da: esnea eta pentsuak eman...

- 10:30. Kanpoko lanak egiten dituzte: udan belarretara joan, neguan behien hatzazalak txukundu, noiznahi itxiturak konpondu, bazterrak garbitu, makinak konpondu...

- 13:30. Bazkaldu eta lo kuluxka.

- 15:00. Ukuilura joan dena ondo dagoen ikustera. Kanpoko lanekin jarraitzen dute, eta batik bat ama arduratzen da baratzeaz, eta etxeko lanez.

- 18:00. Ukuiluko lanak egiten dituzte berriz: janlekuak txukundu...

- 19:00 Behiak jetzi.

- 21:15-21:30. Bukatzen da lan eguna.

Beti ordu beretan egin behar dira lan hauek, «behiak aspertuta egoteko dira eta»: edozein aldaketak esne kalitatea jaisten du. Esaterako, orain aste batzuetako ordu aldaketa bi txandatan egin zuten, goizez ordu erdi eta arratsaldean beste ordu erdi aurreratuz, behiek gehiegi nabaritu ez zezaten. Igande arratsaldetan egiten du jai Usandizagak: «Betidanik izan dut, parrandara joanda ere, goizean 7:00-7:30etarako etxera etorri beharra». Baina gurasoen belaunaldiarekiko pentsamolde aldaketa nabari du: «Ohartzen gara dena ez dela lana eta lana, eta gutxiago irabazi baina erritmoa jaisten saiatzen gara». Urtean behin astebeteko oporraldia egiten du, anaiak txanda hartutakoan.


Etorkizun gorria

Esne behietan ari direnen batez-besteko adina 55 urtetik gorakoa da. Geroz eta gutxiago dira gainera: Gipuzkoan orain dela 10 urte pasatxo 4.000 baserritan ekoizten zen esnea, eta gaur ez dira 400era iristen. Gizartea konturatu gabe, 4.000 lanpostu galdu izanak kezkatzen du Usandizaga, eta aurrera begira ere asko desagertu egingo direla argi du: «Indartsuenak geratuko dira». Geroz eta handiago izan beharra ez dela irtenbidea dio: «Hemen joera izan da dena handira egitea. Lehen esne zentral txikiak zeuden, orain bat handia, lehen ukuilu txikiak eta orain gero eta handiagoak... Hori bukaerarik ez duen soka da». Lurrari lotutako nekazaritza jartzea ikusten du irtenbide: «Bertako lurretik bertako jana elikatu, eta sortzen den produktuak izan dezala kostuen araberako prezioa».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan