Bazkoko oporrak
Joxe Mari Ostolaza
Eskaintzen zaizkigu nonahi. Hedabide idatzietan bereziki espazio deigarrietan aurki ditzakegu sekulako pagotxak. Hegazkin bidaiak gehi hoteleko egonaldiak, bestela hegazkin soilaren prezioaren erdian daude iragarrita. Harrigarria. Ogibidearen xerka dabilenak ordaindu beharrekoa, laurdenean du aisian badabil. Aurreko astean lanak behartuta egin bidaia eta egonaldiaren prezioan du familiaren oporra, turismo industrian azkarki dabiltzan operadore erraldoiek eurentzat prestatu destinoetara egiten baldin badu behintzat. Hala ere, bere zeregin profesionalean etxetik urrun maiz ibiltzen dena, nekez hasiko zaigu zakuak birprestatu eta andafuerako soinekoaz etxetik alde egiten noranahiko destinoetara ezeren bila, are gutxiago bere buruan bazkoa erromeri ugarietan bilakatutako Aberri Egunaz lotuta baldin badauka. Eta aurtengoan ere, ardi guztiak gure artaldeetara bilduko gara aukeratutako artzainaren aginduetara, prestatu digun belardia orotan goxoena dela sinetsita. Eta gaitzerdi gustuko konpainian egokitzen bagara bazkal ostean, bestela ere, urtean zehar aukera anitz baitugu, halabeharrez, mahaikide ustelak medio estimatutako ardoak ozpintzeko. Ondorioz, esneak ere.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.