Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-04-16 -- 2036.zenb

Iraganeko tresnak eta baliabideek egungo egoeran eragiten jarraitzen dutela argudiatzen da Batasunaren ilegalizazioaren gaiaren aurrean. Eta hala da, zalantzarik gabe, baina horrek ez du justifikatzen eskubide zanpaketarik eta are gutxiago halakorik onartu behar denik. Eta Batasuneko kideek zanpatuak dituzte euren eskubideak. Lehen zentzugabea bazen, orain zeresanik ez. Baina gertatzen ari dena, ez da aurreikusitako eskema batetik kanpo dagoena, prozesua gidatzen dutenek badakite halakoak etorriko direla, egoera zaharra eta berriaren arteko zantzuak etengabe ikusiko direla. Kontua da Espainiako Estatuaren aldetik ere herritarrek ikusteko moduko distentsio keinuak behar direla. Su-etenetik hiru aste besterik ez dira pasatu eta maila batean aktore bakoitzak bere jokoa egiten jarraitzen du: Batasunak seguruenik badaki Kursaalekoa moduko ekitaldi bat debekatua izango dela, Gobernuak Grande Marlaskari egiten uzten dio eta Eusko Jaurlaritzari korapilo berri bat sortzen zaio. Laburtutako eskema hori da. Eta, hala ere, Batasunak ekitaldia deitzeko eskubidea du.

Mikel Asurmendi

«Politikan jardun dut betidanik. Unibertsitatean lanean nabil ordea, ez naiz politikari liberatua, ez naiz politikaren lehen lerroan ari. Lehen lerroan egotea politikaren esgriman aritzea da. Hala ere, kezka politikoak ditut eta garai honetako jarduera politiko eta militantearen ardura gogo handiz hartu ditut» diosku Karmelo Landak.

Jarduera politikoa nola ikusten duen areago zehaztu digu solaskideak: «Ez dut eguneroko esgriman ibiltzeko gogorik. Esgrima horrek, askotan, sakoneko mugimenduaren funtsa ezagutzea zailtzen baitu, eta niri sakoneko mugimendu hori interesatzen zait. Arazoa ez da gatazka deitzen den hori konpontzea, hori baino sakonagoa da arazoa. Finean, euskaldunok gure buruari galdera bat planteatu behar diogu: herri bat garen aldetik, ditugun ezaugarri eta esperientziarekin, gure txikitasunean, zer ekarpen egin dezakegu Europan eta munduan?».

Galdera hizpide hartuta jarraitu dugu hizketan.


Zer ekarpen egin dezakegu euskaldunok?
Apaltasun faltsurik gabe, esaterako, euskaldunok ez daukagu Estatu inperialisten kontzeptua barneratuta, ez dugu estatu derrigortuen kontzeptua barneratu. Europan hori soberan dago, Frantziako nahiz Espainiako Estatuan kasurako. Guk Europaren egitura demokratikoan zerbait ekartzeko aukera txiki bat dugu, bestelako oinarrietan antolatutako nazioarteko elkarbizitza bat, ez estatu klasikoen oinarrietan antolatuta alegia.

Bilboko manifestazio handia hizpide. Zer izan da berau bake prozesu bidean?
Niri gertatua alde batetik begiratzea interesatzen zait bereziki: prozesuaren oraingo koiunturan Bilboko manifestazio handia eta esanguratsua mugarria izan da. Euskal Herrian demokraziarako aukera dugula agertu du, modu sakon eta zabalean ulertuta. Kataluniako prozesuaren ondoren etorri da eta mezu bat utzi digu: orain eta hemen, adi, Estatuaren ordezkari batzuen nahiz Euskal Herriko buruzagi batzuen aldetik ere Jauregiko operazioak egiteko tentaldia dago. Jauregiko akordio hauek gauez egitea beharrezkoa bazaie ere, saiatuko dira egiten. Katalunian Jauregiko operazioak oso kaltegarriak izan dira kataluniarrentzat, hemen errepikatuko balira oso kaltegarriak lirateke euskaldunontzat. Formula zaharren errepikapena eta demokraziaren ukazioa etorriko lirateke. Uneon, aitzitik, prozesuak indar politiko guztien arteko mahaia ekarri behar luke, herri honi dagokion nazio antolaketa demokratikoa gauzatzeko mahaia, ondorioz, Euskal Herriaren instituzionalizatze demokratikoa ekarri behar duena.

Guztion artekoa. Hasteko, EAJ ez zen manifestazioan egon.
Nik ez dut ardurarik zehaztu nahi, baina Katalunian CiUk eta Espainiako Gobernuaren presidente Zapaterok egin duten operazioa oso antidemokratikoa izan da. Hemen behar ez duguna hain justu.

EAJ manifestazioan ez izana kezkatzekoa da.
Areago, EAJk ez du arrazoi argirik eskaini ez egoteko, arrazoi aldakorrak eman ditu.

Ińigo Urkulluren hitzetan, Nazio Eztabaidaguneak antolatutako manifestazioa izan da, Batasunaren inguruko indar metaketa osatzeko helburuz.
Ba, oker dabil. Berak badaki Nazio Eztabaidaguneak ez zuela deia egin. Ińigo Urkullu bezalako buruzagi batek eragile politiko eta sindikal multzo batek -50 inguruk- deitu zuela badaki jakin. EAJ kanpoan geratu zen eta azaldu beharko luke zergatik.

Badago dioena Batasunak ez dituela oraindik bereizi bake eta normalizazio politikorako bi prozesuak.
Hori baieztatzen zaila da ordea. Batetik, Anoetako agiri-deia dago. ETAk su-etena iragarri baino lehenagoko proposamen honek ia onarpen unibertsal osoa izan zuen. Elkarrizketen bide demokratikoa eta berau gauzatzeko metodoa argi planteatu dugu. ETA eta Gobernuaren arteko -edo gobernuen- mahaia eta Euskal Herria eraiki ahal izateko beharrezko orube demokratikoa antolatzeko mahaia garbi adierazita dago.

Arnaldo Otegik esana: "Hau maratoia da, abantaila dugu, gehiengoa gurekin dago". Gurekin. Norekin?
Ez daukat zalantzarik. Gurekin, ez alderdi horrekin edo harekin, zabaldu den bide demokratiko honekin. Zapaterok prozesua abiatu eta berehala mahaiarena pasatako kontua zela esan zuen. Berak eta PSOEk atzera egin behar izan dute berehala. Horregatik beragatik, gehiengoa «gurekin» dagoelako. Ez da alderdi konkretu baten bideak azpimarratzeko unea. Prozesua bide demokratiko eta partekatutik eraman nahi dugunen artean bat egiteko garaia da. Gehiengoak bide horretatik joan nahi du-eta.

Ebazpenerako mahaia edo mahaiak? Zenbat? Non?
Horretan ere ez dugu anekdotari begira gelditu behar, sakoneko betebeharrari baizik. Euskal Herria herria da, beraz, herri honi erantzun eta konponbide bat eman behar zaio. Printzipio nagusi horrek markatzen du bidea, horrek ez du dribling egiterik uzten.

UPN driblinga egin nahian dabil baina.
Hain justu horregatik ari dira driblinga egin nahian, horrek berauek ukatu dutena areago nabarmentzen du. Sanzek hemen herri bat dagoela ukatu nahi du, baina ezin da ezein euskaldun baztertu prozesu honetatik. UPN eta CDNn oso urduri daude, badakite Nafarroaren egituraketa aldi baterako izan dela eta ezin dute zabaldu den prozesua saihestu.

Bidez bide: autodeterminazioa eta erabakitzeko ahalmena gauza bera ote?
Herri orori dagokio autodeterminazio eskubidea. Euskal Herria herria da eta inor gutxik ukatzen du hori. Beste gauza bat da hori gauzatzea, horretan ari gara. Herri baten nazio antolaketa demokratikoa eragile politiko guztien artean adostu behar da. Printzipio hau ez da zalantzan jartzen ahal. Esan bezala, Jauregiko operazioak eta zeharkako bideak izango diren susmoa dut, batzuk herri honek daukan aukera historiko hau berriz ere zapuzten eta Estatutu zaharren berregokitzapenak egiten saiatuko dira, horregatik herri mobilizazioa eta dinamika beharrezkoa izango da.


Ezker abertzale zabala osatzeko, azken urteetan izandako desadostasunak gaindituko al dira?
Bai. Ez dago beste biderik. Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan zutabe oso garrantzizkoa da ezkerra. Euskal Herria ezkerretik eraiki behar da. Espainiako nahiz Frantziako estatuen agintean dauden indar politikoek eta tokian tokiko indar erregionalek ez dute inoiz Euskal Herriaren nazio izaera modu demokratikoan antolatzeko gogorik izan. Eta ez naiz jarrera subjektiboez ari, hori frogatzen duten arrazoi objektiboez baizik. Adibidez, abertzaletasun tradizionala deiturikoa, EAJk ordezkatzen duena, bere oinarriak moldatzera mugatu da eta Estatuko merkatu ekonomikoari begira aritu da nagusiki.

Tempoa ere garrantzizkoa da, prozesuaren korapiloak askatzeko denbora behar da.
Prozesu honetan hainbat hari daude eta horiek askatzeko lanean ari gara. Batetik, ETAren erabaki argi eta ausartak hainbat hari deslotuko ditu laster, presoen egoera, logikaz, hari horien askatzearen bitartez emango da, lehen fasean. Bestetik, arazo politikoa konpontzeko hariak nola lotu ikuskizun dago. Guk prozesua ez dela baketze edo normalizazio politiko soil bezala ulertu behar eta herri honek antolatze prozesua eta erabakia bere egin behar duela diogu. Horrek denbora behar duela? Ziur. Baina kontua ez da denbora kalkulatzen ibiltzea, oinarriak sendo jartzea baizik. Oraingo tempoak Euskal Herri osoarentzako alderdien arteko mahaia antolatzea eskatzen du.

Mendez mendeko ukapena trenkatzeko herritarren indarra beharko da.
Prozesuari indarra herri izaera onartzeak ematen dio. Zertan oinarritzen da gure eskubidea? Herria izate horretan. Bi Estatuen aldetik ukapenak prozesua zenbait eremutan garatu beharra ekarriko du, baina gure jarrera «herri bati mahai bat, arazo bati konponbide bat» da.

Baikor ikusten zaitut...
... baikorra naiz. Baina ez da baikortasun kontua, logika kontua baizik. Ura ubide onetik abiatzen bada, urak aurrera egin ohi du. Herri batek duen arazoari konponbide batez erantzun behar zaio. Jakina, konponbide hori konkretatzea zaila da eta horregatik azpimarratzen dut Euskal Herriko errealitate ezberdinek erritmo ezberdinak eskatuko dituztela. Konpresio praktikoak behar izango dira, baina ez Iparraldea ez beste eskualderik bereizi behar da.

Printzipioz ez, baina praktikan...?
Hori ondorio praktikoetan ikusi beharko da, prozesuaren graduazioek ekar ditzaketen ondorio praktikoetan, soluzioaren graduazioan. Baina mahaitik nor eta zergatik utzi behar da kanpoan? Adibide historiko bat jarriko dizut: soluzioak ez datoz zatiketatik, Irlandako prozesua lekuko. XX. mendean Irlandaren zatiketa onartu zen eta horrek arazoa handiagotu zuen. Zatiketaren okerra onartu eta Irlandaren batasunerako bidea mahai gainean planteatu denean etorri da soluziobidea. Irlanda nazio batu eta demokratikoa izango da, bide onean doa. Britainiako eta Hego Irlandako Gobernuak hori onartu badute, zergatik ez dugu pentsatuko Espainiako eta Frantziako estatuen Gobernuek Euskal Herria herri bat dela onartu eta errespetatu beharko dutela?

Inor gutxik ukatzen du Nafarroak bake prozesuan duen garrantzia. Argi zegoen UPNk -eta beraz CDNk- ez zutela beso zabalik hartuko. Baina kontraerasoari ekin diote jada, eta hori aurreikusitakoa bazen ere, kezkagarria da PSNk Nafarroako Legebiltzarrean egin diren proposamenen aurrean agertu duen jarrera. Hemendik urtebetera abertzaleekin batera UPN Gobernutik kanporatzeko, lehenik Sanzen alderdia garaitu behar da hauteskundeetan eta hori ez da batere samurra izango PSNk bere jendea horretarako prestatzen ez badu. Buruzagien artean zalantza handiak ikusten badira, zer gerta liteke, esate baterako, Erriberako PSNko oinarri sozial zabalarekin? Moldatze keinuak ikusten dira PSN-n, baina geldoegiak ez ote diren susmoak ere handiak dira.

Su-etena bultzatu duen alde bakoitza gogor ari da nazioarteko laguntzaren bidezidorretan eta azken egunotan Benedikto XVI.a eta Kofi Annanenak sostengu adierazpen garrantzitsuak izan dira. Alde batek PPren erasoa baretzea lortzen du, besteak azken urteetan ukatu izan den gatazka izaera indartu eta Zapaterok har ditzakeen konpromisoen aurrean soegileak izatea.

Batasunaren Kursaaleko ekitaldiaren debekua zela eta, Eusko Jaurlaritzako heledun Miren Azkaratek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Ertzaintzak dauden legeak bete behar dituela zioen. Pentsaezina da Ertzaintzak epaileen aginduak ez dituela beteko. Dena logikoa. Baina hori bezain argi dago Herriz aingo Sailak era guztietako malgutasuna erakutsi duela debekuak betetzerakoan. Jakina, legea errespetatu behar izatea gauza bat da, eta bestelakoa da hori ondo egina izatea. Legeak torturatzea aginduko balu, torturatzea ez legoke ondo; eta legeak eskubide zibilak galaraztea eskatzen badu -Batasunaren kasuan bezala- hori ez dago ondo. Agintari baten lekuan jarrita, gogorra izan behar du ondo ikusten ez diren legeak bete behar izatea; gogorra izan behar duen moduan epaile soil baten aginduak herritarren ordezkaritza islatzen duten parlamentu eta gobernu batek baino gehiago agintzea. Zeren eta kasu batzutan, epaile zenbaitzuren erabakiak umiliagarriak dira euskal agintari eta erakundeekiko.

Jone Miren Hernandez

Hasteko, ekar dezagun burura irudi bat: 15 urtetan komunitate batean gertatutako aldaketen irudia. Populazioa ia 5 aldiz hazi da, 3.944 biztanle izatetik, 19.661 biztanle izatera pasatuz. Hazkunde hori dela medio, azpiegitura eta zerbitzuen eskaintzak gainezka egin du. Ez dago modurik gutxieneko beharrei erantzuteko. Euskara edota euskal kulturaren eremuan erreparatuz gero, egoera larria da. Frankismo garaiko irudi batez ari naiz, eta komunitate horren bestelako berezitasunaz gain, badira, aro politiko zehatz bati loturiko bizi baldintzak, baldintza gogorrak euskararen ikuspuntutik ere.

Krisi elementu ugari topa daitezke komunitate horretan, eta horren aurrean bertakoak nahiz iritsi berriak egokitu ezinik dabiltza. Batzuen eta besteen kezkak oso ezberdinak izan daitezke, baina oro har egonezina senti daiteke.

1960 eta 1975 urteen artean sortzen ari den Lasarte-Oria berrian kokatu behar dugu arestian aipatu irudia. Argi dago, euskararen beherakada lehenagotik hasita zegoela udalerrian, baina bestela ere, testuinguru ekonomikoak, politikoak edota kulturalak ez zuten laguntzen galtze prozesu hori gerarazten. Bestalde, komunitate mailan bizi zen egoera zail horretan euskara gero eta ikusezinago bihurtzen ari zen. Kaleko giroak eta sumatzen ziren beharrek ez zioten hizkuntzari tokirik uzten. Horregatik, arrazoi ezberdinak medio euskarak arlo pribatuan topatzen zuen babesik garrantzitsuena. Hori izan da behintzat, sarritan entzun izan dugun hipotesia.

Egun, oraindik, hizkuntzaren etorkizunaz hitz egiten denean familia bidezko transmisioa euskararen bizi iraupenerako ezinbesteko tresnatzat hartzen da. Baina transmisioak gertakari zaila jarraitzen du izaten: zaila definitzeko eta ulertzeko; zaila baita ere hizkuntz plangintzaren ikuspuntutik eragiteko. Familia gune konplexua dugu, gero eta aldakorragoa gainera. Gure gizartearen ispilu ezin hobea, beraz. Hori horrela zela jakinda ere, transmisioa hartu nuen ikergai tesia egiteko eta Lasarte-Orian kokatu nuen landa lana.


Zer da transmisioa?

Tesi bat lan trinkoa da definizioz, horregatik, gaur, tesiaren planteamenduetatik bi idea baino ez ditut berreskuratuko.

Lehenengo proposamenak transmisioaren ikerketa eremuaren hedapenarekin du zerikusia. Bigarrenak berriz, transmisioaren definizioak hartu beharreko dimentsioak ditu aipagai.

Lehenengo proposamenak, beraz, transmisioaren mugekin jartzen gaitu parez pare. Familia bidezko transmisioak etxeko gunean al ditu bere mugarriak? Nire iritziz, hori ez da horrela gertatzen, eta horregatik, tesian pertsona, familiak eta hurbileko komunitateak (auzoak, herriak berak) bat egiten dute. Dimentsio horien arteko aldaketak aztertzen saiatu naiz. Horrela, maila ezberdinen arteko loturak puzzle moduko bat osatu dute eta puzzle hori osatzeko metodologia nagusia etnografia izan da.

Etnografiak, komunitate batean murgildu eta konplexutasunari aurre egin behar dio. Eta komunitateari loturiko edozein elementu zehatz ikertzeko, lehendabizi, komunitatea bere osotasunean ulertzera iritsi behar du. Ideia horri heltzen bazaio, Lasarte-Oriako kasuan, bertan izandako hizkuntzaren garapena eta komunitateak berak izandako ibilbidea ezin izango genituzke bereiztu. Ildo horretatik, hizkuntzak protagonismoa partekatu beharko du beste gizarte aldagaiekin.

Filosofia honekin jarraituz, transmisioa ikertzeko garaian ikuspegi ireki baten alde egin dut eta hizkuntzak komunitatean duen balioa ikertzea baino, komunitateak hizkuntzari zein leku eskaini izan dion ikustea izan da helburua. Horrela, lehenengoz, herriari berari eman nahi izan zaio lehentasuna, familia eta norbanakoen gainetik. Edonola, hiru mailak aztertu dira eta horien arteko lokarriak bilatzeko saiakera egin da. Horrela, transmisioa testuinguru zabalean kokatu da, nire ustez, berezko testuingurua den horretan.


Transmisioaren definizioa

Bigarren ideia nagusiak transmisioaren definizioarekin du zerikusia. Transmisioa zer den azaltzeko garaian, Roldán Jimenok La memoria de los derrotados izeneko artikuluan adierazten duen ideia dut abiapuntu, ahanztura/oroimena binomioa aztertzean familia «ahanztura saihesteko bitarteko garrantzitsuena» bezala deskribatzen duenean, hauxe gehituz:

«Baiezta daiteke familiari datxekiola bere historia belaunaldiz belaunaldi transmititzea». Ideia hau oinarritzat hartuta, transmisioa ahanzturaren aurkako borrokatzat jotzen dut, borroka horrek oroimena eraikitzeko ahalegin paralelo bat inplikatzen duelarik. Beraz, transmisioaren ideiaren baitan bi dimentsio nagusi aipa daitezke.

Alde batetik, transmisioa prozesu bezala uler daiteke. Prozesu horretan iragana, oraina eta etorkizunaren arteko negoziazioa ematen da. Ikuspuntu horretatik, transmisioa gauzatzeko, bai maila pertsonalean, bai talde mailan adostasun bat lortu behar da zer mantendu/aldatu behar/nahi den erabaki baino lehen. Ikuspuntu horretatik, transmisioari ezin zaio, besterik gabe, jarraikortasun zentzu bat erantsi. Negoziazio eta elkarrizketa hori, maila pertsonalean, familian eta herri mailan ematen da. Pertsonek eta taldeek euren esparrua bilatu behar dute komunitatean, inguruarekiko loturak finkatuz. Batzuen eta besteen beharrak denborarekin aldatuz doaz eta, bai hizkuntzek, bai hiztunek, egoera berrietara egokitzen jakin behar dute.

Transmisioak oroimena aldarrikatu behar du, baina oroimen malgua, aldaketarako aukera emango duena. Horrela bakarrik ulertzen da Lasarte-Orian gertatutako hizkuntzaren berreskurapen prozesua: batzuek euskararen galerak zeraman inertzia ahaztu eta euskara euren ingurunean berriz txertatzeko apustua egin zuten; beste batzuek, Euskal Herritik kanpoko erroak alboratu gabe, oroimen berriak sortzeko ahaleginak egin zituzten euskarari eta euskal kulturari sormen prozesu horretan tokia utziz. Transmisioak guztien ekarpenak behar izan ditu azken urteotan, ekarpen eraldatzaileak, transgresoreakŕ

Baina transmisioa, prozesuaz aparte, produktua ere bada. Hau da, oinarri, balore eta elementu batzuekin hornituta agertzen da. Hiru nabarmenduko nituzke.

Lehenengoz, memoriak duen pisua azpimarratu beharko litzateke. Ideia honi lotuta, bi gai: zein zerikusi du komunitateak bere historiarekin? Nolako oroimena da benetan egunerokotasunean gailentzen dena? Galdera horiei erantzun asmoz Teresa del Vallek oroimen diskurtsiboaren eta haragitan bizitako oroimenaren artean planteatzen duen bereizketan arreta jarri behar dugulakoan nago. Lehena, funtsean, hizkeran eta narratiban oinarritzen den bitartean, bigarrena pertsonen «hainbat emozioren dentsitatea sinbolizatzeko eta esperimentatzeko (...) eta prozesuak diseinatzeko esperientziak, momentu zehatz batean, orainaldian, finkatzeko» gaitasunetik abiatzen da. Eskarmentuetan eta irudietan oinarritzen den oroimen baten aurrean gaude beraz. Oroimen mota hori kokatu dut transmisioaren azterketaren erdigunean, aipatutako ahanzturaren aurkako borrokan ezinbesteko elementua dela pentsatzen baitut.

Bigarren elementua, Del Vallek kronotopo bezala izendatutakoak lirateke. Kronotopoak leku eta denborari loturiko irudiak dira, eta bertan gorpuzten dira oroimena gauzatzeko eta transmititzeko ereduak. Hortik abiatuta, hipotesi hau planteatzen dut: euskararen azken garaiko historia, zenbait kronotoporen agerpenen menpe egon dela, kronotopo horiek euskararen eta hizkuntzaren inguruko esperientziaren ukapenari lotuta egon direlarik. Horrela bada, euskarak jasan duen atzerakada hein handi batean euskarari eta hizkuntzaren inguruko unibertso kulturalari begira bere burua eta bere nortasuna definitzeko eskubiderik gabe hazitako gizaldi oso baten esperientziari lotuta legokeela esan daiteke. Ukapen horrek euskarari buruzko haragitan oinarritutako oroimen ezari eragiten dio. Kronotopoek euskararen gainbeheran eragin zuten denbora luzez, komunitateak irudi ezkor horiei aurre egiteko apustua egin zuen arte. Beraz, euskararen transmisioan eragiteko indarra nahi horretan aurki daiteke.

Transmisioa gorpuzteko lagungarria den hirugarren elementua pertsonari eta komunitatearen identitatearen eraikuntza prozesuari lotua legoke. Kasu honetan tesiak oinarrizko bereizketa bat mahai gaineratzen du: kultur-nortasuna, alde batetik, eta identifikazioa, bestetik. Ignasi Terradasen ustez, kultur nortasunak zera esan nahi du: «bizitzaren giza onarpena. Batez ere hauxe du bereizgarri: bizitakoaren memoria, horren ondorio afektiboak eta memoria horrek eskatzen dituen errotze eta lotura sentimendu eta eskubideak zaintzea». Aldiz, identifikazioaz horrela dio: «(...) Identifikatzeko erabiltzen du identitatea (ŕ) modu horretan jokaera hori, identitatearen, bere osaketan bizitako zerbaitetan oinarritu beharko lukeenak, ohiko logikatik kanpo geratzen da. Bere alienazioa da: bizitakoaren memoria abstraktuki murriztea eta eraldatzea pertenentzia edo estigma politiko baten adierazgarri bihurtuz».

Sumatu daitekeenez, transmisioaren ikuspuntutik kultur-nortasunak eta identifikazioak ondorio ezberdinak dakartzate. Lasarte-Orian hizkuntza eta identifikazioaren arteko loturak eta gorabeherak gertatu direla ukatu gabe, tesiak, komunitatean kultur-nortasunak izandako garrantzia azpimarratu nahi izan du. Hori dela eta, hizkuntzaren inguruan sortutako elementu ezkorren aurrean hizkuntza existitzeko aukera ematen duten faktoreen inguruan eraikitako kultur-nortasunak ekoiztutako aberastasuna jaso eta islatu nahi izan du. Elementu horiei esker, Lasarte-Orian irudi berriak sortu dira, lerro hauen hasieran planteatzen zen irudi goibela eraldatzen lagundu dutenak, hain zuzen ere.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan