Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-16 -- 2036.zenb

Bixente Serrano Izko

Zerikusi gutxi dute elkarrekin Atxagaren udaberriak eta Aoizen gerezi aroak. Komunean duten bakarra, negu luze batetiko ateraldiaren sentsazioa da. Sentsazio ederra. Baina bere irudipenetako tximeleta liluragarrien aurrean Atxaga bezala neu ere hausnarrean jarririk, ezinegonean nauzue. Emeterio Arreseren "udaberriko lilien ahizpa sorginak" baizik ez ote diren pinpilinpauxa horiek izanen, nork bere gustuko loreen gainean pinpirinetan dabiltzan tximeletak baizik ez ote dituen ikusten. Horrela izan behar, baiki. Baina, errana doa, tximeletak bezain ezinegonean nabil ni, eta ez, preseski, gerezi-lore, almendra-lili edo pagotxa xarmanten agertzeak zoratu nauelako.

Nekaturik naute jada udaberriari topa alaiek. Espero dut, dena dela, hizki lerratu hauek argia ikusi orduko irudi sendoago batekin agertuko zaigula urtaro berria, kolore eta usain anitzagoetako loreak, pozoitsuak ere, haien osoan gozatu eta oka egiteko aukera izanen dugula. Kardu halako baten antza, eta eskertzen diot, atera da ezker abertzale ortodoxoko politikaririk onena deritzodan sindikalista hori: "Ez dira ongi hasi gauzak", egin du diagnostiko martxo amaieran. Bat nator harekin horraino, sintomei buruzko iritziraino. Bada zerbait, horren naif pintaturiko primadera itogarri honetan. Baina sintomen erroetan galdu du bidea, nire ustez: "Arineketan presaka, "ea antolatzen dugun mahai bat Nafarroan, bertze bat Baskongadetan" diote batzuekā Gurdia bere bidetik ateratzen ari gara. Hemen herri bat dago eta herri baten eskubideak ezin dira zatitu".

Ez dira, ez, ongi hasi gauzak. Neuk ere bai, seguruenik, Diezek bezala, bidea gal dezaket lerro hauetan, baina bere zidorrean gal nadila nahi badu, zehaztu beharko lidake nola gauza dezakeen "herri bat" hori negoziazio mahaian, Nafarroako mahaikideak eseri ezean. Nola hitz egin Nafarroaz negoziazioetako ur-oturuntzetan, "Nafarroa Euskadi da" oihu zahar haien efektuak, "anexionismo"aren irudikeria, berpiztu gabe?

Kontua ei da Estatutua (Gernikakoa, noski) bereak egin duela. Eta herri bakarra garenez, zuzen dator ondorioa: berdin suertatu zaio foru-baratzekoari. Beraz, hutsaren hurrengoa dira mahai instituzionalak, alderdi eta eragile sozialen mahai politiko bakarra eratu behar. Hori guztiori, jakina, ezker abertzale ortodoxoaren borroka irmo eta mota guztietakoari esker lortu daā Horretaz, bistan dena, ohartu egin da PSOE, eta su-etenak baldintza egokiak eman dizkio mahai hori osatzeko, instituzio autonomoetatik at. Noraezeko PSNko foru-ortuariena gutxienekoa da, Estatu-auzia denez Nafarroarena. PP/UPNkoek, zer erranik ez, galdutzat eman beharko dute Euskal Herriaren aurka harresitu zuten foru-baratzeaā Eta, haur-ipuinetan bezala, handik aurrera, palazio hartan, denak zoratzen bizi izan ziren.

Su-etena, ez iraultzarik, ez garai zaharretan kale egindako hausturarik, ez dela izan, aitortu dute ezker abertzale ortodoxoek. Hortaz, iraun artean, ostrukaren politika egitea da gaurko instituzioek existituko ez balute bezala jokatzea. Zerutik ez badator batek daki nor, ez dakit nork azalduko dien goiko ipuinarekin sinetsi ezin dutenei Nafarroaren arazoa konpon daitekeela nafar instituzioek parte hartu gabe. Edo EAEk eta Foru-baratzeak mahai bakarra, edo biek ala biek bana, osatu behar. Bakarrarena, orga idien aurrean jartzea da: zatiketa juridiko-politikoa konpontzea baita, bertzeak bertze, negoziazioen helburua. Egia da bi mahaiak lortzea ere ezinezkoa dela gaurkoz. Baina horrelako eskaera da konponbiderik nahi ez dutenak biluzien uzten dituena, diskurtsoa gehien husten diena. Ala ez?... Eta gero gerokoa.

Alergia sortzen hasi zaizkit udaberriko ipuinak. Konturatu egin da, beharrik, ezker abertzale ortodoxo baten bat gauzak ez direla ongi hasi. Baina oraindik ere, aurtengo Aberri Egunaren bezperan, denok kalpar honekin.

Gorka Urbizu

Guglielmo gazteak bazekien bere asmakuntza berria zerbait berezia zela, Bolonia aldeko mendietan gurasoei erakutsi zienean. Bere anaia Alfonsorengandik kilometro batera aldendu eta inongo haririk gabe seinale telegrafikoak igorri zizkion. Konkretuki mortse alfabetoaren "S" hizkia izan zen, "Sekula halakorik!" esan nahiko balu legez, baina modu laburtuan. Edo beharbada ez zuen hori esan nahiko, anaiarekin italieraz hitz egingo zuelako ziurrenik, baina guri bost. Adostu bezala, Alfonsok zapia gogoz astinduz erantzun zion, seinalea garbi asko jasotzen zuela adierazi nahian. Hamalau urte beranduago Fisikako Nobel saria jasoko zuen Guglielmok, Marconi abizenez. Garai hartan, baina, hogeitabi urte besterik ez zeuzkan irratiaren miraria posible egin zuen mukizu hark.

Asmakuntzaren patentea saltzen saiatu ziren orduan haren gurasoak, baina Italiako instituzioen destaina besterik ez zuten jaso. Etsi orduko, Ingalaterra aldera mugitu ziren eta bertan inbentuaren hobekuntzak erakusten jardun: konexioak lau kilometrotara, bostera, azkenik Kingstowneko estropadak TSH sistema bidez erretransmititu zituzten arte. Hura izan omen zen bertara hurbildutako gobernuen ordezkari, fisikari eta ingeniariak konbentzitu zituena. Orduan bai, orduan Milango agintariek milioi erdi lira eskaini zioten Marconiri, baina honek ezetz erantzun zien, bere garaian jasotako interes eskasa gogoan, duin.

Mende luze bat pasa da ordutik, eta egun inork ez du ezbaian jartzen irratiaren balioa. Irratia zaharra izan daiteke, baina ezin zaharkitua geratu denik esan; gailu boteretsua delako agian. Zeren mortseraz bakarrik ez, edozein hizkuntzatan zabal dezake mezua irratiak, eta hori beti izan da arriskugarri zenbait hitz -hizkuntza- isiltzen saiatu direnentzat, beti ere agintariez ari. Hor dago koxka: seinale telegrafikoa, mortseko "S" hizki inofensibo hori, Kingstowneko estropada bihurtu zeneko momentua. Ez ahaztu horrek konbentzitu zituela guztiak.

Gizartearentzat irratia tresna eraginkorra da hortaz, eta horrexegatik gobernu ezberdinek lizentziak banatzen dituzte aldian behin, horretarako irizpideak komeni bezala marraztuz. Nafarroan ere hala izaten da, noski, baina egunotan nahasi antzean dago afera. Komunikabide askotan hizki txiki-txikitan agertu da notizia -agertu denetan-, baina ziurrenik enteratuko zineten jada Iruņeko Euskalerria Irratiaren kasuaz. Hemezortzi urte daramatza euskara hutsean taxuzko programazioa eskaintzen, entzuleak pilatu eta iruņerriko euskaldungoari zerbitzu ematen. Bada ez du egundo lizentziarik lortu. Euskalerria Irratia sortu zenetik gutxienez birritan izan da FM lizentzia banaketa Concurso de concesiķn de licencias de Frecuencia Modulada delakoa, baina baliozko proiektuak aurkeztu arren, beti albo batera baztertuak izan dira. Azkeneko banaketa 1998an izan zen, eta Euskalerria Irratikoek, beste behin ere kanpoan geratu zirela ikusita, helegitea jarri zuten, lizentzien esleitzeari ez ziotelako justu irizten. Zazpi urteren bueltan epaileak arrazoia eman behar izan die: ebazpenak dioenaren arabera, orduko banaketan makurkeria, bidegabekeria, eta beste Ģkeriaģ asko izan omen ziren; lizentzia erdietsi zuten hainbat emisorek faborezko tratua jaso zutela, alegia, legez merezia zuten beste irrati kateen kaltetan.

Lizentzien banaketa errepikatu egingo da horrenbestez, eta oraingoan bidezko prozesua izango denaren bermea nahi dugu Euskalerria Irratiko langile, kolaboratzaile zein entzuleok. Ez dugu Nobel Saririk eskatzen. Besterik gabe, guk ere Alfonso Marconiren moduan zapia astindu nahi dugu gogoz, seinalea garbi asko iristen dela adierazteko. Sekula halakorik!

Juan Kruz Lakasta

Martxoaren 22ko eguerdiko hamabiak ziren eta Albertok leihotik sartu zuen burua Euskalerria Irratiaren erredakzioan, albistea emateko: "ETAk su-etena iragarri behar du ordu erdi barru!". A lberto ez zen heldu hegan. Ez da Superman. Alberto Berriako kazetaria da. Egunkari euskaldunaren Iruņeko ordezkaritza eta gure irratia eraikin berean daude, eta Alberto terrazatik oinez heldu zen gure leihora. Hori bai, super heroi irribarrea zekarren. Eta nire erantzunak, kriptonita bailitzan, kolpetik ezabatu zion: "Dedio, orain ez!".

Kontua da eroturik genbiltzala Euskalerria Irratiak biharamunean Nafarroako Antzerki Eskolan zuzenean egin behar zuen irratsaio-kontzertua prestatzen. Meniaren iragarpenak galtzak bete lan genbiltzanontzat behar gehiago zekarren. Eta horixe izan zen tregua zetorrela jakin nuelarik barru-barrutik, erraietatik atera zitzaidan erreakzioa, sentimendu guztien artean gailendu zitzaidana: "Dedio, orain ez!". Geroxeago erreakzio hartan pentsatzeko unetxo bat hartu nuelarik, kezkatu nintzen: sufrimendu askoren amaieraren hasiera, eta ni hotz, neurekoi.

Korrika eta presaka, Pernando Barrena, Patxi Zabaleta eta Maiorga Ramirez gonbidatu genituen biharamuneko saio berezira. Helburua, kinka politiko berriaren argazkia eskaintzea Nafarroako Antzerki Eskolan elkartu ziren 300dik gora lagunei, ilusioa pizte aldera. Zinez eskertzekoa izan zen halako egun zailean hiru politikariok gure gonbitea onartzea. Helburua, baina, ez genuen bete. Saioaren amaieran hiruokin 20 bat minutuko mahaingurua egin genuen. Hura amaituta, hainbat ikus-entzule hurbildu zitzaizkigun saioagatik zorionak ematera, oso ongi pasatu zutela esatera eta politikarien solasaldia sobran zela gaineratzera. Dozenaka lagunek esan ziguten politikarion ahotik "betikoa" entzunda aspertu zirela, noiz eta su-etenaren iragarpenaren biharamunean, haien hitzek bereziki ilusionagarriak izan behar zuten egunean.

Ez nintzen, beraz, bakarra ilusioa faltan zuena. Idurre Eskisabel lankide eta lagunak ederki azaldu du egoera: "1998ko su-etenarekin, poz betea sentitu genuen, goitik beherakoa, koloretakoa. Orain, poz txuri beltzezkoa sentitu dugu, erdipurdikoa, huts samarra". Zergatik? Horixe da galdera. Eta ez da erantzuten erraza. Lehenik eta behin, iragarritako su-eten baten kronika izan da. Eta duela zortzi urtekoak ezustean harrapatu gintuen. Halaber, ez dira alferrik igaro zortzi urteok, denbora horretan alde batekoek zein bestekoek sufriturikoa zama handi samarra da.

Nolanahi ere, nire uste apalean, arazo nagusia ez da hori. Arazoa da gizarte zibilak eraman gaituela gauden egoera politikora. Afera da gizarte zibila eragile politikoen oso aurretik joan dela, urtetan, bakegintzari eta normalizazioari doakionez. Kontua da orain, fase erabakigarrira heldu garelarik, gizarte zibila nekatuta dagoela atzetik, oso atzetik ibili diren politikariekin.

Hain zuzen ere horregatik guztiagatik kezkagarria begitantzen zait hainbat eragile, seguru asko intentziorik onenarekin, esaten ari direna: gizarte zibilaren parte-hartzea ziurtatu behar da, gizarte zibilak erabakigarria izan behar du, gizarte zibilak prozesua blindatu behar duā Horrekin guztiarekin ados nago. Bilboko manifestaldia oso ongi egon zen. Baina, kasu, ez dezagun para prozesua ongi amaitzearen arduraren zama gizarte zibilaren bizkar.

Izan ere, gizarte zibilak, gizarte mugimenduek, kultur taldeek, koadrilek, herritar arruntek, bete dute jada haien zeregin nagusia. Eragile politikoak bakerantz eta normalizaziorantz bideratu dituzte, akuilatu dituzte, bultzatu dituzte. Eta orain, azken txanpan zorioneko mahaian edota mahaietan negoziatzearen lana politikariena da. Haiek dira hori egin dezaketen bakarrak. Ardura, beraz, haiena da. Eta erakutsi beharko dute haien gizartearen maila berean daudela. Badakit demagogiko samarra dela gizarte zibilaren eta politikarien arteko halako banaketa egitea. Baina nago honako honetan banaketa guztiz zentzuzkoa dela.

Su-eten, negoziazio, akordio asko izan dira orain arte, baina zalantza izpirik gabe, egungoak inoizko baldintza objektiborik zein subjektiborik onenak dira bake eta normalizazio prozesua behar bezala finitzeko. Izan ere, Madrilgo Gobernuak zein Ezker Abertzaleak akordio batera heltzeko premia larria dute. Arazorik handiena, aulkiaren hirugarren hanka izan daiteke, prozesutik etekin politiko garbiegirik aterako ez lukeen EAJ. Espero dezagun guztiok, interes alderdikoiak bazterrean utzita, zintzotasunez, eskuzabaltasunez, arduraz negoziatzea. Eta hala egiten badute, ziur naiz gizarte zibilak ilusioa berreskuratuko duela. Dedio, orain bai!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan