Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2006-04-16 -- 2036.zenb

Xabier Letona

Lehenbiziko irakinaldia igaro ondoren, egoera politikoak bero jarraitzen du oraindik euskal politikan eta luzarorako izango da gainera. ETAk su-eten irankorra indarrean jarri ondoren bortizkeria politikoak hor jarraitzen du oraindik, estatuen bortizkeria gisa identifika daitekeena, eta nagusiki euskal presoengan islatzen dena. Batasunari eta Batasuneko kideei eragiten dien eskubide zibilen murrizketa ere hor dago. Gatazka politikoak ere bere horretan dirau. Kasu batean zein bestean, dena den, bi eremuotako arazoak gainditzeko oinarriak jartzen ari dira bakea eta normalizazio politikoa helburu dituen bake prozesu honetan. Edo beste hizkuntza batean esanda, Euskal Herrian bizi den gatazka bortitza eta gatazka politikoa gainditzeko zabaldu den prozesu politiko honetan. Edozein modutan, eta hori alde guztiek onartzen dute, bi arazo nagusi konpondu behar dira: batetik ETAk eta Espainiako Gobernuak bideratu behar dutena, preso, errepresaliatu eta desmilitarizazio kontuak; eta bestetik, gatazkaren muinean dagoen korapilo politikoa, nagusiki euskal alderdiek bideratu beharko dutena.

Irakurketa ugari egin daitezke gaurko egoerara zergatik eta nola iritsi garen horri buruz, eta alde bakoitzak berea egiten du. Hau da, eta hobeto ulertzeko, zergatik iritsi gara egungo egoerara: ETA garaitua izan delako, eta horrekin ENAMen eskema politiko osoa, edo hain zuzen ere ENAMek bere borroka gaurdaino ekartzea lortu duelako, eta une egokian borroka armatua era aproposenean alboratzea erabaki duelako? Erantzunak, jakina, era bateko edo besteko oinarriak jartzen ditu bakoitzak etorkizunari bere ikuspegitik heltzeko. Lehenago edo geroago halako eztabaida franko aterako dira, baina bitartean badira beste lehentasun ugari.


Bake prozesuaren ibilbide-orria

Dagoeneko argi geratu da Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta ETAk badutela halako ibilbide-orri adostua. Ez dakiguna da geraleku bakoitzaren -presoak, biktimak, desmilitarizazioa, Batasunaren jardun politikoa... - ezaugarriak nola zehaztu diren. Indar harremanen egoerak, entzundakoek eta irakurritakoek adierazten dute Espainiako Gobernuak egoera kontrolatzen duela eta PPren errendizio eskema totalitarioa baztertu duela, irtenbide duinari ateak irekiz.

Irtenbide duinaz ere asko jardun liteke, baina eragile politiko gehienek ulerten dutenaren arabera, gutxi gora behera Batasunak Anoetan egindako eskemak bildu ditzake irteera duinaren hasiera: ETAk eta Espainiako Gobernuak eurena konpondu, eta alderdi politikoek subjektuaren erabakiaren gaia. Baina zer litzateke duina erabaki subjektuari dagokionez? Ikuspegi abertzaletik Euskal Herriaren erabaki ahalmena, nahiz berau hiru zatitan banatu, gaur egun denek onartzen baitute erabaki gaitasun hori indarrean jartzekotan hori EAE, Nafarroa eta Iparraldea aintzat hartuta egin beharko litzatekeela. Kontua da zabaldu den prozesuan hori guardasol berean nola sartzen den eta horretarako zein formula juridiko erabiltzen den. Alderdi politikoek, azken finean, garai berrirako gutxieneko joko arauak finkatu eta adostu beharko dituzte, baina funtsean ibilbide-orriaren bukaeran gai hori dago: formula juridikoa eta berau gizarteari nola aurkezten zaion, honek berretsi dezan.

Prozesua hasi besterik ez da egin, eta tartean gertatuko dena ezin asmatuz, bukaera ikuskatzea ariketa ona izan liteke tarteko hori nola egituratu daitekeen irudikatzeko.


Kontsulta akordioarekin edo akordiorik gabe

Indar politikoen artean akordio sendo eta eraikitzailea lortzea, hori litzateke egokiena prozesu bukaerarako. Herritarrek baietsi edo txarresteko kontsultara eraman eta kito. Baina nola eta noiz egin kontsulta? Benetako akordioa lortuz gero, bigarren mailako arazoa litzateke, baina oso gertagarria da Nafarroan eta EAEn bakoitzaren izaera eta tempusa errespetatuko lukeen formularen pean egitea. EAEn hau guztia gaitza bada, zeresanik ez Nafarroan. UPN Gobernutik kanporatu barik ezinezkoa seguruenik. Eta Iparraldeko egoera oraindik korapilatsuagoa da, han bertako erakunderik ere ez dute eta.

Baina, eta eratzen diren mahaietan edo dena delako guneetan indar politikoen akordiorik ez balego? Batek daki hemendik hiruzpalau urtera indar harremanak nolakoak izango diren eta prozesuan gertatuko direnak nola aldaraziko dituzten alderdien gaur egungo posizioak. Baina ez da zaila irudikatzen halako eszenatoki batean EAJk hartuko lukeen zentraltasuna. Batasuna, EA, Aralar, ELA, LAB eta oro har, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten indar soberanistek herri kontsulta bultzatu beharko litzatekeela uste dute eta herritarrek erabaki dezatela. PSOEren ustez, akordiorik ezean ezin da kontsultarik bideratu. Beraz, pentsatzekoa da Madrilek zer jarrera izango lukeen.

Eta EAJk? Gaur gaurkoz zatitua dago aipatutako akordio ezaren eszenatokiaren aurrean. Josu Jon Imazek gidatzen duen zuzendaritzak ez luke begi onez ikusiko akordio ezaren aurrean kontsultara jotzea. Joseba Egibarrek gidatzen duen barne oposizioak, aldiz, egoki ikusiko luke akordio ezaren aurrean kontsultara jotzea. Eta Ibarretxe lehendakariak? Gaur, badirudi akordiorik gabe ere kontsulta egitearen aldekoa litzatekeela. 2008an berriztuko da berriz EAJko EBBa eta ordura arteko barne lehia gogorra antzeman liteke jeltzaleen artean.

EAJk zabaltzen den aro politiko berrirako iragan udazkenean ezagutzera emandako agirian zehazten zuenez, Gernikako Estatutuak bere garaian lortutakoa baino sostengu handiagoa beharko luke marko juridikoaren egungo edozein aldaketak. Abertzale eta ez abertzaleen arteko akordio transbertsalak goresten dira bertan, baina testuetan egindako interpretazioetan aipatu baldintzari ematen zaio zentralitatea.

Ondorengo datuak ezin dira erreferendum batean direnekin erkatu, izaera oso desberdineko bozketak direlako, baina agian balio dezakete pista eta ondorio batzuk ateratzeko: Gernikako Estatutua EAEko boto emaileen %53ko baietzarekin onartu zen -abstentzioa %40tik gorakoa izan zen eta bozkatu zutenen artean baiezkoa %90ekoa-. Ibarretxe Plana Eusko Legebiltzarraren botoen %52arekin onartu zen, baina Espainiako Kongresuak eztabaidarako ere ez zuen onartu. Onarpen eza hau argudiatzeko PSOEk arrazoitu zuen marko juridiko-politikoa aldatzeko oso gehiengo txikia zela %52ko hori. Eta argudio honen aurrean beste datu esanguratsu bat: Kataluniako Legebiltzarrak estatutu berriaren proposamena %90arekin atera zuen, eta honen bertsio murritza %54arekin onartu berri du Espainiako Kongresuak. Ibarretxe Planak baino bi puntu gehiago nahikoa izan dira oraingoan marko juridiko-politikoetan aldaketak bideratzeko.

Erreferentzia batzuk baino ez dira, beste ugari atera daitezke, baina denetan argi ikusten da EAJk urak batera ala bestera bideratzeko izango duen garrantzia. Ez da berria egoera, 1977an eta 1979an ere hala gertatu zen eta hala izatea ere normala da, kontuan hartzen badugu EAJ dela EAEko alderdi politiko handiena.

Daniel Udalaitz


Ideko Elgoibarren dagoen makina erremintan espezializatutako I+G zentroa da, Danobat eta Mondragón Corporación Cooperativaren baitan. Bezeroen berrikuntza teknologikoak bultzatzea du helburu, euren lehiakortasuna hobetuz. Bere jarduna lankidetzan, partaidetzan, gizarte erantzukizunean, berrikuntzan eta talde lanean oinarritzen duen giza taldea da. Kooperatiba moduan 2004an sortu zen. Izendatze berri honekin batera gertaera garrantzitsu hauek daude; teknologia osoko oinarrian duen enpresaren osaketa, Turkiako CIRPen Batzar Nagusian partehartzea edo DOIKI eta LAITZ kide moduan sartzea. Halaber, Mondragón Goi Eskola Politeknikoak Kooperatiban parte hartzea onartu zuen. Geroari begira, eraikin berri bat jasotzea aurreikusten da, beste teknologiez gain hauek sustatuko dira: ingeniaria birtuala, makinak eta osagaiak eta transformazio prozesuak. 59 lankide eta 22 bekadun ditu eta 2004an 137 proiektu gauzatu zituen eta 4,8 milioi euro fakturatu.


Jakitekoa litzateke norekin ez ote dauden gerran Espainiako gotzainen COPE irrati katea eta Federiko Jimenez Losantos kazetari eskuindar ezaguna. Azken gerra Jose Maria Zarzalejosek gidatzen duen
ABCren aurkakoa da, eta irratiko goizeko saiotik egunkariko harpideei harpidetza bertan behera utz dezaten eskatu die Losantosek. Hori dela eta, Vocentok salaketa jarri du bere aurka.


FEUSE Saria Igor Horrillorentzat

Horrillo farmazialari mendarotarra doktorego tesia ari da prestatzen depresioari buruz eta Depresio nagusia izeneko lanagatik eman dio Farmazialari Euskaldunen Elkarteak FEUSE Saria. Euskal Herrian 242 kide dituen Farmazialari Euskaldunen Elkartearen helburua euskaraz idatzitako farmazia eta osasunari buruzko argitalpenak bultzatzea da. Bide horretan aurkeztu berri du feuse.org web gunea.


AEK-ko lau kide Nafarroako Hezkuntza Sailean kateatuta Sarako Biltzarra apirilaren 17an

23. ekitaldia izango da apirilaren 17koa. 120 bat idazle hurbilduko dira Biltzarrera, 18 argitaletxe, 33 elkarte, sei aldizkari eta bost kazeta ere bai. Beti bezala produkzio gehiena frantsesez egongo da, baina hala ere, aurten euskarazko eskaintza handiagoa izango da. 2004an 24 liburu baziren euskarazkoak, aurten, Ipar Euskal Herriarekin zerikusia duten 60 lan eros ahal izango dira. Bestalde, Biltzar Saria jasoko dute Claude Dendaletxe geologoak eta Piarres Xarritonek.


Ereduzko prosa gaur hiztegi

1998an, Ibon sarasolak gauzatu zuen proiektuak orain hiztegi formatoa hartuko du. Ereduzko prosa gaur proiektuak 1998tik argitaratu diren liburu, aldizkari eta egunkarietatik ateratako corpusa jasotzen du. Corpus hori baliatuz hiztegia osatuko da Ibon Sarasolaren gidaritzapean. Hiztegia egiteko hitzarmena EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatu dute.


D eredua gorantz Nafarroan

Sortzen-Ikasbatuazek Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulazioko behin-behineko datuak aditzera eman ditu. Adibidez, ikastetxe publikoetan, D ereduan, 1.234 haur matrikulatu dira (iaz 1.224) eta ikastoletan 286k eman dute izena (iaz 232k).

hemeroteka

2035. zenbakia | 2006-04-09
2033. zenbakia | 2006-03-26

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan