Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-16 -- 2036.zenb

Lourdes Oņederra


Ez gaitu maite gizarteak. Alegia: gurekin bizi diren gainerakoek, bestelako lanak dituztenek ez gaituzte begi onez ikusten. Martxoaren 29ko greba-egunean izan nuen horren berri zuzen, kalean, dendetan "Ze, zu ere greban?" doinu xelebrez galdetzen zidatenengandik.

Nire ingurukoak bitan banatzen dira gure lanari dagokionez. Alde batetik daude asteburu oso bat edo bakazio "normalak" noiz, galdetzen didatenak. Bestetik, ongiegi bizi garela, lan-txoiloa dugula, nahi duguna egiteko denbora dugula diotenak.

Ulertzen dut astearte buruzuri batean goizeko hamaiketan paseatzen ikusten gaituenak pentsatzea zorriak baino alferrago garela. Eta egia da asteartean paseoan ibili ahal izateak plazer handia ematen digula askori: erlatiboki eskola gutxi izateak errazten digun ordutegi askatasuna "a" txikiz idazten diren altxor horietakoa dela -ba ote, funtsean, besterik?-.

Baina nork nahi du egon abuztuan zortzi orduko ordutegia betetzen irailaren hasierarako komunikazioa prestatzen, edo editoreari eraman behar dion saiakera liburua zuzentzen, edo udaberriko lehen igande eguzkitsuan ikastaro bat prestatzen edo, ohean buelta eman eta beste ordu-erditxo bat gelditu beharrean goxo-goxo, proiektu baten txostena erredaktatzera jaiki, edo afalondoko telefilma ikusi beharrean saiakera aspergarri bat irakurtzen jarri? Guk nahi izaten dugu.

Horregatik, ez naiz negarrez hasiko. Horixe besterik ez genuen behar. Ez zaie munduko egoera lazgarrienei begiratu behar, gure lana onenetakoa dela jakiteko. Gehienok ez genuke ezeren truke aldatuko. Etengabe ikasten egotea zulo existentzial beltzetan ez erortzeko modu osasuntsuenetakoa da. Eta guri ordaindu egiten zaigu horregatik.

Egia da ez zaigula agian gure espezializazio mailako neurrian ordaintzen. Batez ere, egia da, unibertsitate barruan soldata eta baldintza desberdintasun handiak daudela, askotan oin moral eskasekoakā Hori gehienon unibertsitatean, publikoan. Pribatuetan are okerrago omen dabiltza hierarkien, uhertasunen eta desberdintasunen alderditik. Asko dira hobetu beharreko arazoak -ikus beza nahi duenak sindikatuen egunotako literatura-.

Baina bestelakoa da gaur hona ekarri nahi izan dudana, erabat aparteko ez bada ere: nola hartzen den unibertsitate-irakasle eta ikerlarion lana, zein den ingurukoen oharmena, zenbat -zein gutxi- balio dugun hor. Erakunde publikoek ere ez dute asko laguntzen egia esanā eta erakundeak gizartearen ispilu dira, baina, baita gidari eta kultur eraikitzaile ere.

Baina, tira, esan dezadan arazoaren zati bat zein den nire ustez. Unibertsitate-irakasleak irakasle eta ikerlari gara. Gure gizarte txikiegi honetan lotsa-edo ematen du hori norberak esateak, baina hala da. Gure eguneroko lanean badira ikusten ez diren buruhauste, lo-galtze, diziplina, hitzaldietarako urduritasun eta lan ordu piloa.

Errua ez da kanpokoena bakarrik. Badira gure irudia famatzen ez duten lankideak, eskola orduez gainerako denbora bestelako hobbyetan edo bestelako lanetan ematen dutenak, edo eskola gehiago dituzten irakasleek bezainbat bakazio "hartzen" dituztenak. Bestelako lan horiek ordaindu egiten direnean, arazoa benetan da larria. Baina horretaz beste batean, agian beste lekuren batean, aritu beharko genuke.

Oro har gutxi balioztatzen da ikasketa isila, ikerketa berez, pentsamendua. Ikerlariak, salbuespen mediatikoak ezik, ez du prestigio handirik. Askoz hobeto saltzen da, adibidez, nobela bat linguistikazko liburu bat baino -hemen ez naiz ari, noski, diruaz edo ale kopuruaz-. Horrek zerbait esan nahi du gutaz, zuetaz, gizarteaz, Italo Calvinori esamoldea ostuz, elkarrekin biziz osatzen dugun infernu honetaz.

Inma Errea

Testuliburuen maileguaren inguruko eztabaidan aditu dudanez, Eusko Jaurlaritzak proposatutako mailegu sistemak liburugintzaren industriaren %40 desagerrarazten ahal du, eta testuliburuak lau urtean behin berritzeak hondamendia ekarriko dio Euskal Herriko liburugintzari. Jakina, Euskal Herriko liburugintzaren ia erdia desagerraraziz gero, hondamendia segurua da.

Pentsatzen jarrita, euskal liburugintzak habe nagusitzat testuliburuen ekoizpena edukitzeak golem bat bilakatzen du, buztinezko oinak dituen idolo beti eraisgarria. Baina, pentsatzen segituta, hori horrela izatea ez da izanen hemengo kontua, baizik beste sistema nagusiago baten ezaugarria.

Jarri, normalean ez gara jartzen pentsatzen, inguruan ditugun gauzen izaerari buruz. Esan nahi baitut naturaltzat jotzen dugula inguratzen gaituen errealitatea, natural-naturalak baitira guretako jada ordenagailuak, ibilgailu indartsuak edo etxetresna elektrikoak, paperezko mukizapiei edo kolorez eta grafiko ikaragarri onez hornitutako testuliburuei naturalak irizten diegun bezala, ohikoak, arruntak.

Baina pentsatzen jarrita, horiek guztiak ez dira hain naturalak. Pitin bat pentsatuz gero, ez dira batere naturalak, ez dira ere oso arruntak, eta ohikoak izatekotan, munduko parte honetan baino ez, Lurreko biztanle gutxi batzuendako, soilik.

Esan nahi baitut hemen, gure artean, testuliburuak lau urtean behin berritu eta familiek erosi ordez ikastetxeek eskuratzea hondamendia izan daitekeela, eta Afrikan edo beste edozein lurralde txirotan testuliburu batzuk eskuratze hutsa ametsa dela, luxua.

Pentsatzen jarrita, une kritiko batean bizi gara, ez hemen bakarrik, ez euskal liburugintzan soilik, baizik mundu osoan eta Lurreko biztanle oroz bezainbatean. Adituek diotenez, Mendebalde deitzen dugun esparru honetan baliabideak orain arte bezala kontsumitzen segituz gero, honek ezin du iraun, sistemak porrot eginen baitu. Horri aurre egitera omen datoz garapen iraunkorraren inguruko ekimenak. Garapenari uko egin gabe, baliabideen kontsumoa neurri egokira itzuli eta jasangarri egitera, xahuketa etetera.

Ez da erraza, ordea. Erabaki baitezakegu, kasu baterako, garraio publikoa bultzatu behar dugula, eta ibilgailu partikularren erabilera murriztu, baina orduan auto-ekoizleek galerak nozituko dituzte, eta langile anitzek langabeziara joko dute. Eta hori, liburugintzaren kasuan bezala, hondamendi handia bilakatuko da, jende, enpresa eta erakunde anitz kaltetuko dituen hondamendia. Baina den-denok auto bana eduki eta autoak lauzpabost urtean behin berritu beharra ere galbidea da, laster batean jasanezin bihurtuko zaigun aukera.

Kontraesan handi batean bizi gara. Kasu baterako, paper piloa gastatzen dugu egunero -komunean, sukaldean, bulegoan- baina paper hori guztioi kontsumitzea errazagoa dugu -gure sakeletarako merkeagoa edo, daukagun denbora eskasia medio, erosoagoa- jokabidez aldatzea baino. Jokabidez aldatzeko, lehenik eta behin, pentsatzen jarri behar baitugu, eta gero, gainera, korronte nagusiaren kontrako eskuan abiatu. Korronte nagusiak kontsumitzera bultzatzen baikaitu, eskuratzen ditugun gauzen iraungitze-epea gero eta laburragoa egitera.

Zertarako haurrak ohartarazi, etxean eta eskolan, energia aurrezteko beharraz, edo zer dela-eta materialak txukun iraunaraztera animatu, gero haien eskura paratzen baditugu klase orotako gailuak -matxuratuz gero, konpondu bainoago gailu berriez ordezkatzea merezi dutenak- eta nahi beste liburu, zorro eta arropa dotore eta koloretsuak badituzte, estreinatzeko? Kontzientzia lasaitze aldera, txiki utzitako jantziak edo urtebetez erabilitako liburuak birziklatzera bidaltzen ditugu edo, oraindik baliagarri direla, lurralde txiroetara, hangoak gauza polit eta koloretsuak estreinatu gabe aise bizi ahal direlakoan...

hemeroteka

2034. zenbakia | 2006-04-02
2032. zenbakia | 2006-03-19
2030. zenbakia | 2006-03-05
2029. zenbakia | 2006-02-26
2028. zenbakia | 2006-02-19
2027. zenbakia | 2006-02-12
2026. zenbakia | 2006-02-05
2024. zenbakia | 2006-01-22
2023. zenbakia | 2006-01-15

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan