Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-04-09 -- 2035.zenb

Su-etenaren alde artistikoa: 'etatregua'

Nagore Irazustabarrena

Etatregua lelodun pankartapean lelo berdineko kamisetak salgai ipini, jendeari esku-orriak banatu eta publikoaren erreakzioak bideoan grabatu. Horixe da, ideia bi urtetan hausnartu eta prestatu ondoren, Salvatore Tuttik Euskal Herriko kaleetan otsaila eta martxoan zehar burutu duen performancea. Proiektuaren izenak garbi dioen bezala, ETAri su-etena eskatzea zuen helburu proiektuak, Tuttiren ustez horixe baitzen bake prozesuaren abiapuntuan lehentasunezkoa. Baina ETAri eginiko eskaeraz haratago, artistak herritarrei egiten die deia; honela dio ekintzetan banatutako esku-orriak: «Gatazka soluzionatzeko, norberak arazoaren aurrean eman beharreko pausoak ematen hasi beharko luke».

Ekintzekin Salvatore Tuttik ondorengo erreakzio katea bultzatu nahi du: lehenik kalean dabilenak ekintza ikusten du; esku-orria jaso eta etxera eramaten du eta bertan helbide elektroniko bat du bere iritzia bidal dezan; kamiseta eskura dezake eta janzten duen bakoitzean artista bihurtuko da, performancearen protagonista, «handik aurrera berak hartzen du beregain, nahi duen neurrian eta tokian, posizionamendu politikoa bat eta mezu bat zabaltzea».

Mezu hori zabaltzeko artistak ahalegin berezia egin du hedabideek etatreguaren berri eman dezaten. Eta guztia grabatu du emaitza dokumental batean jasotzeko asmoz.


Komunikatua eta gero, zer?

Martxoaren 22ko goiza Bartzelonan. Bertan bizi da Salvatore Tutti. Luze hitz egin dugu bere jardun artistikoaz, etatreguaz eta egun batzuk lehenxeago, martxoaren 18an, Bilbon egindako azken ekintzaz. Oro har jendearen jarrera ona dela dio, erreakzio negatiboak salbuespena direla, baina kamisetak saldu eta jendeak janztea gehixeago kostatzen dela. Solasaldia amaitu eta minutu gutxira iritsi da ETAren komunikatuaren berria. Eta orain zer? «Proiektuaren helburua ETAri su-etena eskatzea soilik izan balitz, dagoeneko ez luke zentzurik izango» dio Tuttik, «ETAk konpromisoa hartu du eta hori ona da, baina nik herritarren konpromisoa bilatzen dut, haiek ere iniziatiba har dezatela. Lau urtetik behin botua emateaz gain, norberak pentsatzen duena esan dezake eta eskaerak egin ditzake». Gainera, egoera leundu ahala, Tuttik nahi duen umorea erabiltzeko gero eta aukera gehiago duela dio. Orain kamisetentzako lelo berriak asmatu behar ditu: «Lagun batek bota zidan lehengoan ZPnegocia dioena atera beharko nukeela, orain hori egokitzen delako. Cedemos todos dioena ere izan liteke. Baina azken bi urtetan buruan dudana, Euskal Herria askatu leloa oinarri hartuta, Euskal Herria aldatu ipintzen duena da». Kamisetak ateratzeko aukerarik ez zaio faltako Tuttiri, prozesua luzea izango baita, eta berak ez du inolako presarik.


Presarik eta giro artistikorik gabe

Ikus-entzunezko ekoiztetxe batean egiten du lan Salvatore Tuttik eta bere denbora librean garatzen ditu bere ekimen artistikoak. Eta nahiago du horrela: «Artearekin dirua irabazi behar ez dudanez nire artea libreagoa da edo gutxienez nik nahi dudana egiten dut. Eta ondorioz ez dut arte merkatuan sartzeko inolako beharrik». Valentzian artistaz inguratuta bizi zen, baina giro artistiko horri ere muzin egin dio benetako artistak giro horretatik kanpo daudela pentsatzen duen Tuttik. «Uste dut gauzak pretensiorik gabe egiten direnean, gertuago daudela benetako artetik».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan