Nagore Irazustabarrena
Etatregua lelodun pankartapean lelo berdineko kamisetak salgai ipini, jendeari esku-orriak banatu eta publikoaren erreakzioak bideoan grabatu. Horixe da, ideia bi urtetan hausnartu eta prestatu ondoren, Salvatore Tuttik Euskal Herriko kaleetan otsaila eta martxoan zehar burutu duen performancea. Proiektuaren izenak garbi dioen bezala, ETAri su-etena eskatzea zuen helburu proiektuak, Tuttiren ustez horixe baitzen bake prozesuaren abiapuntuan lehentasunezkoa. Baina ETAri eginiko eskaeraz haratago, artistak herritarrei egiten die deia; honela dio ekintzetan banatutako esku-orriak: «Gatazka soluzionatzeko, norberak arazoaren aurrean eman beharreko pausoak ematen hasi beharko luke».
Ekintzekin Salvatore Tuttik ondorengo erreakzio katea bultzatu nahi du: lehenik kalean dabilenak ekintza ikusten du; esku-orria jaso eta etxera eramaten du eta bertan helbide elektroniko bat du bere iritzia bidal dezan; kamiseta eskura dezake eta janzten duen bakoitzean artista bihurtuko da, performancearen protagonista, «handik aurrera berak hartzen du beregain, nahi duen neurrian eta tokian, posizionamendu politikoa bat eta mezu bat zabaltzea».
Mezu hori zabaltzeko artistak ahalegin berezia egin du hedabideek etatreguaren berri eman dezaten. Eta guztia grabatu du emaitza dokumental batean jasotzeko asmoz.
Komunikatua eta gero, zer?
Martxoaren 22ko goiza Bartzelonan. Bertan bizi da Salvatore Tutti. Luze hitz egin dugu bere jardun artistikoaz, etatreguaz eta egun batzuk lehenxeago, martxoaren 18an, Bilbon egindako azken ekintzaz. Oro har jendearen jarrera ona dela dio, erreakzio negatiboak salbuespena direla, baina kamisetak saldu eta jendeak janztea gehixeago kostatzen dela. Solasaldia amaitu eta minutu gutxira iritsi da ETAren komunikatuaren berria. Eta orain zer? «Proiektuaren helburua ETAri su-etena eskatzea soilik izan balitz, dagoeneko ez luke zentzurik izango» dio Tuttik, «ETAk konpromisoa hartu du eta hori ona da, baina nik herritarren konpromisoa bilatzen dut, haiek ere iniziatiba har dezatela. Lau urtetik behin botua emateaz gain, norberak pentsatzen duena esan dezake eta eskaerak egin ditzake». Gainera, egoera leundu ahala, Tuttik nahi duen umorea erabiltzeko gero eta aukera gehiago duela dio. Orain kamisetentzako lelo berriak asmatu behar ditu: «Lagun batek bota zidan lehengoan ZPnegocia dioena atera beharko nukeela, orain hori egokitzen delako. Cedemos todos dioena ere izan liteke. Baina azken bi urtetan buruan dudana, Euskal Herria askatu leloa oinarri hartuta, Euskal Herria aldatu ipintzen duena da». Kamisetak ateratzeko aukerarik ez zaio faltako Tuttiri, prozesua luzea izango baita, eta berak ez du inolako presarik.
Presarik eta giro artistikorik gabe
Ikus-entzunezko ekoiztetxe batean egiten du lan Salvatore Tuttik eta bere denbora librean garatzen ditu bere ekimen artistikoak. Eta nahiago du horrela: «Artearekin dirua irabazi behar ez dudanez nire artea libreagoa da edo gutxienez nik nahi dudana egiten dut. Eta ondorioz ez dut arte merkatuan sartzeko inolako beharrik». Valentzian artistaz inguratuta bizi zen, baina giro artistiko horri ere muzin egin dio benetako artistak giro horretatik kanpo daudela pentsatzen duen Tuttik. «Uste dut gauzak pretensiorik gabe egiten direnean, gertuago daudela benetako artetik».
Pilar Iparragirre
Paul Auster euskaratzen lehena izan zara. Pribilegiatutzat al daukazu zure burua?
Itzultzaileak daukan pribilegioa nobelaren irakurketa geldo eta sakon hori egitea da. Paul Auster berak ere aitortua du oso azkar idatzi zuela liburu hau, istorioa oso garbi etorri zitzaiolako; eta nolabait antzematen da hori, ziztu batean doan istorioa baita; baina, jakina, itzultzaileak ezin du halako ziztu bizian joan. Dena den, pribilegiatu bat naiz, zeren hain geldo irakurrita ere, irria hor geratzen zaizu, pertsonaiak, beren itzal-argiekin, maitagarriak direlako, baita gaiztoak ere.
Gaiztoek erakarri al zaituzte?
Liburu honetan badago gaiztakeriaren apologia, oso polita. Samurtasun handiko idazlana da, nahiz eta gertaera mikatz asko ere azaltzen diren. Itzultzailearen irakurketa pribilegiatu horrek eman dit beste aukera bat ere: ikustea zer den kontatzaile on baten trebezia pasadizoak, elkarrizketak, une barregarriak eta une hunkigarri denak josteko hari samur batez. Ni itzultzailea naiz, ez idazlea, baina nire ustez badago hor idazle ofizioa ikasi nahi duenarentzat ere zer ikusia eta zer ikasia.
Zein da liburuaren alderik aipagarriena?
Mila istorio, mila ñabardura zeinen ondo bateratuta dauden. Oso doinu lagunartekoan dago idatzita, pertsonaia nagusiaren ikuspuntutik. Eta pertsonaia nagusia bera da, niretzako, maitagarriena. Minbiziak jota dagoen gizon bat da. Bere sorterriko auzora doa, Brooklynera, han berriro hil arteko bizimoduari ekin behar diola pentsatuz. Eta benetan bete-bete egiten zaio bizipenez aldi hori.
Pilar Iparragirre
Autoitzulpengin-tza euskal haur eta gazte literaturan
Manu Lopez
Utriusque vasconiae 96 orrialde
Literatur itzulpengintza hizpide
Laurogeiko urteetan Euskal Herriko 4 egileren 9 lan itzuli ziren bitartean, 90ekoan 15era iritsi zen egileen kopurua, eta denera itzulitako lanak 58 izan ziren. Hori kontuan izanik osatu du Manu Lopez Gasenik Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan izenburuko ikerketa. Inguruko haur eta gazte literaturarekiko homologazio osoa erdietsi duten euskal literaturaren alor horietan emandako autoitzulpengintza, hots, obren egileek beraiek egindako itzulpena aztertzea izan du helburu. Horretarako, literatur itzulpengintzari buruzko jakingarri orokorrak laburbildu ditu lehendabizi; autoitzulpenen gaineko teoriak bildu ditu jarraian, eta gero, euskal haur eta gazte literatura hartu du ikergai, amaiera aldera azterketaren ondorioak azaltzeko.
Euskera
Batzuen artean
Euskaltzaindia
444 orrialde
16,50 euro
Euskaltzaindiaren XIV. barne-jardunaldiak eta beste
1920. urtetik Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala izan den Euskera aldizkariaren azken zenbakian azaltzen diren gai ugarietatik batzuk aipatzeko orduan, hauexek aukeratu ditugu: Andres Maria Urrutia Badiola euskaltzainburu berriaren kargu-hartzea; Euskaltzaindiaren XIV. barne jardunaldiak; Joan Perez Lazarraga idazlearen IV. mendeurrena; Euskaltzaindiaren ekoizpen zientifikoa Inguman; Ekuadorreko jatorrizko hizkuntzen akademia antolatzeko II. lan mintegiari buruzko txostena, Xabier Kintanak eskainia; hainbat egileren artean osatutako Euskaltzaindiaren barne historiaren VII. kapitulua, eta Euskaltzaindiak Nafarroako Gobernuarekin zein Iruñeko Udalarekin 2005. urterako egindako hitzarmenak.
Txiukue
Alaitz Olaizola, Jon Zabaleta
Erein
64 orrialde 10,50 euro
Bi neska txinatar maitasunak jota
Zorion uneak ezagutzera iristeko bi neska gazte txinatarren arteko maiteminduak pasa behar izan zituen gorabeherak azaldu ditu Alaitz Olaizolaren Txiukue antzezlanak. Zazpi-hamar urte bitarteko haurrei zuzendua dagoen gidoi hau duela 500 urteko Txinan gertatzen da. Txiukue, herri bateko alkatearen alaba da. Hogei urte ditu jada, eta bere aitak komenigarri zaion gizon presturen batekin ezkondu nahi du. Baina Txiukue etxeko neskamea den Peifenekin maiteminduta dago, eta ez dauka inolako asmorik aitak aurkezten dizkion lau gizonetatik inor aukeratzeko bere senarra izan dadin. Alaitz Olaizolaren Txiukue hamaika lagunentzako prestatutako antzerki lana da, baina kaleko jende eta alkatearen etxeko zerbitzari ugari agertzen direnez, beste neska-mutiko askok ere parte har dezakete.
Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
128 orrialde 12 euro urteko harpidetza
Torturarik ez inoiz eta inon
Euskal Herriko karmeldarrek plazaratzen duten hiru-hilabetekariaren azken zenbakian, Joxe Arregi torturapean hil zuteneko 25. urtea gainean genuenean, tratu txarrak azken muturreraino eramateak dakartzan ondorioei buruzko gogoeta eta torturaren aurkako aldarrikapena eginez, Patxi Uribarren Leturiagak idatzitako Torturarik ez. STOP. Inoiz eta inon lana agertzen da. Horrez gain, eta besteak beste, Juan Mari Lekuona poetari buruz idatzi du Luis Baraiazarrak; Axularren eta Orixeren euskarari ohar batzuk egin dizkie Gotzon Garatek; Durangoko jesuiten ikastetxeak euskal kulturari egindako ekarpena dakar kontura Antton Mari Aldekoa-Otalorak; jainkoa maitasuna dela aditzera eman du Andoni Oleak; eta Aita Luis Arostegi karmeldarren ordenako nagusiari egin dio elkarrizketa Jon Kortak.
Ramones. Familia maitagarria
Gotzon Hermosilla
Paper Hotsak
182 orrialde 12 euro
Punk eztandaren talderik esanguratsuena
Inozoak, paranoikoak, drogazaleak, erromantikoak, munduko baztertu eta moldatu gabeko guztien ikur ziren Ramones taldeko partaideak, Gotzon Hermosillaren ustetan, eta horregatik ematen ditu haiek maitatzeko arrazoi pila Paper Hotsak argitaletxearen bitartez plazaratu duen Ramones. Familia maitagarria liburuan. Garrantzitsuena hauxe: beste inork ez duela hain ondo islatu hamazazpi urte izatearen bizipoza eta amorrua. Bata bestearekin haserre eta nahiko egoera tamalgarrian desagertu zen laukote honen nondik norakoak eskaintzeaz gainera, haien larruzko jaka beltzak, praka bakero urratuak eta zapatila zikinen atzean ezkutatzen zen nortasuna azaldu digu barakaldarrak.
Aisia biziz
Batzuen artean
Urtxintxa Eskola
54 or. / 5 euro
Kontsumoa aztergai Aisia biziz heziketa eta kultur aldizkarian
Kontsumo arduratsua, kritikoa, etikoa eta ekologikoa nahiko lukete Aisia Biziz aldizkarikoek, eta horregatik eskaini dizkiote gaiari azkeneko zenbakiaren orrialde gehienak: El consumo y la adicción a las compras liburuaren egile den Irene Garcíaren iritziak, haur eta gazteen kontsumo ohiturak, Marta Cobos Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Eskolak Donostian duen egoitzako arduradunari egindako elkarrizketa, zaborra murrizteko beharra, bidezko merkataritza, telefono mugikorren arriskuak...
Brooklyngo
erokeriak
Paul Auster
Alberdania
360 orrialde 19,50 euro
Aurrenekoz euskaratutako Paul Austerren idazlana
Alberdania argitaletxeak eskatuta Oskar Aranak itzuli duen Brooklyngo erokeriak Paul Auster idazle iparramerikarraren azken nobela da, eta euskaraz irakurri ahal izango dugun aurrenekoa. 2006ko urtarrilean kaleratu zen jatorrizko idazlana, eta dagoeneko baditu, euskarazkoaz gain, gaztelaniaz, gallegoz eta katalanez eginiko bertsioak. Eleberri honetako protagonista eta kontalaria biriketako minbizia duela esan dioten gizon heldu bat da. Emazteaz banandu behar izan du, eta daukan alaba bakarrarekin harreman nahikoa gorabeheratsuak ditu. Hiltzeko leku lasai baten bila hasi, eta bere haurtzaroa igaro zuen lekura itzultzea deliberatzen du, Brooklynera. Badira berrogeita hamasei urte hara itzuli ez dela, eta ez du espero inor ezagutzerik. Berari bost. Nolanahi ere, zer edo zertan eman behar duela denbora-eta, Giza erokeriaren liburua idaztea erabaki du; bere hanka sartze oro eta ezagutu dituen hainbatenak ere biltzeko asmoz. Horretan ari dela, ordea, aspaldi ikusi gabea duen iloba Tomekin egingo du topo, eta bere bidez ezagutuko ditu haren ugazaba iruzurti bezain borondate onekoa eta nobelan zehar agertzen diren beste hainbat eta hainbat pertsonaia hunkigarri.
Miel Anjel Elustondo
Kemen handiko emakume adoretsua da Gloria Totoricaguena (Boise, 1961). William A. Douglass historikoak, lehenengo, eta Joseba Zulaikak, ondoren, betetako postuan da. Antropologoak haiek, zientzia politikoetan doktore, aldiz, Gloria Totoricaguena. Inondik ere, bide berri bila abiatu da Renoko euskal zentroa.
Zilegi da helburuen gainean hitz eginez hastea. Zein izango dituzu asmoak datorren hiru urte honetan?
Batetik, Joseba Zulaikak abiarazi dituen proiektuak bururatzeko sosak biltzea. Joan deneko hiru urte honetan hainbat ideia izan ditugu, hainbat egitasmo. Batean edo bestean arrakasta izan dugu: testuliburuetan asmatu dugu, adibidez. Biltzarretan ere bai. Egitasmo horiek sendotzeko, ordea, dirua behar da, azpiegitura, teknologiaà arrakasta ziurra izan dadin, arrakasta, eta ez zoria.
Azpiegitura sendotzea, zure lehenengo lana.
Bai. Ikasleak etor daitezen, eta irakasleak, ikertzera. Eta diasporaren inguruko ikerketa-esparruak ere gorpuztu nahiko nituzke. Familia-ondarea dugu lehenengo proiektu handia. Basque Family Heritage da proiektuaren izena eta genealogia-lana da batik bat. Horretarako, 250.000 dolar eman zizkigun Nevadako legebiltzarrak bi urteko proiektua bururatzeko. Horretarako, datu-basea lantzen hasi gara, 1790etik 1930era bitartekoa. AEBetako errolda guztietako datu-baseak kontuan harturik ari gara lanean: AEBetako 56 estatuetako konderri guztietako zentsuak! Datu-baseak aztertzen ari gara, 32.000 euskal deituren arabera. Proiektu itzela da!
Nolako informazioa bilduko duzue hortik?
Oinarria ezarriko dugu, ondoren datozen ikertzaileek non lan egin izan dezaten. Izan ere, hemengo zentsuak detailez beterik daude: «Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu? Nongoak ziren zure gurasoak? Zein eta zein lan izan dituzu? Zenbat balio du zure etxeak? Zein dituzu auzoak?». Informazioa? Pila, eta ez nolanahikoa! Eta informazio horren arabera, jakin dezakegu, halako kaletan, 1880an, bost euskal familia bizi zirela, bata bestearen ondoan. Iparraldekoak nafarrekin batera bizi ziren, edo bizkaitarrekin, edo Arabakorik bazen jakingo duguà
AEBetako euskaldunen gizarte-erretratu bikaina, orain ez daukaguna.
Horixe. Dena dela, gure lana informazio hori antolatzea da, gero datozenek azterketa burutsua egin ahal izan dezaten. Esentziala da datu-basea zuzen eraikitzea, metodologia zientifikoa baliatuz egitea. Bestela, datu-base okerraren gainean egindako azterketak ez dute ezertarako balioko. Datu-basea, beraz. Proiektuaren zuzendari eta arduradun naiz.
Eta Ahozko historien proiektua? Euskal Herritik hona etorri zirenak zahartzen ari dira.
Ahozko historien proiektua ere sendotuko dugu. Jendearen bizitza, argazkiak, dokumentuak digitalizatuà hori dena hona ekartzeko asmoa dugu, euskal liburutegira. Soziolinguistika proiektuak ere aitzinatuko ditugu Familia-ondarearen eta Ahozko historiaren proiektuen bidez. Horretarako, ikertzaileak beharko ditugu, bere doktoregoa hemen egin nahi duten ikasleak, edo kanpo-lana egin nahi duten irakasleak. Izan ere, horixe da euskaldunek AEBetan utzi dituzten lorratzak biltzeko modu bakarra.
Ondare bizi hori bildu, jendeak jakin dezan, ala? Berria zabaltzeko, alegia.
Eta ez nolanahi. Curriculuma diseinatu nahi dugu, irakasleek eskolan baliatzeko; AEBetako Mendebaldeko ikastetxeetan, behintzat. Eskolako laugarren mailan ûbederatzi-hamar bat urteko neska-mutikoak, berazû, legeak estatuko giza zientziak aztertzera behartzen ditu ikasleak. Nevadako ikasleek, Nevada aztertzen dute. Idahokoek, Idahoà Nire asmoa da Mendebaldeko estatuetako hezkuntza departamenduek curriculumaren barruan sartzea inmigrazio gaiak eta euskaldunek estatu horietan izan duten inportantzia, dela kulturan, ekonomian, azpiegiturak egiten, kulturaniztasunean eta abar. Horrek esan nahi du jendea beharko dugula pedagogia ikasitakoa, didaktikan aditua, DVDak egiteko, irakasleentzako curriculum unitateak lantzeko ingelesezà
Euskal Herrian bertan ere bada zerbaiten premiaà
Badakit, bai. Eta nahiko genuke Euskal Herriko ikastetxeetan ere curriculum hauek erabiltzea, beraiek ere diasporaren gainean jakin dezaten. Deskonexio beldurgarria dago hango eta hemengo euskaldunen artean eta zubiak eraiki beharra dago. Zubigintzan ari gara bai han eta bai hemen, eta noiz edo noiz bat egingo dute zubiaren bi aldeek, baina gaur gaurkoz, uste dut Euskal Herrian bizi diren gehien-gehienek ez dutela ulertzen emigrazioa, ez eta zergatik nahi duen hemengo euskaldunak identitateari eutsi. Eta latza da. «Identitateari buruzko konplexua dute edo zer?», diote. Beharbada.
Egoera ere ez da xamurra. Atzerrian, emigrante, bi munduren artean zangalatraba bizi beharraà
Hala da. Eta ez da euskaldunen kezka bakarrik. Parte hartzen dugu lan-mintegi batean Israelen, beste talde etniko batzuekin. Bakoitzak atzerrian dituen komunitateekin nola eta zertan ari den lanean jakiteko asmotan biltzen gara. Identitateari eusteko asmotan ari dira denak ere. Askotariko taldeak biltzen gara: juduak, palestinarrak, indiarrak, korearrak, armeniarrak, txinatarrak, tibetarrak, hungariarrak, euskaldunakà bata besteagandik ikasten saiatzen gara. Errubera berriz asmatzen jardun beharrik gabe, bestea zertan ari den aztertu eta nor bere egoeraren arabera imajinatzen saiatzen gara.
Migrazioak, identitateakà beti-betiko gaiak diasporan.
Ikertzaile-taldeak behar ditugu. Urtean doktoregoa egingo duen ikasle bakarra onartzen dugu, ez dugu eta nahiko dirurik hari laguntzeko. Berez, hiru urteko laguntza ematera iristen gara, baina doktoregoak denbora gehiago behar izaten du. Bada, unibertsitate honetako errektoreordearekin hitz eginda nago, esanez 10 doktorego-ikasle nahi ditudala gurean.
Hamar? Bat izatetik hamar izatera jauzi egin nahi duzu?
Horixe esan nion.
Eta berak?
Benetan ari nintzela konturatu zen, eta galdera egin zidan: «Bai, eta nola?». Eta azaldu nion. Eta berriz ere benetan ari nintzela konturatu zen. «Euskal Herritik kanpora hauxe da euskaldunei buruzko ikerketa-zentrorik inportanteena, munduan! Prestigioa ekartzen diogu Renoko Unibertsitateari. Biltzarrak egiten ditugu eta mundu-mailako fenomenoak ekartzen ditugu hizlari. Eta bost irakasle besterik ez gara! Guk beste inork ez du egin hori. Lan eta lan, atsedenik gabe. Atera kontuak zer egingo genukeen hemen hamar doktorego-ikasle edukita. Egingo genukeen lana, eragingo genukeen dinamika, izango genituzkeen emaitzak». Horretan naiz, eta ez dut etsiko.
Zeure interes nagusia alde batera utzitaà
Nola-hala. Zientzia politikoak da nire espezialitatea, eta ez diot horri utziko. Atzerriko taldeek beren herrialdearekin dituzten harremanak aztertzen segitzea da nire gogoa. Horretan jardun dut, ari naiz, eta ariko naiz, baina Zentro honetako zuzendariari dagozkion eginbeharrak betetzea dagokit orain.