Mikel Asurmendi
«Herria maitatzeko era asko dago...» kantuaren leloa eta berbak gogoratu ditugu elkarrizketaren amaieran Ińigo Urkullurekin. Herria maitatzeko edo abertzale izateko... «... eta ez abertzale izateko bakarrik. Zenbat gara abestia asko estimatzen dut nik: zenbat gara lau, bat, hiru, bost, zazpi? Herri bezala bai, baina herria herritar guztiok osatzen dugu eta pentsaera ezberdinak ditugu. Nahiz herri bat izan, kontua berau osatzea eta herri proiektuak batzea da. Bakoitzaren baloreetatik hasita, berau erakundetzea funtsezko lana izaki».
Espainiako gobernuburu Zapatero eta oposizioko buru Raxoi Moncloan bildu ziren ordu beretsuan eta ETAren su-etena ezagutu eta ia aste batera bildu gara EAJren eledunarekin eta berbaldia ostera modu honetara hasi.
Hasia al da gehienok horrenbeste desio genuen bake prozesua?
Bai. ETAren su-etenaren iragarpenarekin hasi da. Guk beti esan dugu ETAk eman behar zuela lehenengo urratsa eta eman du. Aurrerantzean beste urratsak eman beharko dira jakina eta horiek Madrilgo Gobernuari dagozkio ematea.
Berria ezagutu baino lehen eta ostean gauza berririk ba al dago?
Bai. Estatuko Gobernuaren presidentearen aitzindaritza sendotuagoa ikusten dut. Alegia, ETAren su-etena ezagutu eta ordu batzuetara Zapaterok Diputatuen Kongresuan egindako saioa erakustoki itzela bihurtu zen, 24 ordura berriz Europako Kontseiluaren babesa jaso zuen. Ondoren, Ibarretxe lehendakariak erakundearen adierazpena egin zuen Eusko Legebiltzarreko bilkuran, Ibarretxek PPri mezu berezia zuzendu ziolarik. Beraz, berririk bai eta oso interesgarriak.
Ba al dago bake prozesua burutzea PP aurka izanda?
Nik, modu batez edo bestez, PPk parte hartzea espero dut, baina PPk bere burua isolatzen badu ere posible da prozesua aurrera eramatea. Ezin zaio ukatu Gobernuko presidenteari duen ahalmena eta boterea, eta ezin da ukatu halaber alderdi sozialistak duen erantzukizuna. Prozesuaren lantze lanak ezberdinak izan arren, guk bake eta normalizazio politiko prozesuak elkarren ondoan doazela diogu, eta zeregin biok alderdi politiko bakoitzak erabaki behar dituela nola landu. EAJren ustez Estatuaren ordezkarietako bat bete-betean inplikatzen bada, uneon PSOE, nahikoa da prozesu biak aurrera eramateko.
Zapaterok iragarri duenez ekaina aldean Diputatuen Kongresuan agertuko da bake prozesuan lehen urrats sendoa eman aldera. Irlandako prozesuan eman zen Downing Streeten antzeko adierazpen bat egitea espero al zitekeen?
Espainiako Gobernuak horrelako zerbait pentsatuta izango du ziur aski. Beste prozesuetako ereduak badaude, eta Irlandakoa oso eredu baliotsua eta baliagarria da. Britainia Handiko presidentearen nahiz Irlandako lehen ministroaren aholkuak jaso bide ditu, beraz, horrelako edo antzeko adierazpenen bat egin lezake Zapaterok.
Prozesua hasi bai, baina hasi orduko protagonismoez hitz egin da. PSE-EEren hitzetan Lehendakari bati ez dagokion rola hartu du Ibarretxek.
PSE-EEk lehendakaria mespretxuz tratatu du. Ni kezkatuko nindukeena da PSE bake giroan joko elektorala eginez ibiltzeak, PSEn horrelako jokaerak badaude-eta. Alderdi sozialistako kide batzuek Ibarretxe lehendakariari buruz nahiz EAJrekiko harremanei buruz nola hitz egiten duten ondo dakigu, beraz, ez gaitu harritu PSEk esandakoak.
Zein dira bake prozesua lideratu beharko luketenak orduan?
Hasteko, Lehendakariaren aitzindaritza eta rola funtsezkoa direla berretsi nahi dut. Espainiako Gobernuak eta ETAk bake prozesuan duten protagonismo nagusia aitortu dugu dagoeneko. Beste guztiok laguntzaileak gara, baina oso beharrezkoak. ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketen ostean eragile politikooi dagokigu normalizazio politikoa aztertzea eta erabakitzea. Bien bitartean, Espainiako Gobernuak eta ETAk ardura nagusia izanda ere, Eusko Jaurlaritzak hainbat eskumen dauzka eta Lehendakariak aspaldi adierazi ditu bere Gobernuak prozesuan laguntzeko eman nahiko lituzkeen urratsak.
Lehendakaria euskal gizartearen ordezkari nagusia da, baina euskal gizartearen parte batena. Bateren batek Nafarroan Miguel Sanzek normalizazio politikoa bideratu beharko lukeela esan du.
Ondo. Baina horretarako Sanzek borondatea azaldu beharko luke, ez badauka alferrik da-eta. EAEn ari garen gehienok hemen nahiz Nafarroan dugu esparru politikoa. Egia da UPNk ez duela EAEn ordezkaritzarik, baina PPk bai. Nolanahi ere, guk mahaian akordio integratzaile bat planteatzen dugunean Nafarroari begira ari gara. Zentzu horretan, Lehendakariak hiru lurralde historiko ordezkatzen ditu eta beste ariketa bat egin beharko litzateke Nafarroan. Sanzek ez badu nahi ere beste indar politikoak ari gara horretan.
PSN tarteko, esaterako?
Jakina. Eta NIU edota CDN. Zeregin horretan Nafarroan ordezkaritza duten alderdiek parte hartu dute elkarrizketetan, beste eragile politiko batzuk barne.
Normalizazio politikoa gauzatzeko UPN oposiziora pasatzea ezinbestekoa al da?
Guk euskal lurraldeen arteko harreman ahalmena izatea eta berauek gauzatzea eskatzen dugu. Nafarroarekin akordio integratzaile bat planteatzen dugu, UPNren jarrera ezagutzen dugu baina jakin nahiko genuke PSNren jarrera zein den. Hemen PSE-EE dago eta Nafarroan PSN. Harremana sendotu ahal izateko lurralde bietan dauden alderdi bien parte-hartzea behar dugu.
«Normalizazio politikoa erabakitzeko ahalmenean eta hitzartzeko beharrizanean oinarritu behar da» esan duzu berriki egunkari batean. Eragile batzuek akordioa jotzen dute beharrezkotzat, bestetzuek akordioa edo kontsulta. Beste batzuek biak. EAJn omen dauden bi ildoak izanda, noraino joango da alderdia?
EAJn bi jarrera politiko daudela entzuten dugu beti, beste alderdietan jarrera bakarra balego legez. Tira, pertsona orok une oro jarrera ezberdinak ditugu, beraz, EAJn ere behar den momentuan ez dugu jarrera bakarra izateko arazorik. EAJ ez da besteengandik ezberdina, gurean barne prozedura errespetatuz erabaki bat adosten da. Guk normaltasunez erabakitzen dugu eta beste alderdiek ere gauza bera egiten dutelakoan nago.
Dilemak izaten dira dena den. Batzuek akordioarekin nahikoa dela, beste batzuek gutxienez kontsulta behar dela, Ibarretxek bata edo bestea...
Elkarbizitzarako bake-bideak agiria da gure ibilbide-orria, hasierako planteamendua. EAJk akordio baten aldeko apustua egiten du lehenbizi, eta hortik aurrera galdeketa edo kontsulta izan dadin. Erantzukizun osoa hartu behar dugu gizartearen asmoa errespetatzeko, ezin dugu gizarte hau frustrazio batean iraunarazi. Prozesuaren azkeneko fasean euskal gizarteari galdeketa egin beharko litzaioke, baita bere nahia errespetatu ere, Espainiako Estatuaren oniritzia jaso beharko luke halaber. Bide horretan baina, aldian aldiko testuinguru politikoa zein den eta egin beharreko galdeketa zein baldintzatan egingo den aztertu behar dugu. Euskal lurraldeak hiru esparru administratibotan sakabanatuta gaudela jakinda, gure apustua urratsez urrats joatea da. Ezin diogu egun batetik bestera arazo politiko honi irtenbide osoa eman.
Iparralderako zein bide aurreikusten duzu?
Esperientzia batzuk lantzen ari dira, Laborantza Ganbararena adibidez. Udalbide eta Udalbitzaren bitartez hainbat proiektu abian dira halaber. Departamenduaren aldarrikapenaren bidean alderdien arteko harremanak sendotuz joateko bide bat ireki da, jakinda ere Frantziako Estatua zentralista eta jakobinoa dela guztiz eta prozesuak beste abiadura bat behar duela. Baina, urratsez urrats, bidea sendotuz joango den itxaropena daukat.
Kataluniako Estatutua hizpide: Euskal Herrian EAJk CiUk jokatu duen rola joka dezakela uste du batek baino gehiagok.
Kataluniako eta Euskal Herriko gizarte egoerak guztiz ezberdinak dira, baita Kataluniako nahiz euskal erakundeei buruzko ordenamendu juridikoak ere; Eskubide Historikoak lekuko, Konstituzioaren Xedapen Gehigarriaren bitartez jasoak.
Katalunian gertatua azken hauteskundeetan gertatuaren ondorio bezala ulertzen dugu EAJn, eta da: CiU azken hauteskundeetan lehen alderdi politikoa izan arren Gobernuaren erantzukizunetik kanpo geratu zen. Honek alderdien arteko tirabira gogorrak sorrarazi ditu, bereziki CiU eta ERCren artean. Guztiok dakigunez, hango hirukoa Zapateroren hautua izan da nagusiki, Pascal Maragallen gainetik paseaz. Maragall Generalitateko presidentea da, hiruko Gobernuan ari da, baina akordioa Zapaterok Artur Masekin lortu du, Gobernuan ez dagoen alderdi bateko buruarekin. Horiek horrela, zer bizitza dauka Kataluniako hirukoak etorkizunari begira? Kataluniako errealitate politikoa eta gurea urrun daude elkarrengandik.
Ofiziala izan ez arren, ekainaren 18ko data da Kataluniako Estatutu berriaren erreferenduma egiteko datarik aipatuena. Dena dago argi, ERCk egin dezakeena ezik. Espainiako Kongresuan ezezkoa eman badu ere, dagoeneko jakina da erreferendumean ez duela halakorik egingo. Baiezkoa eta baliogabeko botoaren arteko formularen artean dago banatua gaurkoz ERCko zuzendaritza. Erreferendumerako bi hilabete pasatxo geratzen direnean, Josep Lluis Carod-Rovira baiezkoaren aldekoa litzateke, eta Joan Puigcercos boto baliogabe edo nuloaren aldekoa. Estatutua onartu egingo den zalantzarik ez da, baina ERCk nuloaren alde eginez gero, Generalitateko hirukoaren etorkizuna elurrak udaberri honetan duenaren gisakoa litzateke.
Daniel Udalaitz
Fatronik 1986an sortu zen makina-erremintagile talde baten beharrak asetzeko haien I+G garatuaz. 1999an fundazio moduan osatu zen. Handik aurrera merkatu eta sektore berrietara zabaldu zen, hala nola, aeronautikara, Espainian eta nazioartean I+G alorrean garrantzia hartuz, eta ez industrian soilik, baita osasun-teknologietan ere. Elgoibarren dago eta bigarren egoitza prestatzen ari da Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan. Euskal zentro teknologiko honek datozen urteetan lau alorretan indartu nahi du bere espezialitate teknologikoa: fabrikazioan, robotikan, garapen jasangarrian eta osasun-teknologietan. Produkzio sistemen alorrean, Next proiektuaren buru da Fatronik, 24 milioi euroko aurrekontua du, eta 25 bazkide eta 60 langile ditu. Alor honetan Europan gehien garatzen ari dena da. VI Marco Programazioren beste lau proiekturen buru ere bada, eta horrela Espainiako buruzagitza zerrendan bigarren postuan dago. 51 langile eta 7 bekadun ditu eta 2004an 93 proiektutan egin zuen lan eta 4,2 milioi euroko salmentak izan zituen.
Espainiako Kongresuak botoen %54koarekin eman zion baietza Kataluniako Estatutu berriari. EAEko Legebiltzarrak %52rekin onartu zuen Ibarretxe Plana, eta PSOEk eztabaidarako ere ez zuen onartu, halako gaietan %52ren gehiengoa erabat deslegitimatuz. Akordio transbersalen eztabaida bete-betean etorriko den garaian, ez da txarto etorriko datua kontuan izatea. Azken finean, zalantzan dagoena zera baita, akordio transbersalik lortu ezean, demokrazian denerako balio duen gehiengo eta gutxiengoen arauak arazo nazionalei aurre egiteko ez ote duen balio.
Unai Brea
2002ko apirilaren 8an aurkeztu zen jendaurrean Bizkaie! aldizkari elektronikoa, Koldo Isusi zuzendariak gogorarazi digunez: «Hutsunea ikusten genuen bizkaierari dagokionez, bai gizartean bai Interneten. Paperezko produktu bat ateratzeko aukera ere bageneukan, baina azkenean sarea aukeratu genuen. Paperean askoz eskaintza zabalagoa dago eta».
Ekimena Bizikai irabazi asmorik gabeko elkarteari zor zaio. Euskara munduan dabilen jendea da, kasu askotan hedabideetan ere aritua. Isusi, konparazio baterako, Bizkaia Irratiko esataria izan zen hamabi urtez. Gaur egun, berak eta Saioa Torre kazetariak osatzen dute Bizkaie!-ko erredakzio txikia. Egun erdiz diharduten beste langile bi eta kolaboratzaile sorta ederra dira argitalpenaren gainerako «errudunak».
Hasieran, hamabostean behin berritzen zituzten Bizkaie!-ren edukiak. Baina hori, Interneten, fosilizazioaren parekoa da. Orain pare bat urte-edo, astekari bihurtu ziren, baina ez erabat. Atal batzuk hamabostekariak dira oraindik ere eta, aitzitik, Barriak barri atala egunerokoa da, informazioa jaso ahala berrizten baitira edukiak, bizkaierara egokitu ostean noski. Mundu osoko berriak ematen ditu Bizkaie!-k, edozein egunkarik bezala, eta informazio iturri nagusia Internet bera du. Horrez gain, egunkari gehienetan gutxitan agertuko diren Bizkaiko kontuei arreta eskaintzen ahalegintzen dira. Baina lan-talde apala dute (kopuruz), eta ez da erraza denera iristea, Koldo Isusik aitortu digunez. Gainerakoan, astelehenero sareratzen dituzte eduki berriak. Kulturaren ingurukoak, gehienak.
Bisita luzeak jasotzen dituzte
Ikerketarik egin ez badute ere, 25 eta 45 urte bitarteko irakurleak jotzen dituzte bezerotzat. Uste hori, hein handi batean, Durangoko Azokan jendearekin izaten dituzten harremanek ematen diete. Fideltasunari dagokionez, 2004an neurtu zuten azkeneko aldiz bisitari kopurua: 90.000 lagun urte osoan. «Guk, hala ere, garrantzi handiagoa ematen diogu bisitari kopuruari baino bisitaren iraupenari», azpimarratu du Koldo Isusik, «halako argitalpenetan lauzpabost minutukoa izaten da eta gurean, berriz, hamar eta hamahiru minutu bitartekoa. Jendeak denbora hartzen du Bizkaie! irakurtzeko».
Aspaldidanik, Bizkaie!-ren egileak argitalpenean aldaketa sakona egiteko gogoz ibili dira. Lehen zeharo moteltzat jo dugu hamabostean behingo maiztasuna; egia esateko, asterokoa ere ez da nahikoa Internetez ari garelarik. Laster beraz, edizio jarraia egiten hasiko dira. Horrek ez du esan gura egunero aldatuko direnik atal guztietako edukiak, baina bai behintzat jaso ahala sareratuko dituztela kolaboratzaileen lanak. Horrekin lotuta, mantxetan ere aldaketak egingo dituzte: oraindik orain izenaren ondoan ikus daitekeen "bizkaierazko aldizkari elektronikoa" leloa desagertu egingo da. Bizkaie! izango da hemendik aurrera, beste barik.
Blogak, berrikuntzarik nabarmenetakoa
Atal gehienak bere horretan utziko dituzte, baina hainbat blog sartuko dute ohiko edukien osagarri. Egitasmoa guztiz finkatu gabe badago ere, Isusi pare bat iragarpen egiteko moduan izan da behintzat. Batetik, euskarari buruzko blog bat izango da Erramun Osaren ardurapean, eta beste bat -bertsolaritzarekin lotura edukiko duena- Xabier Payarenean. Biak ere Bizkaie!-ko ohiko kolaboratzaileak dira.
Aldaketok laugarren urteurrenerako eduki nahi zituzten prest, baina egutegia azkarragoa izan da. Hala ere, aste gutxiren buruan izango dira Bizkaie! berria aurkezteko moduan. Laster, beraz, zeuen begiz ikusi ahal izango duzue, betiko helbidean:
www.bizkaie.biz.
Noizbait hitz egin beharko dugu .biz domeinuaren sorrerak Bizkaiko elkarte askori egin dion mesede galantaz.
Daniel Udalaitz
Tavexen eta Santista Textilen bat egitetik New Tavex elkarte berria sortuko da. Orain abian den bat-egitea amaitutakoan (2007ko urtarrila) konpainia euskal-brasildar multinazionalak urtean 150 milioi metro ehun ekoizteko gaitasuna izango du eta bi enpresen artean 2005ean izandako 420 milioi euroko salmentak handituko ditu. Mila milioi eurotara irits daitezkeela aurreikusten dute.
Produktu eta merkatu osagarriak
Euskal-brasildar konpainia multinazional berria kirol arropetako eta erabilera profesionaletako oihaletako munduko merkatuan gogotsu arituko da lanean. Oihal teknikoak ere egingo ditu. Tavexeko eta bat egitearen ondorengo konpainiaren presidente ere izango den Enrique Garránen ustez, bi enpresek produktu eta merkatu geografiko osagarriak dituzte, baita filosofia korporatibo antzekoa ere. Honek, bere ustez, «oinarrizko produktuen eta balio erantsi handiagoa dutenen munduko eskaerari eraginkortasunez, kalitatez eta berrikuntzaz aurre egitea bideratuko du».
Santista Textileko eta ondorengo konpainiaren presidenteorde ere izango den Herbert Schmidten ustez, bat egite hau munduko ehungintzan beharrezkoa den kontzentrazioak bultzatu du, orain arte oso zatikatua baitzegoen, eta merkatu eskaerari hobeto aurre egiteko oso pauso garrantzitsua da.
Hamabi lantegi hiru kontinentetan
Tavex Europako bakero oihal ekoizlerik handiena da, bere oihalen kalitateagatik ezaguna, 150 produktu baino gehiago ditu, eta nazioarteko marka ezagunak dira bere bezeroak. Bestalde, Santista Textil Hego Amerikako bakero oihal ekoizlerik handiena da, eta 50 herrialdetan ditu bezeroak, haien artean Estatu Batuetako UF eta Levi´s marka handiak.
Tavexek 1.200 langile ditu eta bakero oihala eta kirol arropa ekoizteaz gain, oihal teknikoak eta bestelakoak ere egiten ditu, azken hauek salmenta guztien %18a osatzen dute. 2005ean 121 milioi euroko irabaziak izan zituen. Santista Textilek 4.700 langile ditu eta 2005ean 300 milioi euroko irabaziak izan zituen. Salmenten %25a kirol arropentzako oihalak eta arropa profesionalentzako ehunak dira.
Konpainia berriak hamabi produkzio lantegi izango ditu hiru kontinentetan (Erdialdeko eta Hego Amerikan, Europan eta Afrika Iparraldean), Santistarenak zazpi izango dira (bost Brasilen, bat Argentinan eta bestea Txilen) eta Tavexenak bost (bat Bergaran, bi Valentzian, bat Marokon eta bat Mexikon). Multinazional berriak ekoizpen gaitasuna bikoiztea espero du eta urtero mila milioiko irabazietara iristea. Halaber, Erdialdeko Amerikan merkataritza-jarduera handitu nahi du, eta ondoren, baita Asian eta Australian ere.
Tavexeko jabeak
Tavexen kapital soziala, 28.052.640 euro, Burtsaren eskuetan eta partaidetza garrantzitsuak dituzten pertsona- eta elkarte-talde oso txiki baten esku dago. Azken hauek pertsona edo elkarte hauek dira (administrazio kontseilutik kanpo daude): Caixanovak kapitalaren %5,024 du eta Goleen Limit SL-k %6,547. Administrazioko kontseilu kideen esku dauden akzio esanguratsuak hauek dira: Burgosko Aurrezki Kutxa Munizipalak %5,649 du; Eurotogalak % 7,008; Rilafe SLek %20,105; Enrique Garránek %0,016 eta Ricardo Iglesiasek %0,09.
Euskal-brasildar multinazional berria kudeatuko duen administrazio kontseilu berria hamar kidek osatuko dute, zazpi Tavex eta Santistaren akzioen ordezkari izango dira eta beste hiru mendekotasunik gabeak. 2007ko ekainera arte, Enrique Garrán eta Marcelo Pereira, biak izango dira presidente.
Bilboko indar agerpena bertatik bertara bizi izan zuen edonork ikusiko zuen manifestazioan parte hartzen zutenen poza eta ilusioa. Su-etenak eragindakoa batetik, eta honi indar abertzale gehienen aldetik emandako erantzun bateratua bestetik. Esparru abertzalea etsitua eta gogaitua dago abertzaleek azken hamarkadetan bizi izandako banaketa eta etengabeko zatiketen aurrean. Eta, aitzitik, pozarren ageri da etorkizunera begira batasuna edo gutxieneko adostasun maila suposatzen duen edozeren aurrean. Hori da joan den larunbateko manifestazioaren irakurketa sinpleena, oinarrizkoena eta, aldi berean, garrantzitsuena. Errealitatea, ordea, korapilatsuagoa ere bada, eta manifestazioak EAJ eta Oinarrizko Hitzarmena sinatu dutenen arteko lehia politikoa ere islatzen du. Prozesu honetan kaleari eta indar politiko-sozialei eman nahi zaien protagonismoa ere adierazten duen moduan. Lehia politikoa, bestalde, gero eta gogorrago azalduko da, bai EAJren eta Batasunaren artean, eta baita larunbateko manifestazioan zeudenen artean ere.