Koldo Aldalur
Kirola maite dut, aritzen naiz eta kiroletik bizi naiz. Kriston mauka. Endorfinaz betetzen ditut sarri-sarri zainak eta diruz poltsikoak. Balizko paradisuak antzeko zerbait behar du: eguraldi epeletan bizikleta bueltatxo bat egin, dutxa goxoa, bazkari sanoa... eta arratsaldean erretransmisio interesgarri bat, lagunekin berriketa saio luzea eta maindireen igurtzia. Detailerik gabe. Niretzat behintzat plan hoberena.
Baina bada dena ipurdiz gora bota dezakeen egoera bat, lesioa. Batetik berezko mina eta kezka, bestetik gaizki ohiturik gaudenez, eguna bete ezina, eta hirugarrengoz, lesioen atzean dabilen petrikilo, sasi-mediku, osteo-ez-dakit zer, kiroartista, tituludun masaialari eta azal lodiko masaialariak. Ofizioa ondo ezagutzen dutenak gehienak baina tartean-tartean mutur galanta dutenak ere bai.
Denek dakite eurengana doazenak flakeziak jota daudela, itxaropena pipiak jota, poltsikoak jota, aurretik beste batzuk entzun dituztelako beraien negarrak. Beraz eta labur esanda, jota. Hala ere, ez dago errukirako betarik. Ondorengo egoera hauek erdi ezagunak egiten bazaizkizue badakizue zertan ari naizen:
- Beno, nik uste hau oso gaizki dagoela baina zerbait egingo dugulakoan nago. Pazientzia lagun beharko dugu.
- Lehendabizi hitzalditxo batera etorri beharko duzu...
- Gu gara bakarrak berez lan hauek egin ditzakegunak, besteekin ez zaitezke fida.
- Irakur itzazu sendatu direnen adierazpenak horman zintzilika dituzun paper horietan. Edo, bestela, irakurri mahai gainean eskura dituzun AEBetatik ekarritako aldizkari entzutetsuok.
- Plaka hauek egin behar dituzu halako lekutan. Bai, halakoan zehazki, besteetan ez dute hain ondo egiten eta.
- Hasteko hogeiren bat saio egingo ditugu eta gero esango dizugu ze tankera duen zure lesioak.
Pasa dira egunak eta asteak eta probatarako erabiltzen duten kurkumixa banintz bezala dakusat neure burua. Logika guztitik urrun geratzen den dirutza ordaindu dut eta oraindik dudan lesioaren irtenbideari buruz aztarnarik ez.
Hamarnako taldetan sartu naute musika mistikoz betetako gelara eta hamar minutu beranduago kalean nintzen osatu beharra duen edonork behar duen gozotasunik gabe. Gero eta pobreago, gero eta tristeago. Pertsona baino gehiago zita orduan zintzilikatutako zenbakia. Hutsa, zero.
Hauek, itxuraz, kirola egitearen ondorioak, min kolateralak, eta zin dagizuet horrelakoetan piperrik ez zaidala axola hurrengo denboraldian zenbat euskal talde izango diren lehen mailan edo arraun talde nagusiek agintarien babespetik ihes egiteko balorerik izango duten. Berdin zait euskal kirolari batek euskaltasuna galtzen duen auzoko herrialdeko selekzioarekin joatea erabakitzen duenean ala curling-a kirola den ala ez. Berdin zait.
Badira gure inguruan erabaki beharreko kontu garrantzitsuagoak baina niretzat belauneko mina da garrantzitsuena. Kirolarion sindromeren bat jasaten ariko naiz seguruenik baina hori ere ez zait axola. Zapatilak jantzi eta negu luze honi amaiera eman diot. Ahal bada, kirolariok erabat ahaztuta gauzkan Segurantza Soziala buruan bueltaka izan gabe. Ahal bada gure zaletasuna aitzakia hartuta endorfinaz hustutako odola xurgatzen saiatzen diren tunante horiek bueltaka dabiltzala sentitu gabe.
Egunen batean osatzen banaiz epelak entzun beharko dituzte.
Joxe Iriarte 'Bikila'
Zorioneko ETAren su-etenak orriotarako idatzita nuen artikulua ezabatu eta norabidea aldatzera behartu nau. Izan ere, aspaldi da adierazi nuela, su-etena aldarrikatzeko arrazoia, nire aldetik behintzat, ez zela inondik inora sistema politikoa demokratikoa delako; ezta ere elkarrizketa eta kontsentsua direlako arazoak konpontzeko modu bakarra -borrokarik gabe gu beti galtzaile-.
Arrazoiak beste motakoak ziren. Hemen bi bakarrik aipatuko ditut: gurean praktikatzen zen borroka armatuak erdietsi nahi ditugun helburu politikoak usteltzen zituelako okerreko praktika baten bitartez; Euskal Herritarrok-en (EH) garaian gertatu zen bezala, estrategia berri baten inguruan indarrak metatzeko oztopo bihurtzen zelako.
Jakina, militante bat naizenez, eta ez predikaria, nire ahalmenaren arabera egin dut lan -askorekin batera- su-etena lortzeko. Eta lanean jarraituko dut, gatazka horren ondorio kaltegarriak ezabatzeko, askatasun demokratikoek izan duten gainbehera zuzentzeko, eta euskal herritarroi zor zaizkigun eskubideak eskuratzeko.
Oztopoa aipatu dut, baina ez bakarra edo nagusia. Eta hori, askoz garbiago ikusiko da hemendik aurrera, borroka armatua, batzuentzat erreferentzia edo gidaria eta bestentzat aitzakia izateari uzten dionean.
Hor ditugu Frantzia eta Espainia. Ez dute ETA, edo antzeko zerbait, eta hala ere -nik amesten dudan- ezkerra porru egina dago. Edo sortzear dago.
Ezkerrak -bere aniztasunean- arazo asko ditu, eta nagusiena zein den esatea beharturik izanez gero, esango nuke, une honetan ez dela kapitalismoarekiko alternatiba bat sortzeko gai. "Alterglobalizazioaren" mundutik "bestelako mundu bat posible da!" egindako aldarriak izan duen zabalkuntzak edota onarpenak, pozgarria izanik ere, etsipenetik esperantzarako urrats bat suposatu du, baina ez da oraindik alternatiba bat.
Gaur egun, ezkerraren zati handi batek -sozialdemokraziaren adar guztiak- kapitalismoaren kudeatzaile soila eta morroia jarraitzen du izaten; beste sektore bat -komunista-estalinista ohiak- larruz aldatu da baina ez izaeraz.
Beste maila xumeagoan, boterearen askara jatera hurbildu direnen ezker desberdinek -gurean, Eusko Jaurlaritzan EAJren gatibu daudenak, esate baterako, edo Alemanian Berdeak- erakutsi dutena, desmoralizatzekoa da ezker eraldatzaile ikuspuntutik. Ezkerrak, ezin du mundu injustu batean goxo egon. Ezin da integratu eta ezin du boterearen itsas lamien kantuen aurrean amore eman.
Modu oso autokritikoan aitortu behar dut ere, alternatiboak, extraparlamentarioak edo dena delakoak, "akomodatu" egin garela nolabaiteko "marginalian". Gaur egun, politika egiten den esparrutik at egoteak "gainerakoek" alboratuta dituzten gaiak eta morrontzarik gabeko pentsamendu kritikoa jorratzeko aukera ematen digu, eta bere alde onak izanda ere, horren ordaina latza da: esaten duguna eta egiten duguna ia ez da entzuten eta ikusten. Eta horrek guztiak gure eraginkortasuna murrizten du.
Azken finean, ezkerrak errealitatea aldatzea izan behar du helburu. Helburu handiak aldarrikatzea bezain garrantzitsua baita helburu txikiak gauzatzen joatea, gaurko utopia biharko errealitatea izan dadin. Eta, batez ere, gai izan behar du gizartearen sektore kritikoak suspertzeko eta beren auto-antolakuntza bultzatzeko aldi berean, kalean nahiz erabakiak hartzen diren tokietan borrokatuz. Hor zailtasunak.
Ezkerrak zerbait izan nahi badu, berdintasunaren aldeko mugimendua bultzatu behar du: berdintasuna pertsonen artean, herrien artean -ez ordea, uniformetasuna-, generoen artean eta abar. Eta horrekin batera, bulkada solidarioa, elkartasuna zapalduekin, sufritzen dutenekin, ahulekin. Eta asmo horiekin bat egiten ez duen nazio eraikuntza ez zait interesatzen. Asmo horiekin bat egiten duen bakea ez da benetako bakea izango, opresioan oinarrituriko gizartea baizik. Bake horren kontra egingo dut.
Urtzi Urrutikoetxea
Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ñabarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados.
Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena.
Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula.
Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek.
90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen.
Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira.
Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.
Jose Luis Alvarez Enparantza 'txillardegi'
Espainolek "Amerikak deskubritzean" 1492an, munduak ezagutu duen genozidiorik handienari eman zitzaion hasiera. Aste hauetan argitara berri den Ancient Americans liburukoteak, Charles Mannen lumaz, gogorazi duenez.
Espainolak 1492an La Española bataiatutako Cuba Uhartera iriste beretik beren "politika kolonizatzailea"ren oinarriak ipini zituzten. Eta hauen instituzio nagusitzat La Encomienda de Indios izenekoa legeztatu zuten.
Beronen arabera "bi belaunaldiez" -50 urtez, eman dezagun- "encomienda" delakoak mugarik gabe ustiatzeko eskubidea aitortu zitzaien espainiar konkistatzaileei.
Zenbat hektarea, zenbat kilometro karratu? Erregelarik ez. Askotan eskualde zabal zabalak bertakoei lapurtu, garaitutako indioak esklabu bihurtu eta... íAdelante los cruzados de Cristo!
Bi belaunaldien epe hori gainera, berehala luzatu zen: hiru, lau belaunaldietara -100 urtez eman dezagun-. Honela hozitu zen Espainiako Erreinuan, eta azkar sendotu, urte gutxitan aberastekotan Ameriketara joateko tema iraunkorra.
Garaia hartu behar dugu kontuan: Fernando eta Isabel "katolikoen" konkista historikoena zen ordukoa, hain zuzen ere.
Granadako Erresuma musulmanaren konkista ere urte berean burutu zen (1492ko urtarrilean). Eta handik hogei urtera gure Nafarroarena, dakigun bide "demokratikoaz".
Mamitua zen ezpataz eta sarraskiaz "La España en que nunca se ponía el sol" ospetsua. Espainolak XVI. mendeko yankeeak bihurturik, zapaldutako eta ukatutako herriak zeuzkaten nonahi. Nafarroan, hasteko. Baina, Europatik irten gabe, Sizilian, Sardinian, Flandrian...
Benetan da ikaragarria Espainiak lurralde haiek konkistatzeko erabili zuen aitzakia merke eta lotsagaldua, "Indioen arimak salbatzera" joan zirela errepikatzen baitzuten. Artean, gupidarik gabe, indioen urrea tonaka lapurtzen zutelarik.
Hasieratik beretik (1497-VII-22) erlijioaren trikimailua erabili zuen Madrilek. Indioak "alferrak" zirela sinestarazi zuen eta, hortaz, "gogortxo" jokatu behar izaten zuela batzuetan. Lurralde haiek landu gabe uztea zinez deitoragarria zelako.
Hona hitzez hitz ziotena: «Mantenuaren zigorraÆ zeritzona ezarri zitzaien indioei; alegia, konkistatzaileen mantenurako lurrak landu beharra... lur gizen haiek beren elkor hartan ez uzteko. Eta, horretara, indioak nekazari eta langile bihurtu ziren».
Isabel La Catolicaren testamentuan, esate baterako, honela azaldu zen egia ofiziala: «Indietako baketzearen helburu nagusia biztanleon kristautzean zetzan, eta ez beste ezertan».
Indioen esplotazioarekin batera "katekesiaren beharra" azpimarratzen zen: "Ameriketan lurrak inoren eskutan jartzeko baldintza garbia eta erabakiorra hau zen: indioen kristau katekesia bermatzea".
Jokabide bikoitz maltzurrak ok eginik, Bartolomé de las Casas dominikarra altxatu zen. Eta, hamaika bidaia lantsu burutuz, 1492 urtean hil zen arte, nekagaitz aritu zen indioak beren infernu kolonialetik jaregiten.
"Voluntad de Imperio" daukaten espainiar eskuindarrek, hala ere, oso begi txarrez ikusten dute Bartolomé de las Casasen salaketa ausarta.
Ramiro de Maeztu arabar-ingelesak bildu du maisuki inperialisten pentsakera (ikus Defensa de la Hispanidad liburua): «Konkistatzaileen eta enkomenderoen ondorengoek... parekorik izan ez duen lorpena burutu zuten: indiar jende hura kristau zibilizaziora biltzea. Eta hau Ameriketara joan omen ginen urrearen eta zilarraren egarriak bultzaturik dioen esamesaren aurka. Gu hara predikatu nahiak eraman baikintuen».
Baina, amaitzeko, itzul gaitezen Mannen esanetara: «Europeans did no find a wilderness there... They made one». Esaera izugarria, esan nahi baita: «Europarrek ez zuten Ameriketan inolako basamorturik topatu... Hain zuzen ere, egin egin zuten berek».
Ameriketako genozidioak 80 bat milioi indioren sarraskia ekarri zuen. Mundu guztiko populazioa orduan 400 milioitan estimatzen delarik.
Zinez: gora Amerika amerikarra!