artikulu nagusira itzuli
Juanjo Martinez, Lasterketa Herrikoien Zirkuituko antolatzailea: «Atletismoa kirol herrikoiena da, baina ez du inolako ekimen bateratzailerik»
Gizon nekaezina da Juanjo. Ordu erdi inguruko elkarrizketan hainbat aldiz jo du bere sakelakoak. 26 urte daramatza atletismoan. Antxintxika aritzen da, baina horrezaz gain, orduak igarotzen ditu gazte eta helduei prestatzen laguntzen. Euskal Herriko Zirkuitua sortzea amets zaila zela esan digu, baina ez ezin gauzatuzkoa.
Noiz jaio zen Euskal Herriko Herri Lasterketen
zirkuitua sortzeko ideia?
Hasieran, herri lasterketei buruzko informazioa jasotzeko web orri bat sortzeko ideia sortu zen. Orain bi urte, senior azpiko Euskadiko hautatzaile Juanjo Juliok orri bat sortzeko eskatu zidan. Baina ez nuen bideragarria ikusten eta aurreragorako utzi genuen. Hala ere, Juanjok ez zuen etsi eta azkenean, ekin egin nion. Orion herri lasterketa bat antolatu nahi zuten eta hango berri jasotzeko aitzakiarekin jarri genuen abian www.herrikrosa.com webgunea. Ondoren, joan den urtean, aspaldiko amets bati heldu nion, Euskal Herriko Herri Lasterketen Zirkuitua osatzeari, alegia.
Nolako prozesua izan da?
Oso zaila izan da eta korapilatsua. Lasterketa bakoitza udal eta federazio jakin batek antolatzen du eta horiekin guztiekin hitz egin eta asmoak bateratu behar izan ditugu. Zaila izan da ezer irabazi gabe herrialde guztiak proiektuan parte hartzeko konbentzitzea. Askotan pentsatu dut dena bertan behera uztea, baina pena ematen dit. Izan ere, atletismoa kirol herrikoiena da, baina beste kirol jarduera askok ez bezala, ez du inolako ekimen bateratzailerik. Esaterako, mendizaleentzat hainbat martxa eta ibilaldi izaten dira, kultur eta euskara arloko hainbat jaialdi eta ekimen ere badira. Baina atletismoa federazio eta udal bakoitzak bere kontura antolatzen du. Babesle eta laguntzaileak lortzea ere ikaragarri kostatu zaigu, euskal produktuak saltzea zaila delako.
Zeintzuk dira datozen urteetarako erronkak?
Ahal den neurrian puntuetan hobariak eman nahi ditugu. Gainera, prezioa merkatu eta aurtengo ediziokoei ordaindu dutenaren zati bat itzuli nahi diegu, parte-hartzea indartzeko. Gure helburu nagusia bikoitza da, 70 bat korrikalari bildu eta zirkuitua doakoa izatea. Etorkizunean, Lasterketa Herrikoien Euskal Herriko Zirkuitua proba garrantzitsua izatea da antolatzaileon helburua, euskal atletismoaren bilgune izatea, alegia.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.