Lasterketa Herrikoien Euskal Herriko Zirkuitua
Ainhoa Lendinez
Lehen aldiz Euskaldunon Egunkariak antolatu zuen Euskal Herriko Lasterketa Herrikoien Txapelketa. 2000tik 2002ra hiru aldiz antolatu zuen Euskal Herriko bost hiriburu -Donostia, Baiona, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea- lotzen zituen lasterketa zirkuitua. Aurten, beste ekimen batek hartu dio lekukoa: Euskal Herriko Herri Lasterketen Zirkuituak. Urtarrilaren 22an Betelun (Nafarroa) jarri zen martxan, eta heldu den azaroaren 4an amaituko da, Orion (Gipuzkoa). Sei proba izango dira orotara.
Urtean zehar hainbat udaletan izaten dira lasterketa herrikoiak eta jende andanak hartzen du parte horietan. Kirolari profesionalentzat ez ezik, lagun artean kirola egitea gustuko dutenentzat ere aproposak dira herri lasterketak. Udal bakoitzak erabakitzen eta hautatzen ditu lasterketaren luzera eta ibilbidea. Hala ere, hiri barruan izaten dira gehienak, asfaltozko zoruan eta gehienetan 5 eta 25 km artekoak. Herri lasterketetan herritar orok har dezake parte eta antolatzaileek oso kontuan hartzen dute hori.
Baina argibide gehiagoren bila Juanjo Martinezengana jo dugu, Lasterketa Herrikoien Euskal Herriko Zirkuituko antolatzailearengana, alegia. Euskal Autonomia Erkidegotik harago, Nafarroa eta Iparraldea ere bateratu dituzte proiektu honetan eta izena bera dugu horren adibide. Juanjok esan digu Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban baino askoz ere zailagoa izan dela Iparraldeko eta Nafarroako atletismo antolatzaile eta buruak proiektura ekartzea: "Iparraldean hizkuntza bera ere muga izan dugu. Baina Euskal Herri osoa hartu nahi izan dugu eta horregatik saiatu gara", gaineratu du.
Nolako harrera izan du ordea euskal korrikalarien artean herri lasterketen zirkuituak? Zenbat jendek eman du izena lehen urte honetan? Juanjoren arabera, aurtengoa lehenengo aldia da eta ez du jende askok eman izena, baina ez dira gutxi ere. Aurten 30 bat lagun daude, eta horien artean oso neska gutxi. Hori horrela izango zela aurreikusi zuten nolabait, eta jendea erakartzeko hainbat faktore eta pizgarri hartu dituzte kontuan. Lasterketak ez dira oso luzeak, 12 km ditu luzeenak eta ibilbideak ere ez dira malkartsuak. Gainera, antolatzaileak berak azaldu digu sailkapen orokorrean parte hartzeko ez direla zirkuituko 6 lasterketak egin behar, nahikoa da 5 egitea diru-sariak lortzeko lehian sartzeko, eta 4 egiten dituzten korrikalari guztiak sailkapenean sartuko dira. Elastiko bat ere oparitzen zaie gainera.
www.herrikrossa.com, informazio guztia eskura
Herri lasterketen zirkuituko antolatzaileek webgune bat jarri dute martxan Euskal Herrian izaten diren herri lasterketa guztiei buruzko informazioa paratzeko. Euskal Herriko zirkuituaren gaineko datuak ez ezik, gainerako herri lasterketena ere jaso dute bertan. Sailkapenak, lasterketa berriei buruzko informazioa, izena emateko atala, entrenamendu saioak egiteko irizpideak eta korrikalarientzako gomendioak. Hori eta askoz ere gehiago.
Herrikoia, baina lehia puntu politarekin
Zirkuituak araudi sinplea du eta lau maila lehiatuko dira: maila nagusia, beteranoak (A), beteranoak (B) eta beteranoak (C). Irabazlea erabakitzeko lasterketa bakoitzeko sailkapena batuko da, eta kopuru txikiena duena izango da txapelduna. Sei lasterketak osatuko dute zirkuitua baina sailkapena osatzeko bost lasterketaren emaitzak hartuko dira kontuan.
Herrikoiak izanagatik, ordea, ez dugu ahaztu behar herri lasterketak kirol ekintzak direla, eta horrek, ezinbestean, prestatzea eskatzen duela parte hartu eta jardueraz gozatu ahal izateko. Hain zuzen ere, aditu eta kirol-sendagile askorentzat gai hori kezkabide bihurtu da azken aldian. Izan ere, makina bat saiotan gertatu da inoiz korrika egin ez duen jendeak, aurretik inolako informaziorik jaso gabe, lasterketa batean parte hartu eta arazoak izatea. Lesioak, gaixotasunak eta bestelako ondorioak ezjakintasunak eragiten ditu askotan, eta horien aurrean, informatzea eta behar bezala prestatzea da irtenbidea.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.